Kutxabank, pribatizaziorako bidean

Ana Etxarte eta Oskar Matute – Alternatibako bozeramaileak

EAJk eta PPk azpijoko antidemokratikoan ibili dira Gipuzkoako legezko ordezkariek Kutxabankeko Administrazio Kontseiluan dagozkien lekuak izan ez ditzaten. Baina hau lehen urratsa besterik ez da izan, ekonomia globalizatuan euskal banku handi bat sortu eta pribatizatzea helburu duen estrategiaren barruan. Erakunde honek, banku orok bezala, ez du kontsumo arduratsuari zuzendutako krediturik eskainiko, ezta edozein gizarte onurari zuzendutakorik ere. Beste guztien antzera, espekulazioa zein epe motzeko mozkinak sustatuko ditu eta kosta ahala kosta, statu quoa laguntzen saiatuko da.

Estrategia hau da, hain zuzen ere, ezagutarazi nahi duguna, hura gelditzeko garaiz gaudelako. Eskuma euskaldunak eta espainolak Italian 90eko hamarkadan jarraitutako prozesua berreskuratu nahi dute. Honi esker, aurrezki kutxak bankuetan eraldatu zituzten, gizarte-ekintzaren eta kapital publikoaren arrastorik utzi gabe. Egindako urratsak honakoak izan ziren: bat, gizarte-ekintza bankuaren jardueratik banandu, fundazioak kontrolatuta ere; bi, legean aldaketak egin kapital pribatuaren sarrera ahalbidetzeko; hiru, kapital pribatua modu masiboan sartu; lau, kapital publikoari garrantzia kendu, azkenean esku pribatuetan uzteko. Emaitza: erabat pribatua den bankua eta gizarte-ekintzaren amaiera.

Dagoeneko lehen urratsa egin da. Orain, beste hirurak falta dira, zorrotz beteko dituztenak. Egia esan, badago berebiziko ezberdintasun bat. Izan ere, Italian 10 urte igaro behar izan ziren eta hemen ez dute hainbeste denbora itxoiteko asmorik. Mario Fernandezen azken deklarazioek bidea zabaldu dute eta hurrengo urratsak justifikatzeko argudioak bilatzen hasi dira, “norbaitek behartu gaitzakeelako” aitzakiarekin.

Haientzat garrantzitsua zen Administrazio Kontseiluarekin egin dutena egitea: etxetik gorriak kaleratu, inork estrategia barrutik ezagutu ez dezan, barruan dagoen inork banku publikoa eskatu ez dezan. Espainiako Bankuko diktadorea pozez zoratzen dago PP gobernura heldu izanagatik -boterera ez da heldu, boterea beste nonbaiten baitago-: Dagoeneko finantza sistemaren erreforma berri bat iragarri dute! Behar bada honek ez dauka lehentasun handiena; aurretik sindikalismoa akatu behar da eta langile klasea zapaldu negoziazio kolektiboa ezabatuz. Baina berehala helduko da berregituraketa eta finantza erakundeei kapitala handitzera behartuko zaie mundu globalizatu honetan bizirauteko asmoz, euren kaudimena ziurtatuz. Orduan Kutxabankek agindu hauek bete beharko ditu nahitaez: seguruenik Espainiako hainbat aurrezki kutxa irentsiko ditu prezio merkean, gero kapital pribaturantz behin-betiko pausua emateko… eta kito! 2., 3. eta 4. urratsak eginda denbora-markak hautsita! Koilarakada bat EAJ, PP ugari, Espainiako Bankuan muturreko eskuineko sukaldari bat, eta on egin!

Helburua, egungo krisi sakonera zuzenean eraman gaituen logika kapitalistaren bidean jarraitzea da: sektore pribatuarentzat dirua liberatu, publikoa den oro desegin, merkatu aseezinek etekinak ateratzeko aukera berriak sortu eta langile klasea otzandu. Hau da euren helburu ezkutua. Eta zeharo aldenduta dago ezkerrak Euskal Herriarentzat egiten duen apustutik: finantza sistema publiko, garden eta demokratiko baten alde, hain zuzen; funtzio soziala definitu eta mugatuko duena eta banku komertzialaren rola gaindituko duena, irizpide ekologiko eta sozialetan oinarritutako inbertsio produktiboa erraztuko duen bankua izateko; zaintza ekonomia baten lehentasunei mailegu eta inbertsio egokiak eskainiko dizkiona, kalitatezko enplegua sortuz eta klima aldaketaren aurkako borroka sustatuz, elikadura burujabetza eta sektore ahulenen kontsumoa sustatuko dituena eta azken finean, justizia soziala lehenetsiko duena eta demokrazia parte-hartzailea zein gardentasuna bidelagun izango dituena. Aitzitik, Kutxabankeko zuzendariak dagoeneko adierazi du “pausoak emateko” prest daudela inbertsioa Euskal Herritik aldenduko duten fusio berriak bilatzeko, erabat espekulatiboak diren interesen alde.

Pribatizaziorantz abiatutako bide hau ikusita, aurrez aurreko norgehiagoka garai baterantz abiatu behar gara, bi ereduak bateraezinak direlako. Batak epe laburreko mozkina bilatzen du; besteak, pausoak ematen ditu Euskal Herri burujabe eta sozialista baterantz, justizian zein pertsona guztiontzako eskubideetan oinarritua. Dagoeneko, bere garaian ezarritako euste-hormak nahikoak ez direla frogatzen hasi da, eta estrategia maltzur horri aurre egin behar diogu kaletik, gizartearen inkonformismotik. Noski Administrazio Kontseiluan merezi dugun ordezkaritza demokratikoa eskatuko dugula, baina hori ez da nahikoa, ez dugu aski izango.

Publikoa dena kalean defendatu behar dugu, eta hau berebizikoa eta estrategikoa da. Haiek badute estrategia jakin bat, eta guk ere badugu geurea. Geldiarazi behar ditugu, garaiz gabiltza. Norgehiagoka, inkonformismoa eta borroka momentu historiko honen hitz gakoak izan behar dira. Banku publiko, sozial eta garden baten alde: Pribatizaziorik ez!

Mega-azpiegitura gehiagorik ez Gipuzkoan, adierazpena

Lurralde txikia da Gipuzkoa baina azken urteotan, hazkunde eta globalizazio ekonomikoaren olatuan igota, garapenaren izenean egindako proiektu asko eraman dira aurrera, asko atzera bueltarik gabekoak. Baina gaur egun mahai gainean ditugunak geldiaraztea eskatzeko bildu gara gaur hemen. AHT-a, errauskailua, Jaizkibelgo superportua, Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoa, Donostialdeko metroa, Hondarribiako aireportuaren hedapena, Zubietako makro-espetxea, ingurabideak, tentsio handiko lineak…

Ez dira azpiegiturak bakarrik, inguru jakin batean eragina izango duten proiektuak, ez! Eta ez ditugu eragiten duten inpaktu ekologiko basatiagatik bakarrik gelditu nahi, kasu askotan arrazoi nahikoa izan arren. Gaur hemen elkartu garenok inposatu nahi izan diguten garapen eredua zalantzan jarri nahi dugu, inoiz egin ez den eztabaida egitea eskatzen dugu, hausnarketa aldi bat ireki eta orain arteko gardentasun eza eta politika parte-hartzaileen gabeziarekin amaitzea nahi dugu.

Herritarron ongizatea ardatz izango duen eredua da herritarrok nahi duguna. Ez interes enpresarialei erantzuten dien eredua, gutxi batzuen mesederako guztiok nozitzen dugun kaltea eragin eta jendartearen zati baten pobretzean oinarritzen dena. Gizarte premiari erantzuteko ezinbestekoak diren baliabideak ahitu eta ekonomia, osasun, hezkuntza, kultura eta jendarte arloko beste jarduerek behar dituzten aurrekontuak zurrupatzen ditu gaur arteko eredu antisozialak.

Ingurumenarekiko errespetua ardatz izango duen jendarte eredua nahi dugu. Eta ez, gure herrialdea etengabe hiritartu eta metropolizatuko duen eredua, natur baliabideak xahutuz, ingurumen naturalari eraso gogorrak eginez, landa inguruak jendez ustu eta nekazaritzarako behar ditugun lurrak atzera bueltarik gabe artifizialduz aurrera egingo duen eredua.

Zenbait ordezkari politikok gure eskariak, jendartearen ahotsa, instituzioetan neutralizatu eta blokeatu nahi dituzte, proiektu txikitzaileen aldeko presioa mantendu nahi dute, egite kontsumatuen politikari eutsi eta makro-proiektuak bultzatzen jarraitu. Eragile politiko hauek, azpiegituren aferan dauden interes ekonomiko eta pribatu itzelen defendatzaileak dira, inolako aldaketarik nahi ez dutenak eta jarrera hori salatu nahi dugu. Eta eskakizun zehatza luzatu nahi diegu, eztabaidari eta hausnarketari bidea ireki diezaioten eskatzen diegu, jarrera oztopatzaileak alboratuz.

Hala ere, erantzun guztiak ez daude instituzioetan, eta lorpenak erdiestekotan, ezinbestekoa dugu herritarren kontzientzia etengabe astintzea. Kontzientzia kolektibo honen aldaketan eta herritarron ekimenean dago gakoa. Beraz, lanean jarraitu behar dugu, azpiegitura handiak eta proiektu txikitzaileak geldiarazteko borrokari eutsi behar diogu, lurraren defentsari eta garapen ereduaren aldaketari zor zaien garrantzia behin eta berriz azpimarratuz. Gipuzkoa desberdin bat nahi dugu, Euskal Herri desberdin bat nahi dugu. Geldi ditzagun lehenik azpiegitura lan handien proiektuak eta ireki diezaiogun bidea eztabaida sozialari. Beste jendarte eredu bat nahi dugu eta landuko dugu!

Eraldaketa sozialaren alde: Erantzuna gure esku – Gure esku erabakia

Mundu mailako krisi sistemiko baten aurrean gaude. Ongizate sistema, elikadura, ingurumena, bizitza baldintzak eta giza eskubideen urraketa eta xahutzea herrialde desberdinetan etengabe ematen ari da.

Europan eta Euskal Herrian eraikuntza eta ekonomia espekulatiboaren inguruan sortutako burbuilak eztanda egin du eta jada hiru urte luze pasatu dira egoera berriari buelta eman ezinik. Eta nola ez, guzti hau, naturaren errekurtso mugak kontutan izan gabe garatu da.

Euskal Herriaren kasuan guzti horri zera gehitu behar zaio: burujabetza politiko eta ekonomikoaren ukazioa. Espainiar konstituzioaren aldaketak, edota Grezian gertatutakoak argiki uzten du zein tamainakoa den merkatuen diktadura. Baina herri bati estatu batek dituen baliabide politiko, instituzional eta ekonomikoak ukatzen zaizkionean areagotu egiten da menpekotasun hori, are gehiago eta gure kasuan Raxoiren jarrerak ezagututa.

Raxoiren gobernuak iragarri edo martxan jarritako ekimenek zera dute helburu: zorpetze publikoaren aitzakiapean, sektore publikoa murrizteko hamaika neurri hartu eta honen pribatizazio prozesuei bide ematea. Era berean, lan harreman esparrua erabat liberalizatu eta langile baldintzak are gehiago kaskartzeko erreformaren aurrean aurkitzen gara jada eta hori gutxi balitz, finantza sektorea denon diruarekin ureztatuko dutela iragarri da.  Honela, Raxoiren gobernuaren neurriek beharrizan gehien dituztenen aurka daude zuzenduta: soldata baxuenak dituztenen kontra, desgaitasunak dituzten pertsonen aurka, pentsio baxuenak dituzten adinekoen kontra edota euren lan baldintzak defendatu nahi duen edozein pertsonaren aurka.

Azkenik eta guzti hau erabiliz, estatuaren baitan zentralizazio prozesu bati ekiteko asmoa oso nabarmena da. Hau da, menpekotasun politiko eta ekonomikoa areagotzeko saiakera eta erabakia nabarmena da.

Guzti honek erantzun sendo bat eskatzen du. Herri honetako eragile sozial, sindikal eta politikoek, bakoitza bere esparruan eta ahal balitz denok batera, martxan dagoen erreforma neoliberalari eta zentralizazio prozesuari aurre egin beharko geniokeela uste dugu.

Baina erantzunaz gain, errealitate gordin honek alternatiba berri baten eskaintza ere eskatzen du. Burujabetza politikoa eta ekonomikoa oinarri izango duena, eta eredu berri baterantz bidea markatuko duena. Eta burujabetza ekonomikoa nahi eta behar dugu eredu sozial eta alternatibo bat eraikitzeko:

– Herri bezala dugun eskubidea eta ardura delako, eta elkartasuna  bermatzeko, ekimen ekonomikoa ere eskuratu behar delako.
– Benetako demokrazian oinarritutako bestelako eredua sortzen  hasteko.
– Urteetako lan eta borrokaren ondorioz eskuratutako eskubide eta zerbitzu sozialak bermatzeko eta areagotzeko. Hezkuntza, osasungintza eta etxebizitza eskubideak bermatzeko
– Garapen ekonomiko soila baino, garapen soziala egi bihurtzeko eta naturarekiko errespetuan oinarrituko den ekonomia bultzatzeko.
– Langileen eskubideak bermatzeko eta ondasun eta lanaren banaketa eragingo duten politika fiskal, laboral eta publikoak bermatzeko.
– Emakumeen eskubideen errespetua.
– Funtsean, ezkerretik eraikitako Euskal Herria sortzeko, pertsona guztien eskubide eta aukera berdintasunean.

Norabide orokor horren baitan eta helburu horiei begira deialdia luzatu nahi diegu herritarrei eta eragileei kalera ateratzeko. Hartzen ari diren neurri guztiei aski da  esateko eta burujabetza politiko eta ekonomikoan oinarritutako bestelako eredu sozial eta ekonomiko bat aldarrikatzeko. Eredu sozioekonomiko alternatiboaren beharra Euskal Herrian eta nazioartean, premiazkoa da, eta bide horri helduko diogu tinko, berau gauzatzeko, errealitate bilakatzeko.

Horregatik, lau alderdiok bat egin nahi dugu otsailaren 4rako Bilbon, murrizketen kontra, eta Donostian, azpiegitura erraldoietan oinarrituriko ereduaren aurka, hainbat eragileek deituriko manifestazioekin.

Era berean, agerraldi honetatik, Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzaleak otsailaren 11rako Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean deitu ditugun manifestazioen berri eman nahi dugu. “Erantzuna gure esku. Erabakia gure esku” lemapean burutuko dira eraldaketa sozialaren aldeko mobilizazio hauek.

Goian bego sozialdemokrazia

Oskar Matute eta Ana Etxarte – Alternatibako bozeramaileak

Amaitu berri den urtean nazioarteko egoerari dagokionez, politikoki eragin izan duten gertaeretako bat azpimarratu behar bagenu, mundu mailako krisiarekin, Europako konstituzioaren porrotarekin edota Durbanen klima aldaketari aurre egiteko ezintasunarekin batera, askoz ere oihartzun txikiagoa izan duen gertakaria eman da, ondorio politiko garrantzitsuak dituen arren: Europako sozialdemokraziaren heriotza, hain zuzen ere.

Hala, Eslovenia, Grezia eta Espainiako Erresumako gobernuetako aldaketek,  mapa erabat kontserbadorea marraztu dute: Ia EB osoa eskuinaren eskuetan dago, Danimarka, Errumania, Belgika eta Austria izan ezik (azken hauek gobernu ahulak dira edo kontserbadoreekin koalizioan daude); bitxia da Europako parlamentuko gehiengo kontserbadore zabala krisi garaian izugarri hazi izana; Europako Batzordea ere kontserbadore baten zuzendaritzapean dago -gogora dezagun Barroso jauna Azoreetako argazki lotsagarri hartako laugarren lekuan agertzen zela-. Europako eskuinaren metastasia paradoxa handi bat iruditu ahal zaigu: Nahiago al ditugu eskubide urratzaileak, zapaltzaileak, demokraziaren garapena galarazi eta zerbitzu publikoak suntsitzen dituztenak, eskubideak eta askatasuna defendatzen dituztenak baino? Jakina, herritarrek ez diotela bere buruari halakorik galdetzen, kontserbadoreek, liberalek eta sozialdemokratek neurri berberak ezartzen dituztenean eta euren arteko ezberdintasunak ezerezean gelditzen direnean, krisi honi aurre egiteko gai ez diren bitartean. Hala, sozialdemokrazia ez da statu quoa-rekiko aukera bat, haren aldaera soil bat baizik, aldaketa irudikatzen duen txandakatze hutsa, aldaketa bera eragotzi besterik egiten ez duena.

Krisiak aukera erreformista hau agerian utzi besterik ez du egin, eta 2011 urteak azken hamarkadetan egituraketa krisia pairatu duen espazio politikoaren behin betiko desagerpena ekarri du. Ez da bidean aurkitutako oztopo bat, sozialdemokraziaren koma egoera larria baizik. Etorkizunean, txandakatze dinamika baten barruan noizean behin berriro agertzeko aukera egon arren, -Frantzian hala gerta liteke-, bere zilegitasun politikoa guztiz galdu du, ez bakarrik pairatzen ditugun arazo larriak konpontzeko gai ez izateagatik, arazo hauek sortzeko politiketan parte hartu duelako baizik.

Oparoaldi garaiak dagoeneko igaro dira; 50eko eta 60ko hamarkadak urrun daude; estatu esku-hartzailearen, merkatuen erregulazioaren, ongizatearen eta politika publikoen garaiak, alegia. Gero krisia heldu zen -70eko  hamarkadakoa- eta alderdi sozialdemokrata dirudunak alderdi sozial-liberaletan eraldatu ziren (neoliberalak bezalakoak, baina ez hain atzerakoiak gizarte gaiei dagokionez), pribatizazio, desarautze, ekonomiaren finantzazio eta sektore publikoaren suntsiketa prozesu guztietan parte hartuz. Bai, haiek izan ziren gaur egun egoera jasanezinean bizitzera eraman gaituen  munstroaren sorrera baimendu eta sortzen lagundu zutenak; Bai, haiek izan ziren botere guztia merkatuen eskuetan utzi zutenak eta gaur egun euren asaldura goraipatzen dutenean, merkatu horiei berberei sekulako boterea izatea leporatzen dietenak, bi aurpegiko jokaera azalduz; Bai, Botin, Fernandez Ordoñez edo Mario Fernandez esan ordez, merkatu generiko delakoa aipatzen duten horiek; 70eko hamarkadan krisia kudeatu zuten horiek XXI. mendeko krisi handia eskura jartzen digute orain; krisiz krisi, antzara-jokoan bezala, baina oraingoan ez dira jolasten, bere txanda ez delako.

Eta ez da bere txanda, sozial-liberalismoa aukera bat eskaintzeko gai ez delako. Honek euren kideen artean izugarrizko kezka sortzen badu ere, are kezkagarriagoa den arrazoi bat ere badaukate: euren logikaren barnetik ez dutela aterabiderik, ezta urrezko urteetako oinarri sozialdemokratetara itzultzekotan ere. Izan ere, sortzen lagundu duten mundua eta duela hiru hamarkadetakoa zeharo ezberdinak dira. Orduan, gaur egungo zibilizazio krisiaren aurrean, nork itzuliko du finantza sistema haiek irekitako Pandoraren kutxara? Nork egingo die aurre arazo globalei, neurri sakonik eta nazioarteko ordenean errotiko aldaketarik egin gabe? Nork itzuliko die herritarrei transnazionalen eskuetan dagoen sasi-demokrazia ez parte-hartzailearen bidez lapurtutako burujabetza eta autonomia? Laburbilduz, nork lortuko ditu eskubide eta askatasun handiagoak, pobrezia, desberdintasunak, diktadurak eta kalte larriak eragin dituen kapitalismoa gainditu gabe? Ez da erreformak edo apurkako aldaketak egiteko garaia; berebiziko momentuan gaude, eta eztabaida eremua sistema erabat aldatu nahi dutenen eta hura defendatzen dutenen artekoa da. Dagoeneko ez dago sozialdemokraziarentzako tarterik; aukera eta premia bakarra ezkerrerarentzat da.

Beraz, ezker sozialista eta alternatiboak ardura handia dauka eta baita ibilbide luzea egiteke ere. Bizi dugun abagunearen mailan egon behar da, sozialdemokraziaren akatsez ikasiz: oportunismoaren, sozialdemokraziaren proposamenen bereizmen ezaren eta ikuspegi bakarraren aurrean, borrokak bateratuko dituen mezu erradikal eta alternatiboa proposatuz; abaguneaz baliatu ordez eta hauteskunde estrategien aurrean, epe luzerako ikuspegia ezarriz; bertikaltasunari eta sozialdemokraziako kideen robotizazioari aurre egiteko, politika ulertzeko modu horizontal, demokratiko eta zuzen banatutakoak proposatuz -kontuan hartuta ez direla soilik alderdien esparrukoak-; ezkerretik jaiotako hegemonia bat sortzeko beharrizana argi adieraziz, eskuindar eta sasi-eskuindarren arteko itunei aurre egiteko.

Euskal Herrian oso argi izan behar dugu mezu hau: sozialdemokrazia lurperatuta dago, eta hura berpizten saiatzen denak amaiera berbera izango du. Hemen ez digu balio gaiztoak baino zintzoagoak izatea. Haiek -eskuma- ez dira geure erreferentzia, momentuak eskatzen diguna baizik: aukera erradikal batetik hegemonia bat eraikitzea, alegia. Ilusioz beteriko garaian gaude eta ezker anitzen artikulaziorako espazioak -non Alternatibak parte hartzen duen- eta tresnak garatzen ari dira. Gaur egungo historia eta testuingurua kontuan izan behar ditugu, egoerak eskatzen duen mailan jardun behar dugu, pausoz pauso prozesu hau bideratzeko kapitalismoaren  osteko trantsizio baterantz abiatuz, sistema gaindituko duen trantsizio erradikal baterantz hain zuzen.

Horregatik, hasi berri dugun 2012 honetan, Alternatiba sozialdemokraziaren hilobira hurbildu da honako mezua botatzeko: “goian bego, betirako deskantsatu”. Noizean behin hilobia bisitatzera etorriko gara, ez hura goraipatzeko, ondo lurperatuta jarraitzen duela ziurtatzeko baizik.

Bideo elkarrizketa: Negoziazio kolektiboaren erreforma (Garbiñe Aranburu – LAB)

2012ko urtarrilean gaurkotuta: PPren Gobernuak erreforma larriak bultzatzen dabilela eta patronalak eskakizun berriak behin eta berriro plazaratzen dituela lan eskubideen aurka, ongi datorkigu  negoziazio kolektiboaren erreformaren inguruan eginiko bideo elkarrizketa gogoraraztea.

Alternatibak Garbiñe Aranburu LABeko zuzendaritzako kidea elkarrizketatu du Espainiako Gobernuak abiatutako negoziazio kolektiboaren erreformaren inguruan. Erreforma honen nondik norakoak azaldu dizkigu, ultraeraginkortasuna eta negoziazio esparruak, besteak beste.

X