Alternatibak zarrastelkeria deritzo Gasteizko trena lurperatzeko 500 milioi xahutzeari murrizketa basatiak egiten ari direnean

Alternatibako bozeramaile Josu Estarronak bere erakundearen “haserrea” azaldu du Mariano Raxoiren Gobernuak Gasteizko Trenbidearen Integraziorako proiektua berpizteko asmoaren aurrean. Obra horrek Abiadura Handiko Trenari lekua egingo dio eta, aldi berean, egungo trenbidea lurperatuko du, egun zeharkatzen dituen lurrak hirigintzarako askatuz.

Estarronak gogorarazi duenez, proiektu honetarako 500 milioi eurotik gorako aurrekontua aurreikusi egin da, lau administrazioen artean ordaindu beharrekoak. Diru horren erdia, beraz, gasteiztarren, arabarren eta EAEko herritar guztien poltsikoetatik aterako da. Egitasmoa, “administrazio guztiak zorpetuta daudenean eta osasungintzan, hezkuntzan eta gainerako zerbitzu publikoetan murrizketa basatiak astero ezartzen ari direnean” eraman nahi dute aurrera. Gaineratu duenez, “krisi sistemikoak eta porrot egin duen eredua iraunarazteko asmoa besterik ez duten politikek eragindako egoera zailaren aurrean, Alternatibak ezinbestekoa deritzo hamarkadetako borrokari esker lortutako eskubideak babesteari, propaganda politikoa eta interes pribatuak ekarriko dituzten makroproiektuak sustatu beharrean”.

Talde ezkertiarreko bozeramaileak, halaber, zalantzan jarri du lurperatu asmo duten oruberako iragarritako proiektua, “zentroan kokatutako etxebizitza horietarako eroslerik egongo den zalantza dugu, eta elite aberatsenen esku bakarrik egongo ez ote diren beldur gara, erdi hutsik egon daitekeen Salburua edo Zabalgana berri bat sortzera doaz, luxuzkoa oraingoan”. Guzti horregatik, Alternatiba Arabak proiektua bertan behera uzteko eskatu du eta administrazio desberdinei dei egin die diru publikoaren erabilera kudeatzeko orduan, “pertsonen eskubideak lehenetsi behar dituzte, adreilua eta porlanaren burbuila sustatu beharrean, Araban zein Euskal Herrian edota Espainiako Erresuman sozialki eta ekonomikoki kaltea besterik ez baitu eragin”.

Gernikako Akordioaren adierazpena Parot Doktrinari buruzko epaiaren harira

Bilboko manifestazio nazionalaren amaieran irakurritako adierazpena:

Gernikako Akordioa sinatzen dugun eragile politiko, sindikal eta sozialok, eta gaurko manifestazioarekin bat egin duten beste eragilek, Auzitegi Konstituzionalak euskal preso politikoei zigorra luzatzeko doktrina ontzat eman izana irmoki arbuiatzen dugu. Auzitegi Konstituzionalaren erabakia oso larria da, lehenik eta behin, oinarrizko giza eskubideen aurka egiten duelako. Baina horrez gainera, gatazkaren konponbidearen aurkako erabakia da, gobernuaren borondate falta agerian uzten duena.

Parot doktrina aski ezaguna zaigu, justizia eta eskubideen ikuspegitik askotxo baitira zalantzan jarri izan dutenak, bai Euskal Herrian, bai eta nazioartean ere. Auzitegi Konstituzionalak ordea, mendekua bilatzen duen eta salbuespenekoa den doktrina lege bilakatzea erabaki du.

Erabaki honek oinarrizko giza eskubideen aurka egiten du, kondena bete duten presoak kartzelan mantentzea legezko bilakatzen baitu, askatasunerako giza eskubideari atea itxiz eta bizi osorako kartzela zigorrari bide emanez.

Auzitegi Konstituzionalaren erabaki hau gure herriaren bake eta konponbide nahiaren aurkako eraso zuzen gisa interpretatzen dugu. Estatuko botere eta aparatuek nabarmen utzi dute Euskal Herrian ireki den agertoki berriaren aurrean duten borondatea zein den. Estatuak blokeo egoera ezarri eta betikotu nahi du, gatazkaren konponbide politiko eta demokratikorik nahi ez duelako eta bere asmoa bakea eraikitzeko aukera zapuztea delako.

Gauzak horrela, Gernikako Akordioa izenpetzen dugun eragileok aterabide demokratikoa erdiesteko gure konpromisoan berresten gara. Irekiriko prozesua bururaino eramateko konpromiso osoa eta sendoa dugu: euskal herritar guztiok garaile izango garen gatazka politikoaren aterabide demokratikoraino eta giza eskubide guztien errespeturaino, alegia.

Inmobilismo eta blokeoaren aurrean, gatazkaren konponbidean inplikatzea eta honen alde jardutea funtsezkoa izango delakoan gaude. Orain arte bezala, aurrerantzean ere, konponbidean aurrera egiteko eta haren aurkako trabak gainditzeko, herritarron inplikazioa eta bultzada erabakigarria izango dela argi baitugu. Estatu espainiarrak eta PP-ren gobernuak bakea eraikitzeko aukerei jarriko dizkien oztopo handien gainetik, aurrera egingo dugu, aurrera egin behar dugulako, ez baitago besterik, gehiengoak ez duelako bakea eta konponbidea ez den besterik nahi.

Gure aldetik lanean jarraituko dugu, izenpetu genuen akordioa bere osotasunean garatu dadin, gatazkaren arrazoiak konpondu eta ondorio guzti- guztiak gaindituak izan daitezen, konponbideak osoa behar baitu izan, demokraziari bide eman behar baitio, eta ez du galtzailerik bilatu behar, guzti- guztion onura eta garaipena baizik, bakea eta demokraziarekin guztiok irabazten baitugu.

Mila esker guztioi eta laster arte!

http://alternatiba.net/old-files/120414ManiGernika.jpg

Alternatibarentzat “deitoragarriak eta murritzak” izan dira Aresen hitzak eta “ardurak benetan onartuko baditu dimititzeko” exijitu dio berriz

Alternatibako bozeramaile Oskar Matuterentzat, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak gaur goizean eginiko agerraldia “guztiz murritza” izan da, bere diskurtsoa Iñigo Cabacasen heriotzaren aurrean dolumina agertzeko baino ez duelako erabili. Ildo horretatik, deitoragarritzat jo du “akatsez hitz egitea homizidio bat gertatu denean”. Hala, sailburuak arduragabekeriak edo zorigaitzak eragindako galera bidegabeaz hitz egin izanaren harira, Matutek zentzugabea iritzi dio  istripua izan daitekeela baieztatzeari, “jokabide arriskutsu baten ondorioz hil dute eta, tamalez, jokabide horrek aurrekari gehiegi ditu, Aresek aurretik konpondu ez dituenak, ez zituelako konpondu nahi, edo nola zuzendu asmatu ez duelako”.

Alternatibako bozeramaileak barkamenetik haratago jo nahi ez izatea leporatu dio Ertzaintzaren arduradun nagusiari: “Ardura politikoak onartzeak prezio jakin bat ordaintzea eskatzen du, eta benetan onartuko baditu berehala dimititzeko exijitzen diogu berriz”. Alternatibatik, halaber, gaur eguerdian hainbat eragile sozialek Albia Lorategietako epaitegien aurrean eginiko agerraldian Ertzaintzak erakutsitako jarrera salatu dute, gehiegikeriaz aritu baitira “legala, zilegia eta baketsua” zen ekitaldian.

Herrizaingo sailak iragarritako ikerketari dagokionez, atzo atxilotutako bi lagunak Ertzaintzak egindakoa zuritzeko erabili ez dezatela eskatu du Matutek. Azkenik, Aresen dimisioa eskatu duten eragile guztien kontra jaurti dituzten salaketen aurrean, Alternatibak Euskal Herrian eman daitezkeen eskubide urraketa guztiak salatzeko beharra eta erantzukizuna aldarrikatu du, “biktimaren familia zein hurkoekiko errespetu osoz eta testuinguru politikoetatik haratago”.

Euskal Herriaren etorkizun hurbila eraikitzen

Xabier Soto eta Igor Nabarro – Alternatiba

Beste urte batez Aberri Eguna ospatzera goaz. Zalantzarik gabe, Euskal Herriko gizon eta emakume askorentzat balio sinboliko eta emozional sendoa duen eguna. Egia da guztientzat ez dela horrela, eta dudarik gabe, hau jorratzeke dugun ikasgai bat da, Alternatibak bezala, gure herriarekin, bere eskubideekin eta nola ez, bere herritarrekin begirunezko erreferentzia kolektibo barneratzaileak eraikitzeko helburua dugunontzat.

Baina Aberri Egun hau ezin daiteke aurrekoak bezala kontuan hartu. Aurten, Donibane Garazin egingo den ekitaldirako, burujabetzaren eta ezkerreko independentziaren inguruko 5 indar politikok, deialdi bateratua egin dugu. Bertan, Aberri Eguna dela eta, Euskal Herriak nazio izateko duen nahia omentzeaz gain, batez ere garai berri baten hasiera plazaratuko da; burujabetzaren eta independentziaren aldeko indar ezkertiarren metaketa ardatz izanik, herri hau eraikitzeko eta egunero euskaldunok jasan beharreko dominazio sistema anitzei erantzuteko gai izango dena.

Bateratzeko ahalegin honek, zalantzarik gabe, printzipioei uko egin gabeko eraginkortasuna adierazten du. Guztion artean subjektu politikoa indartzeko modu bat da, bere ezaugarri nagusietako bat ere kendu gabe: Burujabetza, autodeterminazioa, lurraldetasuna, eredu ekonomiko eta sozial berria, Ama Lurraren errespetuan oinarrituko den eta antzinatik harreman sozialak menderatu dituen patriarkatua alde batera utziko duen Euskal Herri bat.

Donibane Garaziko Aberri Egunean lehen aldiz ikusiko den indar metaketa, gure ikuspuntutik, Alternatibako gizon eta emakumeon ustez, aldaketa politikoa lortu eta sistema kapitalista gainditu dezakeen tresna bakarra da, geroz eta Euskal Herritar gehiagok itxaroten eta desiratzen dutena.

Horregatik aurtengoa, iraganera soilik begiratuko ez duen Aberri Egun bat izan behar dela adieraztera ausartzen gara. Nostalgiaz betetako data sinboliko bat, Euskal Herri berri baten abiapuntu bihurtzeko unea iritsi da, hasieran aipatutako dominazio sistema anitzetatik aske izango dena.

Euskal Herri libre eta sozialista bat, halabeharrez errealitateari aurre egin behar izango diona, kasu batzuetan paralisiak eta beste batzuetan mendekotasunak markatutakoa. Jakin badakigu beraz, zeintzuk diren aurka dauzkagun zailtasunak. Estatu espainol eta frantsesetako gobernu zentraletatik, EAE eta Nafarroako gobernuen laguntzarekin, mantentzen den blokeoa sustatzen duten zailtasunak, gure herrian bake justua eta iraunkorra mantentzeko xedea duen bake prozesu eta konponbide demokratiko baten hasieraren aurrean. 

Izan ere, ezin dugu ahaztu aipatutako gobernuek espetxe-politikaren aldaketaren alorrean erakusten duten egoskorkeria, Parot doktrina indarrean mantenduz, gaixo sendaezinen askapena ezeztatuz edo Bateragune prozesuaren ondorioz zigortutakoak espetxean mantenduz. Jokabide berdina mantentzen jarraitzen dute, “dena ETA da” eta “ETAren aurka edozerk balio du”, errealitateak iraganeko eskema hori bertan behera utzi ez balu bezala. Aurreko Aberri Egunetik gauza asko aldatu dira alor honetan, ETAk borroka armatua behin betiko utzi izana barne, baina haiek geroz eta jende gutxiagok ulertzen dituen iraganeko jokamoldeetara harpidetuta diraute. 

Bestetik, ez dugu ahaztu nahi Aberri Egun hau krisi sakonak markatuta datorrela, edo iruzurrak markatuta, nahiago bezala. Sinestarazi nahi digutenaren aurka, hau ez da soilik finantzen krisia. Borroka garaia da, argi eta garbi, guda ideologiko baten garaia, merkatuen eta kapitalaren gosea asetzeko esklabo bihurtu nahi gaituztenen eta beste Euskal Herri bat eta beste eredu ekonomiko bat posiblea eta berebizikoa dela defendatzen dugunon artekoa.

Berebizikoa da bizitzaren jasangarritasuna bermatzeko. Euskal Herriko hiritar guztiontzat duina izango den bizitzarena. Posiblea den sistema bakartzat jotzen den kapitalismoaren jasangarritasunetik aldenduko dena eta antzinatik gizakion harremanak menderatu dituen patriarkatuari, planetaren mugei so egiten ez dien garapen bortitzari, gure kultura aberastasuna zapuzten duen kultura asimilazioari eta gure beharretatik haratago kontsumitzera behartzen gaituen sistemari aurre egingo diona, kontsumismoa gaindituko duen errealitate berri baterantz abiatuz. Gizartea eta ekonomia antolatzeko era berri bat, guztion ongizatea banakoaren gainetik lehenetsiko duena, gauza guztien erdigunean pertsonak jartzen dituena eta ez boterea dutenen beharrizanen sua elikatzen duen egurra. 

Azken finean, duela egun batzuk Hego Euskal Herrian eginiko greba orokor arrakastatsuaren egunean euskal sindikatuek azpimarratzen zuten moduan, Euskal Herri ezberdin bat, kapitalismoaren aurkakoa, behetik eta ezkerretik eraikia. 

Eta azpimarratutako bi faktoreekin batera, sistemaren krisia eta bake-prozesuaren zein konponbide demokratikoen blokeoa alegia, Alternatibatik hirugarren bat aipatu nahi dugu. Demokrazia prekario honen zilegitasun galera, hain zuzen ere.

Demokrazia hau, hauteskundeetara aurkeztu ere egiten ez diren eta aldi berean gure xedeak zehazten dizkiguten botereen zerbitzura dagoen tresna moduan ikusten da gero eta gehiago. Hiritarrak erabaki-hartze kolektiboaren kudeaketan parte hartzea lortu ezin duen edo nahi ez duen demokrazia bat da. Eta agortutako demokrazia honen aurrean bestelako demokrazia bat, zuzena, parte-hartzailea eta erradikala eraikitzen hasi behar gara. Pertsona oro hausnartzeko zein erabakiak hartzeko prozesu guztietan modu aktiboan barneratuko dituen sistema.

Egun indarrean dauden errealitate gordin horiei aurre egiteko gai bagara, Euskal Herri sozialista, feminista eta ekologista berri baten oinarriak eraikitzeaz gain, Bolivia, Kuba edo Venezuela bezalako beste herri eta nazioen norabide berdinean bultzatzen egongo gara. Izan ere, ikuspuntu internazionalista batetik, ez ditugu ahaztu behar, ezta Aberri Eguna bezalako data batean ere.

Aralarrek, ABk, Ezker Abertzaleak, EAk eta Alternatibak indarrak biltzeko apustu estrategikoa egin dute

ABERTZALEEN BATASUNAK, ALTERNATIBAK, ARALAREK, EZKER ABERTZALEAK eta EUSKO ALKARTASUNAK, Baionan 2012ko martxoaren 14ean bildurik, ondoko hau elgarrekin Euskal Herriari jakinarazten diogu:

– Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Alternatibak, Aralarrek eta Abertzaleen Batasunak, aniztasuna oinarri eta xede izanda, indarrak biltzearen aldeko apustu sendo eta estrategikoaren aldeko hautua egiten dugula plazaratzen dugu. Gure herriaren eraikuntza nazioanala eta eraldaketa soziala bultzatzeko geure ahaleginak metatuz egitea erabaki dugu, eskuratu nahi dugun Euskal Herri subiranoa eta solidarioa erdiesteko bidean aurrera egiteko asmoz. Erantzun eta urratsak emateko, bakean, askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko.

– Azken hilabete hauetan Euskal Herrian gertatu aldaketa sakonak eta zabaltzen ari den fase politiko berria baikorki baloratzen ditugu. Heldu diren hilabeteak, herri honek ezagutzen duen gatazka politikoa konpontzeko eta bere eraikuntza nazionalaren zein eraldaketa sozialaren bultzatzeko memento historikoa dela uste dugu.

– Hala ere, partekatzen ditugun helburu hauek maila ezberdinetan oztopatuak dira. Lehenik, krisialdi sistemikoa eta honen baitan kapitalismoaren krisiak sistemaren aurpegi okaztagarriena behin eta berriz erakusten du, jendartearen eskubide pertsonal zein kolektiboak higatuz eta beste urratsen artean alternatiba sozioekonomiko baten beharra agerian utziz. Bigarrenik, Frantses eta Espainol Estatuek Euskal Herriari begira duten jarrera hetsiak indarrean dirau: dominazio sistema anitzaren mantentzea, urraketa demokratikoak, blokatze instituzionala, mota anitzeko errepresioa…

– Egoera honetan, Euskal Herri osoan aspalditik adierazten diren eskakizunak sekulan baino biziagoak agertzen zaizkigu. Gure herriari dagokion subjektu politikoaren izaerak eta hemengo herritarrei beren etorkizun politikoa, soziala eta ekonomikoa libreki hautatzeko eskubideak ezagupenik gabe edota ukatuak segitzen dute. Euskal Herriak bizi dituen erronkak lurralde bakoitzean ezberdinki eta erritmo propiotan deklinatzen dira, baina problematika nazional oso bat osatzen dute denek.

– Urratzen diren eskubideen artean bada gure herriari berezko izaera ematen dion eskubide baten aitortza eza, Euskal Herriaren herrialde guztietan ez baita onartua euskararen erabilera bizitzako esparru guztietan. Horregatik, gure herriaren berezko hizkuntza bizitzako esparru guztietan eta gure lurralde guztietan modu normalizatuan erabiltzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Euskara Euskal Herri osoan ofiziala izatea exijitzen dugu, eta helburu hori erdietsia izateko eta euskal kultura, oro har, gure herrian zein mundu mailan sustatzeko gure konpromiso irmoa adierazten dugu.

– Egoera horren aitzinean, konbentzituak gara azken urteotan alderdion artean erakutsi desadostasunak zein zatiketak gainditzeko unea heldu zaigula, eta gauden ezkerreko independentisten eta soberanisten arteko indar metaketa iraunkor bat sortzeko parada badugula.

– Horregatik, adierazpen hau izenpetzen dugunek modu iraunkor eta sakonean elkarlanerako engaiamendua hartzen dugu, Euskal Herriak bizi dituen ahal bezainbat problematikari aho batez erantzun ahal izateko. Horretarako, lehen helburutzat dugu epe laburrean aldaketa politiko eta sozialerako ezkerreko independentisten eta soberanisten arteko Akordio estrategiko nazional bat landu eta adostea. Euskal Herri mailako Akordio honek Hego nahiz Iparraldeari egokituriko erritmo, molde eta eduki zehatzak izanen ditu.

http://www.youtube.com/watch?v=n7JL3K76Kp0

X