Alternatibak lotsagarria deritzo gobernua krisia eragin zutenen esku uzteari

El nuevo equipo de Gobierno de Mariano Rajoy

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Raxoiren kargu-hartzean zein bere gobernu “lotsagarriaren” aurkezpenean emandako irudia deitoratu du, Euskal Herriko ezkerrean zegoen mesfiantzaren arrazoiak berrestera etorri baitira: “Egungo krisia sortu duen doktrina liberalarekiko menpekotasuna eta euskal gizarteak galdegiten duen normalizazio politikoan urratsak egiteko borondate eza”.

Amaiur koalizioaren baitan dagoen talde ezkertiarretik ziurtatu dutenez, ez dute “politika atzerakoien aurrean oposizio mantsoa ezta isila izateko inolako asmorik” gobernu berriak aurkeztutako asmoen harira. Matutek gaineratu duenez, “guztiz kontrakoa” egiteko prest daude: “Murrizketen aurrean, hamaikagarren lan erreformaren, eskubide indibidual zein kolektiboen ukazioaren, eta botere publikoek nazioarteko finantza erakundeekiko duten menpekotasunaren aurrean kontra azaltzeko konpromisoa dugu”.

Alternatibak talde ezkertiarren erantzukizuna eskatu du Raxoik eta bere taldeak dakartzaten murrizketa olatu eta “kontserbadurismo garratzenaren” aurrean argi eta irmo erantzuteko. Salatu dutenez, “Ekonomia Lehman Brothers-eko kargu ohi baten esku utzi dute, krisia eragin zutenen asku alegia; Osasungintza emakumeei abortatzeko eskubidea publikoki ukatzen dien pertsona batek kudeatuko du eta Defentsa armagintzako enpresaburu bati eman diote, ezertarako baliagarria ez den ministerioaren defizita areagotzen jarrai dezan”.

Guzti horregatik, Matutek Euskal Herriko herritarrei dei egin die, emakumeen, langileen eta etorkinen duintasunaren zein Amalurra edo Euskal Herriaren aurkako erasoei “batera erantzun eta erresistentzia antolatzeko”. Izan ere, “orain aurre egitea lortuko bagenu, behetik eta ezkerretik sortutako kontraboterea eraikitzeko lehen urratsak egiten egongo ginateke”.

Gernikako akordioaren adierazpena gatazkaren biktimen inguruan

Donostia, 2011ko abenduaren 17an

2010eko irailaren 25ean Gernikako Akordioa sinatu genuen eragile guztiok, oso garbiizan dugu beti, indarkeria mota guztietako biktima guztien sufrimendua aitortzea garrantzitsua dela, gatazkaren konponketarako ezinbestekotzat jotzen dugularik.

Duela urtebete baino gehiago izenpetu genuen testuak honelaxe jaso zuen: “indarkeria mota guztien errealitatea eta gatazka politikoak eragindako biktima guztien aitortza, adiskidetze eta konponketaren beharra”, hain zuzen ere.

Gure ustez, indarkeria guztien biktimak modu berean tratatuak behar dira izan, inolako mailaketarik gabe, baina genero bereizketak aintzat hartuz. Norbere min eta sufrimendua ezin da neurtu, ez da zilegi. Ez dira biktimagoak izango pairatutako indarkeriaren arabera, biktimak dira indarkeria jasan dutelako. Beren oinarrizko giza eskubideen urraketak biktima bihurtu ditu.

Euskal Herrian indarkeria guztiek sortu dituzten mina eta oinazea aitortzen ditugu, bai ETAren indarkeriak bai espainiar nahiz frantziar estatuen errepresio estrategiak eta gerra zikinak hildako biktima guztien senideei, baita kalte fisiko edo psikikoak jasan dituztenei ere, gure dolua adierazi nahi diegu.

Konfrontazio armatuak iraun duen bitartean ez aldeek ez bestelako eragileek ez dute besteen samin eta oinazearekiko sentiberatasunik adierazten jakin izan. Eraiki nahi dugun bakea justua eta iraunkorra izan dadin jasandako min guztia aitortzea ezinbestekoa da, baita gure Herrian irekita dirauten zauriak sendatzeko konpromiso eta borondate argia ere. Gure konpromisoa sendoa da eta hala erakutsi nahi dugu.

Indarkeria desberdin hauek eragindako min eta sufrimendua aitortzen ditugu. Honen haritik, garrantzitsutzat jotzen dugu egia ezagutzea, Egia osatzen dituen egia guztiak ezagutu behar ditugu. Biktima ororen atzean egia bat dago. Biktima orori dagokion biktima izaera nahiz egiaren ezagutza zor zaie. Gizarte justu eta baketsua lortzea indarkeria guztien biktima guztien memoriarako benetako testigantza izango da.

Biktimei, gogoratuak izateko, gertatutakoa ez ahazteko, memoria berreskuratzeko eta oroipen ekitaldiak egiteko eskubidea aitortzen diegu. Gertatu zaiena islatuta ikus dezaten eta gertatutako guztiaren benetako historia idatz dezagun, elkar ulertze eta aitortza ezinbestekoak dira.

Gai hauek guztiak begirunez eta zuhurtziaz jorratu behar ditugulakoan gaude, eztabaida politikoan jaurtitzeko arma gisa erabili gabe. Giza harremanen berreskuratze eta elkarrenganako errespetua ahalbidetzen duten adostasunetara iritsi beharrean gaude.

Era berean, eragindako mina erreparatu behar dugu. Horretarako, gure ustez, biktimei urratutako eskubideak berreskuratze aldera, taldeko zein norbanako neurriak hartzea ezinbestekoa da, egoerak hobera egin dezan. Mota guztietako neurriak ezarri behar ditugu, tartean politikoak, zeintzuk indarkeriaren erabilerak eragindako egoeren errepikatzea eta eskubideren urraketa egoerak gertatzea eragotziko duten. Horregatik, biktima guztiekiko erreparazioa eta elkarbizitza suspertzeko bide horretan parte hartzeko eta laguntzeko borondatea agertzen dugu. Gure ahaleginik handiena adiskidetzea lortzean eta elkarrenganako errespetuan jarri nahi dugu. Gizarte bat lortu nahi dugu, non pertsona guztiek beren eskubideak gauzatuko dituzten, eta beren eskubideak errespetatuak izango diren.

Iraganeko sufrimenduek legatu handia utzi dute. Ez ditugu ahaztu behar beren oinarrizko eskubideen urraketa pairatu dutenak, beren bizia galdu dutenak, beren integritate fisiko zein psikikoa erasotuta ikusi dutenak, ezta bere senitartekoak ere.

Gernikako Akordioa sinatu genuen eragileok uste dugu gatazka politikoaren behin-betiko gainditzea izango dela giza eskubideen urraketa egoerarik berriro ez gertatzeko bermerik onena. Norabide horretan, gatazka politikoaren korapiloak behin betiko askatuko dituen Akordio zabal baten bila, Euskal Herriko indar politiko guztiek bazterketarik gabe lehenbailehen elkarrizketa prozesua hasi beharko lukete.

Auzi politikoetan ditugun desadostasunak konpontzeko bide baketsu eta demokratikoak erabiltzeko konpromisoa berresten dugu. Gure ideologia politikoen artean dauden funtsezko aldeak aitortzen ditugu, guztiak zilegiak. Alde hauek Euskal Herriaren gizartearen aniztasunaren seinale dira. Horregatik, adostutako marko demokratiko baten alde irmoki lan egingo dugu, elkarrenganako errespetuaren kultura sustatuz.

Alternatiba: “Emaitza historikoa lortu du Euskal Herriko ezker subiranistak”

<--break->Alternatibak oso baikor hartu ditu Amaiur koalizioak – talde ezkertiarrak EArekin, Aralarrekin eta independentista ezkertiarrekin osatzen duena- hauteskundeetan lortutako emaitzak. Alternatibaren Koordinakunde Nazionalak bilera egin du gaur Donostian, besteak beste, atzoko bozen ostean Hego Euskal Herriko testuinguru politiko berria aztertzeko.

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek alderdiaren ikuspegiaren berri eman du, “Amaiurrek subiranismo ezkertiarrak inoiz izandako emaitzarik onenak, emaitza historikoak, lortu” dituela nabarmenduta. Alternatibak maiatzean abiatutako garai politiko berriaren ildo beretik kokatu ditu emaitza onak eta “orduan bezala, alde guztien batuketa baino gehiago” izan dela ohartarazi du.

Matutek gaineratu duenez, Espainiako Erresuman ezarritako mapa urdinaren aurrean, “Euskal Herriak argazki desberdin bat aukeratu du, burujabetza eta ezkerraren aldeko apustua berretsi du, eskubideak urratzen dituen errealitatearen aurrean aldaketa politikoa eta sozialaren aldeko hautua”.

Bilboko Espazio Publikoaren Ordenantza: Elkarbizitzarako ala kontrol sozialerako tresna?

Urtebete igaro da Bilboko Udala Espazio Publikoaren Ordenantza aplikatzen hasi zela. Kritikek bere horretan diraute ordea. Ordenantzaren aurkakoek diote kalearen erabileraz dauden eztabaida sakonak araudi “ahalguztidun” batekin lurperatu nahi direla.

Kaleko prostituzioa izan zen aitzakia. 2008an Miribilla auzoko biztanleak kalean lanean aritzen ziren puten jardunaz kexatzen hasi ziren. Eztabaida baretzeko asmoz Bilboko Udalak prostituzioa arautzeko ordenantza egingo zuela adierazi zuen 2008ko irailean, baina proiektua geldi zegoen Udal Gobernua osatzen zuten bi taldeen artean –EAJ eta EB– zeuden desadostasunak medio. 2009ko martxoan auzoko batek perdigoiz tiro egin eta bi prostituta zauritu zituen. Prostituzioa debekatzeko eskariak gora egin zuen zenbait herritarren artean. Eztabaida puri-purian jarri zen Bilbon. Kalea Guztiona Da plataformako kidea da Sabin. Bere ustez agintariek “arazo txiki bat sortu eta alarma pizten dute. Puztu egiten dute herritarren lehentasunezko arazoa balitz bezala, komunikabideekin elikatzen dute eta modu iruzurtian segurtasun gehiago edo debekuak behar direla saltzen dute.”

Bilboko Udala prestatzen ari zen araudiak, Bartzelonan 2005ean onartutako ordenantza zuen eredu. Alta, ordenantza horrek prostituzioa arautzeaz gain, kaleko salmenta, terrazen erabilera, kalean edatea, bizikletan ibiltzea, propaganda banatzea eta abar luzea arautuko zituen. Berehala sortu zituen erreakzioak.

Ordenantza hau onartu aurretik bazeuden arlo ezberdinak arautzen zituzten beste udal araudiak: “Ordenantza honekin –dio Sabinek–, araudi guztiak denak bakar batean batzeaz gain, espazio publikoan gertatzen den guztia arautu nahi izan da. Haientzat, espazio publikoan egiten den guztiak molestatu egiten du, eta beraz, ahalik eta gutxien egin behar da”. 2010eko maiatzaren 27an onartu zen ordenantza eta irailean hasi ziren aplikatzen.

 

Aurreiritziak eta eskubide murrizketak

Kalea Guztiona Da plataformakoen esanetan testuak ez ditu arautzen dituen jarduerak behar beste zehazten. Esaterako, “sexu esplizituaz” ari denean: “Ez du aipatzen zer den sexua, ez du aipatzen zer den esplizitua eta gainera esaten du publikoarentzat erasokorra dela. Eta zein da publiko hori? Zer da erasokorra izatea?”.

Shaila V Bilboko kidea da. Mugimendu hau ordenantzaren nondik norakoak jakin aurretik sortu zen Bilboko Okupazio Mugimenduak (BOM) bultzatuta, kontrol sozialari aurre egin eta kaleak berreskuratzeko asmoz. Berak azaldu duenez, “kontua ez da ezin dezakezula muxurik eman kalean. Hori anekdotikoa da. Esplotazio sexuala jasaten ari diren emakumeak babestu beharrean, zuzenean kaletik ezabatu nahi dira. Ordenantzaren lehen bi biktimak putak izan dira. Ez da kasualitatea”. Top mantarekin ere gauza bera gertatzen dela dio: “Guk ordenantzaren dimentsio hori ikustaraztea nahi dugu: ordenantza sexista eta xenofoboa dela.

Izan ere, kaleko salmentan ibiltzen diren etorkinen egoera ez da askoz hobea. “Atzerritarren Legeak klandestinitatera bultzatzen ditu –dio Shailak–. Hori gutxi balitz, isuna jarri eta kartzelara bidaltzen dituzte. Sistema honen zentzugabekeria horretan datza, isunak ordaindu ahal izateko disko gehiago saldu beharko dituzte-eta”.

Elkarte, alderdi politiko eta sindikatuei ere eragiten die ordenantzak, kalean informaziorako mahaiak jartzea, propaganda banatzea eta antzeko jarduerak debekatu egiten baititu. Herri mugimenduaren aurkako eraso zuzena da debeku hori BOMeko Urtziren ustez: “Orain, kartelak ezin ditugu jarri ordenantza batek esaten duelako. Baina aurrez ere gazteak jipoitu, identifikatu eta isunak jarri izan dizkiete hamaika aitzakiarekin”. “Zuk sinadurak biltzeko mahai bat jarri nahi baduzu burokraziak irensten zaitu –gaineratu du Shailak–, dena supermekanizatua, superkontrolatua izateko tresna da”. Sabinek ere bat egiten du puntu horrekin eta Udalaren “zinismoaz” mintzo da: “Eurek ere kalea nahi duten erara erabiltzen dute. Kalean buelta bat eman eta Bilboko Udaleko logotipoa duten zenbat kartel dauden itsatsita ikusiko bazenu, harrituko zinateke.”

Bilboko Espazio Publikoaren Ordenantzaren kontra dauden mugimendu eta talde hauen iritziz, debekuen eta oztopoen atzean aurreiritzi murriztaileak daude. Gauza batzuk arautzea beharrezkoa dela deritzote, baina beharrezkoak diren eztabaida publikoak eman ostean. Era berean, bestelako jarraibideak bultza behar direla uste dute: “Jarraibideak egon behar dira, baina ohituretan eta baloreetan oinarritutako hezkuntza sistema integral batean, arazoak errotik mozteko”.

 

Eztabaida ezkutatzeko, debeku absurduak

Kalea Guztiona Da plataformako kideen iritziz eztabaida sakonak estaltzeko –debekuei eta zigorrei buruzkoak adibidez–, “astakeria” ugari arautzen ditu ordenantzak: bizikletaz ibiltzea, umeen jolasak arautzea… Kaleko edanarekin, esaterako, ulertzeko zailak diren kontuak arautzen dira: dendan erositako botilekin egindako kontsumoa bada –boteiloi gisa ezagutzen dena– debekatuta dago, aldiz tabernan erositakoa kalean kontsumitzea ez. Okupazio mugimenduko Urtzik argi dauka: “Udan ezin dela txurrorik saldu eta neguan ezin dela izozkirik saldu. Edo ezin dela kometarekin kalean ibili. Halako gauzak sakoneko eztabaida ezkutatzeko dira.”

 

Bi hiri ereduren arteko talka

Shailaren ustez ordenantza hau Bilbok azken 25 urteetan jasan duen eraldaketa prozesuaren emaitza baino ez da: “Bilboko oligarkiak gidatutako Bilbao Ría 2000 Fundazioak turismora eta zerbitzuetara bideratu du Bilbo, eta ordenantza berria jauzi horren ondorio da”. Aitzitik, Bilbon iraganean langile mugimendu eta herri mugimendu indartsua egon dela gogorarazi du Shailak.

Kalearen nolabaiteko pribatizazioaz ere hitz egiten dute mugimenduotako partaideek; gizarte ereduan ikusten du hori Sabinek: “Bilbo erakusleiho gisa eraiki dute. Badaude Udalak egiten dituen eskaintzak, aisia eskaintzen duten tabernak, antzerki guneak eta abar. Hori da herritarrek aisiarako duten tartea”. Aldiz, kaleko bestelako espresio guztiak ezabatu nahi izatea egozten die: “Pribatizazioa, zentzu horretan. Jarduera normala kaletik kendu, adierazpen askea kaletik kendu eta berek erabaki dituzten bitartekoak eta bideak soilik erabili ditzakezu.”

Txanponaren beste aldea segurtasunean –edo segurtasun ezaren sentsazioan– oinarritutako hiri eredua omen da: “Segurtasunaren izenean kalean udaltzain eta polizia pila bat egotea, kamerak egotea –teorian trafikoa kontrolatzeko– zerbait positibo gisa ikus lezake herri mugimenduan inplikatuta ez dagoen herritarrak –dio Shailak–. Guk argi diogu ordenantza kontrol sozialerako tresna dela”.

 

Bide judiziala

Udal ordenantza onartzearekin batera, berehala etorri dira erantzunak.. V Bilbok kaleak berreskuratzeko saioak egin ditu –esaterako, Bilboko Kale Nagusia okupatu zuten eta era guztietako ekimenak egin izan dituzte jai giroan–. Bestalde, Kalea Guztiona Da plataforma sortu zenean –V Bilbo eta BOM ere bertan biltzen dira, beste hamaika talderekin batera–, manifestua kaleratu eta zabaldu zuten.

3.500 alegazio bildu zituzten Udal Gobernuari ordenantza bertan behera utzi eta eztabaida publikoa bultzatzeko eskatuz. “Ez digute batere jaramonik egin –azaldu digu Sabinek–, komunikabideetan esan dute ordenantza ez dela ongi ulertu eta ez dagoela oposiziorako arrazoirik, baina elkarrizketa eskatu diegunean ez digute kasurik egin”.

Urtebeteko epean ordenantzarekin lotutako 176 espediente ireki ditu Udalak. Hauetatik sei kaleko salmentarekin lotuak, 17 prostituzioarekin eta 128 kaleko edanarekin. Gainerakoak ostalaritza jarduerei lotuak dira. Arau hausteak hiru mailatan zehazten ditu ordenantzak: arinak –750 euro arteko isuna– larriak –1.500 euro arteko isuna eta oso larriak –3000 euro arteko isuna–.

Bilduk iraileko Osoko Bilkuran mozioa aurkeztu zuen, ordenantza hori bertan behera utzi eta eztabaida prozesu bat hasteko eskatuz, baina eskaera atzera bota zuten udal gobernua osatzen duten EAJko 15 zinegotziren botoekin. Andoni Aldekoa Udaleko kontseilari delegatuak honelaxe azaldu zuen korporazioaren iritzia: “Legea eta ordena babesten duen Gobernua gara, legerik eta ordenarik gabe bizikidetzarik ez baitago. Zer nahi du arautu ordenantza honek? Espazio publikoaren erabilera egokia. Norbanako edo kolektibo batek espazio publikoa erabiltzen duen bakoitzean, bilbotar guztien ondasuna erabiltzen ari da, eta hori arautu egin behar da, eta desarauketak dakarrena da azkenean bakoitzak nahi duena egitea: bazkari bat, paellada bat Albiako Lorategietan, putxerak prestatzea edozein tokitan, eta bakoitza, inongo arauketa eta baimenik gabe, kalea hartzen dute, ateratzen dira, eta nahi dutena egiten dute. Hori da ordenantza honekin eragotzi nahi dena”.

Bide judiziala urratzea erabaki dute Kalea Guztiona Da plataformako kideek; administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dute epaitegian. Helegiteak hiru zutabe nagusi ditu: Udalak ez duela jarduera guzti hauek zigortzeko eskumenik; ez duela tipikotasun printzipioa errespetatzen, arauak ez baitira behar bezala definitzen, interpretaziorako ateak irekiz; eta azkenik, elkarteen, sindikatuen eta alderdi politikoen adierazpen askerako eskubidea murrizten dela.

Helburua ordenantza baliogabetu eta eztabaida publikoa sustatzea dute. Sabinek aitortu du bidea ez dela erraza izango eta ez daukatela irabaziko dutenaren konbentzimendu osoa. Baina behinik behin ordenantzaren kontraesanak azaleratzeko balioko duela uste du: “Legea errespetatu behar dela diote eta lege-haustez betetako ordenantza idatzi dute”.

 

KOADRO BATEAN:

Arau hauste arinak
(750 euro arteko isuna)

Arau hauste larriak
(1.500 euro arteko isuna)

Arau hauste oso larriak
(3.000 euro arteko isuna)

  • Jokoak, kirolak eta dibertsioen praktika, elkarbizitza baketsua hausten badute

 

  • Boteiloia

 

  • Exhibizionismoa edo adierazpen sexualak espazio publikoan

 

  • Salmenta tokian jatea edo edatea salmenta ordutegian

 

  • Kaleko salmenta bultzatzea hauen artikuluak erosiz

 

 

  • Jolas gogaikarri, arriskutsu edo debekatuak, pertsona edo jabetza pribatuei zein publikoei kalte egin diezaieketenak

 

  • Prostituzioa

 

  • Propagandadun mahaiak, aulkiak, guardasolak, toldoak eta abar jartzea.

 

 

  • Lizentziarik gabeko kaleko salmenta

 

  • Udal baimenik gabe espazio publikoa okupatzea jarduerak egiteko

 

  • Udal agintarien, agenteen, udaltzainen eta espazio publikoaren inspektoreen aginduak eta eskaera zehatzak ez betetzea

 

Argazki oin batean jartzeko:

* Kalea Guztiona Da Ordenantza Publikoaren aurkako Bilboko 70 eragile biltzen dituen plataforma da. Tartean dira auzo elkarteak, gazte mugimendua, sexu askapenaren aldeko elkarteak, talde feministak, kultur elkarteak, Konpartsak, sindikatuak, alderdi politikoak zein herri mugimenduko bestelako taldeak.

Belodromoa euskal ezkerraren erdigune bilakatzeko deia egin du Alternatibak

Alternatibako bozeramaileak Amaiur babestera deitu ditu herritarrak datorren asteko igandean, ezkerrari aukera bat emateko, “eta Euskal Herrian ezkerrak badu zien propioa, Amaiur”.

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek gaur nabarmendu duenez, ezinbestekoa da bihar Amaiurrek Anoetako Belodromoan egingo duen ekitaldia “Euskal Herriko historia garaikideko ezkerreko gizon eta emakumeen bilkurarik handiena bilakatzea, Donostia euskal ezkerraren erdigune bilakatzea”. Matutek zubiak eraikitzeko deia egin du, “herri honetan bakearen aldeko apustua egiten dutenekin, euskal herritarrek nahi duten etorkizuna eraikitzeko burujabe izan nahi dutenekin eta oraindik konpontzeke dagoen gatazkaren baitan emandako eskubide urraketa guztiak desagerrarazi eta gainditu nahi dituzten guztiekin, askok gatazka existitzen denik ere ukatzen duten arren”.

Alternatibaren ustez, A20ko hauteskundeak “aukera historikoa” dira Euskal Herriak abiatu duen garai politiko eta sozial berrian urrats berriak egiteko, “herri honen ahotsa eta sentimenduak Madrilera eramateko aukera”. Matutek esan duenez, “euskal langileak Espainiako Erresumako Gobernutik etorritako erreforma eta murrizketekin nazkatuta daudela aldarrikatzeko abagunea dute hau, beren jarduera politikoa sistema suntsitzaile baten menpe jarri dutenei aski da esateko aukera”.

Alternatibako bozeramaileak Amaiur babestera deitu ditu herritarrak datorren asteko igandean, ezkerrari aukera bat emateko, “eta Euskal Herrian ezkerrak badu zien propioa, Amaiur”.

X