Bilduk elikadura subiranotasunaren eta baserritarren borrokaren alde egin du

BILDUk bere egiten du euskal baserritarrek elikadura subiranotasunaren alde abiatu duten borroka. BILDUrentzat, ez dago subiranotasun politikorik herri bat ez bada gai bere burua elikatzeko eta nekazal ekonomiak bultzatzeko. Hau da, ez bada gai baserritarrentzat diru sarrera eta lan baldintza duinak bermatzeko, herritarren kontsumo osasuntsu eta arduratsua sustatzeko eta ekologiari dagokionean orekatuak diren guneak sortzeko.

Erralde hiltegitik gertu gauden honetan, hiltegi honek irekitako bidea txalotu eta sostengatu nahi dugu. Bizkaiko Foru Aldundiak Zorrotzako makrohiltegiaren alde egin zuen bere garaian, penintsulako hiltegirik handiena eraikiz kanpotik ekarritako abelburuak hiltzeko batez ere eta negozio hutsean oinarriturikoa. Erralderi xentimo bat ere eman ez zion arren, gaur egun,

Zorrotzako hiltegia itxita dago porrot egin baitzuen; aldiz, Erralde hiltegiak aurrera darrai, tokiko abeltzainei zerbitzu hurbila eta kalitatezkoa ematen jarraituz, elikadura subiranotasunari bultzada emanez, abeltzainei prezio duinak eta egokiak eskainiz, komertzializazio zuzena sustatuz gure herrialdeko harategien bidez, proiektu errentagarria bihurtuz, eta noski, erosleari, tokiko haragia kontsumitzen duela eta tokiko abeltzainei sostengua ematen diela bermatuz. Erralderen eredua da etorkizuna, nahiz eta oraindik ere PNVk nekazaritza eta abeltzaintza, baserritarren izerdiaren kontura gutxi batzuek negozioa egiten jarraitzeko bidea dela pentsatzen duen arren.

Tamalez, ezkerrek, historikoki, baserritarren eskariak alboratu egin izan dituztela onartu beharrean gaude. Beste batzuk omen ziren aldaketaren eta iraultzaren protagonista, beste batzuk ziren lehentasunak, eta baserritarrei bigarren mailako funtzioa gordetzen zitzaien, azalekoagoa. BILDUk publikoki onartzen du akats hau eta gure landa indartzeko zein AmaLurra babesteko nekazal borrokak aldaketaren zati funtsezko direla aldarrikatu nahi du, bere buruaren jabe izan nahi duen herri baten isla direlako, irizpide jasangarrien arabera kudeatuko den herri baten isla.

Hala, elikadura subiranotasuna eta agroekologia bere agenda politikoaren baitan txertatuz egin nahi dio aurre aipatutako bidegabekeria historikoari.

Eta berebiziko garrantzia duen unean egin dugu, gainera, izan ere gure landaren desagerpena, baserritarren euren desagerpena jokoan dagoen unean egin baitugu. Zer etorkizun du herri honek gure bizitzaren eta janaren oinarria bera zimeltzen uzten badugu?

Zoritxarrez, Bilbao jaunaren politika kapitalista eta neoliberalak ezarri dute daukagun egoeraren ildoa. Bere eskutik ireki da deuseztapen bide hau, borrokan ari den nekazal sindikalismoarekiko harrokeria, mespretxu eta zabarkeriaz landaturiko bidea. Guk elikadura subiranotasunaren alde egiten dugun bitartean, eurek eredu agroindustrialaren alde egiten dute, enpresa bitartekari handien interesen mesedetan; epez kanpoko eta denboratik erabat aparte masiboki kontsumitzeko kultibo bakarrak sustatzen dituzte; ura eta lurra bezalako natur ondasunen pribatizazioa eta espekulazioa sustatzen dituzte; baserritarrek haziak elkartrukatzea krimen bihurtu nahi dute; Euskal Herriak sor zezakeen elikadura inportatzen dute; kontsumitzaileen osasunari ez zaio lehentasunik ematen eta transgenikoen kontagioa gero eta errealitate gertuagokoa bihurtu digute.

Noiz arte jasan beharko dugu etekina eta irabazia bitartekariek eramatea ekoizleen ordez? Noiz arte kriminalizatu behar ditugu nekazal ekonomiak eta hazien elkar trukaketa debekatu edo ezinezko neurri fitosanitarioak ezarri? Noiz arte behartuko dute produktore txikia, alternatiba ezak bultzatutik, kontrolatzen ez dituen produkzio eta salmenta sareetan sartzera? Noiz arte kondenatuko ditugu emakume baserritarrak jabetza eta gizarte segurantza eskubiderik ez izatera?

BILDUk “NAHIKOA DA!” dio. Ekonomia eta gizarte eredu berria nahi dugu, eta elikadura subiranotasuna dugu lehen arloa, proposamen zehatzen bidez: tokian tokiko ekonomia guneak sortzea, herrialde mailan prezioen behatokia sortuz ekoizpenetik kontsumitzaileak erosi arte produktuen prezioen gaineko jarraipena egiteko eta gehiegizko merkataritza praktiken aurrean zehapenak jartzeko aukera izango zuena, kate handiak albo batera utzi eta nekazal ekonomiak sustatzeko. Honetarako tokian tokiko azoka eta merkatuak sortzea, tokiko hiltegien alde egitea, produkzio agroekologikorako kreditu bigunak ematea edo kontsumo arduratsuaren aldeko kanpainak abiaraztea proposatzen dugu. Espekulaziorako zoruaren ordez lurra bera lehenetsi nahi dugu, tokian tokiko plan partehartzaileen bitartez. Euskal Herria transgenikorik gabeko lurraldetzat aldarrikatzea proposatzen dugu, transgenikorik ez Euskal Herrian!. Baserritarren lan eskubideak bermatzea proposatzen dugu. Funtsean, bada, gure landa eremuari eta lurraldeari itxaropena bueltan ekarri nahi diogu. Ama Lurra defenda dezagun!

Elikadura subiranotasunik gabe, ez dago subiranotasun politikorik (Alternatiba)

“Nazioarteko merkatuaren baldintzak ez dira bidezkoak, eta ezingo dira izan elikagaiak, giza eskubidetzat baino, salgaitzat jotzen diren bitartean”

1996ko apirilaren 17an, Brasilgo polizia militarrak tiro egin zuen Lurrik Gabeko Nekazarien Mugimenduak deitutako manifestazio baten aurka El Dorado dos Carajas-en. Nekazarien eskubideak aldarrikatzeko manifestaldia zen hura. Guztira, hemeretzi nekazari hil zituzten eta hirurogeita bederatzik mozketak pairatu zituzten, ehunka zauritu suertatu ziren eta hamar lagun epaiketarik gabe exekutatu zituzten, gutxienez, atxilotu ostean.

Egun horretan, zoritxarreko gertaerak jazotzen ari ziren bitartean, Via Campesina elkarteak nazioarteko bigarren biltzarra egiten ari zen Tlaxcalan, Mexikon. Mundu zabaleko nekazariek “Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Eguna” izendatu zuten egun hura.

Hamabost urte igaro ondoren eta urtero egiten den legez, apirilaren 17an aldarrikapen bikoitza egin ohi da mundu osoan: alde batetik, nekazariek eta herri landatarrek bizirauteko duten eskubidea eta, bestetik, mundua elikatzen jarraitzeko borroka gogoraraztekoa. Elikadura subiranotasunean oinarritutako sistema berria defendatzeko ekintzak dira.

Baina, zer dakigu elikadura subiranotasunari buruz? Nondik dator kontzeptua? Zein da bere esanahia?

56 herrialdetako nekazarien 150 erakunde batzen dituen Via Campesina-k garatu zuen elikadura subiranotasunaren kontzeptua eta publikoki eztabaidatu zen lehenengoz 1996an FAOren egoitza zentralean (Erroma) egindako Elikaduraren Munduko goi-bileran. Hortik aurrera, kontzeptu hori eztabaidagai nagusienetakoa bilakatu da nazioarteko nekazaritzaren alorrean, baita Nazio Batuen barne instantzietan ere. Izan ere, 2002ko FAOko Elikaduraren Munduko goi-bilerari lotutako GKE-k antolatu zuten batzar paraleoaren ardatz nagusia bilakatu zen.

Elikadura subiranotasunak honako eskubide hauen aldarrikapenean datza: herriek euren nekazaritza- eta elikadura-politika zehazteko; dumping mekanismoen bitartez produktu soberakinen sarbidea saihesteko eta lurraldea errespetatuko duen nekazaritza lokala, anitza, landatarra eta ekologikoa sustatzeko, hau da, nazioarteko merkataritza ekoizpen lokalaren osagarri gisa jardungo duena. Elikadura subiranotasunak ondasun naturalen gaineko kontrola (lurra, ura eta haziak) komunitateei itzultzean datza, baita bizitzaren pribatizazioaren aurka borrokatzean, ura era jasangarrian banatu dadin bere ondasun publikoko izaerari eutsiz, eta genetikoki eraldatutako organismoen aurkako borrokari ekinez, haziak askatasunez eskuratu ahal izateko. Horra hor nekazaritza-erreformen beharra.

Elikadura subiranotasunak ez ditu trukeak errefusatzen, bai, ordea, esportazioei emandako lehentasuna, nazioarteko merkatuetan sartzea ez delako nekazariek behar duten konponbidea. Nekazariek duten arazorik larriena zera da: merkatu lokal propietara sartzeko zailtasuna, elikagaien industriak oso salneurri baxuan finkatzen dituelako bere produktuak.

Politika neoliberalek mugarik gabeko mozkinen bilateraki lotuta dagoen nazioarteko merkataritza lehenesten dute. Gainera, nazioarteko merkataritzan sartzea duten nekazaritza-ekoizpenak nekazaritza-enpresa boteretsuenen kontrolpean daude, premiazko ondasunak esportatzen dituzten iparraldeko herrialdeen ekoizpenei mesede eginez, eta hegoaldeko nekazariak kaltetuz, bigarren mailako elikagaiak baino ezin dituztelako esportatu.

Hegoaldeko herrialdeetako elikagaien esportazioek munduko eskaera osoaren herena suposatzen dute, iparraldeko herrialde aberatsek gainontzeko bi herenak esportatzen dituzten bitartean. Aitzitik, euren kanpo zorrari aurre egiteko beharrak hegoaldeko herrialdeak baldintzatzen ditu nazioarteko merkataritzan, euren egoera hobetu ezinean.

Argi dago, beraz, nazioarteko merkatuaren baldintzak ez direla bidezkoak, eta ezin izango direla bidezko izan elikagaiak merkantziatzat jotzen diren bitartean, giza eskubide gisa hartu beharrean. Gainera, planetaren elikadura nazioarteko merkataritzan oinarritzeak komunitate askoren eredu kulturalen aldaketa suposatzen du inposatutako ohituren bat-egitearen alde.

Hortaz, elikadura subiranotasunak alternatiba bat eskaintzen dio egungo nekazaritza-eredu industrialari. Eredu berri honek oinarrizko giza eskubidetzat jotzen du elikadura, herri eta estatu guztiek euren nekazaritza-politika propioak zehazteko eskubidea aldarrikatzen du eta elikagaiak ekoizten dituztenak politika hauen ardatz nagusi gisa hartzen ditu: nekazariak, baserritarrak eta arrantzaleak, baita kontsumitzaileak ere. Elikaduraren subiranotasuna subiranotasun politikoaren oinarrizko ardatza baita.

Eralketa publikoa Karrantzako plantan

Karrantzako plantako “txapuzaren” arduradunek bere gainkostea ordain dezatela eskatu du Alternatibak

Karrantzako Mindako arduradun politikoek beren “kudeaketa txapuzeroa eta arduragabearengatik” ordaindu eta plantaren gainkostua bere egin dezatela eskatu du Bizkaiko Batzar Nagusietako Alternatiba taldeak. Era berean, administrazio publikoek “inolako ikustatze publikorik ez duen sozietate baten esku hainbat milioi euro” jarri dituztela salatu du Jonathan Martinez batzarkideak.

Martinezek nabarmendu duenez, Alternatibak behin eta berriro ohartarazi du obra honen inguruko “iluntasuna” eta EAJko udal agintariek “irregulartasun ugari“ egin izan dituztela, “haien nagusiak jakinaren gainean zeudela”. Gogorarazi du, halaber, talde honek eskatu eta “gogoz espero” dituela Batzar Nagusien aurrean Jose Maria Martin Karrantzako jarduneko alkatearen eta Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Nekazaritza sailburuaren agerraldiak.

Planta eraikitzeko kudeaketa txarraren ardura baieztatuz gero “dimisioak” espero ditu Martinezek, “ez daitezen herritarrak izan haien zabarkeriaren erantzule”. Azkenik, Alternatibak abeltzaintzaren aldeko aldarria egin nahi izan du, “abeltzainak direlako sektorea galbidera daraman hamaikagarren zatarkeriaren kaltedun nagusiak”.

Baratze urbano ekologikoak> Ainhoa Etxebeste (Euskadi Irratia)

Iturria: Eitb.com argitaratutako erreportajea

Egilea: Ainhoa Etxebeste

Eskobareak, bihortzak, laiak, aitzurrak, karretilak, otarrak edo lurra ureztatzeko ontziak … denetarik dago udal baratze hauek hornitzeko biltegian. Eraikin berean daude komunak eta aldagelak eta beraz, baratzean aritzeko erropa eta oinetako egokiak aldatu eta lanean hasi besterik ez dago.

Kaletarrak

50 m2-ko azalera dute 87 udal ortuek. Pello Garai Arrasateko landa inguruneko teknikariak azaldu digunez, “udazkenean banatu zituzten eskatzaileen artean” eta lur sailak txikiak direla esaten zuten erabiltzaileek ere onartu behar izan dute “baratzea aurrera eramateko lan asko” egin behar dela .

Kaletarrak dira erabiltzaile ia denak eta beraz ikastaro txiki bat jaso zuten lanean hasterako. 7 udal ortu, gizarte zerbitzuei eskaini dizkiete beren beharretarako eta nola erabili aztertzen ari dira. Ikusmina sortu du esperientziak baina “gu ez gara aurrenekoak” esaten du Pellok.

Adin guztietako erabiltzaileak

Lur onenak industriak hartu dituen garaian, agenda XXI ekimenaren barruan berreskuratu zuten baratze ekologikoak egiteko orubea. Hondea-makinek “xapaldatan antolatu zituzten baratzeak” eskatzaileen arabera “adineko erabiltzaileak beheko txapaldatan eta gazteenak goikoetan” kokatu dituzte.

“Sorpresa izan da” udal teknikariarentzat jubilatu gutxik eskatu dutela baratzea eta harritzekoa gazte askok eman duela izena, “berdin neska edo mutilak”.

Udaberria

Udaberriko arratsalde batean aurkitu ditugu beren baratzak lantzen Mikel eta Iñaki. Goizez egin dute ohiko lana eta arratsaldea eskaintzen diote hoby-ari . Mikel “erlajatzera” etortzen da baratzera bi edo hiru ordu aritzen da eta badaki presaka iharduteak hemen ez duela balio. Orain hilabete erein zituen marrubi landareei begira dago: “natural gustatzen zaizkit, azukre edo natarik gabe … freskatu eta barrura”. Aurten uzta handia edo txikia izango duen pentsatzeak ez du kezkatzen “zerbait ateraz gero pozik” geratuko da.

Haziak erein

Iñakik, ez du denbora handirik izan orainarte eta aurtengoz baratzearen erdia bakarrik prestatuko du “tomatea , lekak … eta piperrak” sartzeko asmoa dauka. Orainarte , etxeko terrazako lorontzietan atera izan du uzta txikia “ez da berdin, hemen lur gehiago dago eta ale handiagoak ateratzen dira”.

Mikelek ere etxeko lorontzietan erein zituen gaur aldatzera dihoan landareak “haseratik ikusi nahi nuen prozesua, txikitatik etxean jaso nuen kulturatxoa berreskuratzeko”. Horixe da udal ortuen berezko helburua “baserriari , sektore zapaldu horri , oihartzun piska bat ematea” Garaik azpimarratu digunez .

Ekologikoa

Landaketak , modu ekologikoan “molekula kimikorik gabe” egiten dira Garagartzako ortuetan . “Giro polita sortzen ari da erabiltzaileen artean ” esaten du Mikelek. “Dakienari galdetuz” ezagutza konpartitzen dutela dio berriz Iñakik. Bistakoa da, gogo onez etortzen direla lanera eta gauza berriak ikastera.

Zigiluaren atzean dagoena> Mikel García (Argia)

Argia- Zigiluaren atzean dagoena

“Eusko Label zigilu ofiziala da, elikagaien goi-mailako kalitatea bereizteko erabiltzen den EAEko marka ofiziala, Eusko Jaurlaritzaren babespean (nahiz eta erakunde pribatua izan). Baina zeregin horretan, diru publiko asko desegoki gastatzen dela dio EHNE sindikatuak. Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak Bizkaian duen presidenteak, Mikel Kormenzana, hiru kritika nagusi egin dizkio Eusko Labeli: kalitatea bermatu beharrean banaketa-kate handien mesedegarri den eredu industrial eta intentsiboa sustatzea, sektorearen parte-hartzea ez bilatzea eta baserritarrentzako errentagarritasunik ez izatea”

Argazkia: Simon Shek

http://alternatiba.net/old-files/Supermercado web.jpg

X