Euskal Herriak, Kataluniak bezala, bere bidea egingo duela Madrilen zain egon gabe

Beharrezkoa da Kataluniako gizartea zoriontzea. Igandean erabakitzeko eskubidearen ariketa praktikoa egin zuten, Rajoyren Gobernuak, Estatuak ezarritako oztopo guztien gainetik.

Kataluniako gizarteak hitz egin du eta bere etorkizunerako nahi duen estatus politikoa adierazi. Espainiar demokrazia eskasaren testuinguruan balio politiko handia dauka erabakiak eta, batez ere, Kataluniako herriaren zilegitasuna du.

Prozesu honen aurrean Kataluniako gizarteak jarrera eredugarria izan du eta Madrilgo Gobernuak demokrazia mailan dituen gabeziak erakutsi ditu. Ez du maila eman, ez du gaitasunik erakutsi, mehatxua izan da bere erantzun bakarra. Betoa ezarri nahi izan du, baina ez du lortu kataluniarrak isiltzea.

Alderdi espainiarrek berriz, krispazioaren mamua atera dute berriro ere. Gehiengoak dituen eskubideak lortzear dagoenean ikustean immobilismoa eta ukazioa da erantzun bakarra.

Baina Kataluniak utzi dituen lezioez aparte, Euskal Herriak ere bideari ekin behar diola uste du EH Bilduk. Eta hori egiteko bi baldintza behar dira: gizartearen babesa eta eragile politiko, sozial eta sindikal gehienen adostasuna. Hau da, bere buruaren jabe izan nahi duen gizartea eta maila ematen duen ordezkari politikoak. Euskal gizarteari ahotsa emateko helburuarekin akordioak, konpromisoak eta konplizitateak lantzeko ordua da.

Prozesu demokratiko eta konstituziogilea egiteko gure proposamena plazaratuko dugu. Prozesuak ahalik eta babes handiena lortu behar du eta aldebakarrekoa izan behar da. Argi dago Madril eta Parisek ez dutela nazio bezala ditugun eskubideak aitortzeko asmorik. Eta egoera horretan, bere eskubide osoen jabea den subjektu bezala aitortuak ez garenean, ez dago burujabetza partekatuarentzako lekurik, ez berdinen arteko hitzarmenak lortzeko aukerarik.

Euskal Bidearen ordua da, eta EH Bildu bide hori gainontzeko eragile politiko, sozial eta sindikalekin egiteko prest dago. Izan ere, Euskal Herriak Madrilen erantzunaren zain egon gabe egingo du bere bidea, Kataluniak egin duen bezala. Estatu espainiarrak demokraziaren arauak bete nahi baditu, ondo, etab estela gizartea gainetik pasako da, igandean gertatu bezala.

Alfonbra gorria muturreko eskuinari

Toni Ramos – Alternatiba

Kapitalismoak eragindako krisiaren ondorioz, gehien kaltetutako klaseak miseriara kondenatuta daude, bankuen, multinazionalen eta oligopolio energetikoen mesedetan. Testuinguru honetan, ulergarriena litzateke langileek ezkerreko indar alternatiboen alde egitea, eta honek militantzia eta bozka gehiago irabaztea, alderdi politiko klasikoen gainbeheraren aurrean. Eta hala gertatzen ari den arren, bestelako aukera batek ere gero eta jarraitzaile gehiago irabazten ditu azkenaldian.

Murrizketa sozialak, ustelkeria eta gizarte gehienak klase politikoarekiko garatu duen desilusioa baliatuz, muturreko eskuina eta faxismo berria azaleratzen dira. Eta diskurtso populista, erraz eta xume batekin egiten dute, inongo arrazoibiderik gabe, defendatzerik ez duen etsaiaren aurka gorrotoa erabilita eta gezur bat etengabe errepikatuz egi bihurtzearen arauari jarraiki. Izan ere, arrazakeria eta xenofobia oinarritzat hartuta, neofaxismoa krisiaren aurkako diskurtsoa entzuteko prest dagoen orori irtenbide erraz bat eskainiz elikatzen da: egoera honen errudunak etorkinak dira.

Baina faxismoaren eta muturreko eskuinaren etorrera ez da ustekabekoa; diskurtso mota hau bozak lortzeko tresna modura ikusi duten alderdi politiko tradizionalei egotzi behar genieke zalantzazko meritu hori. Hona hemen adibide batzuk:

Herri eskandinaviarretan, Norvegiako Alderdi Aurrerakoia edo Suediako Demokratak bezalako muturreko eskuineko alderdien diskurtso arrazistak gero eta indartsuagoak dira. Alderdi kontserbadoreak, arrazakeria eta xenofobiaren aurka agertu beharrean, gauza bera egiten hasi ziren, ultraeskuindarren presioak eraginda, etorkinen kriminalizazioa sustatzen zuten politikak abian jarriz. Guzti honen ondorioa muturrera heldu zen 2011 urtean gertatutako Utoyako sarraskian.

Frantzian ere antzera gertatu da. Le Pen xenofobia erabiltzen hasi zen herriaren arazoen errua ahulenei egotziz. Sarkozy kontserbadorea ere bozka errazaren trenera igo zen eta Errumaniatik etorritako ijitoak Frantziatik kaleratzen hasi zen, herritar musulmanen erlijio askatasun eskubidea urratzen zuen bitartean. Hollandek ere ez du egoera zuzendu. Politika hauen jarraikortasuna sustatzearen ondorioz, Fronte Nazional alderdi neofaxista Europako azken hauteskundeetan alderdi bozkatuena izan zen. Gaur egun, Marine Le Pen, muturreko eskuineko alderdiaren sortzailearen alabak, bere burua Frantziako Lehen Ministro gisa ikusten du.  

Antzeko adibideak daude Herbehereetan, Erresuma Batuan edo Italian, eta Euskal Herria ere ez dago fenomeno honetatik aske. Gurean bizi diren sona politiko handiko pertsonaiek, beren burura defendatu ezin duten etorkinak, boto eskubiderik ere ez dutenak, kriminalizatzen dituen diskurtso hau aspaldi erabiltzen dute.

Hauteskundeetan bozak lortzeko, babesgabe daudenak erruduntzen dituzte, eta ez PPk ezta PNVk ere, ez dute botere gehiago eskuratzeko aukera galtzeko asmorik. Berdin zaie bere diskurtsoak ez gutxiengo horri bakarrik baizik eta gizarte osoari kalte egiten badie. Europari besterik ez diogu begiratu behar, muturreko eskuina gure herrian ezartzeari bidea zabaltzen diotela ikusteko. 

Araba eta Bizkaiko Foru Aldundietatik, eta Sestao edo Gasteiz bezalako Udaletatik, etorkinen kolektiboaren aurkako salaketa faltsuak egin dira, orain arte ezkutuan mantendu den neofaxismoari alfonbra gorria jarriz, muturreko eskumaren iritziak bereganatuz eta politika naziak ezarriz. Kezkagarria da ikustea nola Gasteizen baliabiderik gabeko pertsonek saltoki sare jakin batean eta soilik berdez markatutako produktu zehatz batzuk erosteko baimena duten. Elikagaien errazionamendua gertuko enpresen onurako erabiltzea Francoren diktadurako garai ilunen ohiko zerbait izan zen, eta Javier Marotoren eskutik itzuli da.

Josu Begara, Jose Luis Bilbao, Javier de Andres eta Maroto bezalako politika munduko pertsona ezagunak iritzi arrazistak publikoki azaleratzeko gai badira, nork aurpegiratuko dio Democracia Nacional-i gauza bera egitea? Sasi-erakunde nazi hau Gasteiz inguruan etorkinen aurkako kartelak pegatzen hasi da dagoeneko. 

PP eta PNVko buruzagiei gogorarazi behar izango genieke, higiezinen eztandaren garaian, lanik falta ez zenean, Espainiako Erresumaren BPGaren hazkundearen ia erdia etorkinen ekarpenaren ondorioa zela. Akaso kontuan izan beharko lukete pertsona hauek Euskal Herrian bizi eta lan egiten dutela; Euskal Herrian jaten eta erosten dutela, eta ondorioz zerga zuzen eta zeharkakoak ordaintzen dituztela, beste edozein euskal herritar bezala. Agian ere kontuan izan beharko lukete kultur aniztasunak ematen digun aberastasuna. Eta batez ere, gogorarazi beharko genieke gure gizartearen zati oso handi bat (militante jeltzale asko tartean) euskal jatorrikoak ez diren etorkinek edo beren ondorengoek osatzen dutela. 

Etorkin katalan batek sinatuta, edozein etorkin marokoar edota zortzi euskal abizen dauzkan edozein bezain euskalduna.

Alternatibak ezkerrari dei egin dio erregimenaren gainbehera bigarren trantsizioz makillatzeko ahaleginei aurre egiteko

Alternatibaren bozeramaile nazional Asier Vegak eta Oskar Matutek prentsa agerraldia egin dute Alternatibaren Batzar Nagusiaren ospakizunaren aurretik. Estatu espainiarraren erregimen politikoaren gainbeheraren irakurketa politikoa egin ez ezik, burujabetza osoaren aldeko apustua aztertuko dute eredu sozial, politiko eta ekonomiko hau bere osotasunean aldatzeko funtsezko giltza bezala, beti ere, erabakitzeko eskubidea eta Kataluniako errealitatea mahai gainean izanda.

Alternatibak bere Batzar Nazionala egingo du gaur, erakundearen organo gorena, sei hilabetean behin elkartzen dena. Gaurkoan egoera sozioekonomiko eta politikoaren azterketa egiteko asmoa dugu, hausnarketaren ostean, Euskal Herriari zuzenean eragiten dion ziklo aldaketaren aurrean neurri urgenteak proposatzeko. Espainiar estatuaren egiturazko krisiak baldintzatutako ziklo aldaketaz ari gara.

Eredua bera dago krisian, estatuaren egitura instituzionala, bere maila guztietan ustelkeriaren gaitz endemikoak kolpatua ageri zaiguna eta, ondorioz, hari lotutako erakunde politikoak zipriztindu egiten dituena. Sistema zaharkitu hau demokraziatik eta zuzenbide estatutik gero eta urrunago ageri zaigu.

Hala, gizarteak haserrez ikusten du aberatsenen zerrenda lizuneko kideak gero eta ondasun gehiago pilatzen dituztela, aldi berean, CEOEk soldatak moderatzeaz eta gerrikoa estutzeaz hitz egiten digu; enpresarien elkarte horretako buruzagi atxilotuak eredugarri bailitzan.Izan ere, oraindik ere pairatzen ditugu Espainiako erresuman indarrean dagoen bipartidismoak konpondu ezin duen krisiaren ondorioak; baina inoiz ezingo ditu konpondu boteretsuen morroi gisa jokatzen duten bitartean. Merkatuen menpe daude eta ekonomia herritarren zerbitzura kudeatzeari uko egin zioten aspaldi.

Noski, lurraldetasun krisialdi baten aurrean ere gaude, adibide nagusiak, Kataluniak, erakutsi digunez. Biharko galdeketak agerian utziko du estatu hau herri eta nazioen kartzela gisa jokatzen duela, bertan egotea erabaki ez duten eta egotea ere nahi ez duten presoena, hain zuzen. Alternatibatik errealitate hori gainditu eta berea eraiki nahi dutenekin bat egiten dugu eta, horregatik, erregimenaren gainbeherak kaltetutako guztiei elkartasuna adierazi nahi diegu.

Eszenario honen aurrean, ezkerretik alternatiba argiak eta proposamen erradikalak jarri behar ditugu mahai gainean. Demokrazia bizitza politikoan txertatu; erakundeetako errealitatea eta botere guztia herritarren esku jarri; eta ekonomia gehiengoaren interesen menpe jarri eta ez gutxi batzuen mesederako.

Zentsu honetan, uste dugu apurketaren unea iritsi dela, ez duela balio hondamendi hau baliatzea erregimena balizko erreformekin makillatzeko. Ez baita egia, hala saldu nahi diguten arren, bigarren trantsizioa irtenbide bakarra denik. Zilegi da pobretzen gaituen guztiarekin apurtzea;  zilegi da demokratikoki bizitzea eragozten digun egitura guztiekin apurtzea; eta zilegi da, halaber, gure herriak hautatu ez duen errealitate baten menpe bizitzera behartzen gaituenarekin apurtzea.

Horregatik uste dugu ezkerraren, Alternatibaren eta gizarte osoaren zeregina dela edozein operazio estetikoaren aurkako oposizioa gorpuztea. Gehiengoa erakartzeko diskurtsoa sortu eta eguneroko jardunean aurrekoarekin apurtuko duen errealitatea altxatzeko gai izango dena.  Alternatibaren Batzarrak egoera honen aurrean ezkerrak jokatu beharreko paperaz hausnartuko du; eta era berean, Euskal Herriko ezkerrarentzat Euskal Herria Bildu izan behar den tresna izango du hizpide. Eraldaketan aurrera egiteko tresna ez ezik, bakea eta askatasuna nagusi izango diren etorkizuna eraikitzeko aldaketak ekarriko dituena.

Horixe da Alternatibaren helburua eta EHBildu osatzen dugun indar politiko guztiok partekatzen duguna. Hitza herritarrei bueltatzea, gizarte erabat demokratikoa eraiki eta horretarako bestelako eredu ekonomikoa eta sozialaren aldeko apustua eginda, dirua baino, pertsonak lehenetsita eta ardatz gisa beren beharrizanak eta duintasuna jarriko dituena.

Antolatu kanpaina

Bestaldetik, Alternatibak kurtso politikoarekin martxan jarri dugun aktibazio sozialerako kanpaina berria aurkezten dugu gaurkoan. Duela urtebete AKTIBATU leloa erabili genuen. Injustizia sozialaren eta murrizketen kontra altxatzera eta baita ere, krisi deitzen diogun egoera hau eragin dutenen pribilegioen aurrean harresi bat eraikitzera deitzen zuena. Euskal Herriko gizon eta emakume bakoitzari politikoki eta sozialki aktibatzeko deia; ez etsitzeko; beti ere, egungo egoerari buelta emango dion kontzientzia kritikoa garatzeko ahalegin batean.

Hala eta guztiz ere, gure kanpainak dioen bezala, aktibatzea ez da nahikoa; norbanakoaren borroka besteen borrokarekin bat eginda eraginkorragoa delako. Horregatik, aurten erabili dugun leloak horrela esaten du: ANTOLATU. Zapaltzen gaituzten menpekotasun sistema desberdinei aurre eginez; gure aldarrikapenak besteen oihuei lehenetsi gabe, aurpegi desberdinen atzean ezkutatzen den arerio berari aurre egiten diogulako.

Kanpaina honek pertsona desberdinak aurkezten dizkigu, denak bakoitzaren borrokan aktiboak, baina militantzia bateratua egin arte, sistemari aurre egiteko nahia asetzeko ezinean ibili diren horietakoak. Kartelak zera dio: “suspertutako kontzientzia berri bakoitza sistemari aurre egiten dion erronka berria da, eta besteekin bat egitean, bere gaitasuna biderkatzen du”.

Kanpainaren euskarriek, dagoeneko hiri eta herrietako kaleetan ikus daitezkeenak,  kartel eta diptiko forma hartzen dute. Baina kanpaina honek urrats berria ere badakar, hurrengo egunetan Antolatu abestiaren eta bideokliparen aireratzea ere egingo dugu.

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xpa1/t31.0-8/1523552_977285592288757_7659495609286575254_o.jpg

https://scontent-b-lhr.xx.fbcdn.net/hphotos-xpf1/t31.0-8/10714013_977285772288739_1114484027079725374_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xpf1/t31.0-8/10514224_977285825622067_3977473541434638235_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xap1/t31.0-8/10368363_977285928955390_5421443441031953763_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-e-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xap1/t31.0-8/10733854_977285948955388_8390055034062368705_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-a-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xaf1/t31.0-8/10620015_977286028955380_2753806987659825304_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-d-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xfp1/t31.0-8/10700385_977293652287951_5800074003480688568_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-e-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xpa1/t31.0-8/1397201_977293828954600_3421542835914267687_o.jpg

https://scontent-a-lhr.xx.fbcdn.net/hphotos-xfa1/t31.0-8/10547286_977293852287931_6407738937501758229_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-a-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xap1/t31.0-8/10556942_977293915621258_5436991677113898525_o.jpg

https://scontent-a-lhr.xx.fbcdn.net/hphotos-xpf1/t31.0-8/10608588_977293945621255_6680158585685239975_o.jpg

https://scontent-b-lhr.xx.fbcdn.net/hphotos-xap1/t31.0-8/10688479_977286135622036_1210873985498478239_o.jpg

X