Alternatibak terrorismo finantzarioaren heriotza berria salatu du eta kaleak hartzera deitu du etxegabetzeen amaiera exijitzeko

Alternatiba Bizkaiko bozeramaile Asier Vegak salatu du “terrorismo finantzariak eragindako heriotza berria”, Bilboko gizon batek bere buruaz beste egitea erabaki duenean etxegabetu behar zutenean alokairuari aurre egiterik ezin zuelako: “Zeren zain gaude desjabetze guztiak geldiarazteko? Zer gertatu behar da larrialdietarako laguntza sozialek bere funtzioa bete dezatela eta pertsona batek ikusten duen irtenbide bakarra heriotza izateari uzteko?”

Ildo beretik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak salatu du “ez PNVren esku dauden Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, ezta PPren Espainiako Gobernuak ez dutela etxegabetzeen afera konpontzeko benetako asmorik. Kritikatu ditu, halaber, “bankuek eta gobernuek erabiltzen dituzten eufemismoak hondamendi gizatiarrak aipatzean, sistema kapitalistak eraildako biktimez ari garenean, eta berau babesten duen estatua eskuak odoleztatuak ditu”.

Azkenik, Vegak mobilizazioekin jarraitzeko beharra azpimarratu du, bankuei zein gobernuei desjabetzeen amaiera kalean exijitzeko, horregatik, bere taldearen atxikimendua adierazi dio terrorismo finantzarioa salatzeko egiten diren elkarretaratze guztiei.

Alternatibak ustelkeriaren aurkako protestetan parte hartzera deitu du

Alternatibaren Bilboko Asanbladako bozeramaile Iagoba Itxasok mugimendu sozial, sindikal edota politiko orok egunotan argitara emandako ustelkeria kasu larri guztiak salatzeko deitzen dituzten protesta guztiekin bat egitera deitu du, “PP eta Mariano Raxoiren gobernua tartean sartuta daudela frogatutako kasuak, egunero murrizketak sufritzen dituzten herritarren haserrea areagotzen dituztenak, boteretsuenen alde bakarrik gobernatzen duen buruzagien kasta izateaz gain, haien jardunean aberastu eta inolako konplexurik gabe pribilegioaz gozatzen dutenak modu ez zilegi, eta askotan ere, legeztutako moduetan”.  

Ildo honetatik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak “tamalez ohikoak” diren hainbat kasu salatu ditu, “kargu politikoetan egondako batzuentzat dauden ate birakariak, bere garaian administrazioen laguntza eskuratu zuten enpresen lehendakaritzetan edota administrazio kontseiluetan eserlekua ematen diena; herritarren diruaren lepotik angulak jateari normala deritzon agintari ohiena edota alderdi politiko jakin batzuek jasotzen dituzten dohaintza anonimo eskandalagarriak”. Hala, Itxasok nabarmendu ditu duela gutxi argitara eman diren datuak PPk eta PNVk 1993 eta 2011 urte bitartean jasotako dohaintzen gainean, hurrenez hurren 28 eta 18 milioi euro jaso zituztela: “eta esan beharra dago PNV dela, alde nabarmenaz, igorle ezagunik gabe diru gehien jaso duen alderdia bere ekintza eremuko biztanleria aintzat hartuta”.

Egoera honen aurrean, Alternatibatik ustelkeriaren aurkako protesta guztietan parte hartzeko deia berretsi dute, gaur arratsaldean, 19:00etatik aurrera Bilbon herritar talde batek antolatu duena kasu, Moyua plazan izango da, Espainiako gobernuaren ordezkaritzaren eraikinaren aurrean, “Estatua ustelduta dago, bagoaz” lemapean.

Mas, Urkullu, Raxoi eta Borboidarren trena

Aitor Miguel Quintana – Alternatiba Araba

Orain dela gutxi, Espainiako Erresumako egunkarietako azalak morboz beteriko argazkiarekin bete ziren Mariano Raxoi, Sustapen ministroa, Borboidarren oinordekoa eta Kataluniako lehendakaria Artur Mas elkartzen zituena Madril-Paris Abiadura Handiko trenbidearen azken zatiaren inaugurazioan.

Bazen ere tentsioz beteriko argazkia, Kataluniako subiranotasunaren gatazka biziaren ikuspuntutik begiratuz gero. Kataluniako subiranistak eta herritarren zein haien lurraldeen askatasunaren gainetik estatuaren erabakiak ezartzen dituztenak aurrez aurre.

Argazki honek sorrarazi zuen norgehiagoka sentsazioa, seguru aski, ez zen guztiek eta neurri berean partekatua izan. Subiranotasunari beste ikuspuntu batetik begiratzen diogunok, erosotasunez bidaiatzen zuten lau pertsona ikusten genituen. Lau buruzagi, banatzen dituzten ustezko gerra mediatikoen gainetik, komunean dutenarengatik askoz ere batuagoak ziruditenak.  Horrexegatik, haien arteko identitate desberdintasunak alde batera utzita, ezin gusturago ageri ziren Abiadura Handian elkarrekin bidaiatzen.

Batzuentzat subiranotasun nazionala epe laburrerako lanabesa baino ez da, ez bada herri guztien subiranotasun osoa lortzeko erabiltzen. Subiranotasun nazionala gutxirako balio digu betiko eredu sozioekonomikoa berregiteko erabiltzen badugu.

Abiadura Handian eta zubien bitartez herrien oso gainetik bidaiatzen duten bitartean ez dugu Raxoi eta Masen arteko funtsezko desberdintasunik ikusten. Ez dugu desberdintasunik ikusten, biek egoeraren araberako krisialdia bizi dugula esaten dutelako, krisi sistematikoa bizi dugula ukatuz. Gainera, biek murrizketetan eta makro-proiektuetan oinarritutako bide berdinak erabiltzen dituzte, haien ospea handitzeko eta gutxi batzuen onuraren alde.

Abiadura Handiko Trena bezalako proiektuak aldez aurretik higikortasun ikerketak egin gabe eta beren eragin ekonomikoa aztertu gabe sustatu izan dira. Ezta ingurumenean eragina duten ekintzetan gidatu beharreko ardura printzipioen arabera egin ere, herrialdeen baliabide ekonomikoak hamarkada luzeetan galzorian ipintzen dituztenak.

Mariano, Mas, Urkullu eta enparauak dira eredu sozioekonomiko berdinaren buruzagiak, AHTaren, Supersurraren, errausteko makro labeen eta frackingaren gainean eraikitzen dutena. Primitibo izatea leporatu digute garapen modu honen kontra egin dugunoi. Oraindik ere, gizajale deitzen digute Elikadura Burujabetzaz ari garenean. Baina kontua da gaur egun, eta 20 urteko ustiapenaren ostean, AHTren kontuak ez zaizkiola ateratzen Espainiako estatuari. Ezta Bizkaiari Supersurrarekin. Arabako akuiferoak ere kutsatu behar al ditugu Frackinga ez dela bidea frogatzeko?

Eredu desegoki eta zibilizazio gaixotu batek bakarrik zuzentzen ditu bere baliabide gehienak arrakasta bermerik gabeko proiektuetara, izaera alternatiboa duten aitzakiarekin, osasuna eta hezkuntza bezalako ezinbesteko oinarri sozialak deseginez.

Subiranotasun nazionala da, hartara, desberdintzen gaituen eta berezko zentzua duen tresna bakarra, internazionalista eta solidarioa, herrialdeen subiranotasun osorako trantsizioa bermatuko duen ereduaren aldaketa. 

http://alternatiba.net/old-files/El-Principe-Felipe–Mariano-Rajoy–Artur-Mas-y-Ana-Pastor-en-el-viaje-Barcelona-Girona.jpg

Alternatibak Urkulluri exijitu dio AHT ordaintzeari utz diezaiola oinarrizko eskubide sozialak bermatu ahal izateko

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Iñigo Urkulluri exijitu dio gaur lehendakariak berak dioen bezala “larrialdiko egoeraren aurrean bagaude, Abiadura Handiko Trenerako diru publikoa bideratzeari utz diezaiola, EAEko biztanleen oinarrizko eskubide eta zerbitzu sozialak blindatu ahal izateko”. Eskaera egin du Ana Oregik sailburuak Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroarekin AHTari buruz hitz egiteko gaur egin behar duten bileraren harira.

Bilera honen aurrean, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak Urkulluren gobernuko Ingurumen eta Lurralde Politikako arduradun Oregiri eskatu dio “mahai gainean jarritako datu guztiak euskal gizartearekin partekatzeko: epeak, azpiegitura honekiko dituzten konpromiso zein asmoak, Burgos eta Gasteiz arteko ibilbidearen bilakaera eta gainerakoak”.

Bestaldetik, Matutek salatu du Eusko Jaurlaritzak hurrengo aurrekontuetan 1.200 milioi euroko murrizketak iragarri arren AHTerako finantziazioaren eutsi diola, gerora berreskuratu daitekeen aurrerapen gisa izan arren, “bide okerretik doazela berrestetik haratago doa, izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren bizi baldintzek okerrera egingo dutela baieztatu ere egiten dute, 350 milioi euro bideratzen baitituzte inolako errentagarritasun sozialik eta bideragarritasun bermerik gabeko azpiegitura baterako”.

Azkenik, Alternatibatik nabarmendu egin nahi izan dute “une honetan obren exekuzioek enpresei baino ez dietela mesede egiten, euskal gizartean pobrezia zabaltzen den bitartean; eta AHT 2018rako martxan egoteak, horrekiko zalantza handiak dauden arren, zertan hobetuko du langabezian eta eskubide sozialik gabe dauden herritarren bizitza?” Horrexegatik, Matutek galdegin dio lehendakariari aitor dezala “AHT beste garai bateko jokabide megalomanoei erantzuten dien proiektua dela” eta eskatu dio “pertsonen bizitza duinak ardatz hartuta gobernatzeko, eta ez porlana eta ingurumenaren suntsipenerako”.

X