Luis Salgado: “Arabako gizarte politikek errotiko aldaketa behar dute, erabiltzaileei kalitatezko zerbitzuak bermatzeko”

SAD berreskuratzea lehentasunetarikoa da eta horretarako urgentziazko neurriak hartu behar dira, besteak beste, honakook: erabiltzaileei eskainitako zerbitzu orduak handitzea, egungo koordainketa itogarria murriztea eta benetako esfortzua egitea eskainitako zerbitzuak eta prestazioak (SAD, PEAP, PECEF, Eguneko Zentroak…) koordinatzeko”, adierazi du Luis Salgado Alternatibako kide eta EH Bilduko biltzarkiak.

Halaber, EH Bilduk ez du onartuko Gizarte Zerbitzuak enplegu publikoaren suntsiketan eta etengabeko pribatizazio katean oinarritzea; hori dela-eta, Foru Gobernu berriari eskatzen dio zerbitzuak kanporatzea eten dezala, hainbat zerbitzu (egoitzetako sukaldaritza edota garbitegi zerbitzuak, esaterako) berreskura ditzala eta EPE bat abiaraz dezala 2007tik gabeziak dituen Lanpostu Zerrenda finkatzearren.

Salgadoren ustez, legealdi honetako erronka nagusienetariko bat da koordinazio soziosanitarioko eredu eraginkorra lantzea eta sendotzea, kontua ez baita bakarrik Osakidetzaren finantzazioa lortzea GOFEk kudeatzen dituen haren zerbitzuetarako, baizik-eta benetako koordinazioa eskuratu behar dela erabiltzaileak maiz inoren eremuan eta eskumenei buruzko eztabaiden ondorioz dagozkien zerbitzuak jasotzeke uzten dituzten konpartimentu estankoak ekidin eta desagerrarazteko. Ildo horretatik, urgentea da konponbidea ematea buru desgaitasuna pairatzen duten gatazka errepikatuei; izan ere, pertsona horiek patologia bat ez ezik, Osakidetzaren leihatiletatik Foru Aldundiarenetara eramaten gaituen “frontoiaren sindromea” ere jasaten dute, inork ardurarik bere gain hartzen ez baitu.

Salgadok esandakoaren arabera, “halaber, Gizarte Zerbitzuen Foru Diputatu berriari eskatuko diogu Zerbitzuari Lotutako Prestazio Ekonomikoaren (PEVS gaztelaniaz) erabilera mugagabea murriztu dezala, aurreko legealdian berau erabili baita egoitza plaza berrien sorrera ekidin eta sektore pribatua finantzatzeko, legeak xedatutakoa etengabean urratuz eta iruzurrezko erabilera burutuz”.

Ildo beretik, EH Bilduk deritzo premiazkoa ere badela Foru Aldundiak Lagundu Gabeko Adingabe Atzerritarrentzat (MENAS gaztelaniaz) erabiltzen duen CIE eredua konpontzea. “EH Bildun uste dugu sistema osoa berraztertzeko unea dela praktikan adin txikiko horien banantzearen alde egiten duen eredu hori ekiditeko. Harrera Zentro horiek desagerrarazteko eta gainontzeko adin txikikoentzat dagoeneko dauden ibilbideetan eraginkortasunez sarrarazteko urratsak egin behar dira”, azaldu du EH Bilduko biltzarkideak.

Azkenik, Luis Salgadok INDESArentzat, bazterkerian erortzeko arriskuan dauden taldeentzat eta Gizartegintzako langileentzat konponbideak eskatzeko konpromisoa bere gain hartu du. “Azken finean, Foru Diputatuari helaraziko diogu EH Bilduk elkarrizketa eta akordiorako borondatea, beti ere elkarrizketa horrek balio badu herrialdeko Gizarte Zerbitzuen etorkizuna hobetu, defendatu eta ziurtatzeko” amaitu du.

EH Bildu Araba

Espainiak eta Europak asilo eskubidea eta giza eskubideak urratzen dituzte, eta arriskuan jarri dute milaka pertsonen bizitza

Bigarren mundo gerratik hona izan den pertsonen joan-etorri masiboa handiena gertatzen ari da Europan. Milaka pertsona dira gerratik, heriotzatik eta miseriatik ihes egiten ari direnak. Era horretara, ACNURen arabera pertsona horien %80k asiloa eskatzeko baldintzak betetzen dituzte, gatazka egoeran dauden Iraken, Sirian edo Afganistanen dutelako jatorria.

Ceuta eta Melillan eta Gurugu menduan pertsona migranteek bizi dituzten baldintzak salatu zituen bere egunean EH Bilduk, eta Jon Iñarritu Kongresuko ordezkaria bertaratu zen hara lehen eskutik ezagutzeko zer gertatzen ari zen; gauza bera egin zuen Josu Juaristi europarlamentariak joan den ekainean, Lampedusara egindako bidaian.

EH Bilduren iritziz, kasu hauetan eta aurtengo udan Europako Batasuna izaten ari den jarreraez da inolaz ere onargarria. Asilo politika bateratua ez daukala erakusteaz gainera, Batasuneko agintari politiko batzuen aldetik jarrera xenofoboak eta arrazistak bultzatzeko joera nabarmendu da.

Mariano Rajoyren gobernuaren jarrerada Europako instituzioek duten jarrera ankerraren beste adibide bat. Izan ere, Espainiako estatuak 2.000 pertsona inguru har ditzakeela esan du, estatu horrek 40 milioi biztanletik gora dituenean.

EH Bilduk uste du Europako Batasunak eta bere barnean dauden estatuek eta horiek erantzun bat eman behar dietela heriotzatik eta ihesetik ihes egiten ari diren eta beren etorkizuna bakean oinarritu nahi duten milaka eta milaka pertsona horiei. Giza eskubideak babestea eta betetzea ez da exijentzia horren oinarri bakarra. Ez baitugu ahaztu behar Europaren eta bere kideen nazioarteko politikak eragin zuzena daukala pertsona horien jatorrizko herrien egoeran; Europak eta bere aliatuek pertsonen eskubideei baino garrantzia handiagoa eman diote arlo edo interes ekonomikoei eta geopolitikoei.

Gaur egun, Mugagabeko Medikuak bezalako gobernuz kanpoko erakundeak dira Europak egiten ez duen lana egiten dutenak. Jaso diren asilo eskaerak oso txikiak dira horren atzean dagoen arazoaren tamainarekin alderatzen badugu edota Europak daukan maila ekonomiaren neurria eta biztanle kopurua kontuan hartzen bada.

Arazo humanitarioen aurrean konponbide polizialak jartzeari uzteko exijitzen die EH Bilduk Europako Batasunari eta Espainiako estatuari; era berean, giza eskubideen aitortzan eta errespetuan daukaten jarrera zekena alboratzeko eskatzen die.

Horrez gain, Euskal Herriko erakundeei, parlamentuetan hasi eta udaletaraino, drama honen aurrean jarrera aktiboa izateko eskatzen diegu, pertsona migratzaile, exiliatu edo errefuxiatuentzako gune ireki bezala izendatuz. Zentzu horretan, hainbat ekimen aurkeztuko ditugu hurrengo egunetan.

Pertsona bat bera ere ez da ilegala

Alternatibak salatu du PPren konstituzionalaren erreformak herrien borondatea bahitzeko helburua duela

Ayem Oskoz Alternatibaren Koordinakunde Nazionaleko kideak Alderdi Popularrak gaur iragarritako berehalako erreforma aztertu nahi izan du, Espainiako Erresumako Auzitegi Konstituzionalari bere ebazpenak betetzen ez dituenari zigorrak ezartzeko eskumena eman nahi diona; “noiz eta Kataluniako hauteskunde erabakigarrien atarian gaudela”. Ebazpen horiek, gogorarazi du Oskozek, “kutsu politikoa dute beti, berriro ere, frankismoak ezarritako Espainiako nazioaren batasun sakrosaindua gordetzeko helburuarekin eta, beraz, herrien borondatea bahitzea bilatzen dute”.

Alderdi ezkertiarretik salatu dutenez, “eskubide urraketa eta murrizketak nagusi diren kiribilean” urrats berriak egiten jarraitzen du Mariano Rajoy-ren gobernuak, honelako “kirtenkeriak” mahai gainean jarrita. Erreforma honen bidez, “Madrilek kartzela zein isunen mehatxuekin Katalunian hautestontziek ekintza demokratiko baten bidez esan dezaketena geldiarazi nahi du, kontra egiten dioten erkidegoen instituzioak bertan behera utzita ere”.

Oskozek, azkenik, “deitoragarritzat” jo du Merkelen argazkia Espainiako presidenteari bere “independentismoaren aurkako gurutzadan” laguntza eskaintzen. Izan ere, laguntza horrek “ordaina izango du, PPk Alemaniako finantza botere neoliberalen aginduen aurrean ageri ohi duen menpekotasunari eustea alegia”.

Guztien eskubide guztien alde, preso gaixoen aldeko manifestazioan izango gara

Urtero bezala Espainiar Estatuko gobernuak EAEn duen delegatuak Euskal Herriko festetan jarri du begirada, herritarrek hartutako erabaki eta antolatutako ekitaldiak erasotuz. Biktimen duintasuna aitzakia hartuta, Urkijok proiektu baten inposizioa eta Euskal Herriak behin eta berriz ukatu dion protagonismo politikoa lortu nahi du.

Ez da biktimen duintasuna bermatzen batzuk alde batera utzita; guztien onarpen eta aitortzak bakarrik egiten dio justizia biktimen duintasunari, eta ondorioz gobernuko delegatuaren jarrera sektario eta mendekariak biktimen duintasuna zuzenean erasotzen du, are gehiago biktimei egin daitekeen eraso bortitzena hauen mina alderdikeria eta helburu elektoralekin erabiltzea da.

Espainiar Estatuko gobernuaren delegatuak, gobernuak berak egiten duen bezala, Euskal Herriko gizartea hain konprometituta dagoen adiskidetze eta elkarbizitza prozesuari trabak jarri baino ez du egiten eta horretarako edozein aukera baliatzen du. Bere jarrera zital eta mendekariak interes elektorala zekenak baina ez ditu atzean, porrot egin duen Estatu eredu zaharkitu baten inposizioa azken finean.

Estatuko gobernuaren mendeku gosearen adibide garbiena kartzela politikan dago, presoei, bereziki gaixoei, oinarrizko eskubideak ukatuz. Asko gara Euskal Herrian herritar guztien eskubideak errespetatzea eskatzen dugunok, bereziki gaixotasun bat pairatzen duten presoena, eta uda garaian ere ez dugu alde batera uzten. Horregatik, bihar, abuztuak 28, Bilboko Plaza eliptikoan egingo den manifestaldian izango gara, gaixorik dauden preso guztien kaleratzea eskatzeko.

EH Bilduk garbi du protesta eta manifestazioa oinarrizko eskubide zibilak direla eta ezin direla PPk dituen interesen arabera urratu eta, gaur egun, Urkijo eta epaile batzuk ilegalizazio, debeku eta eskubideen urraketekin hori bermatzen dute.

Euskal Herriko gizarteak adiskidetzea nahi du, bazterketarik gabe biktima guztien onarpena eta erreparazioa nahi ditu. Pertsona guztien giza eskubideen errespetua eskatzen du, baita preso daudenena ere, eta ez Partidu Popularrak egin nahi duen bezala, alde bakarreko memoria faltsu bat inposatu herri honetako errealitate ezberdinak ahaztuz. Euskal Herriak ez du Madrilen esku sartzerik nahi, eta ez du behar kazike lanak egingo dituen gobernu delegaturik. Horregatik eta beharrezkoa ez delako, zaharkitua dagoelako eta inposatua delako, gobernuko delegatuaren figura desagertzea eskatzen dugu. Madrilgo gobernuari eta indar politiko guztiei dei egiten diegu, bazterketa eta inposiziorik gabe, bake prozesu, adiskidetze, normalizazio eta elkarbizitzarekin konpromisoa har dezaten.

EHBildu

Alternatibak Alfonen atxiloketa salatu eta elkartasuna adierazi du goraka doan eta Euskal Herrikoarekin gero eta antzekoagoa den errepresioaren aurrean

Alternatibatik salatu egin nahi dugu Alfonso Fernandez Alfonen atxiloketa, bart Madrilen gertatutakoa. Era berean, gure elkartasuna adierazi nahi diogu justiziaren manipulazioa eta gero eta errepresioa handiagoa jasaten ari diren guztiei, Euskal Herrian aspaldi bizi dugunarekin gero eta antzekotasun handiagoak baititu. Gazte honek lau urteko kartzela zigorra egin beharko du 2012ko azaroaren 14an eginiko greban parte hartu izanagatik, poliziaren lekukotasunean bakarrik oinarritutako salaketa izanik. Greba honek 180 lagun atxilotu, dozenaka zauritu eta salaketa ugari utzi zituen.

Alfonen atxiloketa agindu duten moduan, antzeko egoeretan dauden beste lagun batzuena gerta daiteke hemendik gutxira, esaterako, Cerredoko (Asturias) meatzariena. Ezin ahaztu, halaber, urte bereko beste greba deialdi batean parte hartzeagatik gurean atxilotu eta kartzelan dituzten Jon Telletxea eta Urtzi Martinez. Protesta kriminalizatu nahi dute, greba eskubidea delitu bihurtu, horixe da egun Espainiako Erresuman bizi den errealitate gordina. Hala da “Mozal” deritzon legea indarrean sartu baino bi aste eskasera, eskubide zibilen urraketan sakontzera datorrena. Protestarako eskubideak estatu baten demokraziaren maila adierazten badu, argi dugu Espainiak, berriz ere, suspenditzen duela.

Alfonek bere burua entregatu zuen atxilo zezatela, inguruan dozenaka lagunen elkartasuna jaso zuela, Euskal Herrian azkenaldian hainbestetan egin diren Herri harresien ereduari jarraiki, duela hilabete Gasteizen eginikoa kasu. Alternatibatik atxiloketa honengatik gure salaketa berresten dugu eta elkartasun internazionalistatik, larunbat honetan Madrilen elkarretaratzea egingo dutenekin bat gaudela adierazten dugu.

https://pbs.twimg.com/media/CHx7atFWUAAW_Fd.jpg

X