Borroka okerrena egin ez den hori da

Lan Erreformak egin du bere bidea Parlamentuan eta, Gorteetatik pasa ondoren, are gogor eta zitalagoa atera da. Estatu mailako politika munduko zati handi batek ikutu du erreforma hau, gehienetan langileentzat are mingarriagoa egite aldera. Hori bai, ikutu ondoren, bozkatzeko unean askok babes hori ezkutatu nahi izan dute. Denek? Ez, denek ez. Euskal Herriko alderdi baten abstentzioa zela medio onartu zen erreforma hau. Alderdi honek ezin du aitzakiatzat jarri euskal langileriak erreforma honi buruz duen iritzia, argi eta garbi adierazi genion-eta pasa den ekainean.

Dirudienez, azaroarekin batera pentsio-sistemaren hamaikatxogarren eskastea iritsiko zaigu. Hala, langileriaren aurkako erasoek ez dute etenik. Testuinguru honetan, geratzen zaigun bide bakarra geure eskubideen aldeko mobilizazioa da, eta mobilizazio esparru honen barruan datorkigu Europa osorako ETUCek (European Trade Union Confederation-ek; CES edo Confederacion Europea de Sindicatos gazteleraz) deitu duen mobilizazioa eguna, irailaren 29a hain zuzen, eta Espainiar Estaturako egin den Greba Orokor deialdia, estatu mailan egin lehena, baina Hego Euskal Herrian azken hilabeteotan eman den hirugarrena.

Alternatibak, ekainaren 29an euskal gehiengo sindikalak deituriko Greba Orokorrarekin egin zuen moduan, bere babesa adierazi nahi die Euskal Herrian data horretan burutuko diren moblizazioei, Greba Orokorra barne.

Esan beharra dugu, baina, geure ustean estatu esparruko sindikatuek emaniko erantzun hau beranduegi iritsi dela, jokoz kanpo geratu direneko itxura nabaria hartzen diogu egoerari. Era berean, aipatu sindikatuen eredu sindikalarekin kritikoak gara, Gobernuarekiko eta Patronalarekiko zorretan baitira; dirulaguntzak amore ematearen truke sistema ohiko bihurtu dela dirudi eta. Esanak esan, baina, ez da hau unerik egokiena geure desadostasunak azalarazteko. Ezberdintasunak direnak direla ere, Euskal Herriko zein Europa osoko langileak klase moduan elkartzen gaituzten arrazoiak daude eta.

Ezezkoa ozenki esateko abagune berrian gaude. Ez dugula jarraitu nahi euren krisia ordaintzen. Kokoteraino gaudela sisteman parte hartzerik ez dugun pairak izateaz. Argi eta garbi dugula gure aurkako etengabeko erasoak ez direla amaituko langileriak borrokaren bitartez geldiarazi ezean. Honegatik  ez dugu mobilizazioa beste irtenbiderik. Inork ez dezala aitzakia jarri edo babesik bilatu banatzen gaituzten desadostasunetan, aitzitik, ekintza bateraturako garaia dugu. Baina, orobat, deialdia egin duten sindikatuei gogorarazi behar diegu irailaren 30ean ezin dela borroka eten, bide hau ezin dela  antzerkitxo batean geratu.

Hala, 29a sindikalismoa egiteko orduan mugarria izango balitz, euskal langileak berandu ala goiz elkartzeko bideak jarriko lirateke, borrokatzeko arrazoiak erruz ditugu eta. Marxen hitzak harturik, borrokarik okerrena egin ez den hori da. Hau guztia kontuan harturik, Alternatibak deialdia egiten du, beraz, irailaren 29ko mobilizazio guztietan parte har dadin, Greba Orokorra barne.

Irailaren 29an borrokan jarraituko dugu, baita 30ean ere.

Transition mugimendua: Euskal herrirako ikasbideak

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Lanki Institutuak eta Bagara elkarteak hitzaldi bat antolatu zuten uztailaren 6rako Goi Eskola Politeknikoan: “Iraunkortasunerako trantsizioa: Euskal Herrirako ikasbideak”, eta bertan Ben Brangwyn eta Peter Lipman hizlariek azaldu zuten zer den Transition mugimendua.

Zer da Transition mugimendua? Transition mugimendua Totnes hirian sortu zen, Devon herrialdean, Ingalaterran, eta poliki-poliki beste lurraldetara hedatu da. Petrolio ugari eta merkearen amaierak eta aldaketa klimatikoak eman diote izateko arrazoia mugimenduari. Hori dela-eta, gizarte aldaketak bultzatzen ditu petrolioarekiko menpekotasuna murrizteko eta karbono isurketak gutxitzeko, herria edo komunitatea oinarri hartuta.

Argibide gehiago, Bagara elkartearen blogean aurki daiteke.

E-29ko greba orokorraren alde

Alternatiba, Ezker Abertzalea, Aralar eta EA

Hemen bildutako indar politikook geure babes osoa adierazten diogu euskal gehiengo sindikalak datorren astearterako, ekainak 29, deitutako greba orokorrari, PSOEk sustatutako eta PPk, CiUk, EAJk, UPNk, CCk eta UPyDk haien abstentzioarekin babestutako lan erreforma bertan behera uztea exijitzeko, erreforma horrek langileen lan baldintzetan atzera egitea ekarriko baitu.

  1. Greba orokorra deitzea erabat justifikaturik dagoela uste dugu, agorturik dagoen garapen eta ekonomia eredu baten krisi egoera berriz ere baliatu nahi duten neurriei aurre egiteko, krisiaren ondorioak inolako erantzukizunik ez duten eta egoera bereziki pairatzen ari diren sektoreen lepotik uzten dituztelako. Instituzioak ematen ari diren erantzuna ez doa arazoen sustraietara, kontrakoa baizik; are gehiago, larriagotzen ditu. Zerga politikak errotik aldatu beharra lehenetsiko duten gizarte justizian eta ezkerreko politika batean oinarritutako neurriak behar ditugu, gehiago dutenek gehiago eman dezaten, gizarte zerbitzuak eta bermeak ziurtatu ahal izateko, zerbitzu eta berme horiek pairatzen ari garena bezalako krisi egoera batean inoiz baino beharrezkoagoak direlako. Hartutako erabakiek, ordea, ez diote behar bezalako erantzunik ematen langabeziari aurre egin eta finantza-merkatuak arautu beharrari. Beharrezkotzat jotzen dugu finantza-erakundeen jarduerari mugak ipintzea, baina martxan jarritako neurrietariko batek ere ez ditu bi lehentasun horiek aintzat hartzen.
  2. Greba orokorra deitzea erabat justifikaturik dagoela uste dugu, kaleratzea merkatzea eta erraztea eta langileeen lan eta gizarte eskubideak murriztea dakarten neurriei aurre egiteko. Halaber, neurri horiek krisiaren ondorioak horretan inolako ardurarik ez duten eta krisia gehien pairatzen ari diren sektoreek ordaintzea bilatzen dute, bereziki, gazteak, etorkinak eta emakumezkoak, azken hauek zigor bikoitza jasaten dutelarik.
  3. Urte bakoitzeko 45 laneguneko ordainarekin apurtzea, kaleratzea jakinarazteko epea 30 egunetik 15era murriztea, urte bakoitzeko 33 laneguneko ordaina aurreikusten duen Kontratazio Mugagabea Sustatzeko Kontratua orokortzea, arrazoi ekonomikoak kaleratzea justifikatzeko erabili ahal izatea eta enpresak lan baldintzak unilateralki aldatzeko aukera erraztea bezalako neurriak zuzen-zuzenean doaz lan egonkortasunaren eta langileen lan eskubideen aurka.
  4. PSOEren Gobernua eta Europako beste gobernu batzuk amore ematen ari dira, lotsagabe, egungo krisia ekarri duten finantza-merkatuen eta enpresa interes handien aurrean. Euren erantzukizuna eta kostuak beren gain hartu ordez, hauek egoera baliatzen ari dira lan eta gizarte murrizketak inposatzeko, euren boterea eta gizartearengan duten eragina areagotuz, egoeraren oinarrian dagoen garapen eta finantza eredua aldatu beharra inondik inora planteatu gabe. Azken hilabeteotan Ongizate Estatuaren funtsezko oinarriak atzera egiten ari direla ikusten ari gara, esaterako, osasun eta hezkuntza publikoak eta negoziazio kolektiboa; halaber, hiritarren lan eta gizarte eskubide demokratikoen aldeko borroka historiko eta luze baten ondorio diren lorpenak alferrik galtzen ari dira.
  5. Erreforma honek lan merkatua enpresa interes handien mende uzten du unilateralki; enpresa interes horiek doako kaleratzea, eta gainera diru-laguntzak jasoz, baliatu ahal izango dute, Ipar Amerikako eredutik gertu eta, behin betiko, europar ezkerreko eredu historikoetatik gero eta urrunago.
  6. Enplegua sortu eta lan prekarietatea murriztu beharrean, langileen egoera ahuldu egin da interes ekonomiko handien aurrean, eta hemendik aurrera azken hauek ekintza eta erabaki askatasun osoa izango dute lan kontuetan. Hortaz, enplegurako agentzia pribatuak sartzen ditu eta Aldi Baterako Lan Enpresen papera zabaltzen du, lan bitartekaritza merkantilizatuz eta langabezian dauden pertsonak irabazi asmoa duten enpresa hauen eskakizunak aintzat hartzera behartuz, langabetuak enpresa horien irizpideen zoriaren mende utzita.
  7. Madrilek, Gasteizek eta Iruñeak aipatutako interes horiei men egiteak eta gizarte justizia eta gizartearen interes orokorrak defendatzeko beharrari uko egiteak hiritarrak defentsarik eta babesik gabe uzten dituzte, espekulatzaile handien interesen mende, sistema demokratikoak izan behar duen izaera bera desitxuratuz.
  8. Euskal Herrian erreforma hau eta aldez aurretik sektore publikoan (osasuna eta hezkuntza bezalako funtsezko sektoreak barne) egindako murrizketak, funtzionarioen eta pentsiodunen lan eta gizarte eskubideen murrizketez gain, geure burujabetzaren aurkako eraso zuzena dira, bai eta aldarrikatzen dugun lan harremanetarako euskal esparruaren ukapena ere. Euskal herritarrek gizarte elkarrizketarako eta erabakitzeko estatu mailako esparruaren inposizioa pairatzen dute, eredu hori mimetikoki aplikatzen baita Euskal Erkidego Autonomoan eta Nafarroan, Euskal Herri osoaren errealitate soziala, politikoa, ekonomikoa eta sindikala aintzat hartu gabe, ez eta gure erakundeen autogobernu gaitasuna ere.
  9. Hori dela eta, Euskal Herrian elkarrizketa eredu berri bat irekitzea exijitzen dugu berriro ere, indar politiko eta sindikal guztien artean krisiari aurre egiteko neurririk eraginkorrenak adostu ahal izateko, lan harremanetarako eta gizarte babeserako euskal esparrua aintzat hartuz, eta instituzioei euskal gehiengo sindikalaren ordezkaritza errespetatzeko eskatzen diegu.
  10. Horretarako, Greba Orokorrerako deialdiari gizarte osoak erantzun handia ematea ez ezik, etengabeko mobilizazio garai baten sartzea ere beharrezkoa da. Mobilizazioa zentzu zabal batean, ez kalera ateratzea bakarrik, baizik eta behar den lan pedagogikoa ere egitea, gaur egun nagusi diren baloreen hegemoniari aurre egiteko, diskurtso bakarra eta globalizatzailea aldatzeko, gizarte eta ekonomia eredu harrapari honi alternatiba bat aurkeztu beharraren alde apustu egiteko. Hitz batean, gizakiaren garapen osoa erdigunean jarriko duen beste eredu baten aldeko apustu egiten dugu, ingurumena errespetatuz, genero-berdintasuna bermatuz, lokaletik abiatu eta mundu osoko egoera, planeta honetako biztanle gehienen egoera, kontuan hartuko duen ikuspegi batetik.
X