Alternatibak bat egin du Otegi askatzeko manifestazioarekin

Alternatibak atxikimendua agertu nahi dio Arnaldo Otegiren askapena eskatzeko bihar egingo den manifestazioari. “Arnaldo askatu, politika askatu” lelopean, manifestaldia Elgoibarko plazatik aterako da 17:30ean eta Oskar Matutek parte hartuko du Alternatibaren izenean.

Bake eta normalizazio prozesuarekin aurrera egiteko bidean “ezinbestekotzat” jo du Alternatibako bozeramaileak Euskal Herriko eragile guztiek politika egiteko eskubidea bermatuta izan dezatela. “Otegi erabaki politikoen ondorioz dute espetxean oraindik. Are gehiago, bakearen aldeko bere ekimen politikoak izan dira auzipetua eta espetxeratua izatera eraman dituztenak eta hori salatu beharra dago”, gaineratu du.

Bilduk segurtasunaren eta lan osasunaren aldeko mobilizazioak babestu ditu

Bilduk bere babesa erakutsi die ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRUk Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean egin dituzten mobilizazioei. Koalizioak bat egin du eskubide sozial eta laboralek dakartzaten murrizketen kalteak salatzean, Euskal Herriko langileen bizi-kalitate eta osasunarengan eragina izango dutelako.

Bilduk “ezinbestekotzat” jo du lan osasuna osasun publikoaren baitan jasotzea. Izan ere, koalizioak gogorarazi duen legez, 2010ean 80 behargin hil ziren lan istripuetan eta 2011ko lehen lauhilekoan 18 hildako zenbatu dituzte sindikatuek Euskal Herrian. “Gehiegizko ekoizpen helburuak izateak lan istripuak eragiten ditu, jakin badakigulako segurtasun neurriak murrizten doazela etekin ekonomikoak lehenesten diren heinean”, Bilduk salatu duen legez.

Era berean, Bilduk Zapateroren gobernuari leporatu dio prekarietatea “dekretuz” areagotu izana, azken hau “lan istripu gehienen oinarrian” dagoela azpimarratuz. Modu honetan, Bilduk salatu du azken lan erreformaren bitartez “bereziki arriskutsuak direlako Aldi Baterako Lan Enpresek (ABLE) hartzea debekatuta duten lanen zerrenda” murriztu dutela.

Gainera, koalizioak “kontrol publikoa areagotzeko eskaera” luzatu du aseguru mutuek beharginak lanera bidaltzen dituztelako guztiz sendatuta egon gabe eta beste batzuk Gizarte Segurantzara bidaltzen dituztela “laneko gaixotasunak izan beharrean endekapenezko gaixotasunak direla argudiatuz”. Zentzu honetan, Bilduk nabarmendu du, egungo arazoak konpondu baino, erretiro adina atzeratzeak “lan istripu eta gaixotasun gehiago” eragingo dituela.

Hori guztia dela eta, koalizioak azpimarratu du lan harremanetarako eta gizarte-babeserako euskal esparrua sortu beharra dagoela. “Inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herriak bere segurtasun eta lan osasuneko politikak erabakitzeko ahalmen normatiboa izatea”, adierazi duten legez.

Alternatiba: “Bakea egonkortzeko bakoitzak egin beharrekoa onartu beharra dago”

Alternatibak albiste baikorra deritzo su etena hausten ez duen ETAren edozein agiriari. Hala ere, ETAri, “erantzukizunak besteengan ez lagatzeko eta dagokiona bete dezan” eskatu dio, “indarkeria behin betiko utzita”. Era berean, Espainia eta Frantziako Gobernuei “bake prozesuan parte hartu eta berau baieztatzeko lan egin” dezatela galdegin die.

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek indarkeriaren kontrako konpromisoa berretsi eta “bakea egonkortzeko guztion konpromisoak beharrezkoak” direla gogorazi du, “ezin dira bakoitzaren ardurak besteei leporatu, bakoitzari dagozkionak onartu behar dira eta horiek betetzeko ahal duen guztia egin beharra dago”.
 
Ildo beretik, ETAri dagokiona “estrategia militar antzua behin betiko lagatzea eta euskal gizarteak bere eragile sozial eta sindikalekin batera eskatzen duena onartzea da, gizartea delako Euskal Herriak behar duen bake eta normalizazio prozesua gidatu behar duena”.
 
Era berean, eta frantziar estatuan gertatutako tiroketak eragin dituen zalantzen aurrean, Espainia eta Frantziako Gobernuei “bake prozesuarekin benetako konpromisoa hartu eta ETAk iragarritako su etena baieztatzeko” dei egin die.

Eraiki nahi dugun aberria (Alternatiba)

Irudia: Iñigo Arsuaga
Igande honetan, apirilak 24, Aberri Eguna ospatzen da, Alternatibak autodeterminaziorako eskubide erreala eta eraginkorra aldarrikatzeko baliatzen duen eguna. Menpekotasun sistema guztiak gaindituko dituen Euskal Herria eraiki beharra daukagu: kapitalismo aseezina, patriarkatuaren bidegabekeria, produktibismo suntsikorra, arrazakeri ankerra, itxurazko demokrazia eta kultur asimilizazioa gaindituko dituena.

Borroka guzti hauek izan behar dute lekua Aberri Eguneko ospakizunetan, hala uste dugu Alternatiba osatzen dugun gizon-emakumeok, bakarrik horiei aurre egin eta urratsak egiteko gai den herria izango delako benetan demokratikoa.

Egun honek folklorea gainditu behar du, gure lurraldean diren gatazka sozial, politiko eta ekologikoen aurrean entzungor dirauen nazio ikuspegia baztertzen dugu. Ez dugu haien nazioa nahi, naziorik ez baitago berdintasuna urratuta eta pertsona guztien eskubide guztiak errespetatu gabe. Ez gara ikurren defentsarekin konformatuko, Euskal Herri justuagoa eraikitzeak herritarrentzako eskubideak eta askatasunak zabaldu behar dituela aldarrikatzen dugu.

Garai berria bizi du Euskal Herriak, egoera politiko berria non, herriak eskatzen duenaren bidetik, elkarlanaren alde egiten dugu. Alternatibak eragile ezkertiar eta subiranistek indarrak batzearen aldeko apustua egin du beti, eta oraingoan etorkizun komun baterako bidea partekatzeko aukera gauzatu dugu. Zailtasunak daudela jakin badakigu, eta ez gara bakea eta nazio eraikuntza oztopatu nahi dutenei buruz bakarrik ari. Izan ere, badira askoz traba gehiago: desberdintasunak, pobrezia, era guztietako eskubideen urraketa eta indarrean dauden logika zapaltzaileak.

Seguruenik, esan ohi denez, ez daude diren guztiak, baina badakigu zer garen barruan gaudenok. Euskal Herriko pertsona guztien eskubide indibidual eta kolektibo guztiak bermatu beharraz seguru gaude, bakerantz   egin beharreko urratsen premiaz, indarkeria, mehatxu eta errepresio forma guztiak gaindituta, gatazkaren parte diren edozein erakunde, eragile zein instituzioen aldetik. Askok ukatzen badute ere, gatazka herritar guztiek gainditu nahi dutela jakin badakigu.

Era berean, Euskal Herrian diren subiranotasun nahiak zilegi direla konbentzituta gaude. Bere buruari zuzenbidezkoa deritzon estatuak zilegitasun hori modu gaitzesgarrian urratzen duela salatzen dugu, horretarako milaka eta milaka herritarren parte-hartze politikorako eskubidea bortxatzen du, 50.000 lagunena zuzenean eta bi milioitik gora lagunena zeharka. Demokrazioaren aurkako bidegabakeria honen aurrean, behin et aberriz exijituko diogu Espainiako estatuari, ETAri indarkeriazko ekintzak uzteko galdegin genion irmotasun berberarekin, gobernu espainiarrek urratu izan dituzten eskubide guztiak berrezar ditzala: elkartzeko eskubidea, adierazpen eta manifestazio askatasunarena eta herritarren botoa bahitzen duen Alderdien Legea bertan behera uztea.

Bestetik, Iruñea eta Gasteizko gobernuen politika neoliberalekiko morroitzari erantzuteko alternatibak eskaini behar ditugu, herri sozialista, ekologista eta feminista eraikiz. Eta nazio eraikuntzan zein eremu sozialean herria desegiten dutenen aurka egin behar dugu.

Hauxe da Aberri Egun honetan Alternatibak egiten duen aldarrikapena, azken hilabeteotan elkarrekin egin ditugun urratsek herri honen eraikuntzarako aukera berriak eta itxaropentsuak eskainiko dituelakoan, herri honetan sinesten dugulako, ezkerreko Euskal Herrian sinesten dugulako.

Euskal Herrian, 2011ko apirilaren 24an

Bildu.info webgunea aurkeztu du koalizioak

Bilduk “bilgune” izan nahi duen webgunea aurkeztu du gaur

Eusko Alkartasuna, Alternatiba eta independente ezkertiarrek osatutako koalizioak Bildu.info atariaren aurkezpena egin du gaur Bilbon. Prentsaurrekoan Zuriñe Gaintza, Amaia Agirresarobe, Lore Martinez eta Asier Gomez izan dira. “Herritar guztiei eskaini eta beraiekin konpartitu nahi dugun tresna da webgune hau”, Gaintzak adierazi duen legez.

Koalizioari buruzko berriak, irudiak eta bideoak jasotzeaz gain, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroak espazio propioak dituzte webgunean. Era berean, herriz herri hautes-programen eta hautagaiei buruzko kontsultak egiteko aukera zabalduko du. Gainera, Martinezek aurreratu duen legez, ekitaldi nazioanalak streaming-ean emitituko dira aurrerantzean.

Koalizioak teknologia berrien “trena” hartu nahi du eta webgunea ezezik, hemendik aurrera Facebook, Tuenti eta Twitter sare sozialetan ere ariko da, aurreratu du Gomezek. “Herritarron sareko eremu pertsonal horretara sartu nahi dugu eta herritarrei gure berri eskaintzeaz gain, partaide izan dadila nahi dugu”.

Agirresarobek “ekarpen motibagarritzat” jo du webgunea eta “egun Euskal Herrian bizi dugun ilusio eta itxaropena” lau haizetara zabaltzen lagunduko duela iragarri du. Izan ere, “aldaketa politiko eta sozialerako” lagungarri izan daitekeela gaineratu du: “Hemen ez da filtrazio interesaturik izango, herritarren indarrak biltzeko gogoa isladatuko da, prozesuari bultzada geldiezina erakusteko leihoa izango da eta ezkerreko politikak aplikatzeko proposamenen kokapena”.    

Azkenik, Gaintzak “EAJk, PSE-EEk eta UPN-Alderdi Popularrak isladatzen duten politika egiteko estilo zaharkitu, usteldu eta etsigarritik” aldendu eta  “freskura, ilusioa, gogoa eta itxaropena” kontrajarri nahi diotela nabarmendu du. Izan ere, “herri interesak” dira Bilduren lehentasunak eta horrek “Madrilen zein euskal alderdi jakin batzuetan” kezka handia eragin du, bere ustez. “Kezka horien iturria jasotzen ari garen babes zañaba baino ez da”, laburbildu du zerrendaburuak.

X