Ikerketarik ez, garapenik ez eta etorkizunik ere ez Enkarterrin

Eustatek EAEko I+G gastuaren inguruan argitaratutako azken emaitzak Enkarterrik pairatzen duen utzikeria berrestera datoz. Izan ere, eskualdeko barne produktu gordinarekiko (BPG) eskualde bakoitzak ikerketarako eta garapenerako gastatzen duenaren sailkapenean azkena da Enkarterri. Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramaile Jonathan Martinezek salatu duenez, “arazoa ez da bakarrik salkapeneko azkena izatea, portzentaia hutsaren parekoa izatea baizik, %0,01ekoa ,hain zuzen ere”. I+G inbertsioa Enkarterrin Bizkaian baino 185 aldiz txikiagoa da, Europakoa baino 200 aldiz txikiagoa, Finlandiakoa baino 400 txikiagoa eta Debagoienan baino 460 aldiz baxuagoa da; aipatutako bakoitzaren aberastasunaren araberako gastuaz ari gara betiere.

Martinezek deitoratu duenez, Enkarterriko datua eskualdean azken urteetan gertatzen ari denaren isla besterik ez da: “Enplegu galera etengabea eta geldiezina da eta horren atzean industriaren desagerpen basatia dago”, Alternatibak sarritan salatu duenez. Azken bost urteetan, langabezian dauden lagunen kopuruak %77,4 egin du gora eta eskualdea %12,5eko langabezia dauka, Alonsotegi, Güeñes, Balmaseda eta Turtzioz bezalako herriak EAEn langabeziarik handiena duten eskualdeen artean daudela.

Enkarterrik bizi duen egoera lazgarriaren aurrean, datuok Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eskualde oso bat erabat ahaztu egin dutela berresten dutela azpimarratu du Alternatiba, “Bizkaiko gizarteak bakarrik entzuten ditu Enkarterriri buruzko albisteak enpresaren bat ixteko zorian dagoenean edota Karrantzako Minda bezalako gertaera eskandalagarriak azaleratzen direnean”. Industriatik haratago, lehen sektorearen egoera ere  oso larria da, nekazari eta abeltzainen ustiategien kopuruak behera egin du nabarmen, politika agrodindustrialen ondorioz.

Alternatibako batzarkideak “entzungor” egitea leporatu dio Jose Luis Bilbaoren Gobernuari, “non daude hauteskunde garaian agindu zituzten proiektuak, Alonsotegiko Habidite kasu, eta ehunka lanpostuak?”. Ildo beretik, foru gobernuari Alternatibak aurkeztu eta aho batez onartutako arauz besteko proposamena berehala bete dezala galdegin dio, Enkarterrin enplegua sustatzeko plan berezia martxan jartzea eskatzen duena.

Frantziako tiroketak bake prozesua “eragozten” duela dio Alternatibak

Frantziako tiroketak bake prozesua eragozten duela adierazi eta ETAri desegiteko eskatu dio Alternatibak

Alternatibak irmo errefusatu du Frantzian izandako tiroketa, non ustezko bi etakidek jendarme bat zauritu duten, eta indarkeri ezaren aldeko konpromisoa berretsi du.

“Euskal Herriko eragile sozialek, sindikalek eta politikoek Gernikako Akordioaren baitan egin ditugun eskaeretatik kanpo jardun dute ustezko etakideek eta jarrera horrek Euskal Herriak behar duen bake eta normalizazio prozesua eragozten du”, Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek adierazi duen legez.

Matutek “edozein indarkeri mota” gaitzetsi eta ETAren “behin betiko desagertzea” eskatu du: “ETAren estrategia militar antzu eta samingarriak eragin negargarria du pertsonengan, politikarengan eta gizartearengan herri honetako elkarbizitza eta garapen soziala kaltetuz”. Zentzu honetan, politikari ezkertiarrak zera eskatu du: “Inork ez dezala oztopatu Euskal Herriak bakerantz eta konponbide demokratikorantz egin behar duen ibilbidea”.

Alternatibak koalizioa osatuko du Eusko Alkartasunarekin eta independente ezkertiar eta subiranistekin

Alternatibako Nazio Asanbladak udal eta foru hauteskundeetara Eusko Alkartasunarekin eta independente ezkertiar eta subiranistekin koalizioan joatea erabaki du

BILBON, 2011ko APIRILAren 2an – Alternatibako Nazio Asanbladak baiezkoa eman dio maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetara Eusko Alkartasunarekin eta independente ezkertiar eta subiranistekin koalizioan joateari, Euskal Herria Ezkerretik akordioan hartutako konpromisoak berretsita.

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek positibotzat jo du koalizioa sortzea, erakundeak bere hastapenetatik adierazi duen borondatearekin bat datorrelako. “Alternatiba jaio zenetik, herri honek behar eta espero duen ezkerreko indarren bilkura ahalbidetu eta gauzatzea izan du proiektu nagusia. Bada, beraz, lehendabiziko urrats bat, hauteskundeetan amaiera izango ez duena, Euskal Herrian aldaketa sakona eragiteko sortutako apustu politikoa izango baita”.

Alternatibak bere ezaugarri propioak gordeko dituela ziurtatu du Matutek, pertsona eta herri guztietarako eskubide guztiak aldarrikatzen jarraituz, “batzuk besteen aurretik lehenetsi gabe”, agenda feminista, subiranista, errotiko demokrazioa zalea eta eredu ekonomiko alternatiboaren aldeko apustua babestuko duena.

Alternatibako bozeramaileak esan duenez, “egungo krisi egoerak, pertsona zein taldeen eskubideak urratzen ari direnean, aldaketa sakonak egiteko beharra inoiz baino ageriagoa da, eredu sozio-ekonomikoaren aurrean alternatibak eskaintzeko”.

Azkenik, Matutek nabarmendu du garai berri honetan udal eta foru erakundeek izango duten garrantzia: “Tokikoa funtsezko eremu estrategikoa da herri proiektu berria balio alternatiboetatik eraikitze aldera. Aukera hau baliatu beharra daukagu eskubide guztiak, bazterketarik eta lehentasunik gabe, politikaren erdigunean kokatzeko”.

Alternatibak eta Eusko Alkartasunak bilerak iragarri dituzte ezkerreko subiranistekin

Eusko Alkartasunak eta Alternatibak Nafarroako lekukoari heldu diote eta ezkerreko subiranistekin bilerak iragarri dituzte Hego Euskal Herri osorako ahalik eta subjektu elektoralik anitzena lortzeko asmoz

Bilbon, 2011ko martxoaren 29an
Eusko Alkartasunak eta Alternatibak aldaketarako deia egin zuten nafar ordezkarien lekukoari heldu diote, herrialde horretan ez ezik, Hego Euskal Herri osora zabaltzeko asmoz.

Erakunde biek, ezker abertzalearekin batera Euskal Herria Ezkerretik akordioa sinatu zutenak, beharrezkotzat jo dute euskal gizarteari subjektu elektoral berria aurkeztea, ezkertiarra eta subiranista, sigletatik eta hauteskundeetatik haratago gogoak bilduko dituena eta gure herrian aldaketa gauzatzea ahalbidetuko duena.

Hala, ezkerreko subiranotasuna, betorik eta bazterketarik gabekoa, ordezkatuko duen eskaintza plazaratzeko lanean hasiko direla iragarri dute. Joan den larunbatean, Lizarran, Nafarroako milaka herritar ordezkatzen dituzten indar politikoek subjektu abertzale, azkertiar eta aurrerakoi bat sortzearen alde egin zuten, bakarrik bide demokratiko, bakezale eta demokratikoetatik aldaketa politikoa eta soziala sustatuko duena, eskumari eremu guztietan aurre egingo diona.

Gaur goizean eginiko bileran, erakunde biek egitasmo horrekin bat egin dute eta eremu guztietako ezkerreko indar subiranistekin harremanak hasiko dituztela iragarri dute, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere ahalik eta akordiorik zabalena lortzeko helburuan indarrak biltzeko. Larunbatean Lizarran irekitako lan ildotik aurrera egin eta lan egiteko prest dauden pertsona independenteak badirela jakinda, harremanak berehala hasiko
dituzte erakunde bietako ordezkariek.

Eusko Alkartasunaren eta Alternatibaren ustez, abagune politiko berria ilusioz beterik dator, zeinetan ezker anitzek, subiranistak eta independentistak, Euskal Herrian aldaketa sakona eragingo duen agenda bateratua jorratzeko prest dauden. Horixe bera da, bi erakundeetako ordezkarien arabera, milaka eta milaka euskal herritarrek duten itxaropena eta eskakizuna, pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuko dituen Euskal Herri baten alde borrokatzeko.

Eusko Alkartasuneko eta Alternatibako bozeramaileek adierazi dutenez, datozen foru eta udal hauteskundeak eraketa prozesu baterako bultzada izan daitezke, hauteskundeetan amaiera izango ez duena eta Euskal Herri subiranoa eraikitzen saiatuko dena, behetik eta ezkerretik.

X