Bakerantz legalizazioa

BILBON, 2011ko OTSAILAren 15ean – Alternatibak datorren larunbatean, otsailak 19, Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioarekin bat egin du, euskal politika, kultura eta gizarteko 22 ordezkari ezagunek deitutakoa eta bakea zein Sorturen legeztatzea eskatuko duena. Martxa isilak ‘Bakerantz, legalizazioa’ leloa izango du eta gizartearen gehiengoaren borondateari erantzun egingo dio, “indarkeriarik gabeko bidetik aurrera egitea aukera politiko guztiak zilegi direla”.

Ildo honetatik, Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak gogorarazi du “herritarrak direla, haien botoekin, apustu politikoak berretsi edo ezeztatu behar dituztenak” eta, horrexegatik, “beharrezkoa” deritzo “ezker abertzaleak datozen udal eta foru hauteskundeetan” egoteari. Errefusatu ditu, aldiz, “hauteskunde interesei jarraituta euskal gizartearen zati adierazgarri baten botoa bahitzen jarraitzeko legeak sortu eta manipulatzeko asmoak dituztenak”.

 “ETAren indarkeria behin betiko baztertuta izango duen garai berriaren beldur diren alderdiak eta erakundeak” egotea deitoratu du Matutek eta, azpimarratu du, halaber, “eskubide zibil eta politiko guztien urraketak gaindituko dituen egoera eraikitzea beharrezkoa dela gatazka gainditzeko”. Hori dela eta, Alternatibako bozeramaileak Brian Currin abokatu hegoafrikarrak sustatutko Nazioarteko Harreman Taldeko kideen bitartekaritza txalotu du.

Legalizazioa

Alternatibako ordezkariak Euskaldunan izango dira astelehenean Lokarrik antolatutako ekitaldian

BILBON, 2011ko OTSAILAREN 5ean – Alternatiba Bilboko Euskalduna Jauregian izango da astelehenean Lokarrik antolatutako ekitaldian, ezker abertzalearen estatutu berrien aurkezpenean. Alternatibako ordezkaritza Ander Rodriguez Gipuzkoako batzarkideak, Jonathan Martinez Bizkaiko batzarkideak eta Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak osatuko dute.

Hauteskundeetan aukera politiko guztiak egotearen aldeko apustua berretsi du Alternatibak eta, berriz ere, ‘ad hoc’ sortutako salbuespen legeak salatu ditu, eskubideak murriztu eta sistema demokratikoari kalte egiten diotelako.

Sortu

Alternatibak albiste pozgarria deritzo Sorturen sorrerari Euskal Herriaren normalizaziorako eta “bakeari trabarik ez jartzeko” eskatu du

DONOSTIA, 2011ko OTSAILAren 9an – Alternatibak baikor hartu du Sorturen jaiotza, “Euskal Herriaren normalizaziorako albistea pozgarria” delako. Izan ere, “bakea lortzeko helburuan laguntzera datorren indar politiko berria da eta, horrez gain, herri honetan beren burua ezkertiar eta abertzaletzat duten herritarren kopuru handi baten bozka askatuko du, orain arte bahituta egon baita”.

Hala esan du Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak ETAren indarkeria estatutuetan “argi eta garbi” errefusatzen duen Sortu erakunde berriaren hamar sustatzailek atzo eginiko aurkezpenaren harira.

Alderdi honen sorrerak, Matuteren esanetan, “aro berria ireki du euskal politikagintzan, ez baitago ETA justifikatzen duen indar politikorik eta, ondorioz, ezin da legez kanpoko alderdirik egon”.

Horregatik, “alderdien legea baztertu eta herri honetan ebatsi diren eskubide zibil eta politikoak berrezartzeko ordua dela” ohartarazi du, “normalizazio politikorako eta demokraziaren oinarrizko printzipioak erabat errespetatuta gatazka gainditzeko xedean aurrera egin ahal izateko”. Bakea helburu duen bidean, buruzagi ezkertiarrak nabarmendu duenez, “soberan daude alderdien arteko zangotrabak eta epe luzera begiratzea lehenetsi beharra dago”, beraz, “ez da zilegi Sortu bezalako alderdi demokratikoak jokoz kanpo uzteko trikimailu legalak erabiltzea”.

Euskal Herria Ezkerretik, greba orokorrarekin bat

‘Euskal Herria ezkerretik’ akordioaren oinarri nagusiak nazio eraikuntza eta gizarte eraikuntza dira. Txanpon beraren bi aldeak dira. Akordioaren aurkezpen ekitaldian azpimarratu genuenez, erantzun irmoa eman behar zaie langileen eskubideak gutxietsiz merkatuen nagusitasuna mantendu nahi duten neurri ekonomiko eta sozialei.

Horixe da, hain zuzen, Gasteizko, Iruñeko eta Madrileko gobernuak (azken hau EAJren babesarekin) egiten ari direna. Bere azken ekarpena erretiro-adina 67 urte bete arte atzeratzea da, eta horrekin batera pentsioa kobratzeko eskubidea izatearren kotizatu beharreko urte kopurua ere handitzea.

Neurri hori, eta ez da bakarra, atzerapauso argia da langileen lan eta gizarte eskubideen ikuspegitik, eta beste behin krisiaren ondorioak gizartearen sektorerik ahulenen bizkar gainean erori da, hau da, gazteak, etorkinak eta emakumeak bereziki, azken hauek zigor bikoitza jasaten ari baitira krisiaren ondorioz.

Espainiako Erresumako Gobernuak hitzez hitz bete ditu banku-botereen exijentziarik onartezinenak; botere horien helburu bakarra haien etekin iraingarriei eustea da, guztiei, horrek hondamen kolektiboa ekarri arren. Banka pribatua da benetan gobernatzen gaituena; alegia, Zapateroren txeke multimillonarioak diru-gosez pilatu dituena, Estatuko zor publikoa erosita interes altuak lapurtzen dizkigun bitartean.

Horrela, banka pribatuak patronalari likidezia eskatzen dio, eta patronalak PSOEk eta EAJk lotsarik gabe txalotzen duten lan erreforma eskatzen dio espainiar Gobernuari.

Hori dela eta, datorren ostegunerako, hilak 27, euskal gehiengo sindikalak deitutako greba erabat justifikaturik dagoela uste dugu, eta deialdi horrekin bat egiten dugu.

Zalantzarik ez dago, pentsioen erreforma eta haien ustezko bideragarritasunik eza saio bat baino ez dira sistema publikoarekin amaitzeko eta sistema bera pribatizatzeko. Guk prozesu horri aurre egingo diogu, gure oposizioa erabatekoa delako. Enplegua sortu eta lan-prekarietatea murriztu beharrean, langileen egoera larriki ahuldu da; gobernuak langileak bakarrik uzten ari dira espekulatzaileen interesen alde egiteko. Eusko Alkartasunak, Ezker Abertzaleak eta Alternatibak gizarte-justizia defendatzen dugu, eta argi dugu murrizketa sozial hauek guztiak gure burujabetzaren aurkako buruz buruko eraso bat direla, guk aldarrikatzen dugun lan harremanetarako euskal esparruaren ukazioa direla. Erabakitzeko eta gizarte-elkarrizketarako estatuko esparruaren inposaketa jasaten du euskal gizarteak, eta esparru horren eredua mimetikoki aplikatzen da EAEn zein Nafarroan, Euskal Herri osoaren errealitate soziala, politikoa, ekonomikoa eta sindikala aintzat hartu gabe.

Pertsona guztiek pentsio duin bat jasotzeko eskubidea izan behar dutela aldarrikatzen dugu, eta horretarako enplegua sortu behar da, baina kalitatezko enplegua; soldata altuagoa, kotizazioa ere altuagoa. Gazteek eta emakumeek lan merkatuan sartzeko aukera izan dezaten, baldintza eta aukera berdintasunean. Zerga politika aurrerakoia eta progresiboa ezar dadin. Eta lehenago esan dugun bezala, Euskal Herriak bere pentsio-sistema erabakitzeko ahalmena eta tresnak izan ditzan, hau da, erabakitzeko euskal esparrua izan dezan.

Hau guztia dela eta, datorren ostegunerako, hilak 27, euskal gehiengo sindikalak deitutako greba orokorrarekin bat egitea erabaki dugu, argi eta garbi.

Greba Orokor honek ez die erantzunik ematen amorruari edo haserreari bakarrik. Benetako aldaketaren alde lan eginez jarraitzeko bidea da. Beste eredu ekonomiko, sozial eta politiko baten alde lanean segitu behar dugu. Eredu bat non herritarrok ez garen egongo batzuk bakarrik babesten dituen eredu ekonomiko baten zerbitzuan, ekonomia bera herriaren interesen zerbitzuan egon dadin. Euskaldunok kalera irten eta mobilizatu behar dugu gure eskubideak errespetatuak izan daitezen.

Ez daude geure pentsioak arriskuan, baizik eta zeuen irabaziak (Alternatiba)

Margaret Tatcherren gobernuak TINA akronimoarekin (alternatibarik ez dago, ingeleraz) laburtzen zuen bere politika erabat antisoziala. Hala, gobernu kontserbadore honek krisia aitzakia hartuta Europako politika antisozialenak eraman zituen aurrera. Era berean, PSOEren gobernu liberalak dagoeneko murriztu baino murriztago dauden pentsioak eskasteko argudio bera erabiltzen du: ez dago alternatibarik. Euren arabera, gizarte segurantza  sistemak hondoa jo lezake egungo irizpideei eutsiz gero. Beraz, pentsioen gastua murriztu behar omen da sistemaren iraunkortasuna mantenduko bada.

Bi argudiook -gizarte segurantzaren hondoratzea, pentsio gastua murrizteko premia- erabat faltsuak dira eta erreforma hauen benetako helburua ezkutatu besterik ez dute nahi: publikoa murriztu krisi sistemikoaren erantzuleen negozio esparrua areagotzeko. Gizarte segurantza soziala ez dago arriskuan (esaterako aurtengo 11.000 milioi euroko irabazia) eta ez dago kosteak murrizteko beharrik – zergatik ez sarrera gehiago lortzen saiatu? Funtsean, betiko borroka da, pertsona guztien eskubideak gutxi batzuen pribilegioaren alde.

Gizarte segurantzaren hondamendia aurreikusten zuten zorigaiztoko aurreikuspenek kale egin arren, lotsa barik dihardute ekonomiaren aztiek iristear diren hondamendien berri ematen. Interesa zuten jaitsiera-tasaren beherakadak eta bizi-itxaropen tasaren gorakadak Gizarte Segurantza krisian jarriko zutela esatean, eta huts egin zuten. Aurreikuspen hauen atzean bankuak  -izan ere euren helburua Gizarte Segurantzak hartzen dituen aurrezki publiko horiek bere aldera eramatea da- eta patronala -gizarte ekarpenak murriztu nahi baititu- ditugu bereziki. Hori dela eta, pentsio publikoen murriztea eta pentsio pribatuen gorakada eskatzen dute, ez langile eta pentsiodunen hobebeharrez, ez estatuarentzat hobe delako, baizik eta euren merkatu diruzaleen mesedetan soilik. Ez dago inolako justifikaziorik.

Hala, jendeari 65 urtetik gora lan eginaraztea ez da pentsioen mesedetan harturiko erabakia. Helburua pentsio publikoak murriztea da, aurrezteko gaitasuna dutenek pentsio pribatuetan sartzeko premia ikus dezaten, bankuen negozioaren onurarako. Ez dira pentsioak kolokan daudenak, bankaren irabazik baizik.

Dirudienez, batzuei ez zaie axola finantza krisiak pentsio sistema pribatuen ahultasuna agerian utzi izana, ez eta diru publikoz lagundu behar izan zaielako txikeria. 1970Tik 2003ra 93 herrialdetan 117 banka krisi izan dira, eta 17 herrialdetan 113 finantza “stress” aldi. Pentsio pribatuak omen dira arazoarentzako irtenbidea, baina 2008ko martxotik 2009ko martxora fondo pribatuek %6,37ko errenta negatiboa eman dute batez beste.Zein dago arriskuan, pentsio publikoak edo pentsio pribatuen pagotsa? Honi jarraiki, EAEko Foru Aldundiek pentsio pribatuen mesederako zerga sistema ezarri dute, aurrezteko gaitasuna dutenentzat mesedegarri eta pentsio publikoen inguruan ahulezia ideia zabaldu dute.

Gizarte seguranta hondoratuko dela esateaz gain, arazoa beti gastu murrizketaren bidez konpondu nahi dute, patronalaren bidetik, krisitik aterako gaituzten neurri egokiak hartu gabe.

Hala, Gizarte Segurantzaren gastua aurrezteko proposaturiko aldaketetako bat kotizazioak kalkulatzeko gutxieneko epea 15 urtetik 20ra igotzea da. Horrela, sindikatuen kalkuluen arabera pensioak %6 jaitsiko dira. Neurri honek batez ere emakumezkoei  eragingo die, kotizazio aldi txikiagoak baitituzte eta lan merkatuan sartu-irten gehien egiten dutenak izaten direlako, baita behin-behineko kontratu gehien pairatzen dutenak ere.  Are berezikiago, Etxe zerbitzarien erregimen Berezipean diharduten langileei, egoera honetan diren langileen %32,5 16 eta 20 urte bitartean kotizatu duten artean baitaude. 

Ez da, ordea, Zapatero gobernuak pentsioak murrizteko duen bide bakarra. Lehen unean tanteo moduko iragarpena bazirudien ere, badirudi ziurra dela jubilazio adina 67 urtera luzatuko duela gobernuak. Neurri hau lehen aipatu kotizazio urteak 15 eta 20ra igotzekoari lotzen bazaio, pentsioen batez besteko %16ko murrizketa izango da. Era berean, atseden eskubidea ondo irabazia duen jendeari lan merkatutik ateak ixten zaizkion bitartean gazteei lanean hasteko bideak ixten zaizkie. Ez da ezagutzen osotasunean zeintzuk izango diren aldaketa zehatzak, edozein modutan, gobernuak hainbat aldaketa ditu buruan, beti ere pentsioak murriztera bideratuak.

Alternatiban, baina, erabat ezberdina den irtenbidea eskainiko genuke inoiz balizko arazo hori suertatuko balitz, hau da, irtenbideak Gizarte Segurantzak bildutako dirua igotzera jo beharko luke, ez pentsioak murrizteko aldrebeskeriak pentsatzera. Bankuek, patronalak eta ekonomista neoliberalek aldarrikatuko bideei uko egitea, alegia:

· Lan sariak, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatatik hasita, igotzea kotizazio handiagoak izan daitezen.

· Espainiar Erresuman %20koa eta EAEn %10ekoa den langabezia-tasa murriztea, kotizazioak ordaintzen dituzten pertsona gehiago izan dadin.

· EAEko emakumezkoen okupazio-tasa igo, egun dugun %58tik Alemaniak duen %66ra kasu. Horretarako hainbat neurri daude, gizonezkoen eta emakumezkoeen arteko ardura elkarbanatuak zainketari dagokionean, emakumeak aukera eta eskubide berdintasun egoeran lan munduratzeko. 

· Gizarte Segurantzan kotizatzen ez duten bekadun eta Kolaborazio Sozial Kontratuak desagerraraztea, baita sasikotizatzen duten zabor kontratuak ere.

· 65 orduei buruzko Europako zuzentaruak aldarrikatzen zuenaren aurkako bidetik, lan jardunaldiak murriztea, lana banatu eta kotizatzaile gehiago izateko. 

· Ezkutuko ekonomia murriztea..

· Etxeko langileak Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean sartzea. EAEn etxeko langile diren 24.318tik 14.000ksoilik kotizatzen dute moduren batean.

· Kotizazio gabeko pentsioak estatu transferentziekin finantzatzea, horretarako europar mailetara igo beharko litzateke zerga presioa. Ondasunen gaineko Zerga berreskuratu beharko litzateke, aurrezki errentak gainontzeko IRPFan berriz kokatu eta enpresa handien zein IRPFko errenta altuenen zergak handitu, besteak beste. Minimoko konplementuen %38 soilik ordaintzen du estatuak zergen bidez gizarte segurantzaren ordez.

· Lanaldia hobe banatzeko jubilazio adina aurreratzea. 40 urtez kotizatu duen pertsona bati ez zaio zertan bere jubilazioa eskastu 65 urte bete gabe ere jubilatzen bada.

Beraz, gezurrik ez. Bada alternatibarik, bada irtenbederik, kapitalistek eta merkatuak eskainitakoez haratago.

X