Murrizketa gehiago gizarte laguntzetan

DONOSTIAn, 2011ko OTSAILAren 23an – Gipuzkoako Batzar Nagusietako Alternatiba taldeak proposamena egin du Politika Sozialeko Batzordean, Eusko Jaurlaritzari beharrizan gehien dituzten familiak zigortzeari utz dezala eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) eskuratzeko eskakizunak gogortzeko prozesuan atzera egin dezan galdegiteko.

Hala iragarri du gaur Alternatibako bozeramaile Jon Lasak, “onartezina da Gemma Zabaletak GLLak jasotzen dituzten hiru lagunetik bati laguntzak ukatzea, are gutxiago, egungo egoera larrian, krisialdi ekononomikoa, langabezia eta beharrizanak nagusi direnean”.

Lasak gogorarazi duenez, familientzako azken laguntza sarea dira GLLak eta, era berean, “inoiz baino beharrezkoagoak direnean” murrizketak egitea kritikatu du. Hala, ezarritako baremo berriak arbuiatu ditu, Eudelek eginiko kalkuluen arabera, hiru onuradunetik bat laguntzarik gabe galdituko delako. Pentsio minimoak dituztenei, seme-alabak dituzten emakume ezkongabeei eta autonomo langabeei egingo diete kalterik handiena, baztertu egingo dituztelako.

“Guztiz onartezina da murrizketa sozialen politika hau, krisiaren zama berau gehien pairatzen dutenen gainean jartzen duelako”, esan du ezkerreko batzarkideak. Horregatik, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Politika Sozialeko Batzordean, “Gizarte Larrialdietarako Laguntzak arautzeko irizpide berriak ezartzen dituen Eusko Jaurlaritzaren kontseiluaren 2011ko urtarrilaren 18ko akordioa errefusatzen duen proposamena” egin du Alternatibak.

Euskal Kutxen fusioak

Euskal Kutxen fusioaren inguruan, “EAJri, PSEri eta PPri interetsazen zaien gauza bakarra pastelaren banaketa” dela kritikatu du Alternatibak, “benetan beharrezkoa dena erakunde hauek gizartean bete behar duten paperaren gaineko hausnarketa denean, irizpide etikoak, parte hartzaileak eta errentagarritasun sozialeko banka publikoa lortzera eraman gaitzakeena”.

Hala hitz egin du Ander Rodriguez Gipuzkoako batzarkideak euskal kutxen fusioaren inguruan egunotan sortutako gatazkaz; nagusiki jeltzaleek, sozialistek eta popularrek erakundeetako administrazio kontseiluetan izango duten ordezkaritzan zentratu dena.

“Honek erakusten du pastela nola banatuko duten kezka besterik ez dutela” esan du buruzagi ezkertiarrak, PSEren, EAJren, eta PPren jokabide “deitoragarria” salatu eta negoziazioetan “argia eta takigrafoak” eskatu ditu egiten ari diren negoziazioetan. Era berean, Rodriguezek premiazkoa deritzo “balizko fusioa pribatizazio prozesu eralda dezatela saihesteko neurriak ezartzeari nahi dugun banka publikoa berreraiki beharrean, fusio hotzaren bidetik ezinezkoa dena”.

 

X