Urrats erraldoia egin du Sortuk

Alternatibak dio Sortuk “pauso erraldoia” eman duela eta Espainiako Gobernuari “egin behar duena egiteko ausardia politikoa” eskatu dio: “Alderdia legeztatzeko”

ETAren balizko atentatuak eta bestelako indarkeria ekintzak errefusatzen dituen Sorturen gaurko komunikatuak “euskal gizarteak eskatzen zuen bakerako urrats definitiboa eman dela egiaztatzen” duela uste du Alternatibak, “dagoeneko inork zalantzan jarri ezin duena”. Horrexegatik, Espainiako Gobernuari “egin behar duena egiteko ausardia politikoa” exijitu dio: “Alderdia legeztatzeko”.

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek alderdiaren komunikatua aztertu du, Lehendakariaren aurkako ETAren balizko atentatua zein Gasteizen eta Portugaleten emandako bortizkeria eta mehatxu ekintzak errefusatzen dituena. “Adierazpen hauek poliziaren txostenak dioena, Sortu ETAren tresna dela, ezeztatzen dute eta indarkeriari bizkarra ematen dion talde politikoa dela baieztatzera datoz”.

Matutek esan duenez, “ezker abertzaleak pauso erraldoia eman du. Sortuk euskal politikagintzaren aro berria abiatu du, orain ez baitago Euskal Herrian ETAren ekintza bortitzak justifikatzen dituen alderdirik; hartara, ezin da legez kanpoko alderdirik egon”.

Ildo beretik, buruzagi ezkertiarrak azpimarratu du “gizartean bakearen aldeko olatua dagoela, normalizazioa politikoa eta Euskal Herrian eskubide zibilak berresartzeko eskatzen duena. Alternatibak argi dauka horren alde egingo duela”.

Zentsura EiTBn

BILBOn, 2011ko MARTXOAren 1ean – Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek PSEren eta PPren jokaera salatu du, UPyDren laguntzarekin batera, “Eusko Legebiltzarra Eusko Irrati Telebista EiTBk euskal herritarrei eskaini behar dien izaera informatiboa zentsuratu eta perbertitzeko erabili dutelako”. Alderdi hauek, erakunde publikoaren Kontrol Batzordearen baitan, legez kanpo dauden alderdi eta ordezkariak EiTBko programetara ez eramateko eta haien berri ez emateko eskatu zioten EiTBko zuzendaritzari. Matutek gogorarazi duenez, “hiru hilabete besterik ez dira pasa, abenduaren 2an, Gasteizko Legebiltzarrak EiTBri aho batez eskatu zionetik egiazaletasuna, iritzi aniztasuna eta interes informatiboa berma dezala eta horiek izan daitezela bere albistegiak garatzeko ardatzak, “irrati-telebista publikoa beren proiektu politikoaren zerbitzura jartzea erabaki dutenek atzo onartu zutenarekin talka egiten duen eskaera da hau”.

Eusko Legebiltzarreko VIII. legealdian EiTBko Kontrol Batzordeko presidente izandako Matutek, “deitoragarria” iritzi dio “bere burua demokratatzat duen parlamentuak zentsura informatiboaren aldarri egitea” eta bere elkartasuna adierazi die komunikabide publikoan ari diren profesionalei, “euskal gizartearekin batera, EiTBko askatasun informatiboaren biktima direlako”. Era berean, Alternatibako bozeramaileak Carlos Urquijo (PP) bezalako legebiltzarkideen hipokresia salatu du, ideia guztiak ez direla zilegi babestu eta, adibide gisa, arrazakeriaren aldeko talde bat komunikabideetan ez dela agertu behar ziurtatu duelako. Emandako argudioaren arabera, Matutek PPren zentsura informatiboa eskatzeko galdegin dio Urquijori, “bere alderdikide katalanek etorkinen aurkako kanpaina irekia egin berri dutelako”, eragile askok salatu dutenez, PSOEk berak kasu.

Patxi Lopezen Gobernuari, bestetik, “euskal gizarteak EiTBren erabilera alderdikoiari bizkarra eman” diola gogorarazi dio ezkerreko buruzagiak, “ikus-entzuleen datuek hilabetez hilabete erakutsi dutenez. Datu hauen adierazgarritasunetik haratago, Matutek PSE-PP itunak euskal irrati telebista publikoaren gidaritzapean emandako “lorpen zalantzagarrietako” batzuk azpimarratu nahi izan ditu: “Albistegietako langileak presionatu eta espedienteekin ere mehatxatu egin dituzte, ituneko politikariek elkarrizketak aldez aurretik gainbegiratzea ahalbidetu dute, atzoko batzordean jakinarazi zenez. Horrez gain, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko katedradun eta irakasle ugariren artean kezka handia eragin dute, duela gutxi horietako askok adierazi zutenez. Noski, PP-PSEk zehaztutako irizpideak jarraitu ez dituzten programak, langileak eta kolaboratzaileak kaleratzeko trebetasuna ere izan dute, eta gehiengoa duten sindikatuek kontra jartzea eragin dute”.

Guzti horregatik, Matutek “EiTBren gaineko kontrola, zaintza eta zentsura lagatzeko” exijitu dio Eusko Jaurlaritzari eta informazioa anitza, egiazalea eta gizartearen zerbitzura jartzearen aldeko apustua egiteko eskatu dio.

Hautes-zerrendak kutsatuak

DONOSTIA, 2011KO OTSAILAREN 25A – Alternatibak gaur berretsi du ez dela kikilduko Espainiako Lehendakaritza ministro Ramon Jauregiren ilegalizazio mehatxuen ostean. Aitzitik, dagokion lan politikoari askatasunez eta demokratikoki ekingo dio: “Gure ideiak defendatuko ditugu Sorturekin, EArekin zein aldaketa politikoa eta soziala helburutzat duen ezkerretik abiatutako iraultza baketsuaren alde dagoen edozein alderdi nahiz herritarrekin batera”.

Modu honetan erantzun dio alderdi ezkertiarreko bozeramaile Oskar Matutek atzo Jauregik egindako adierazpenei. Ministroak ohartarazi zuen legez, Espainiako Gobernuak Alternatibako eta EAko hautes-zerrendak aztertuko ditu “kutsatutako” Ezker Abertzaleko kideen bila.

“Alternatibak osatuko dituen hautes-zerrendak kostu baxuko demokrazia honi haize pixka bat eman nahi dioten herritarrek baino ez dituzte kutsatuko. Hau da, herri honek aldaketa bat behar duela uste duten herritarrak izango dira: aberastasuna era egokiagoan banatuz, gizarte-eredu desberdina sustatuz eta giza-eskubide, eskubide zibilen eta politikoen defentsa irmoari ekinez”, erantzun du Matutek.

Buruzagi ezkertiarrak “deitoragarritzat” jo du “Erreinuko gobernuak aro politiko berriari eta euskal gizarteak iragan larunbateko manifestazio jendetsuan plazaratutako eskaerari ilegalizazioaren mamua sektore gehiagorengana zabalduz” erantzun izana. Honek zera esan nahi du: “Gurea bezalako taldeen eskubide zibilak eta politikoak praktikan urratzen ari direla, gure zerrendetan hautetsi independenteen presentzia mugatu nahi dutelako. Hau guztia Berlangaren “Todos a la cárcel” filmearen antza hartzen ari da”.

Matutek ohartarazi du Alternatibak ez duela “inoren tutoretzarik” onartuko. Era berean, gogorarazi du ez dagoela prest “bizitzaren zein oinarrizko eskubideen defentsari buruzko ikasbiderik” onartzeko “euren erantzukizun instituzionalaren jardunean, gure gizartean giza eskubideen urraketak saihesteko gai izan ez direnen aldetik”.

Sorturen aurkako txosten poliziala

Alternatibak “esperpentikotzat” jo du Sortu “ETAren tresna hutsa” dela “inongo froga fidagarririk gabe” dioen txosten poliziala. Aldi berean, Espainiako gobernuari sorgin ehizarekin amaitu dezan eta susmoaren itzala zabaltzeari utzi diezaiola eskatu dio. “Egunkaria eta Udalbiltza auzietan gertatu bezala, txosten polizialek ETArekin lotura izatea leporatu diote Sorturi inolako froga barik”, Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek azaldu duen legez. Gainera, txostenok Alternatiba aipatzen dute Ezker Abertzalearekin akordio estrategikoak izateagatik.

“Hau guztia ondorioztatu dutenek Egunkaria itxi eta Udalbiltzako kideei terrorista deitu zieten indar polizial berak dira. Espainiako gobernua arinkeriaz salatzeko ohitura dauka Euskal Herrian. Izan ere, herri honetan susmoaren orbana tesi ofizialak kolokan jartzen dituen edozein gizarte eta politika arlora zabaltzen da”, salatu du bozeramaileak.

“Orban hau Alternatibara heltzen ari da”, Matuteren hitzetan. Alternatiba Espainiako Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren txostenetan agertu da Ezker Abertzaleko kideekin akordio estrategikoak lortu dituelako. “Gurea hutsik gabeko ibilbide demokratikoa da eta ez dugu onartuko inork bakearen eta normalizazio politikoaren alde daukagun konpromisoa zalantzan jarri dezan, horren alde denbora luzea daramagulako borrokan”, ohartarazi du buruzagi ezkertiarrak.

Hori dela eta, Espainiako Gobernuari sorgin ehiza bukatu dezala eskatzeaz gain, Matutek “indarkeria mota guztiak euren estatutuetan errefusatzen duten alderdi zein lagunak” seinalatzeari uzteko eskaera egin dio, jarrera horrek demokraziaren kalitatea kaltetzen duelako, hain zuzen.

Bakerantz legalizazioa

BILBON, 2011ko OTSAILAren 15ean – Alternatibak datorren larunbatean, otsailak 19, Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioarekin bat egin du, euskal politika, kultura eta gizarteko 22 ordezkari ezagunek deitutakoa eta bakea zein Sorturen legeztatzea eskatuko duena. Martxa isilak ‘Bakerantz, legalizazioa’ leloa izango du eta gizartearen gehiengoaren borondateari erantzun egingo dio, “indarkeriarik gabeko bidetik aurrera egitea aukera politiko guztiak zilegi direla”.

Ildo honetatik, Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak gogorarazi du “herritarrak direla, haien botoekin, apustu politikoak berretsi edo ezeztatu behar dituztenak” eta, horrexegatik, “beharrezkoa” deritzo “ezker abertzaleak datozen udal eta foru hauteskundeetan” egoteari. Errefusatu ditu, aldiz, “hauteskunde interesei jarraituta euskal gizartearen zati adierazgarri baten botoa bahitzen jarraitzeko legeak sortu eta manipulatzeko asmoak dituztenak”.

 “ETAren indarkeria behin betiko baztertuta izango duen garai berriaren beldur diren alderdiak eta erakundeak” egotea deitoratu du Matutek eta, azpimarratu du, halaber, “eskubide zibil eta politiko guztien urraketak gaindituko dituen egoera eraikitzea beharrezkoa dela gatazka gainditzeko”. Hori dela eta, Alternatibako bozeramaileak Brian Currin abokatu hegoafrikarrak sustatutko Nazioarteko Harreman Taldeko kideen bitartekaritza txalotu du.

X