Zerga iruzurra eta legezko iruzurra

Asier Vega – Bizkaiko EHBilduko batzarkidea

“Bizkaian magnate gutxi dago”. Hauxe izan zen PNVk erabilitako aitzakia 2008an Ondarea Zerga ezabatzeko. Gezurra zen bere garaian eta gezurra da gaur egun ere. Orduan zein gaur egunean, Bizkaiko magnateek, izan badirela eta hain urriak ez direnak, ordaindu beharrekoa baino zerga gutxiago ordaintzen dute, horretarako aukera eman zaielako oraindik ere.

PNVk fiskalitateaz diharduenean eta mundu guztia kontent mantentzeko asmoz, gauza bat esan eta aldi berean, kontrakoa baieztatzeko gaitasun ikaragarria dauka. Hori dela eta, harrokeriaz amestu eta esan dezake egun batean Ondare Zergari dagokionean Bilduri ezkerretik aurrea hartu diola eta, handik gutxira, errenta altuenei PFEZa %45tik %46ra igotzeari uko egiten dio bildu beharreko diru kopurua urriegia izango dela argudiatuz. Antza, Bilbao jaunarentzat diru xehea da hiru milioi euroko bilketa.

Diskurtso bikoitz honen aurrean, askoz argigarriagoa deritzogu Ahaldun Nagusiaren alderdiko buruaren azalpenei kasu egiteari; Iñigo Urkulluk oso argi utzi zuen: “gehiago irabazten dutenek gehiago ordaindu behar izatea demagogia hutsa da”. Argudio errepikakor eta, beraz, intentzioen salatari izanik, jakin badakigu ez zela lapsus-ik izan bere hitzetan.

Bizkaiko Aldundiaren 2013ko aurrekontua aztertzean agerian gelditzen den lehenengo gauza, pentsamendu neoliberal honek dakartzan diru sarrera gabezia da, beti ere, enpresaburu eta dirudunen mesederako. Honen adibiderik onena, Aldundiak aurten enpresarioei barkatuko dizkien 207 milioi euroak ditugu, gehienbat eraginik gabeko kenkari eta diru-laguntza bidegabeetan oinarritutakoak.

Aurrekontuek islatzen duen beste adibide bat, zerga ezkutuak Ondare Zergarengan duen eragina da. Bizkaiko Ogasunak egun indargabetuta dagoen eta soilik 2011 eta 2012 bitartean indarrean egon zen zerga honen ondorioa kalkulatu du. Aberatsenei 43 milioi euro barkatu dizkie, zergaren izaera injustua eta atzerakoia agerian utziz.

PNVren aurreko urteetako zerga erreformak desegitea beharrezkoa da, horietako bakoitzean Bizkaiko ogasunak dirua biltzeko ahalmena galdu duelako. Zerbitzu sozialak bermatu eta gizartea eraldatzeko balioko digun bilketa nahikoa izateko Foru-Arauak aldatu beharra dago. Ez dezagun ahaztu fiskalitateak bide oso desberdinetatik arazo berdinak jorratzeko ahalmena daukala. Etxebizitza alorrean adibidez, zerga politikak bigarren etxebizitza erosi nahi dutenen mesedetara egin daitezke, aspaldi egiten zen bezala, edo ostera, hutsik dauden etxebizitzak Ondasun Higiezinen Zerga igota alokairura bideratzeko erabili daitezke.

Gehiago irabazten edo gehien dutenei presio fiskala areagotzea ez dago PNVren lehentasunen artean. Horren ordez, Iruarrizaga-Bilbao tandemak bi ildoetako zergak eskaintzen dizkigu. Ildo batetik, soldatapeko arruntak doaz, zergak automatikoki ordaintzen dituztenak; beste ildotik, aldiz, zergadun bereziak daude, Ogasunari gutxiago ordaintzeko moduen artean kartara aukeratu dezaketenak: aurrezki errentak %20an edo PFEZan elite mailako kirolarientzako errenta irregularrak, enpresetako mozkinak kalkulatzeko modua, kenkari kopuru izugarriak, Sozietate Zergaren gaineko erregimen bereziak edota zerga ezkutua edota enpresen Ondarearen Zergaren gaineko aberastasuna ezkutatzea. Iruzur fiskalari aurrea egitea bezain garrantzitsua da legezko iruzur honekin bukatzea. Eta egitekotan, noski, magnateren bat haserretuko da…

EAJ eta PPren arteko akordioak Bizkaiak oraindik eskubikoagoak eta eskubide sozialen kontrakoagoa izango den aurrekontua ekarriko du

Dirudienez, Bizkaian ere aurrekontuei buruzko eztabaida izango dugu azkenean, datozen egunotan, datorren astean agian, deitzekoa litzatekeen osoko bilkuran. “Dirudienez” esaten dugu, oraindik gai horren inguruko albiste argirik jaso gabe jarraitzen dugulako, aurrekontuek bizkaitar guztientzako sekulako garrantzia duten arren. Espero dezagun oraingo honetan eztabaida ez atzeratzea, hasiera batean abenduan 28ko data zeukan eta.

Une honetan, urtarrilean jada, aurrekontuak luzapen tekniko fasean sartuta, agerikoa da zer nolako zailtasunak dituen EAJk akordioak lortzeko eta zer nolako gabeziak dituen aurrekontuak kudeatzeko. Eta gogora dezagun, bide batez, aurrekontuak ezinbestekoak direla Bizkaian pairatzen ari garen larrialdi sozioekonomikoari berehala aurre egiteko.

Testuinguru honetan, ekimen instituzionala inoiz baino beharrezkoagoa den honetan, non egon da Jose Luis Bilbao orain arte? Lehenago, oporretan; gero Juan Mari Aburtok Urkulluren Gobernura joanda sortutako arazoa konpondu nahian, eta azkenean, antza denez, PPrekin akordio bat negoziatzen Bizkaiko aurrekontua ezusterik gabe onartzea bermatzeko. Alegia, Rajoy, Urquijo eta Basagoitirena ere izango litzatekeen aurrekontua.

EAJ-PP balizko akordio hori, EAJk Araban aurrekontu luzatuari egonkortasuna emateko, Bizkaiko PPren babesaren truke, ez da zerotik sortzen edo ateratzen. Azken batean, EAJk proposatu duen aurrekontua eskuinekoa da eta, beraz, eskuineko beste alderdi batek arazorik gabe defenda dezake. Are gehiago, EAJ eta PP egun negoziatzen ari omen diren aurrekontuak ultraeskuinekoak izango direla esan genezake, PP Madriletik inposatzen ari den politikak ederki asko ezagutzen ditugulako.

Eta ezin dugu ahaztu Madrileko Komunitateko Gobernua murrizketen eta pribatizazioen erregea dela. Hori guztia dela eta, EH Bilduren ustez, kontraesankorra da, batetik, espainiar Gobernuaren inposaketen aurka azaltzea, hala nola, langile publikoei aparteko ordainsaria kentzearen aurka, baina bestetik, bizkaitarren aurrekontuak inposaketa eta murrizketa horiek dakartzan alderdiarekin berarekin hitzartzea. EAJk ez du zalantzarik izan PPrekin hitzarmenak egiteko orduan, Rajoyren alderdiarekin, kopagoa ezarri duena, Euskal Herriko udalak ezabatu nahi dituena, eta autogobernua bertan behera utzi nahi duenarekin.

EAJ eta PPren arteko balizko akordio horren ikuspegitik hartu beharko litzateke Basagoitik pasa den asteburuan medioen aurrean eginiko agerraldia. Jose Luis Bilbaoren alderdiarekiko aldeak markatu zituen, Araban EAJri arazoak sor diezazkiolako, baina, EH Bilduk behin baino gehiagotan adierazi duenez, EAJk gustuko du kromoak trukatzea, eta orain politika egiteko modu horren adibide argi baten aurrean gaude, azken orduko eta erlojuaren kontrako negoziazio baten bidez.

EH Bilduk ukatu nahi du, halaber, EAJk noizbait plazaratu duen hipotesia. Ez dugu, eta inoiz ez dugu izan, PSErekiko inolako akordiorik Gipuzkoan aurrekontuak onartzeko eta Bizkaikoak eta Arabakoak, ordea, atzera botatzeko. Logikoa da, hala ere, ezkerretik antzeko irakurketa politikoak egitea gehien dutenen zerbitzura eginiko aurrekontu batzuk aztertzeko orduan.

Bazen garaia Bizkaiko aurrekontuen berri izateko! Berretsi behar dugu herrialde honetan pertsonen aldeko –eta ez porlanaren aldeko– aurrekontu-eredua ezartzearen alde EH Bilduk egiten duen apustua, Bizkaiko berpizkunde ekonomikoa sustatzeari begira enplegua sortzeko politika aktiboak planteiatzeko, eskualdeetan arreta berezia ipiniz eta Gizarte Gaietako Departamentua indartuz, besteak beste.

EH Bilduk dio zentzugabekeria dela Bizkaiak, EAEk bezala, oraindik aurrekonturik ez izatea

Astebete joan da, baina Bizkaiko Batzar Nagusietan aurrekontuen gaineko eztabaida gauzatzeko data ezagutu gabe jarraitzen dugu. Aurrekontuak aurrera ateratzeko EAJk akordiorik lortu izanaren berririk ere ez dago. EAJk dauka ordezkaritzarik handiena herrialdean; beraz, berari dagokio aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioak bilatzea.

Bizkaiko Batzar Nagusiak eta Legebiltzarra dira beren aurrekontuak tramitatu ere egin ez dituzten administrazio bakarrak. EAJk du gehiengoa bi administrazioetan, berari dagokio aurrekontuen onarpenerako akordioak bilatzea, baina ez du horretarako urrats eraginkorrik eman. Egoera honek agerian uzten du zenbaterainokoa den alderdi horren kudeaketa gaitasuna eta ezberdinen artean akordioak lotzeko daukan gaitasuna ere zalantzan jartzen du.

Jaurlaritzako bozeramaileak asteon esan du Gobernu Kontseiluak martxoaren 12ko data jarri duela aurrekontuak onartzeko. Iragarpen horretan eta horren osteko erreakzioetan egon dira begirada guztiak aste honetan. Bizkaia ere aurrekontu gabe dagoela oharkapean pasa da. Gure buruari orain egiten diogun galdera da ea Jose Luis Bilbaoren asmoa bera den, hau da, udaberriaren bezpera arte itxaron behar ote duen bere herrialdeko aurrekontuak aurrera ateratzeko. Baina bada diferentzia bat: Legebiltzarra orain gutxi osatu den erakundea da eta Bizkaian EAJk gehiengoz gobernatu du betidanik.

Jose Luis Bilbao diputatu nagusia “desagertuta” dago 2012ko azarotik, proposatzen zuen aurrekontua eta fiskalitate arloko zenbait neurri iragarri zituenetik. Baina oraindik ere kezkagarriagoa da aurrekontuen eztabaidari heltzeko EAJ erakusten ari den gaitasun eza, are gehiago kontuan hartzen badugu aurrekontuak funtsezko tresna direla bizkaitarrok pairatzen dugun egoera sozioekonomiko larriari aurre egiteko, ez baita ahaztu behar gure herrialdeko langabezia eta pobrezia tasak ingurukoak baino handiagoak direla.

EH Bildutik gure buruari galdetzen diogu zer nolako egoeratan egongo ginatekeen Gipuzkoa izango balitz egoera horretan den herrialdea, aurrekontuak onartzeke egongo balira. Izan ere, urtarrilaren erdi aldera goaz, eta oraindik aurrekontuen eztabaida gauzatzeko datarik ere ez dugu. Zer gertatuko litzateke egoera honetan Gipuzkoako foru agintariak jendaurrean agertu gabe eta duten erantzukizunari heldu gabe egongo balira?

EAJk apustu argia egin zuen: Araban eta Bizkaian kromo aldaketa egin. Jokaldia ezin okerrago atera zitzaien, baina oraindik ere bide beretik jarraitzeko asmoa dutela ematen du. Bien bitartean, erantzukizuna eskatzen ari zaigu gainontzeko indar politikooi, euren buruari begiratu gabe. EAJ berebiziko garrantzia daukan eztabaida lapurtzen ari zaigu bizkaitarroi; baina hori baino okerragoa, arduragabekeria galantaz jokatzen ari da, beraien ekimen faltaren ondorioz areagotzen ari delako bizi dugun emergentzia egoera eta horren ondorioak.

EH Bilduk, ordezkaritza politikoan Bizkaiko bigarren indarrak, ekimen politikoa hartuko du hurrengo astean, aurrekontuen eztabaida behingoz gauzatu dadin eta gure herrialdeak herritarren egiazko beharrei erantzungo dien aurrekontu sozialak edukitzeko helburuarekin.

EAJk aurkeztutako aurrekontuek murrizketa handiak ditu gizartekintzan, eta horrek babes gabe utziko ditu Bizkaiko herritarrak. Diputazioak zenbakiak bere erara erabiliko ditu, baina egia dena da Gizarte Ekintza Sailera aurrekontuen %38 bideratuko dela eta zaharren egoitzetako langileen baldintzak zein zerbitzuaren kalitatea kaltetuko dela. Mendekotasun Legetik eratortzen diren prestazioak eta diru prestazioak osatu gabe jarraitzen du eta Madrildik finantzazio faltagatik datozen murrizketak baino sakonagoak beregain hartzen ditu, sortu diren gabeziak estali beharrean.

Oparotasunaren garaian Bizkaiko zenbait udalerrik zorrak hartu zituzten, baina Diputazioak bakardadean utzi ditu, eta bere erantzukizuna bete gabe jarraitzen du. Beharrezkoak diren diru-sarrerak ez dituen aurrekontuak dira, fiskalitatean egin beharreko aldaketak ez zituztelako nahi izan; zorraren eta premiazkoak ez diren azpiegituren aurrekontuak dira. Eskuineko aurrekontuak dira, eta ez eskubide sozialena.

Bizkaiko aurrekontuen inguruan arduraz eta gardentasunez joka dezan eskatu dio EH Bilduk EAJri

http://ehbildu.net/images/2013-I-08-EHBilduBizkaia-aurrekontuak2.jpgEH Bilduren iritziz, Bizkaiak egun bizi duen egoera arduragabekeria politiko eta instituzional larria da. Bizkaiak ez ditu 2013ko aurrekontuak adostu eta, are okerrago, horretaz eztabaidatzeko datarik ere ez dago oraindik. Egoera horretan dagoen herrialde bakarra da.

Gure herrialdean argi eta garbi ikusten ari gara zer nolako arazoak dituen EAJk akordioak ixteko eta, baita ere, zelako gabeziak dituen bizkaitarrok pairatzen ari garen egoera sozioekonomiko larriari aurre egiteko ezinbestekoak diren aurrekontuak modu egokian kudeatzeko.

EAJk kudeatzeko gaitasuna duela errepikatzen du behin eta berriro, akordioak lortzeko prestutasun osoa duela, borondateak batzeko gauza dela… eta harro agertzen da beti horregatik. Baina Bizkaiko aurrekontuei dagokienez, eta herrialdeko bigarren indar politikoa garenokin, bi kontaktu baino ez dira egon: lehenengoa, aurrekontuak aurkeztu zituenean; bigarrena, balizko negoziazio bati heltzeari begira. EAJ-k berebiziko garrantzia duen eztabaida ukatzen ari zaie bizkaitar guztiei.

Eta aipatu behar da, testuinguru honetan, EAJk Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaitik kanpo gauzkala oraindik, eta modu horretan erabaki garrantzitsu batzuetatik kanpo utzi egiten gaituela. Abenduaren 28tik bai Jose Luis Bilbao, bai bere aurrekontuak desagerturik daude, eta bitartean puntu batzuk ezagutzen ari gara, adibidez, gehien daukanak gehiago ordaindu behar duen printzipioa eta zerga-politika progresiboa bertan behera utziz.

Are larriagoa da, hala ere, Jose Luis Bilbaoren taldeak akordioetara iristeko erakutsi duen gaitasunik eza, larrialdi egoeretan irtenbideak bilatzeko duen defizita. Lau haizetara beraiek zabaltzen duten ardura eta egonkortasunetik oso urrun, EAJk kromo-trukaketaren aldeko apustua egin du. Arabakoak Bizkaikoen truke, pentsatuz, ziurrenik, beraiek abstenituz gero, PPk aurrekontuak aurrera aterako lituzkeela eta, argazkian Mariano Rajoy eta Carlos Urquijoren alderdiarekin batera agertu behar izan gabe, Bizkaian beraiek arazorik gabe aprobatuko zituztela.

Baina kalkuluak ez zaizkio ondo atera, eta EAJk denbora irabaztea erabaki du. Gernikako osoko bilkura arduragabe eta gardentasunik gabe atzeratu du, eta berriz ere zenbakiak egiteari ekin dio, baina oraingoan ez hainbeste Bizkaiko aurrekontuak onartzeari begira, baizik eta berriro beste kromo-trukaketa bat egiten saiatzeari begira, bide batez EAEko aurrekontuak ere adostu nahian.

EH Bildurentzat, Bizkaiko aurrekontuek sekulako garrantzia dute, tresna garrantzitsuegia da kromo-trukaketa baten menpe jartzeko, jendeari bizkarra emanez, eta are gutxiago egungo egoera sozioekonomikoan. Hori dela eta, dei egiten diogu EAJri, behingoz ager dadin eta arduraz eta gardentasunez joka dezan, akordioak ahalbidetzeko. Eta gure apustua berretsi egiten dugu, aurrekontu sozialen alde, milaka bizkaitar pairatzen ari diren larrialdi egoera honi aurre egin ahal izateko.

Pertsonen zerbitzura –eta ez porlanaren zerbitzura– egon behar duen aurrekontu-eredu bati heltzeko gure prestutasun osoa dugu. Enplegua sortzeko politika aktiboak abian jartzearen alde egiten dugu, Bizkaiko errekuperazio ekonomikoa sustatzeko, eta arreta berezia ipiniz eskualdeetan planen aktibazioan.

Halaber, Gizarte Ekintza Saila indartzearen aldeko apustua egiten dugu. Sail horrek oso aurrekontu eskasa dauka une honetan, eta Menpekotasunaren Legean egindako murrizketak eta Diputazioko zaintza sektoreko lan-baldintza prekarioak ezkutatzen ditu. Eta hori guztia oraindik Bizkaiko azpiegiturarik handienak, SuperSur delakoak, utzi duen zulo ekonomikoa ordaintzen hasi gabe gaudenean, horretan etekina atera duten bakarrak proiektuko konstruktorak izan direlako.

Ortuellako Hitzaldiaren bideoa – Vídeo de Ortuella con Oskar Matute

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek hitzaldia eskaini zuen abenduaren 19an Ortuellako Kultur Etxean, Alternatibaren sorreraren, ibilbidearen eta etorkizunaren inguruan,Alternatibak lotuz: Ezkerra Eraldatzearen Erronka titulupean. Matutek menpekotasun sistema desberdinei aurre egiteko borroka guztiak agenda berean uztartzearen garrantziaz hitz egin zuen. Batetik, euskal ezkerrak dituen erronkak eta, bestetik, Euskal Herrian ezker alternatiboak batera lan egiteko berrosatze prozesuan parte hartzearen gogoa eta konpromisoa hizpide izan zituen. Alderdiaren bozeramaileak, oinarri desberdinak izango dituen paradigma berria sortzeko ezker eraldatzaileak bere burua birpentsatu eta autokritikatu behar duen ikuspuntua eman zigun. Matutek, krisi sistematikoari aurre egingo dion harresi sozialean parte hartzearen beharra ikusten du, azken batean, Euskal Herriko ezkerraren eraldatzearen erronkaren ondorioz, mundua bera ere aldatzen laguntzeko.

El portavoz de Alternatiba y parlamentario de EHBildu, Oskar Matute, ofreció el pasado 19 de diciembre en Ortuella una charla bajo el título “Tejiendo alternativas: El Reto de Transformar la Izquierda”. Matute nos habló del proyecto de Alternatiba, de su gestación, su trayectoria y del reto de aglutinar en una misma agenda todas las luchas frente a los diferentes sistemas de dominación. Habló de los retos de la izquierda vasca y a los compromisos que Alternatiba ha adoptado participando en la unidad de acción de la izquierda alternativa de Euskal Herria. El portavoz de la formación, compartió la visión de una izquierda que necesita repensarse y autocriticarse para construir un nuevo paradigma sobre bases diferentes y participar en un muro social que confronte con la crisis sistémica y sus múltiples expresiones, que asuma, en definitiva, el reto de transformar la izquierda en Euskal Herria para ayudar a  transformar el mundo.

https://fbcdn-sphotos-a-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/479379_568808399803147_2097390505_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-g-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/456960_568808419803145_1767118471_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-snc7/477422_568808346469819_1351200148_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-snc7/464407_568808489803138_15065004_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-d-a.akamaihd.net/hphotos-ak-snc6/286247_568808563136464_1798168263_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-snc7/458673_568808629803124_787989603_o.jpg

http://alternatiba.net/old-files/ortuella hitzaldi.jpg

X