EHBilduk konzentrazioak egin ditu Ezkerraldeko herrietan Kutxabanken pribatizazioa eta etxegabetzeak salatzeko

EHBilduk gaur eguerdian Ezkerraldeko herrietan, Sestaon, Portugaleten, Barakaldon eta Santurtzin kontzentrazioak burutu ditu PNV, PSE eta PP bultzatzen ari diren Kutxabank-en pribatizazioaren aurka eta diru publikoarekin sortutako erakundeak etxe desjabetzeak egiteari utz diezaiola exijitzeko. Hala esan du Amaia Agirresarobe Alternatibako kide eta Bilduko Bizkaiko batzarkideak Santurtziko elkarretaratzean eginiko adierazpenetan.

“Irtenbidea badago: Burujabetza eta eraldaketa soziala!” lelopean, gutxienez Kutxabanken %51 kapital finantziero pribatuaren esku geratuko dela azaldu dute EHBilduko ordezkariek. “Kutxek ez dute Kutxabanken etorkizuna erabakitzeko ahalmenik izango. PNV, PSE eta PPk pribatizazioaren aldeko apustua egin dute. PNVk eta PPk adostu duten Kutxen Legea pribatizazioaren norabidean doa. Indarrak batu dituzte asanbladen eratzean EHBildu bazterrean uzteko” gaineratu du EHBilduk.

“Eredu honen ondorio dira gaur arte eman diren milaka etxegabetzeak. Pribatizazioarekin ez da dirurik izango inbertsioak egiteko ezta obra sozialaren zerbitzu sozialetarako. Familiei maileguak eskaini beharrean, etxegabetzeekin jarraituko dute. Euskal enpresek berehalako finantziazioa eskatzen dute; bitartean estatu mailako hedapenaren alde egiten dute”, esan dute.

EHBilduk “kutxa publiko eta izaera soziala izango duen ereduaren alde” egiten du, “gure herriaren ahalmen produktiboa indartu eta lagunduko duen eta gure lurraldearen behar sozialei erantzungo dien ereduaren alde gaude”.

https://fbcdn-sphotos-e-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/602746_573558985994755_1643089205_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/540989_573558999328087_1334850882_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/551753_573559115994742_1960383509_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-g-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/150980_573560365994617_898687365_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/557169_573560402661280_126120908_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-snc7/383732_573560819327905_680153095_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-d-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/383588_573560985994555_119245854_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/20591_573561175994536_1266065830_n.jpg

EHBilduk Bizkaiko aurrekontuan eztabaida alderdikeriengatik atzeratzea leporatu dio PNVri

Euskal Autonomia Erkidegoan, lurralde bakoitzeko aurrekontuen etorkizuna argitzen joan da, pixkanaka. Momentuz Gipuzkoan bakarrik lortu da aurrekontuen gaineko adostasuna, Bildu, PSE eta Aralarren artean; Araban, berriz, PPk ez du babesik lortu, eta aurtengo aurrekontu berberak luzatuko dira. Beraz, Bizkaia da oraindik aurrekontuen gaineko eztabaidarik izan ez duen lurralde bakarra. EH Bilduren ustez, kezkatzekoa da eta arduragabea iruditzen zaigu urtea amaitzear dagoen honetan eztabaidarako datarik ere ez izatea.

Hasiera batean, aurrekontuen inguruko eztabaida abenduko azken aste honetan egitea  aurreikusita zuten Batzar Nagusietako talde guztiek. PNVk, baina, eztabaida hori atzeratzea erabaki du. Nabarmendu nahi dugu PNVk ez duela atzerapen horren inguruan inolako azalpenik eman eta ez duela argitu nahi izan atzerapenerako zein motibo dituen. Bizkaiarentzako aurrekontuen eztabaidak duen garrantzi itzela kontuan hartuta, ezin dugu ulertu PNVren ilunkeria eta informazio falta.

EH Bildutik uste dugu bizkaitarrek lehenbailehen behar dituztela gizarte egoera larri honi erantzungo dioten erabakiak. Beharrak geroz eta handiagoak dira, eta ezinbestekoa da horiei ahalik eta azkarren aurre egitea. Aurrekontuek helburu horretarako erreminta izan behar dutela uste dugu, hain zuzen. Horrexegatik, Bizkaiko Aldundiari eskatzen diogu aurrekontuen gaineko eztabaida gehiago ez atzeratzeko eta lehenbailehen deitu dezala osoko bilkura.

Bizkaiko Aldundia, ordea, eztabaidari heldu beharrean, epeak luzatzen ari da. Bizkaiko interes orokorraren gainetik alderdi interesak lehenetsi ditu, PNVk eta argi gelditu da batzuek aldarrikatzen duten ardura instituzionala noraino iristen den. Era berean, Arabako aurrekontuak onartu gabe gelditu ostean, ikusten ari gara  akordiorako gaitasuna aldarrikatzen dutenek zenbaterainoko zailtasunak dituzten erakundeen arteko kromo aldaketa aldapan gora ipintzen zaienean. Kontrako adibidea Gipuzkoan daukagu; tokiko errealitatea soilik ardatz hartuta Bildu akordiotara heltzeko kapaz izan da, eta aurrekontuen egonkortasuna bermatzea lortu du. Gainera, justizia sozialean oinarritutako aurrekontuak aurrera ateratzea lortu du.

Bizkaiko Aldundiak denbora irabazi nahi duela begi bistakoa da, PNVk Bizkaian akordioak lortzeko dituen zailtasunak medio. Bi osoko zuzenketen eztabaida ekidin nahi du PNVk, bai Bilduk eta bai PSEk aurkeztu dituzten zuzenketak hain zuzen, bere ahultasuna ahalik eta gehien disimulatzeko. Jokamolde horren atzean Eusko Legebiltzarreko aurrekontuen negoziazioa egon daiteke eta EH Bildutik adierazi nahi dugu guztiz onartezina dela bizkaitar guztion aurrekontuak beste erakunde batzuetako negoziazioen menpe jartzea. Arduragabekeria eta errespetu falta itzela da Bizkaiko baliabide ekonomikoen erabilera irizpide horien araberakoa izatea.

Berriz azpimarratu nahi dugu: EH Bildu prest dago gizarte eskubideak erdigunean ipiniko dituen aurrekontu eredu bati buruz hitz egiteko. Politika pertsonen zerbitzura jarriko duen ereduaz ari gara eta ez porlanaren alde eta zenbait interes partikularren alde egingo duen aurrekontu ereduaz. PNVk beste bilera batera deitu ez gaituen arren, guk norabide horretan segiko dugu lanean, gizarte eragile, sindikatu eta baita alderdi politikoekin ere. Hilabete honetan bilera errondak egin ditugun bezala, aurrerantzean ere bide beretik jarraituko dugu aurrekontu sozialak aldarrikatzeko helburuarekin.

Bilduk Santomaseko azokak baserritarren eskubideak babestea eskatu du

Bildu udal taldeak Santo Tomaseko azokan baserritarren eskubideak babestea eta produktu agroekologikoen salmenta bultzatzea eskatu dio Bilboko Udalari.

Bilduren zinegotzia den Ana Etxartek, Udalak zuzenean azokaren antolaketa kudeatu beharko lukeela uste du; Bizkaiko beste udalerrietan egiten den moduan, hiritargoaren eta sektorearen interesei lehentasuna emanez.

Egun, BBK azokaren antolaketaz arduratzen da eta, postua nork izan dezakeen erabakitzeaz gain, etekinak ematen dizkioten baldintzak jartzen ditu. Etxarteren aburuz, “Santo Tomas bezalako azoka herrikoi bat sistema finantziarioaren esku egotea onartezina da; azokan parte hartzeko balditzak argiak izan gabe, non ezinezkoa da nork eta nola ekoizten den jakitea, ekoizleek, birsaltzaileek eta nekazaritzarekin zerikusirik ez duten entitateek toki berdinean baitaude”.

Bilduren zinegotziaren iritziz, “Udalak, erakunde publikoa den heinean, azoka hau eta gainontzekoak pertsona ekoizle eta kontsumitzaileen arteko topaketa zuzenarako tokia izatea bermatu behar du, bitartekorik gabe, parte-hartze balditzak argi eta garbi jarriz eta modu agroekologikoan ekoizten duten baserritarrei lehentasuna emanez, zuzenagoa eta bidezkoagoa den eredu berri baterako trantsizioa erraztuz”.

Zentzu honetan Etxartek eskatu du, azokak agroekologiari, gardentasunari, eta parte hartzeari ateak irekitzea, baserritarren eskubideak defendatuz ere.

 

Erabaki burujabeekin erantzungo diogu inposaketa politiko, ekonomiko zein hezkuntzako arlokoari

Krisi egoera lazgarria, murrizketen dinamika… hori da pairatzen dugun egoera gordina. Horri gehitu behar zaio, atzoko azken orduko erabakia, Konstituzio Epaitegiak kopago farmazeutikoari begira hartu duena. Azken hilabeteotan murrizketen aurrean herri gisa eman diogun erantzun zabala, sindikatuen, eragile sozialen eta EH Bilduren eskutik

Herri gisa ukatuak gara, euskal herritarren eta instituzioen iritzi eta erabakiak mespretxatuak dira, gure norbanako eskubideak eta nazionalak zapalduak dira, ekonomia, hezkuntza eta osasungintza alorreko erreformak ezartzen zaizkigu, politika propioak aurrera ateratzea galarazten zaigu. Egoera honetan, eskuineko politiken inposizioen bitartez, ez dugu etorkizunik ez herri gisa.

Gaur inoiz baino argiago Euskal Herriak nazio gisa aitorpena behar du, burujabetza osoa bere marko instituzional, bere eredu ekonomiko, hezkuntza eta osasun sistema, kultura eta hizkuntza garatzeko. Herri honek bere erabakiak hartzea hil ala biziko kontua da

Egoera ezin larriago honen erdian, bi bide ikusten ditugu: batetik, Estatuaren erreforma Euskal Herrian bururaino eramango duen bidea, kapitalak eta burbuila finantzariak beren aldaketa guztiak burutuz, herritarren eta herriaren eskubideen kaltetan. Zeregin honetan daudela ulertzen dugu PNV, UPN, Confebask…

Edo bestetik: Alarma gorrian dagoen gizarteari eta herritarren beharrei erantzuteko bidea eraikitzea eta horretarako erabakiak, instituzioak eta indar metaketa antolatzea. Europako botere ekonomikoen, Madrilgo morroitzaren eta kapitalaren inposizioen aurrean, herri bezala modu burujabean erantzun eta jokatzea, alegia.

Bigarren hau da koalizioak hartu duen bidea, inposizio eta murrizketei, ofentsiba neoliberalari eta burujabetza faltari aurre egitea, nola? Estatuarekin talka eginez, ofentsiba neoliberalari hortzak erakutsiz, herri honek alor guztietan, politikan, ekonomian, kulturan, hezkuntzan… pairatzen duen burujabetza faltari erabaki burujabeekin aurre eginez.

Alarma gorrian dagoen gizarteari eta herritarren beharrei erantzuteko bidea eraiki behar dugu, erabakiak eta instituzioak behar ditugu. Inposizioari herri bezala erantzunez jokatu behar dugu, eragile sozial, sindikal eta politikoen harresia sortuz inposizio bidegabeei erantzuteko.

Norabide honetan kokatzen dugu gure jardun politikoa, inposizioa eta murrizketen aurka ari gara eta herriz herri, instituzioz instituzio, Madriletik datozen erabakiek gizartearengan, hiritarrengan eraginik izan ez dezaten neurriak eta erabakiak hartzen. Madrilek inposatutako neurriek, 14 ordainsaria adibidez, ez diote foru langileei bakarrik eragiten, sistema publikoari ere eragiten diete eta ondorioz, gizarte guztiari.

Funtzionarioak, Diputazioa eta gainontzeko erakundeetako sail ezberdinetan lan egiten duten langileak dira Ongizateko Estatuaren zerbitzuek funtzionatu dezaten posible egiten dutenak.

Norabide honetan kokatu Gipuzkoako Foru Aldundiak langileei 14. Ordainsaria ordaintzearen erabakia. Gipuzkoako Foru Aldundiarena, bide honetan sakontzeko urrats handi bat da, dagoeneko Estatu espainiarreko abokatuak errekurritu duena.

Errekurtso honen aurrean ozen esan behar dugu langileen eskubideak eta instituzio honen erabakitzeko ahalmena ez dela milimetro bakarra mugituko Madrildik etor daitezkeen erabakien eta ondorioen aurrean. Hori da hartzen dugun konpromisoa.

Eta konpromisoa ez dugu hartzen hamalaugarren ordainsariari begira soilik, arazoa ez baita guretzat hamalaugarren ordainsaria, arazoa datozen murrizketa eta inposizio guztiek dakartena da, eta egoera honen aurrean herri gisa planto egin beharra. Herri gisa ezabatu nahi gaituzte inposizioz inposizio eta aurre egitera goaz.

Aurre egitera goaz burujabetzaren bidetik, instituzioetan eta kalean, lantegietan, eskoletan indarrak bilduz… gure alkate, hautetsi eta koalizioa osatzen duten milaka herritarren parte hartzearekin. Alternatiba badugu, burujabetza eta eraldaketa soziala, alternatiba martxan jarri dugu herriz herri eta instituzioetan, eta bide honetan sakontzea da gaurkoan hartzen dugun konpromisoa.

EH Bildu koalizioak herri bezala jokatu eta erantzuteko deia luzatzen die gainerako eragile sozial, sindikal eta alderdi politikoei batetik eta herri honetako instituzioei bestetik.

Alarma guztiak piztuta daudenean alderdien interesak bigarren maila batean utzi behar ditugu, indarrak batu behar ditugu, arrisku gorrian dagoen gure herriaren etorkizun politiko, ekonomiko eta kulturalari eusteko bitartekoak landu behar ditugu. Oso indartsuak izan gaitezke burujabetzaren bidean herri gisa eta klase irizpidearekin aritzen bagara. Horretarako gonbidapena eta gure prestutasuna azaldu nahi dugu gaurkoan.

Alternatibak MESAko langileak zoriondu ditu 30 eguneko mobilizazio eta lanuzteen ostean hitzarmen “duina” lortu dutelako

Los operarios de Mesa se manifestaron en Mungia.Alternatiba Uribe-Butroeko Asanbladako bozeramaile Iñaki Bilbaok Mungiako MESA lantegiko behargin guztiak zoriondu nahi izan ditu, urtebeteko negoziaketen, isilaldien eta presioen ostean, atzo lan hitzarmena eraberritzeko akordio batera heldu zirelako. Bilbaok horrela baloratu du hitzarmena “azkenaldian ikusten ari garenerako, akordio duina dela esan daiteke” esanez. Erabakia langileen gehiengoak onetsi du eta, horren ostean, gaur lanera bueltatu dira.

Bilbaok langileek negoziaketetan eta geldialdietan eman dituzten 12 hilabeteak nabarmendu ditu, “aurreko ituna bezain ona ez bada ere, ganorazko bat lortu dutelako denbora luze horretan”. Aitzitik, “garaile atera direla baieztatu arren, aurretik lortutako eskubide asko bidean geratu direla” esan du ere.

Aldi berean, Alternatiba Uribe-Butroe Asanbladako koordinatzaileak antzeko egoeretan dauden enpresetako zuzendaritzei “lan hitzarmenek jasotakoa betetzea haien ardura eta konpromisoa dela” gogoratu nahi izan die. Gauzak horrela, Madrilgo Gobernuek ezarritako lan erreforma desberdinak haien onurarako erabiltzea eta “oportunista hutsak” izatea egotzi die, “langileen eskubideak eta eskulan kostuak murrizteko egoeraz baliatu direlako eta, kasu askotan, mozkinak lortzen jarraitzen duten enpresak izan direlako”.

Alternatibatik, haien elkartasun mezua bidali nahi izan diote enpresako batzordeari “Beasaingo CAF eta Laudioko Guardian kasuetan bezala, batasunaz eta  pertseberantziaz betetako langile erresistentziaren eredu izan direlako”. Bestaldetik, Bilbaok ez ditu egoera berdinetan dauden enpresak ahaztu nahi izan eta, horregatik, gizarte osoari jakinarazi dio “enplegua eta duintasuna lortzeko borroka, guztion borroka dela eta aberastasunaren eta lanaren banaketa langile guztion elkartasunaz bakarrik lortuko dugula”.

Azkenik, asanbladako koordinatzaileak alderdi politiko, sozial eta sindikal guztiak “enpresa txiki zein ertainetako borrokak bultzatzera” premiatu ditu, “horiek izaten direlako hain zuzen, ordezkaritza sindikal falta eta tamainagatik eta langile kopuru murritzarengatik mobilizazio ahalmen txikiagoa dutenak. Hortaz, lan erreformen aurrean ahulenak izateaz gain, eskrupulu gabeko enpresarien egarria asetzen duten lehenak ere izaten dira”.

X