Hondamendiari aurre egin

Joxe Iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba

Euskal Herrian bizi dugun egoera politikoaren gorabeherak haratago (zeinean, hein batean onera egin dezakeen) oro har mundua okerrera egiten ari dela iruditzen zait. Badakit, gure belaunaldiak ez duela mundu gerra edo gerra zibila ezagutu, ia ahaztuta dugula gerra hotzaren arrisku egoera (tartean misilen afera) eta antzekoak; alabaina egungo egoerak inoiz ezagutu ez dituen arazoen elkar gurutzatzeak dakartza eta hori berria da.

Kapitalismoak, gizakiaren eta naturaren arteko marra gorria jada zeharkatu du, eta zalantzak ditut horrek atzera bueltatzerik baduen, ikusirik klima aldaketarekiko Parisko klima gailurraren ahulezia eta boteretsuen aldetiko ezaxola. Eta baita, ezkerreko alderdi zein sindikatuen ezintasunak, ikusirik zein parametroetan mugitzen garen egoerari aurre egiterakoan: esate baterako, produkzio mota eta kopurua dena delarik, lana mantentzearen truk ez jaistea dugu helburu, kontuan hartu gabe horrek zer ekarriko digun hemendik gutxira. Eta berriro, ate joka dugun krisiari nola hartu aurrea ez dugu eztabaidatu ere. Eta ez, teorian alternatibarik ez dagoelako, gure ahuleziagatik alternatiba horietan sinestea zaila egiten zaigulako, baizik.

Bestaldetik, mundu ustiaketatik eta botere banaketatik sortzen diren gerra lokalak eremu eskualde bati mugatuak omen, geroz eta kontrolagaitzak eta ulergaitzak zaizkigu. Eta ulergaitza ere, errefuxiatuen inguruan gertatzen ari dena. Izan ere, lotsagarria, bidegabekeria, halako mila kexu entzuten dugu egunero gertatzen ari denaz, baita mandatarien ahotik. Baina egunetik egunera, arazoa geroz eta larriagoa da, giza-hondamendira hurbiltzen dena. Gasteizko martxoaren 3ko sarraskiaren omenez Lluís Llachek sorturiko Campanades a morts entzuten ari naiz lerro hauek idazten ari naizela, eta nire irudimenean Balkanetan eraikitzen ari diren hesi eta txantxarren aurrean desesperaturik daudenek entzuten ari direla ikusten ditut, beren hiletarako ereserki gisa egina balitz bezala.

Bai Europako mandatariak eta zenbait estatu buru, doilor zuri ustelak dira. Garbi dut ezin dela parean jarri estatu buruek eta Europako Batasunaren buruek eta herritar arruntak, hala ere zen zaila eta mingarria egiten zait gogoratzea duela ez denbora asko horietako askok eta askok eginahaletan ibili zirela beren herritik alde egiteko errepresioaren ihes,  bizimodu duin baten eske. Adina dugunok behintzat, gogoratzen dugu hungariarrak, errumaniarrak, eta bar, estalinismoaren atzaparretik ihes nahian Austria eta Alemaniaren mugak zeharkatzen. Edo Balkanetako garbiketa etnikotik burua salbatu nahian (SOS Balkanak gogoratzen?) gurera etorritakoak. Eta orain, zer? Hain urria da gure oroimena jada ez dugula gogoratzen gu ere horrela ibili ginela duela ez denbora asko? Nik ez ditut inoiz ahaztuko erbeste behartuan ginela gure egoeraz arduratu ziren boluntario haiek. Damu naiz ez naizela haien pareko.

Eta azkenik, ezin ahaztu, ur arre nahasietan hazten dira indar arreak, alegia faxistak. Beldurgarria Europak ezagutzen duen hazkundea, batez ere, etorkin gehien dauden eremuetan.

Dena den, zailtasunak zailtasun, arrazoiaren ezkortasuna borondatearen baikortasunarekin kontra balantza egin daitekeela sinetsita nagoelako, nola edo hala egoera honi aurre egin behar diogula da nire aldarria.

Honakoetan argitaratu izan da: Uriola, Naiz, Deia

Alternatibak Berta Caceres Hondurasko mugimendu indigenaren babesle sutsuaren erailketa irmo salatu du

Atzo Berta Caceres erail zuten, bere herriaren, nekazari mugimenduaren, emakumeen eskubideen eta ama lurraren babesle sutsua. Bere etxean, Hondurasen, lo zegoela hil zuten. Hondurasko Erakunde Herritar eta Indigenen Gizarte Kontseiluko (COPINH) koordinatzaile gisa eginiko lanak nazioartean eta internazionalismoan erreferente izatera eraman du. Horrexegatik, Alternatibatik galera deitoratu eta bere erailketa irmo salatu nahi dugu.

Lau tiro izan dira, jatorrizko herrien, mugimendu indigenaren, klase xeheen eta feminismoaren bihotzaren kontra kapitalismo heteropatriarkalak eta arrazistak eginiko lau tiro. Beste ekintzaile asko akabatu dituzten tiroen modukoak, Hondurasen presa hidroelektrikoen eta meategien ustiapen bidegabearen aurka lan egiten zuten ekintzaileak. Hamarkada eskas batean ehundik gora izan dira, herri honetan bakarrik, ingurumenaren defentsan aritzeagatik erail dituzten lagunak.

Berta Isabel Zuñiga Caceres, Bertaren alabak eman duen erantzuna berretsi nahi dugu: “Ez dugu heriotza gehiagorik nahi, nahikoa da”. Bala hilgarriei duintasunarekin eta elkartasun internazionalistarekin erantzuten zaie.

Erailketa honek iluna eta bidegabeagoa egin du gaur mundua; bere borrokak, ordea, pertsona askorena den heinean, mundua aldaraziko du bihar.

Saharako auziari irtenbidea emateko ordua da, herriari etorkizuna erabakitzeko hitza emanez

Otsailaren 27an Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zenetik 40 urte beteko dira. Errepublikaren urteurrena medio, Alternatibatik eta EH Bildutik Saharako herriarekiko eta bere askatasunaren aldeko borrokarekiko gure elkartasuna berriztu nahi dugu.

Elkartasuna bultzatzerekin batera, Saharako auzia konpontzeko ordua da. NBEk hartu zuen Saharan erreferenduma egiteko konpromisoa bete behar da, saharauiarrek haien etorkizuna erabakitzeko eskubidea dute eta eskubide hori gauzatzeko unea da.

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak 40 urte betetzen dituen honetan gogoratu behar da munduko 80 bat herrialdek eta Afrikako Batasunak berak, besteak beste, RASD delakoa aitortu dutela geroztik. Ez ordea, Saharako kolonizazioan eta kolonizazio osteko okupazioan ardura zehatzak dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuek.

http://ehbildu.eus/images/2016/Sahara40urte.jpg

Horregatik, Espainiar estatuan Gobernu berria osatzeko lanetan diren alderdiek konpromiso argi eta zehatza hartu behar dute. 2015-2016an Espainia Segurtasun Kontseiluko kide gisa jardungo du. Beraz, Espainiako gobernuak, 1975an eginiko akatsa zuzenduz, Saharako auziari irtenbidea emateko ardura du. Espainiako gobernuari RASD aitortzea dagokio, Saharako ordezkaritza legitimoa delako. Horren aldeko urrats bat izango litzateke, hala nola, Palestinarekin egin zuen bezala, Espainiak Saharako gobernuko ordezkaritzari estatus diplomatikoa ematea.

Bestalde, Nazio Batuek lurralde okupatuetan duten misioak (MINURSO), erakunde horren edozein misioak dituen funtzioak bete behar ditu, besteak beste giza eskubideen begiraletza.

EH Bildu

Errefuxiatuen egoera salatzeko asteburuan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu

Errefuxiatuen egoera geroz eta larriagoa da, Mediterranio itsasoa hilerri erraldoi bat bilakatu da, bizitza duinagoaren bila Afrikako jaioterrietatik alde egin beharrean diren milaka pertsona horiek, Europako lehen mugetara iristean kontzertina, hesi, internamendu zentro, polizia, jipoiak, estranjeria lege eta gainerako jazarpenekin egin dute topo. Guztiak giza eskubide oinarrizkoenen urraketak izan badira ere, estatu nagusiek eta Europak bultzatutako ez ezik babestutako jarduerak izan dira urte luze hauetan.

Errefuxiatuen afera mundu mailako arazo bat da. Munduan 60 milioi errefuxiatu daude, horietako gehienak Ekialde Hurbileko eta Afrika beltzeko herrialdetatik datozenak. Saharako herritarrek 40 urtez okupatutako haien lurraldeetan bizitzerik izan ez eta errefuxiatu gisa biziraun behar izan dute basamortuan. Era berean, Palestinako herritarrak okupatutako haien lurraldeetatik kanporatuak izan dira. Kurdistango herritarrak jazarriak eta etengabe erasotuak. Kolonbiako herritar ugari errefuxiatu bilakatu da. Tibeten ere gatazkaren ondorioz milaka herritar errefuxiatu dira. Egoera hauek guztiek komunean dutena, ordea, gatazka politiko-militar eta sozioekonomikoek eragindako mugimendu migratorioak eragin dutela da.

Gertatzen ari dena ez da bat batean etorritako desastre bat, urte luzeetan hartutako neurriek eragindako sarraski humanitarioa baizik. Eta Europak eta mundu mailako herrialde boteretsuenek erantzukizun zuzena du errefuxiatuek pairatzen dute egoera latzarekin.

Horregatik diogu gezur handi baten aurrean gaudela. Izan ere, hedabideek oso noizean behin zabaldutako irudi lazgarrien aurrean, eta gehiegitan ezkutatzen ari diren giza eskubideen urraketen aurrean, ehunka milaka emakume, gizon eta haur noraezean, estatu batetik bestera kanporatuak, internamendu zentroetan sartuak, bortxatuak, desagertu araziak, jipoituak, lapurtuak eta jazarriak ari baitira izaten, Europako estatuen onespenarekin.

Europako Batasuna arduragabekeria itzela izaten ari da giza eskubideen etengabeko apurketa honen aurrean. Eta horregatik, herritarroi, bakoitza bere eragin esparrutik, norberak eskura duen aukeraz baliatuta, errefuxiatuak diren pertsonei ongi etorria eman beharrean gaude, aitortza, erreparazioa eta laguntza eskainiz.

Otsailak 27an Europa mailan #pasajeseguro lelopean mobilizazioak antolatu dira errefuxiatuen giza eskubideak babeste aldera, eta EH Bilduk mobilizazio hauetan parte hartuko du, errefuxiatuen baldintza tamalgarriak salatu eta irtenbide bat eskatzeko.

EH Bildu

Europa, alaitasunetik gutxi

Joxe Iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba

Donostiako Konstituzio Plazan Beethovenen bederatzigarren Sinfoniari (Alaitasunaren oda) egindako txistualdia, bistan da ez zela maisu handiaren aurkakoa, bere himnoa bahitu duen Europar Batasunaren aurka baizik. Nago, Beethovenek burua altxatuko balu gauza bera egingo lukeela. Hirugarren Sinfonia, estreinakoz, Napoleoni eskaini zion miresmenez, hark sinbolizatzen zuen iraultza globalak eta bera sortzen ari zenak bat egiten zutelako. Alabaina, Napoleonek bere burua enperadore egin zuenean Beethoven haserre bizian jarri zen, Napoleon izena ezabatu zuen ez zuelako maite despotarik, ez zaharrik ez berririk. Egungo Europa despota zaharrez eta berriz gainezka dugu, nire uste apalean, eta gainera oso gutxi ilustratuak.

Egungo Europa despota zaharrez eta berriz gainezka dugu, nire uste apalean. Eta gainera oso gutxi ilustratuak

Ezin ukatu, 1950ean Ikatz eta Altzairuaren hitzarmenarekin sei estatuk (Frantzia, Alemania, Italia, Belgika, Luxenburgo eta Herbehereak) abiaturiko bidea, I.  eta II. Mundu Gerrek eragin zituzten estatuekiko konpetentzia inperialistak gainditzeko aurrerapausoa izan zela. Gainera, gerren triskantzek eragindako eraikuntza lanen baitan langile mugimenduaren eta ezker sozialdemokraten indarrari esker eraikitzen ari zen ongizate-estatuaren ereduak asko lagundu zuen europartasun aurrerakoia gauzatzen, nolabait, AEBren modelo gordinetik bereizteko gai izango zena eta bidenabar Gerra Hotzaren testuinguruan Sobiet Batasunari aurre egin lekiokeena.

Harrez geroztik, atzeraka goaz. Europaren komunitatearen eta batasunarena ondorengo hedapena, muturreko neoliberalismoan (Alemaniaren nagusitasunaren menpean) hitzarmen eta dekretuetan eraikitzen joan da (Maastricht, Lisboa eta abar) ekonomiaren eta monetaren batasunean oinarrituz.

Egungo Europak (ez nahiko genukeena) gutxi du giza-eskubideetan, justizian eta demokrazian oinarrituriko adostasunetik eta gehiegi inposiziotik, diskriminaziotik, esplotaziotik eta xenofobiatik. Gainera, Europa iruzur galanta da kulturaren ikuspegitik (baita kultur hiria izendatzen dutenean, negozio eta espekulazioari bide emanez, benetako kulturari bide eman ordez).

Europan aginduaren makila Troikaren eskuetan dago. Inork hautatu ez duen erakunde horrek bahitu egin dizkigu –hiritarrei eta herriei– etorkizuna erabakitzeko eskubidea eta ahalmena. Horra hor, Grezian gertatutakoaren benetako irakaspena. Harrigarria egin zait A-20ko hauteskundeetan ia inork ez aipatzea gure gainetik dauden botere faktiko horien zama, (Europako komisioak jada exijitu dio espainiar gobernuari 11.000 milioi euroko jaitsiera gastu sozialetan), nola edo hala astindu beharko duguna Europa berri bat nahi badugu.

Egungo Europa, soil-soilik kapitalarentzat da hesi gabeko eremu librea. Gainerakoak, berriz, lubakiz eta hesiz beteriko mugetan itota gabiltza.

Argia-n argitaratua

X