Gipuzkoak 75 plaza eskatu dizkio Jaurlaritzari Eibarren eraikiko den ospitalean, mendeko pertsonentzat eta buruko gaixotasuna dutenentzat

Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proposatu dio 75 plazako zentro soziosanitario balioanizdun bat sortzea Eibarren egingo den ospitalean, zehazki, mendeko pertsonei eta buruko gaixotasuna dutenenei zuzenduta. Izan ere, etengabe igotzen ari da patologia kronikoak dituzten 65 urtetik gorako pertsonen kopurua eta erantzuna eman behar zaie pertsona horiei; horrez gain, arreta espezializatu gehiago eskaini nahi da adimen osasunaren arloan. Foru proposamenean aurreikusten da errehabilitazio psikosozialeko eguneko zentro bat eta bi egoitza unitate sortzea, bata, adimeneko nahasmendu larria dutenentzat eta, bestea, osasun-arreta behar duten mendeko pertsonentzat. Lanak berehala hasiko direnez, Aldundiak aurrera pauso bat eman nahi du bere proposamenarekin, izan ere, oraindik ez dago argi zein zerbitzu eskainiko diren aipatu eraikinean.

Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatu eta Alternatibako kideak proposamen hori bidali du Osasun Sailera, Eibarren eraikiko den ospitalean plaza soziosanitarien erreserba egin dadin; izan ere, plaza horiek bi administrazioen artean finantzatuko lirateke eta gizarte eta osasun zerbitzu bateratuen beharra duten pertsonen babeserako izango lirateke.

 Diputatuen esanetan “nahiz eta Eusko Jaurlaritzak ez digun ezer jakinarazi, prentsaren bidez jakin dugu irailean hasiko direla Eibarko ospitaleko obrak; ospitale horrek subakutuentzako oheak eta oraindik zehaztu gabeko beste zerbitzu batzuk izango ditu.  Ospitale proiektu horren zehaztasun faltak benetako osasun-beharraren inguruko zalantzak sortu ditu hasiera-hasieratik  eta,  horregatik, Aldundiak erabaki  du eskualdean benetan behar diren plazak sortzeko proposamen bat egitea”.

Proposamena ez da ospitalean ohe soziosanitarioen kopuru mugatu bat jartzea, baizik eta errekurtso soziosanitario balioanizdunarekin batera ohe horiek alboko eraikin batean jartzea; horrela, inguruan egun dauden 35 plaza eramango lirateke eraikin berrira eta, gainera, beste 40 plaza sortuko lirateke.Eraikin horrek hiru solairu izango lituzke.

– Behe solairua: Solairu horretan 25 plazako errehabilitazio psikosozialeko eguneko zentro bat jarriko litzateke; horietatik 23 Eibarren egun dagoen zentro batetik ekarritakoak eta 3 berriak.

– 1. solairua: Adimeneko Nahasmendu Larriko Egoitza Unitatea jarriko litzateke.Eibarko egoitzatik 13 plaza eramango lirateke eta beste 12 sortu.

– 3. solairua: Solairu horretan Egoitza Unitate Soziosanitarioa jarritako litzateke, 25 plaza berri sortuta.Mendeko pertsonentzat izango litzateke batez ere, hau da, beste ospitale batzuetan egon ondoren, eta nahiz eta alta klinikoa jaso, beraien bizitzaren amaieran edo etxera edo egoitzara itzuli aurretik zaintza handiak behar dituzten pertsonei zuzenduta egongo litzateke.

Diputatuak adierazi duenez, zentro hori eraikitzen bada asko hobetuko da eskualdeko arreta soziosanitarioa, lagungarri izango da patologia kronikoak dituzten 65 urtetik gorako pertsonentzat, adimen osasunaren alorreko arreta espezializatu gehiago emango da, eta egun dauden errekurtsoak berrantolatuko dira.Beraz, Rodriguezek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio kontuan har dezala Gipuzkoako proposamena eta lurralde horretako mendeko pertsonen eta buruko gaixotasuna dutenen bizi kalitatea hobetzeko baliabideak jar ditzala.

Gipuzkoa Politika Soziala

Albizu: “Gizarte laguntzetara bideratutako udal gastua %200 igo da legealdi honetan”

Jon Albizu Ongizate zinegotzi eta Alternatibako kideak 2013ko Donostiako Gizarte Ongizateko zuzendaritzaren Memoriaren aurkezpenean azpimarratu duenez, “Udala da gizarte-zerbitzuen sistema orokorrera sartu ahal izateko igaro beharreko atea eta, honen helburua izan da ate hori etenik gabe irekita egotea”.

Azken urtean ez da araudi aldetik aldaketa handirik izan eta, ondorioz, ez da aparteko jauzirik izan artatutako pertsona kopuruari dagokionean: guztira 13.124 izan dira, eta horietatik 2.878k lehen aldiz jo dute gizarte-zerbitzuetara.

Edozein kasutan, Albizuk azaldu du Udalak apustu garbia egin duela pertsonen alde, krisiaren ondorio latzak arintze aldera, eta bereziki nabarmendu du zuzenean ematen dituen udal laguntzen pisua: “Legealdi hasieran 239 pertsona edo familiak jasotzen zituzten eta gaur egun 571 pertsona edo familiaren beharrei erantzuten diete. Legealdi honetan %200 igo dira udal laguntza horietara bideratutako sosak”.

“Ahalegin hori Gizarte Larrialdietarako Laguntzak osatuz egin dugu”, gaineratu du Albizuk: “Eusko Jaurlaritzaren menpe dauden laguntzak dira, baina Udaletik osatu egiten ditugu baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiei, baina Eusko Jaurlaritzaren laguntzak iristen ez zaizkienei, iritsi dakizkien. Gizarte Larrialdietarako Laguntzak osatzeko Udalak jartzen duen dirutza 628.945 eurokoa da”.

Albizurentzat azpimarragarria da, era berean, gizarteratzeko diru laguntzen kasuan izan den igoera: “Gure inguruan lana lortzeko dauden arazoei lotutako laguntza da. Ohiko etxebizitzari eutsi ahal izateko bideratzen diren laguntzak dira, neurri handi batean: alokairuak ordaintzeko edo etxebizitza maileguei aurre egiteko”.

Albizuk eskertu nahi izan du zerbitzu sozialen arloan lanean ari diren pertsonen ahalegina, egiten duten lana eta lan hori egiteko duten modu arduratsua.

Donostia gaur

Palestinarekiko elkartasuna Nakba-ren 66. urteurrenean

Maiatzaren 15ean Nakba-ren eguna gogoratzen da, “hondamendiaren eguna” arabiarrez hain zuzen ere. Izan ere, 1948ko egun horretan herri palestinarraren zati handi bat bere etxeetatik kanporatua izan zen. Hortaz, Israelgo Estatuaren sorrera, sionismo politikoak hamarkada batzuk lehenago teorikoki garatuta, “herririk gabeko lurra lurrik gabeko herriarentzat” premisa faltsuan oinarritzen da. Zentzu horretan, Israelgo Estatuaren sorreraren osteko populazio palestinarraren kanporatzea proiektu espantsionista sionistaren beharren gauzatzea baino ez zen izan. Historian zehar izan diren beste kolonizazio adibide batzuen aldean, kasu honetan ez zuten bilatzen bertako populazioa menderatu eta lan-esku merke bezala erabiltzea, baizik eta judutarrekin ordezkatzea, edozein lekutatik etorrita ere. Modu honetan, gehiengo demografiko judutarra lortuko zuten, erlijio judutarra bere zutabe nagusia daukan Estatuaren existentzia ziurtatuko lukeen gehiengoa hain zuzen ere.

1947ko 181 Ebazpenaren bidez NBEk onartu zuen Palestinaren zatiketa (ordura arte agindu britainiarraren menpe zegoen) eta jarraian Israelgo Estatuaren aldebakarreko adierazpena heldu zen. Hala ere, zonaldeko Estatu arabiarrek ez zuten onartu eta gaur arte dirauen gatazka historiko eta politikoa hasi zen. Sortu berria zen entitate sionista (neurri handi batean EEBBek eta Estatu europar batzuek finantzatua eta armatua) eta Libano, Egipto, Transjordania, Siria eta Iraken arteko enfrentamendu militarraren testuinguruan populazio palestinarraren zati handi baten kanporatzea gauzatu zen, aginte britainiarraren garaietan erreprimitua eta desarmatua izan ostean. Iturrien arabera datak aldatzen badira ere, 700.000-900.000 palestinar haien etxebizitzak uztera behartuta izan ziren, Ejertzito sionistaren aurrekaria zen Hagana indar militarraren presioak eta sarraskiek bultzatuta. Iheslarien zati bat inguruko nazioetara abiatu zen eta beste zati batek Zisjordaniako eta Gazako errefuxiatu eremuak sortu zituen. Gaur egungo zifrak 4 milioien inguruan leudeke, NBEk berak aitortzen dituen lehen errefuxiatuen ondorengoak kontuan hartuta.

Nakba-tik 66 urte pasatu dira jada eta 1948ko errefuxiatu gehienak hil dira etxera ezin bueltaturik. Beren ondorengoek haien etxeen giltzak gordetzen dituzte oraindik, eta itzultzeko itxaropena eta aldarrikapenari eusten diote, gobernu askok plan sionisten aurrean mantentzen duten axolagabekeria edota konplizitate zuzenaren gainetik.

Hala ere, herri palestinarrak pairatzen duen egoera ez da mugatzen 1948 kanporatzera. Azken sei hamarkada eta erdi hauetan errepresio eta ustiatze bortitza gauzatu da proiektu sionista finkatzeko eta Estatu palestinar bat bideraezin bihurtzeko. 1948an lapurtutako lurrez gain, Estatu sionistak lurraldeak bereganatzen jarraitu du, palestinarren kontura baita siriarrenera ere (1967). Koloniak eraikitzeko politika (ondoriozko israeldarren erabilpen esklusiboko errepideen sareaz, segurtasun perimetroaz, check-point-ez eta militarizazioaz) eta Apartheid harresia (familia palestinarrak banantzen, nekazal-eremuak mozten eta herri palestinarren arteko joan-etorria itotzen duena), jendarte-ingeniaritza sionistaren parte dira, lurraldea bereganatzeko eta bertakoak ordezkatzeko helburua duena.

Estatu sionistak urteetan zehar ostutako lurren garapena mapa baten gainean ikusten badugu, oso erraz ulertuko dugu nola egoera batera heltzen ari den non palestinarrak beraiek beren lurraldearen barruan isolatuta geratzen ari diren, alderantzizko kolonien modura. Hau guztia Gazako egoera deskribatzera sartu gabe. Izan ere, Hamas-en aurkako gerra-politika sionistei nazioarteko gobernuek emandako sostenguak milioi bat eta erdi biztanleko zonalde hau zabortegi bihurtzea ekarri du, non populazioak ez daukan ezta oinarrizko zerbitzurik, kanpotik ezarritako isolamendua dela eta.

Nakba-tik 66 urtera ez da aurreikusten epe motzean irtenbide bat herri palestinarraren eskubideen aitorpenerako bidean, errefuxiatuen bueltatzea ezinbestekoz jaso behar duena. Zonaldean garatzen ari den ofentsiba inperialistak (Libia, Siria, Libano, Egipto…) ez du errazten herri palestinarraren aldeko presio nahikoa inguruko gobernuetatik.

Egoera etsigarri honen aurrean, bi alderdi azpimarratu behar dira. Alde batetik, bizirik jarraitzeko eta okupazioa, zapalkuntza eta Apartheid egoera bukatzeko herri palestinarraren borroka eta sakrifizioa. Borrokatzeko gaitasun hori, belaunaldiz belaunaldi irakatsita, etorkizunaren bermerik onena da herri honentzat: ezer oparituko ez dietelako eta, gainera, lapurtzen eta gutxiagotzen jarraitzen saiatuko direlako kontzientea dena.

Beste alde batetik, indarrean jarri nahi dugu Palestinarekiko nazioarteko elkartasuna eta, honen barruan, herri palestinarrak proposatutako elkartasun-ekimen handiena: Israelgo Estatuaren aurkako boikot, desinbertsioak eta zigorren kanpaina (BDS kanpaina: www.bdsmovement.net/call). Palestinako 173 erakundek bultzatutako kanpaina honek Israelgo Estatuak herri palestinarraren autodeterminazio eskubidearen aitorpena bilatzen du, baita nazioarteko legedia betetzea ere, honako alderdi hauei dagokienez: okupazioa eta kolonizazioa bukatzea, harresia botatzea, Israelen bizi diren palestinarren eskubideen berdintasuna aitortzea eta errefuxiatuen bueltatzea onartzea.

Kanpaina honen tresna nagusiak hauexek dira: produktu eta zerbitzu israeldarrei boikota (Israelgo enbaxadore kultural gisa aritzen diren artistei eta akademikoei boikota barne), sektore publikotik zein pribatutik ez inbertitzea herri palestinarraren eskubideen zapalkuntzarekin erlazionatuta dauden enpresa israeldar zein beste nazioartekoetan, eta hirugarrenez, nazioarteko instantzietan Estatu sionistaren aurkako zigorrak ezartzea. Hauek dira herri palestinarrak munduko herrien eta erakundeen eskuetan jartzen dituen tresnak elkartasuna erarik eraginkorrenean lantzeko. Hegoafrikako Apartheid erregimenarekin bezala, Palestinarren Nakba betikotzen eta sakontzen duen Estatu sionistaren isolatzea eta ahultzea epe-luzeko borroka da. Hala ere, BDS kanpaina arrakasta handiak jasotzen ari da jada eremu komertzialean (Veolia edo G4S enpresen galera handiak kontratuetan), kulturalean (Israelen egitekoak ziren emanaldiak bertan behera geratuta eta artista israeldarrek atzerrian emateko emanaldien aurrean protesta ugari) eta akademikoan (unibertsitate israeldarrekin ez kolaboratzeko adierazpenak nazio batzuetako unibertsitateen eskutik edo pasa den urtean Jerusalem-en nazioarteko konferentzia batean Stephen Hawking-ek bere parte-hartzea bertan behera uztea). Euskal Herrian ere, Palestinaren aldeko elkartasuna bideratzeko daukagun erarik onena BDS kanpaina da. Azken urteetan agerian geratu denez, lan-eremuak ez daude faltan. Izan ere, beharrezkoa da presioa handitzea entitate sionistarekin dauden eta egon daitezkeen harreman guztiak mozteko, instituzio, komertzio baita akademia arloetan ere.
Era berean, Palestinaren zapalketaren aurka kokatu gabe, eta Israelgo Estatuaren irudi “adiskidetsua”, Estatu modernoa eta demokratiko gisa irudikatzeko jasan behar ditugun kirol erakustaldien (Tel Aviv-eko Maccabi…) edo kultura-emanaldien (Noa Gasteizko Jazzaldian aurtengo uztailean…) aurrean ezin dugu geldirik geratu. Nakba-ren nazioarteko gogorapenean beharrezkoa da guztiok lan egitea, bakoitzak bere esparruan, proiektu sionistari zilegitasuna kentzeko eta herri palestinarrarentzako irtenbide-eskenatoki baten alde egiteko. Zentzu horretan, gaur egun, egin dezakegun elkartasunik eraginkorrena BDS kanpaina are gehiago bultzatzea eta zabaltzea da.

Sionismorik gabeko Euskal Herria lortzea herri palestinarraren askapen prozesuarekiko gure kontribuzio partikularra izango da.

Euskal Herria-Palestina Sarea

*Alternatiba eta EHBildu sare honen partaide dira beste hainbat sindikatu eta gizarte eragileekin batera.

 

AHT ordaintzeko euskal herritarron poltsikoetatik aterako diren 5.000 milioi euroak, Urkulluren Gobernuaren kudeaketa politiko eta sozial zentzugabe eta arduragabearen adibide nabarienetarikoa

Indarrean dagoen sistema erdoilduaren gainbeheraren bi eredu adierazgarri ezagutu behar izan ditugu aste honetan. Lehenengo eta behin, langabeziaren datu kezkagarriak ezagutu genituen. Hego Euskal Herriko administrazio nagusietatik eta gobernu zentraletik kontrakoa saltzen ari zaizkigun arren, ekonomiaren berpizkunderik ez da gertatzen ari; herritar arruntok behintzat horren arrastorik ere ez dugu somatzen. Lehendabiziko danbateko horren ostean, pairatzen ari garen krisian murgildu gaituzten alderdiek beste urrats bat eman dute asteon, eta abian jarri dituzte beren irudia garbitu nahi duten marketing operazioak. Hor kokatu behar dugu AHTren Bergarako lotuneko lanak lizitatzeko Madrilgo Gobernuak hartutako erabakia.

PPren Gobernuak erabaki du beste 133 milioi euro gutunazalak banatzeko zaletasuna omen duten enpresa eraikitzaileei bideratzea, egoera larrian dauden milaka eta milaka herritarren premiak bigarren maila batean utzita. Hau da, herritar arrunten ikuspegitik, Madrilek erabaki du beste 133 milioi euro zakarretara botatzea. Ezin baita bestela definitu inondik inora joango ez den trenbide batean baliabide publikoak xahutzea. Ezin baita bestela ulertu euskal herritarren garraio gabeziak inondik inora konponduko ez dituen eta gure ingurumena suntsituko duen azpiegitura baten tamaina honetako inbertsioak egitea.

Gaur egun dauden aurreikuspenak betetzen badira, euskal herritarron poltsikoetatik aterako diren 5.000 milioi euro bideratuko dituzke azkenean Madrilgo Gobernuak eta Jaurlaritzak AHTra. Kudeaketa politiko eta sozial zentzugabe eta arduragabeagorik aurkitzea zaila da, zinez.

Urkulluren Jaurlaritzak pozarren hartu du albistea. Madril ere kritikatu du, baina ez inbertsioaren zentzugabekeriagatik. Alderantziz, lanen garapena azkarrago eta modu ordenatuagoan egitea eskatu du. Madriletik PPk egin bezala, hemen ere enpresa eraikitzaileen interesak lehenesten ditu EAJk, herritarrak eta beren premiak alboratuta.

Jaurlaritzarako aurtengo aurrekontuak prestatzerako orduan ere horrela jokatu zuten Urkulluk eta bere gobernu taldeak. 2014an, 366 milioi euro bideratuko ditu AHTra, horrek inbertsio sozialean izango dituen ondorioei erreparatu gabe. Hala, ongizate estatuaren bi oinarrietan, hezkuntzan eta osasun sisteman, murrizketak aplikatzen ari da aurten. Hezkuntzarako partidan aurreko urtean baino 166 milioi euro gutxiago izango dira eta osasunera bideratutako partidan 55 milioi euro gutxiago. Enplegua sustatzeko politiketarako, berriz, 121 milioi euro gutxiago izango dira. Beste behin, ‘Porlana helburu’ leloa erraietaraino sartuta daukala agertzen du EAJk.

Erabaki horien ondorioak nozitzen ari direnak herritarrak dira. Agerikoa da behinola eredugarria izan zitekeen osasun sistemaren gainbehera: ordezkapenetarako pertsonalik ez da kontratazen, itxaron zerrendak gero eta handiagoak dira… Eskainitako zerbitzuaren kalitatea behera eta behera egiten ari da, osasun sistemako langileen ezintasunaren aurrean. Antzeko zerbait esan dezakegu hezkuntzari buruz. Eta enplegua sortzeko politikei buruz zer? Agerraldi honen hasieran esan dugu. Langabezia tasak gora eta gora egiten ari dira, egoera honi aurre egiteko Jaurlaritzaren gaitasun falta agerian utzita. Urkulluren gobernuak ez du baliabide publiko nahikorik bideratzen gure gizarteko drama gordinetako bat konpontzera, eta gero eta nabariagoa da dirurik ez ezik, ideia berritzaitzailerik ere ez duela. Bide honetan, laster izango gara %20eko langabezia tasekin, Grezia, Espainia edota Kroaziaren parean.

Gure gizartea gero eta gehiago hondoratzen ari den AHTren gurpil ero honetatik lehenbailehen ateratzeko deia egiten diogu EHBildutik Urkulluri eta EAJri. Gure herria egoera sozial eta ekonomiko oso larrian egonda gure garraio premiak konponduko ez dituen azpiegitura batera tamaina horretako dirutza bideratzea iraina da herritarrentzat. Ez da onargarria gure gizartea gero eta txiroagoa denean, porlanera eta enpresa eraikitzaileen poltsikoetara gu denon lanetik sortutako dirua bideratzea. Gaur inoiz baino gehiago inbertsio soziala handitzeko unea da, herritar askoren beharrak ere inoiz baino handiagoak direlako. Diru faltaz baino gehiago, lehentasunak ezartzeaz ari gara. Eta EAJ, beste behin, porlana lehenesten ari da, herritarrak eta haien premiak bigarren maila batean utzita.

X