Manifestazioa Bilbon, Kobanen herri kurduak daraman borrokarekin elkartasunez

Herri Kurduarekin Elkartasun Ekimenak, antolakunde eta mugimendu ezberdinez, tartean Komite Internazionalistak, mobilizazioa deitu du Azaroaren 1erako. Manifestazioa bilboko udaletik Guggenheim museora burutuko da, eguerdiko 12etan. Protesta honekin, Kobanin (Kurdistan) ematen ari den erresistentziari elkartasun eta sostengua adierazi nahi diogu, bai eta Estatu Islamikoa errefusatu ere.

Ekimenak bat egiten du Kobanen (Rojava) ematen den borrokarekiko elkartasunez eta Estatu Islamikoaren aurrean mendebaldeko gobernuen pasibotasuna salatzeko eginiko deialdi europarrarekin. Egun horretarako deialdia EUTCk (EU Turkey Civic Comission) egin du, Turkiak EBrekin bat egite aldera jarritako irizpideak betetzen dituen aztertzen duen hiritar erakundea da hau. Deialdi honek Kurdistango Nazio Kongresuaren (KNK) babesa jaso du.(KNK).

Manifestua:
Joan den irailaren 15ean Estatu Islamikoa erakunde kriminalak, inperialismoak bere tresna bezala darabilenak, Rojava’ko eskualdea autonomoan (Siria iparraldean) kokaturiko Kobanê hiri kurduaren aurkako fronte anitzeko erasoa abiatu zuen, hiria eskuratzeko hirugarren saiakera dena. EI-ak, berriro elkarturik, bortizki erasotu ditu, bereizi gabe, bai borrokalari kurduak bai herritar zibilak, helburu bakarrarekin: herri kurduak Rojavan eraikitako proiektu demokratiko eta askatzailea suntsitzea.

2013ko urtarrilean abiatu zuten kudeaketa autonomo honek, Konfederalismo Demokratikoan oinarriturik, eredu demokratiko bat garatzea du helburu, ez soilik Kurdistanen bizi diren herrientzat, baita Ekialde Hurbil osoarentzako etsenplu moduan ere. Asko dira ordea Rojavan martxan dagoen eredu demokratiko alternatibo honek izutu dituenak, baita haien buruak demokratikotzat agertzen dituzten horiek ere. Estatu Islamikoak Kobanê suntsitu nahi du eta, egun, hiru albotatik dauka inguratua, ia osorik, iparraldeko turkiar mugatik gertu dagoen aldetik izan ezik.

Estatu Islamikoa Amerikako Estatu Batuetan egindako armementu astunarekin sartu zen Kobanên, arma kimikoak ere (fosforo bonbak adibidez) erabili zituztelaren frogak badaudelarik. Turkiak ondo babesten du ere EI, bai armekin bai logistikoki, entzungor eginez nazioarteko erakundeen aldarriei (Nazio Batuak tartean) mugak laguntza humanitaroaren sarrerari irekitzeko eskatzen diotenean; eta egoera honen ondorioz ihes egitera beharturik izan diren ehundaka pertsonei ia inolako laguntzarik eman gabe. Kobanê-ko herriak, bitartean, Herriaren Defentsarako Taldeekin (YPJ eta YPG) erantzuten die eraso basatiei, EI-ren armamentu astunari arma arinak erabilita soilik eginez aurre.

Honek guztiak bultzatzen gaitu ESTATU ISLAMIKOAREN AURKA, KOBANÊREN ALDE, HUMANITATEAREN ALDE, NAZIOARTEKO DEIALDIAREKIN bat egitera.

Kobanêren erresistentzia askatasunaren eta demokrazioaren sinbolo bihurtu da jada, eta azkeneraino borrokatzeko erabaki irmoa hartu dute erresistentziaren indarrek. Euskal Herritik, Herri Kurduarekin Elkartasun Ekimena osatzen dugunok, eraso hau herri kurduaren helburu demokratikoak suntsitzeko xede argia duen sarraski antolatua dela ikusi eta berau gelditzeko exijitzen diogu nazioarteari. GELDI DEZAGUN SARRASKIA! BABES DITZAGUN GURE NEBA-ARREBAK HAIEN ETENIK GABEKO BORROKAN, HUMANITATEAREN ETSAIA DEN ESTATU ISLAMIKO GENOZIDA ETA FAXISTAREN AURKA!

Komite Internazionalistak

Espainiako Erresumak enpresari kolpista eta hiltzaileak saritzen ditu

Alternatibaren Mahai Internazionalista

Madrilen, hile hasieran, Latinoamerikako Enpresari Kontseilua CEALen topaketa ospatu zen. Pentsa daiteke desberdintasun sozial eta ekonomiko handiak dituen kontinentean, bertako enpresaburuek bidegabekeria horietan erantzukizunen bat izango dutela. Adibide bikaina da Miguel Facusse, Honduraseko lurraren %0,14ren jabe da eta 2.000 lempiraren aberastasuna dauka, nekazari batek, batez bestez, urtean 5.000 lempira irabazten dituen.

Gainera, ezin dugu ahaztu halako aberastasuna duen pertsona batek politikari ustelen laguntza izan behar duela, enpresa pribatuen galerak herritarren lepotik ordaintzea baimentzen diotelako, edota aipatutako politikari ustel horiek estaldura eta zilegitasuna ematen dietelako enpresari horiei. Horixe da egunotan Madrilen gertatu dena, Mariano Rajoy eta Felipe Gonzalez CEAL topaketan Facusse bezalako alprojen aurrean hitz egin dutenean. Hondurasen Celaya presidenteak klase herritarren aldeko erreforma txikiak egin nahi izan zituenean, enpresari honek milaka hildako eragin zituen estatu kolpe kriminala sustatu zuen.

Guzti horregatik, Alternatibatik salatu nahi dugu Felipe Gonzalez eta Mariano Rajoy kriminalekin duten elkar aditzea, eta gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu Honduraseko herritarren borrokari, estatu kolpe baten bidez boterea zitalki kendu zietelako.

Alternatibak elkartasuna adierazi dio faxisten erasoa pairatu duen Puyalon de Cuchas-ko antolakuntza idazkariari

Alternatibako Koordinakunde Nazionalak bere elkartasuna adierazi nahi dio Puyalon de Cuchas Aragoiko ezker independentistako alderdi adiskideari. Izan ere, bart gauean Puyaloneko antolakuntza idazkari Diego Marinek hiru neonazien erasoa pairatu zuen.

Adierazgarria da erasoa gertatu izana Puyalonek kideak #BesicoDisident kanpainako kartel batzuk gainean zituenean; jai herritarrak, barneratzaileak eta askatasun sexualen kontrako erasorik gabekoak aldarrikatzen dituen kartelak hain zuzen ere. Partekatzen ditugun edukiak dira baina, noski, pertsonen askatasuna eta aniztasunaren aurkakoak diren muturreko eskuinari enbarazu egiten diete.

Alternatibatik besarkada internazionalista helarazten diegu Puyalon osatzen duten gizon-emakumeei, eta Aragoi antifaxista baten alde lanean jarraitzera animatzen ditugu, non Marinek atzo pairatutako erasoen modukoek lekurik izango ez duten. Zorionez, ez duen bestelako ondoriorik izan, baina Zaragoza bezalako hirietan neonazien indarkeria gero eta larriagoa dela berrestera dator.

Mehatxuen aurrean demokraziak garaitu behar du, inposizioen aurrean gehiengoari entzun beharra dago

Catalunyako gizartearen gehiengoaren eskariari erantzunez azaroaren 9ko kontsulta deialdia errealitatea da dagoeneko. EH Bildutik zoriondu nahi ditugu posible egin dutenak eta Catalunyak bizi duen prozesuari gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diogu. Prozesua demokratikoa da eta Catalunyako gizarteak bere nahiak adierazteko aukera izango du.

Madrilek iragarri du erantzuna, bere horretan segitzen du, mehatxua, immobilismoa eta ukazioa dira Estatuak Catalunya eta Euskal Herriari eskaintzen diona. Gehiengoaren eskari demokratikoari Madrilek eskaintzen diona inposizioa da, espreski erabakitzeko eskubidea baztertu eta ukatzeko eraikitako legea onartzea besterik ez.

Estatua erreforma frankistaren porrotan kateatuta dago, egiturazko ahuleziak jota eta demokraziari beldur dio, gizartearen adierazpenari beldur dio. Ez du proposamenik, ez du borondaterik, Madrilek nahi duena arazoa bertan behera uztea da eta herrientzako kartzela den konstituzioa erabiliz Catalunyak eta Euskal Herria aldarrikatzen duten erabakitzeko eskubideari bidea itxi.

Oso une garrantzitsua da. Europan, Eskoziak atea zabaldu dio ez bakarrik eztabaidari, baita autodeterminazio eskubidearen ariketa praktikoari, Argi utzi dute Europan erreferendum independentista egitea posiblea dela, borondate kontua dela baina hori ez dute ez Madril eta ez Paris. Euskal Herrian ere nahi dugun autodeterminazio eskubideari. Beraz, bidea ireki da, aukera erreala da. Orain, gure etorkizuna eraikitzeko subiranotasuna defendatzen dugunon ardura du, eskatzen digutenari erantzun egokia eman behar diogu eta gizarteari errealitatea egiteko bidea eskaini behar diogu

Ez da epe edo presa kontua, demokrazia kontua baizik, hiritarron nahia errespetatzeko kontua, aurrera egiteko borondatearen kontua. Euskal gizarteari argi hitz egin behar diogu, zein da gure proiektua argi azaldu, zein da eskaintzen diogun bidea eta bide hori elkarrekin egiteko prest gauden esateko. Beste guztia distrakzio ariketa da.

Inertzia politikoa, geldotasuna, epe motzeko interesak, edo alderdi interesak ezin dira aukera historiko hau pasatzen usteko justifikazioa izan. Bidea aitortzan dago, errealitate desberdinetatik abiatuta, Euskal Herria erabakiaren subjektu politikoa da. Mehatxuen aurrean demokraziak garaitu behar du, inposizioen aurrean entzun eta euskal gehiengoaren nahia errespetatu arazi. Herriek erabakitzeko duten eskubidea onartu eta onartuko ez duenekin harremanak hausteko ordua da.

Bide hori baztertzea, aukera baztertzea arduragabekeria litzateke eta gizartearen gehiengoari iruzurra, honek bide propioa eskatzen baitu.

Madrilen danbateko eta ukazioa besterik ez dugu aurkituko, ez bada gure herria ukatzen duen lege sisteman lekua izen dezaketen erreformarekin konforme diren batzuk. Subiranotasuna konpartitzeko lehen izan beharra da. Euskal Herriaren etorkizuna ez doa Madriletik, Iruñetik, Baionatik doa, gure politika ekonomiko, sozialak, kultural, hezkuntzazkoak hemen erabakitzetik doa. Akordioak Euskal herrian izan behar dira eta Euskal Herrirako.

EH Bildu argi esan du, eta gaur errepikatzen dugu: bide hori egin nahi dugu, bide hori konpartitu nahi dugu eta eragile politiko, ekonomiko, sozial, sindikalekin. Gizartea protagonista izan dezala proposatzen dugu eta gizartea izan behar da Euskal Bidearen bermea, subiranotasunerantz euskal bidearen bermea.

EH Bildu bake prozesua desblokeatzeko prest agertu da eta elkarlana eskaini du erabakitze eskubidea gauzatzeko

EH Bilduk bihar politika orokorreko osoko bilkuran mahai gainean ipiniko dituen ardatz nagusien berri eman du gaur. Juanjo Agirrezabalak eta Oskar Matutek iragarri dutenez, koalizioa, PPren eta PSEren itxikeriaren gainetik, bake prozesua desblokeatzeko urratsak ematen jarraitzeko borondatea berretsiko du, pertsona guztien giza eskubideak, presoenak barne, bermatzeko eta biktima guzti-guztiak duintasunez aintzat hartzeko.

Euskal Herriak erabakitze eskubidea gauzatzeari begira, EH Bilduk aurrerapausoak ematen hastearen aldeko apustua egiten du eta bide horretan elkarlanean aritzea eskaintzen die helburu hori bera duten eragile guztiei. Norabide horretan Eskozia eta Katalunia eredu direla gogorarazi ondoren, Agirrezabalak eta Matutek adierazi dute Euskal Herrian ere inakzio politikoa gainditzeko unea iritsi dela. Diotenez, “ezin gaitezke Gobernu espainola mugitzearen zain egon”. Hori dela eta, erabakitze eskubidearen defentsak funtsezko elementua izan behar du jardun politikoan, “hemen erabakitzea ezinbesteko baldintza izango delako euskal jendarteak egunero dituen arazoei erantzun argia eta zuzena eman ahal izateko”.

Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideek Madrilek egindako inposaketak eta murrizketak salatu dituzte, arrakala soziala handitzen dutelako. Errealitate hori kontuan hartuta, koalizioak eskua luzatzen die Gobernu espainolaren erasoei aurre egin nahi dieten eragile guztiei, Rajoyk bultzatutako prozesu murriztailea geldiarazteko. Finean, “herriari herriarena dena itzultzeko ordua da”, esan dute Agirrezabalak eta Matutek. Hau da, ditugun tresnak, Kutxabank esaterako, herriaren mesedetan jarri behar da eta guztion dirua ezin da erabili gutxi batzuk aberasteko AHT bezalako azpiegitura erraldoiak eginez edo, etorkizunean, frackingaren bidez; ditugun baliabideak jendearen benetako beharrei erantzuteko erabili behar dira”.

EH Bilduk pertsonekiko eta haien beharrekiko duen konpromisoa ez da agertzen, ordea, Jaurlaritzaren jardueran, ez baita langabeziari eta injustizia sozialei aurre egiteko gauza”. Izan ere, “PPk bezala, EAJk ere interes ekonomikoen menpe ipini du bere burua, herritarren zerbitzari izan ordez”.

EH Bildu

X