Alternatiba: “EAJk euskal gizarteari traizio egin dio berriz pentsioen erreforma babestuta”

Alternatibak EAJren erabakia salatu du, Kongresuan emandako abstentzioarekin “krisialdiaren hasieratik Zapateroren Gobernuak egin duen ereformarik murriztaile, bidegabe eta antisozialenetako bat babestu” duelako berriz. Hala adierazi du Ander Rodriguez Gipuzkoako Batzar Nagusietako Alternatibako bozeramaileak Espainiako kongresuan ostegun honetan hainbat taldek pentsioen erreforma geldiarazteko aurkeztutako egitasmoa atzera bota zuen batzarraren harira. Izan ere, jeltzaleen jarrerarekin, PP eta UPNren abstentzioekin eta CIUren aldeko bozkarekin batera, erreforma udan onartzeko aukera ireki dute.

Oraintsu arte “kanpainan promesak egiten ari ziren berberek euskal herritarrei traizioa egiten dietela” deitoratu du Rodriguezek. Hala, EAJri gogorarazi dio “langileen eskubideen aurkako eraso berri baten konplize” bilakatu dela, langileen bizi baldintzei kalte egingo dien erasoa, “urte gehiagotan lan egitera eta haien bizitzako tarterik zailenetako batean gutxiago kobratzera zigortuko dituena”.
 
Alternatibatik, Valeriano Gomezen hitzak berraztertu nahi izan ditu Rodriguezek, la nministroak esan baitu “sinplifikatzea izango litzatekeela erreforma erretiro adina atzeratzea besterik ez dela esatea”, askoz ere gehiago dakarrenean: “Euren lanpostua galdu ez duten edadekoak esplotatzea, gutxien kotizatu duten emakume eta gazteak miseriara zigortzea eta, batez ere, inolako lotsarik gabe pentsio pribatuen alde egitea bankaren mozkin iraingarriei mesede egiteko”.
 
Guzti horregatik, Alternatibak “basakeria liberalizatzaileak lan eta gizarte eskubideak berriz zanpatu ez ditzan” joka dezatela galdegin die dagokien guztiei eta, horrela, sindikatu eta alderdiei “merkatuen aginduetara gobernatzen dutenen pentsioen erreforma ez babesteko”eskatu die, “ez isiltasunarekin ezta aldeko botoekin”.

Alternatibaren Nazio Koordinakundeak udal eta foru hauteskundeen inguruko hausnarketa plazaratu du

Alternatibak joan den igandeko udal eta foru hauteskundeetako emaitzak ospatu ditueta asteazken honetan bere Nazio Koordinakundea elkartu dela, honako hausnarketak plazaratu nahi dizkio euskal gizarteari.

-Alternatiba Euskal Herriko ezkerraren elkarlana berregiteko prozesuan parte hartzeko jaio zen. Igandeko emaitzek agerian utzi dute Bildu urrats handia izan dela artikulazio prozesu honetaneta Alternatibako gizon-emakumeek lan handiarekin eta ilusioz parte hartu dute bertan.

-Alternatibak pozik egoteko arrazoiak ditu, Euskal Herriko herritarrek aldaketa politiko, sozial eta ekonomikorako ilusioa eta itxaropena haien botoetan eraldatu dituztelako. Euskal Herriko erakunde ugarietan eskuina ordezkatzen duten EAJ, PP, PSE eta UPNri aurre egin ahal izango dien eragilea indartzen jarraitzeko apustuaren alde egiten jarraituko dugu, besteak beste, haien politika neoliberalek eragindako krisia herritarrei ordainarazi dietelako.

-Alternatibatik badakigu erantzukizun handia dela Bilduko hautagaiek Hego Euskal Herrian jaso dituzten 313.000 botoek adierazten duten konfiantza kudeatzea, baina inolako beldurrik gabe onartzen dugun erronka da, batzuek diotenaren kontra, jakin badakigulako udal eta foru programak egiteko orduan lan handia egin dela. Bestetik, Alternatibak erantzukizunhori herritarrekin partekatzeko apustua egiten dugu, benetakoa demokrazia parte-hartzailea bultzatuta.

-Igandeko emaitzekagerian utzi dute Bildu koalizioa osatzen dutenen batuketa baino gehiago dela eta ez dugu ahaztuko proiektu itxaropentsu honek lagun oso ezberdinen botoa erakarri duela, Bildun lanabes desberdina eta beharrezkoa ikusi dutenak.

-Hauteskundeen osteko itunei dagokionez, Bilduren helburu nagusienetako bat euskal ezkerrak  aniztasunetik bateratzea zela gogorarazi nahi du Alternatibak, eskumari aurre egiteko hain zuzen ere, indar eskuindarrek erabateko adostasuna lortzen dutelako aurrekontu antisozialak onartu, lan eskubideak murriztu eta kapitalaren interasak lehenetsita gobernatzeko, pertsonen eskubideen gainetik. Horregatik, Euskal Herrirako aldaketa politiko eta sozialerako programa politikoa eta sozialaren aldekoa pustua berretsi nahi dugu, herritarren gehiengo batek babestu duelako, eta hala egin behar dugu erakundeak gidatuta emaitzek hala agindu dutenean zein oposizioanegonda. Izan ere, Bildurenapustua,kanpainan adierazi dugun bezala, epe luzerakoa da, eta euskal ezkerrak badu bide luzea egiteko ahalmena eta ikusmena, demokrazia parte-hartzailea, patriarkatuaren aurkako borroka,  ingurumenaren eta natur baliabideen babesa eta justizia soziala aldarrikatzeko.

-Azkenik, ia hamarkada baten ondoren euskal gizarteak askatasunez bozkatzeko aukera izan duela txalotu nahi dugu Alternatibako gizon-emakumeok, baina ezin dugu ahaztu hainbat oztopo gainditu behar izan ditugula eta oraindik ere badirela parte-hartze politikoa debekatuta duten milaka herritar. Garai politiko berriek pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuko dituen egoera eraikitzea ahalbidetuko dutela sinetsita, Alternatibak inolako bazterketarik gabeko hauteskundeak espero ditu hurrengo bozei begira, salbuespen legeak gaindituta.

Bildu eta proiektu estrategikoak > Juan Mari Arregi (Argia)

Juan Mari Arregi
Argia

Bilduren hauteskundeetako garaipenak ilusio handia sortu du orain arte “euretakoei” bozkatzea eragotzi izan zaion gizartearen zati batean. Baina ardura ere sortu du gainerako alderdi politikoen kupuletan, sektore ekonomiko eta finantzarietan, eta beraien hedabideetan. Gehien arduratzen diena independentismoaren aurrerakada den arren, beldurra dute Bildurekin arriskuan leudekeelako proiektu estrategikoak: fiskalitatean eta finantzetan (kutxen fusioa) erreformak, AHTa, Pasaiako kanpo portua, erraustegiak… Politikarien eta lobby-en kezkak erakusten du zeinen zerbitzura egon diren proiektu estrategiko horiek.

Beharrezko herri kontsultarik gabe erabakitakoak izateaz gain, ez dira gehiengo sozialaren zerbitzura egon, langile klasearen eta herri sektoreen zerbitzura, baizik eta talde ekonomiko, enpresari eta finantzari zehatzen interesen zerbitzura. Gure herriaren egituratze ekonomiko, sozial eta nazionalaren alde ere ez dute ezer egin proiektuok.

Bilduk sorpresa eman du herritarren babes handia jaso duelako, eta orain berriz ere sorpresa emateko ardura du baliabide publikoak kudeatzeko gaitasuna duela erakutsiz: irmotasuna azalduz bere helburu estrategikoak (sozialak eta nazionalak) mantentzeko, eta malgutasuna adieraziz epeak eta exekuzio denborak negoziatzeko. Bilduk, udalak eta aldundiak gobernatzeko eskubidea eta aukera du, eta sorpresa eman beharra dauka bere kudeaketan gardentasuna eta zorroztasuna erakutsiz. Udal handietako eta aldundietako zinegotzien eta goi karguen soldata milioidunak murrizten hastea ona litzateke kudeaketa eredugarriaren lehen neurri gisa. Bilduk sorpresa eman beharko luke proiektuen inguruan herritarren borondatea errespetatuz eta horretarako herri kontsultak eginez. Bilduk aukera dauka demostratzeko badagoela gobernatzeko beste modu bat, langile klasearen eta herri sektoreen zerbitzura, eta ez enpresari, bankari eta finantzari gutxiengoaren zerbitzura.

Irudia: Kenjyis

Bozetatik haratago > Euken Barreña (Alternatiba)

Igandeko emaitzak jasota ere, begibistakoa da egungo gizarteak parte-hartze politikorako duen axolagabetasuna. Hau azaltzeko erabili ohi diren arrazoietako batzuk dira, alde batetik, politikarien jokabideak eragin duen nekea, erakundeen gardentasun faltaren ondorioz, alderdi politikoetako barne demokrazia eskasa eta ustelkeria. Bestetik, herritarren apatia dago, herritarrek jarduera politikoan era aktiboan parte hartzeari uko egin diote botoa ematetik haratago. “Politikoek konpon dezatela, horretarako ordaintzen diegu!” esaera jokabide horren adierazgarri da.

Azalpen sinple honen aurrean honako galdera hau egin beharra dago: Zuzena al da ordezkari publikoei eta herritarrei erantzukizun bera eskatzea? Ez dirudi logikoa denik, batez ere politikariek eta erakundeek azkenaldian zabaldu duten mezuari erreparatuz, alegia, erabaki politikoak gero eta konplexuagoak direnez, ezinezkoa litzaiokeela herritar arrunt bati erabaki horiek bere gain hartzea. Beste kasu batzuetan, aldiz, herritarren parte-hartzearen aldeko diskurtsoari ekin zaio baina praktikara eramateko inolako neurririk hartu gabe.

Indar ezkertiarrak ez dira inertzia honetatik aldendu, orain arte behintzat, eta gizarteak politika eskuindarrera joko duen beldurrez, parte-hartzearen aurka azaldu dira. Hala ere, auzotarren elkarteen, mugimendu sozialen eta bestelako mobilizazio espontaneoen bizitasunak ideia hau ezeresean utzi dute. Zelan apur daiteke orduan gurpil gaizto hau non herritarren parte-hartzea murriztu nahi duten politikariak eta parte hartzerako tresnen faltak eragindako apatia batzen diren?

Zoritxarrez, gugan eragina duten erabaki asko ez dira demokrazia parte-hartzailearen organoetara (udal, aldundi, legebiltzar…) mugatzen. Horren ordez, demokratikoki hautatu ez diren eta herritarren kontroletik kanpo dauden arloetan hartzen dira. Ondorioz, defizit demokratikoa konpontzen duten demokrazia parte-hartzailearen tresnen eta organoen aldeko apustuak lehentasuna izan behar du.

Igandeko emaitzak aukera bikaina dira egoera honi buelta emateko. Alternatibatik demokrazia parte-hartzailea udal guztietara zabaltzeko proposamena egin dugu, hiru oinarri aintzat hartuz: udal gobernu-organo guztiak mugimendu sozialen zein norbanakoen parte-hartzera zabaldu; alderdien monopolizazioa saihestu; aurrekontu parte-hartzaileak sustatu eta herritarren parte-hartzea bideratzeko bitartekoak sortu, auzo, sektore eta hiri kontseiluak. Organo hauek ez dute kontsultarako izaera izango soilik, bertan hartutako erabakiak lotesleak izan beharko dute erabaki estrategikoei begira. Desadostasunak izanez gero, herri galdeketetaz baliatu beharko lirateke udalak.

Neurri hauek ezartzeko bidean testuinguru zehatzari errepatu beharko zaio jakina, baita ekonomiaren, heziketaren eta sentsibilizazioaren ikuspuntuetatik beharrezko baliabideak bideratu ere. Herritarren parte-hartzerako konpromisoa ez da soilik galbidean dagoen demokraziaren osasunari eusteko egin beharreko eskaera etikoa, baizik eta borondate politiko argiaren araberakoa da eta Alternatibak konpromiso horri ekin dio bere sorreratik.

 

Irudia: Ciro Boro

X