Alternatibaren VII. Asanblada Nazionala: Azken hilabeteetako eta aurrera begirako irakurketa
Aurreko Asanblada nazionaletik igaro diren hilabeteetan aldaketa ugari gertatu dira gizartean, ekonomian zein politikan, Euskal Herrian eta nazioartean ere bai. Zalantzarik ez dago maiatzaren 22ko hauteskundeak mugarri izan direla testuinguru politikoan ezkertiar eta subiranisten koalizioa, Bildu, Hego Euskal Herriko erakundeetara heldu delako. Edonola ere, bestelako gertaerak ere aipatu behar ditugu.
Sistemaren krisia areagotu egin da eta gero eta eraso gehiago sustatu ditu, langile, langabe eta pentsiodunen aurka. Espainiako Erresumak Europa osoan emandako lan eta giza eskubide murrizketarik larrienetako batzuk onartu ditu, EAJ bezalako eragileen laguntzarekin, izan ere, jeltzaleek ez dute inolako arazorik izan eskubideak zapaltzeko joeararekin bat egiteko.
Udal eta foru hauteskundeetan jaso dituen babesa eta konfiantzagatik, Bildu aliantza arrakastatsua izan da, baina baita beharrezkoa ere, klase politiko ustelak merkatuekin aspaldi eginiko koalizio hautsiezinari erantzuteko hain zuzen ere. Merkatuek erabaki ekonomiko eta sozialen gainetik daude orain, ukiezinak ziruditen testuak aldatzeko gaitasuna ere dute, Espainiako konstituzioa ere.
Bere sorreratik, Alternatibak euskal ezker subiranisten artikulazioa babestu du, proposamenetan eta jaiotzez anitzak diren baina oinarri batzuk komunean dituzten ezkerren elkarlana, pertsona guztien eskubide guztiak eta Euskal Herriaren subiranotasuna eta autodeterminazioa sustatzen dituztenena. Horiek dira 313.000 lagunen babesa jaso duen proiektu itxaropentsua sortzera eraman gintuzten printzipio komunak, eta Amaiur koalizio berria osatzera eraman gaituztenak, abiatutako aldaketa politikoa eta soziala Espainiako Erresumako erakunde zentralera eramateko indar gehiago batuko dituztenak.
Jarduera handikoak izan dira azken hilabete hauek Alternatibako militanteentzat, arduraz eta ilusioarekin proposamen, programa eta helburuak zehazteko mila bileretan parte hartu dute. Gaur, zalantzarik gabe esan dezakegu Alternatiba indartuta atera dela prozesu honetatik; militante kopuruan, ideologian eta sozialismo multidimentzionalaren apustuan indartuta. Demokrazia parte-hartzailea, patriarkatuaren kontrako borroka, ingurumenaren defentsa eta justizia soziala dira gure aldarriak, borroka guztiak agenda bakar batean bilduta, eta bata bestearen gainetik jarri gabe. Alternatibaren oinarriak ez dira koalizio berriaren baitan desegin, ezta gutxiago ere, bere jarduera handitu egin du eta Bilduren baitan ekarpenak egin eta koalizioan parte-hartzeak ematen digun indarra baliatu egin dugu.
Hilabete hauen ostean, halaber, argi dugu ezkerra irauli behar dugula mundua irauli ahal izateko. Denbora honetan milioika lagunen haserrea, borroka eta protestak ikusi ditugu; Afrikako diktaduren kontrako altxamenduak, likidatzaileen kontrako manifestazioak Grezian edota, urrunera jo gabe, Bilboko kaleak jendez gainezka, alkatearen eta herrizaingo sailburuaren jarrerak salatzeko auzo bati kulturaren ametsa eraitsi diotelako. Alternatibak mugimendu sozialen artikulazioa ahalbidetuko duen eredua eraikitzeko konpromisoa dauka oraindik ere.
Egutegiak gogora ekartzen digu, bestetik, Euskal Herriko normalizazio politikoa inoiz baino gertuago dugula, batzuen geldotasunaren gainetik bada ere. ETAren su etena, egiaztatze prozesua, Gernikako Akordioaren garapena, Ekin desegitea edo indarkeriaren zati bat amaitu izanak, alabaina, aurrean ditu zenbait gobernuen itxikeria, milaka pertsonen eskubide politikoak urratzen jarraitzea eta Bateragune auziko epaia, borroka armatua soberan dagoela eta oztopo dela adierazi duten buruzagi politikoak kartzelara zigortzen dituena. Alternatibak gatazka konpontzeko mugimendu guztien parte izan da, eta euskal herritarren gaineko tutoretzak desager daitezela exijitu du, ETArena zein Auzitegi Nazionala bezalako erakunde atzerakoiena.
Alternatiba, ezker abertzalearekin, Eusko Alkartasunarekin eta Aralarrekin koalizioan, hauteskunde berrietan parte hartzera indarrak, gogoak eta ahalmenak bikoiztuta doa, Euskal Herri zeharo desberdina mundu zeharo desberdin batean eraikitzeko helburuarekin, Madrilen ahots ahaltsua izateak errazagoa egingo duena. Jakin badakigu berriro ere alde bakoitzaren batuketa baino askoz gehiago izango garela, pertsona oso desberdinen konfiantza eskuratuko dugulako, haiekin daude gure ilusioak eta gure itxaropenak alternatibaren bila jarraitzeko.
BILBON, 2011ko URRIAren 8an