Ezkerroko bloke handi baterantz (Alternatiba)

Alternatiban uste dugu euskal ezker anitzaren, ezker borrokalariaren eta ezker subiranistaren baitan  zer edo zer aldatzen ari dela. Antza, elkarri bizkar emateko garaiak alde batera geratu dira eta batzen gaituenaren ordez  banatzen gaituenean arreta jartzeko garaiak pasa dira. Baina, hona iritsi ahal izateko, hainbat faktorek egin dute bat. Lehenik, herri honetako ezker subiranistaren adar bakoitzak  mugitu behar izan du, nork bere analisitik eta bere historiatik, alderdikeriak alde batera utzirik. Ezker abertzalean emandako hausnarketa, EAk jorratutako bide berria, eta gu geu testuinguru poltikora jauzi egitea bera, esandakoaren adibide dira. Bada atsegin litzaigukeen beste mugimenduren bat, izan ere, denak gara beharrezko gune berri honetarako. Bideak aurrera jarraitu behar du, baina beti ere ateak irekita eta eskuak zabalik, erakunde bakoitzaren erritmoak aintzat harturik.  

Bigarren faktorea, krisiaren aurrean ezker politikoak arlo sozial eta ekonomikoan eskaini duen erantzun-eza dugu. Genuen ongizate estatu eskasa urritzen ari zaizkigu; lan kontraerreformak, pentsioen atzerakada, langabezia, EEE ugari,… pairatzen ari gara; osasun eta hezkuntza sistema hondoratu nahian dabiltza….eta bien bitartean Madril, Gasteiz eta Iruñeako gobernuak zuzen-zuzen jarraitzen zaizkio multinazioanl handiek, bankuek, Nazioarteko Diru Funtsak, eta abarrek ezarritako bideari, alegia, krisia sortu dutenek ezarritako bideari. Boteretsuen diru xahutzeekin eskuzabal, aurrekoek sorturiko krisia pairatzen dutenentzat, ordea, murrizketak.

Hirugarrenik, herri honetan gertatu diren eskubide eta askatasun urraketen inguruko hausnarketa; eta herri honi erabakitze eskubidea ez ezik izateko eskubidea bera ukatu izana dugu. Honen aurrean erantzunak eta proposamenak adosteko beharra dugu, akordioak bilatzekoa, herri honen gehiengo sozialak aktibatzeko eta mobilizatzeko gaitasuna berreskuratzekoa, “eskubide guztiak, pertsona eta idea guztientzat”. 

Laugarren faktorea, politikaren krisiaren inguruko hausnarketa, politika ulertzeko eta egiteko eredu berria gauza daitekeelako ideia. Taldekako osaketa, gizarte artikulazioa, parte hartze erabat demokratikoa, profesionaltasun-eza eta karguen errotatzea lehentsi behar dira. Herri honek behar duen gizarte eta politika aldaketa emango bada, gizarte gehiengoa aldaketa horren protagonista bilakatu beharko dugu. Gizarte artikulatu eta antolatua da bermerik onena gizarte bidezkoagoa lortzeko. 

Bosgarrenik, ezkerretik esandakoaren eta egindakoaren arteko harreman garbia erakutsi behar dugulakoan gaude, hots, defendatzen duguna eta berau lortzeko bitartekoek bat etorri behar dutela. Egunerokotasunean, geure borroka moldearekin eta antolatze ereduarekin helburutzat dugun gizarte hori erakusten eta gauzatzen joan behar dugu. Errotik demokratikoa eta parte hartzailea izango den ezkerra, gizarte borrokei zein eskubide orori, gizarte zein giza eskubideei, lotua izango zaion ezkerra. 

Eta, azkenik, arlo politiko, nazional, sozial eta ekonomikoan dakusagun egoera hain larria da non elkar-lanari ekiteko aiatzarik ez dagoen. Atzo ezberdintasun saiestezin ziren haiek, gaur balio gabe geratu dira.  Bitarteko politiko eta demokratiko hutsen alde egiteak antzinako inertziak alde batera uztera eraman behar gaitu, elkar ulertze ezak eta fidakaiztasunak bazterturik, konfidantza eta elkarlanaren zubiak berreraiki behar ditugu ezker subiranista anitzaren indarbiltzea euskal zein espainiar zentro eta eskuineko indarrei lehiatu dakien.

Jakin badakigu erronka gogorra dugula aurretik, oztoporik eta kontraesanik izango dugula bidean, baina geure esku dugu berauek gainditzen joatea. Era berean, jakin badakigu erronka hau epe ertain eta luzeko adostasun estrategikoen eskutik soilik egin daitekeela, lehen pausua egitura politiko, sindikal eta sozialen arteko konfidantzak berreraikitzea dela, eta ondoren norberak islatzen dituen sektore sozialei zabaldu behar zaiela, elkarren bizkar izan diren sektoreei hain zuzen.

Askok batzen gaitu eta merezi du lortzeko arriskatzea: herri eredu batentzat egun indarrean denarekiko erabat ezberdina den gizarte eredua.

Beste Euskal Herria beharrezkoa baita, egin dezagun posible denon artean.

Baratze urbano ekologikoak> Ainhoa Etxebeste (Euskadi Irratia)

Iturria: Eitb.com argitaratutako erreportajea

Egilea: Ainhoa Etxebeste

Eskobareak, bihortzak, laiak, aitzurrak, karretilak, otarrak edo lurra ureztatzeko ontziak … denetarik dago udal baratze hauek hornitzeko biltegian. Eraikin berean daude komunak eta aldagelak eta beraz, baratzean aritzeko erropa eta oinetako egokiak aldatu eta lanean hasi besterik ez dago.

Kaletarrak

50 m2-ko azalera dute 87 udal ortuek. Pello Garai Arrasateko landa inguruneko teknikariak azaldu digunez, “udazkenean banatu zituzten eskatzaileen artean” eta lur sailak txikiak direla esaten zuten erabiltzaileek ere onartu behar izan dute “baratzea aurrera eramateko lan asko” egin behar dela .

Kaletarrak dira erabiltzaile ia denak eta beraz ikastaro txiki bat jaso zuten lanean hasterako. 7 udal ortu, gizarte zerbitzuei eskaini dizkiete beren beharretarako eta nola erabili aztertzen ari dira. Ikusmina sortu du esperientziak baina “gu ez gara aurrenekoak” esaten du Pellok.

Adin guztietako erabiltzaileak

Lur onenak industriak hartu dituen garaian, agenda XXI ekimenaren barruan berreskuratu zuten baratze ekologikoak egiteko orubea. Hondea-makinek “xapaldatan antolatu zituzten baratzeak” eskatzaileen arabera “adineko erabiltzaileak beheko txapaldatan eta gazteenak goikoetan” kokatu dituzte.

“Sorpresa izan da” udal teknikariarentzat jubilatu gutxik eskatu dutela baratzea eta harritzekoa gazte askok eman duela izena, “berdin neska edo mutilak”.

Udaberria

Udaberriko arratsalde batean aurkitu ditugu beren baratzak lantzen Mikel eta Iñaki. Goizez egin dute ohiko lana eta arratsaldea eskaintzen diote hoby-ari . Mikel “erlajatzera” etortzen da baratzera bi edo hiru ordu aritzen da eta badaki presaka iharduteak hemen ez duela balio. Orain hilabete erein zituen marrubi landareei begira dago: “natural gustatzen zaizkit, azukre edo natarik gabe … freskatu eta barrura”. Aurten uzta handia edo txikia izango duen pentsatzeak ez du kezkatzen “zerbait ateraz gero pozik” geratuko da.

Haziak erein

Iñakik, ez du denbora handirik izan orainarte eta aurtengoz baratzearen erdia bakarrik prestatuko du “tomatea , lekak … eta piperrak” sartzeko asmoa dauka. Orainarte , etxeko terrazako lorontzietan atera izan du uzta txikia “ez da berdin, hemen lur gehiago dago eta ale handiagoak ateratzen dira”.

Mikelek ere etxeko lorontzietan erein zituen gaur aldatzera dihoan landareak “haseratik ikusi nahi nuen prozesua, txikitatik etxean jaso nuen kulturatxoa berreskuratzeko”. Horixe da udal ortuen berezko helburua “baserriari , sektore zapaldu horri , oihartzun piska bat ematea” Garaik azpimarratu digunez .

Ekologikoa

Landaketak , modu ekologikoan “molekula kimikorik gabe” egiten dira Garagartzako ortuetan . “Giro polita sortzen ari da erabiltzaileen artean ” esaten du Mikelek. “Dakienari galdetuz” ezagutza konpartitzen dutela dio berriz Iñakik. Bistakoa da, gogo onez etortzen direla lanera eta gauza berriak ikastera.

Ordainpeko lanak segitzen du agintzen> Onintza Irureta (Argia)

Iturria: Argia

Egilea: Onintza Irureta Azkune

2008ko EAEko datuak dira: lan ez ordainduaren %75 emakumeek egiten dute eta lan ordainduaren %62 gizonek. Beraz, emakumeek lan karga osoaren %54 hartzen dute bere gain. Ordutan esanda, batez beste emakumeek 6 ordu eta 35 minutuz egiten dute lan egunero (ordaindua zein ez ordaindua), eta gizonek 5 ordu eta 36 minutuz. Denbora kudeatzerakoan, sexuen arteko banaketa nabarmena da. Alabaina, zer dago ehunekoen eta ordu-minutuen atzean?

Denbora nola kudeatzen eta banatzen dugu gure gizartean, genero ikuspegia kontuan hartuta? Batera eta bestera begira hasi, eta Euskal Herrian bederen, maila teorikoan gutxi landu dela iruditu zaigu. Joan den ekainean begia luzatu genuen EHUko Udako Ikastaroetan Emakundek antolatutako jardunaldietara. Ondoko izenburua zuen: Berdintasunaren garaia? Denborari, generoari eta giza antolaketari buruzko hausnarketak. Sei hizlarietatik bakarra zen Euskal Herrikoa, pentsa genezake gai hori lantzeko bertako askoz aditu gehiago ez dagoela. Denetarik izan zen, hitzaldi batzuk bikainak eta beste batzuk soziologia ikuspegitik bai, baina genero ikuspegitik oso gutxi landutakoak. Matxalen Legarreta artearra (Bizkaia, 1977) domestizitatearen inguruko tesia prestatzen ari da. Hark denbora eta generoa elkarrekin aztertzeko proposamen berezia egin zigun. Artearraren proposamena, edo berak esan bezala probokazioa, azaltzen saiatuko gara.

Errudun sentsazioa ez da zenbakitan neurtzen

Gizonek eta emakumeek denbora zertan igarotzen duten azaltzeko estatistikak ezagunak ditugu. Tartean behin sarreran aipatu ditugun moduko datuak helarazten dizkigute hedabideek. Balio dute, nolabait, denbora nola banatzen den kuantifikatzeko, eta ikusteko nola genero banaketaren balantza alde batera dagoen erorita. Era horretako inkestak gutxi eta garestiak direla nabarmendu zuen Udako Ikastaroetako hizlari batek baino gehiagok. Legarretaren ustez, gutxi eta garesti izateaz gain mugatuak dira, gauza batzuk neurtzeko balio dute, baina beste askok ihes egiten du. Soziologo artearrak eztabaida taldeak osatu zituen tesia prestatzeko eta han jasotako adibide batzuk erakutsi zizkigun estatistikei ihes egiten dien hori azaltzeko: emakume batek kontatu zuen nola goizez eta arratsaldez umea eskolara eramaten zuen, denbora tarte horietan etxetik lana egiten zuen enpresa batentzat eta gainerako denbora umearekin pasatzen zuen. Gauez ere lan egiten zuen. Bizi erritmoaren ondorioz 43 urterekin menopausia etorri zitzaion. Leher eginda zegoen emakumea, baina aitortu zuen ordu horietan umearekin egon ez bazen errudun sentituko zela. Bigarren adibidea: beste emakume batek kontatzen du nola bere amak hezi zuen umeak ondo hazteko eta etxea hautsaren arrastorik gabe edukitzeko. Gaur egun, egongelako hautsa astebetez kendu gabe lasai egoten da, baina orain arte errudun sentsazioa ikaragarria izan da. Bi adibide baino ez. Denboraren kudeaketaz ari dira. Nola neurtzen dira emakume zein gizonen sentipenak? Estatistikek ez dituzte denboraren kudeaketan ageri diren alde moral eta afektiboak neurtzen, ezta botere harremanak ere.

Dohaintza

Legarretak, eztabaida taldeei entzun eta gero, denbora dohaintzaren ikuspegitik begiratzea proposatu zuen, beti ere etxeko lanetan eta familian oinarrituta. Dohaintza Marcel Mauss antropologoak azaltzen duen eran erabili du Legarretak. Alegia, eman, jaso eta itzuli egiten dira objektuak edo zerbitzuak. Auzolana da horren adibide, txerri hiltze garaian auzotarrak baserri batetik bestera dabiltza elkarri laguntzen, gaur zurean eta bihar nirean. Txerria ere hala banatzen da, hau niretzat eta hori zuretzat. Zerbait ematen duzun momentutik zirkulua ireki da eta norbanakoak espero du, denbora batera, zirkulu hori itxiko dela, hots, gaur emandakoak edo eskainitakoak buelta izango duela halakoren batean. Denbora bi eratara ulertzen da dohaintzaren joko honetan: batetik, nik nire denbora eskaintzen dizut –arropa garbitu, amona zaindu, umearekin egon– eta testuinguru horretan denbora norbanako guztiok dugun baliabidea da. Eta bestetik, hasitako denbora horren bukaeraren zain geratzen zara –nik nire haurra zainduko dut orain eta zahartzen naizenean berak ni zainduko nau–. Esan dugu denbora norbanakoaren baliabidea dela, baina dohaintzaz ari garela denbora ez da saltzen dugun baliabidea –lan merkatuan hala egiten dugu– ezta oparitu ere –enpresak ordaindu ez dizkigun lan orduak adibidez–.

Denbora baliabide ekonomiko gisa neurtzen da lehen aipatutako estatistiketan, hainbeste ordu aisialdia, hainbeste ordainpeko lana, horrenbeste ordaindu gabeko etxeko lanak… Dohaintzak baliabide morala hartzen du kontuan, jendeari ez dio galdetzen zenbat minutu igarotzen dituen egunero etxea garbitzen edo umea zaintzen, garrantzia daukana da nola sentitzen zaren haurra haurtzaindegian utzi duzunean, edo bilobak zaindu behar dituzunean, edo aita eguneko zentrora eramaten duzunean.

Eta oreka apurtu bada?

Legarretari batek baino gehiagok esan dio dohaintzaren logika hori jada apurtua dagoela, orain beste logika baten bidez mugitzen garela. Artearra ez dago ados eta eztabaida taldeetan entzundakoak ekarri ditu gogora. Horietako pasarte hau argigarria da: “Hemen gauden belaunaldia ziurrenik okerren biziko garenena da. Gure seme-alabak zaindu ditugu, gurasoen esana bete dugu eta zaindu ditugu, eta seme-alabek ostikada emango digute”. Gizon jubilatuak esan du hori, katea apurtuta ikusten du gizon horrek, ez dauka seme-alabek zainduko duten esperantzarik, baina hala izatea espero zuen. Katea apurtuta ikusteak esan nahi du kate hori kontuan hartzen dugula. Gizon jubilatuen taldean ezezik gazteenen eztabaida taldeetan ere gai hori atera da, alegia, nork zainduko gaitu etorkizunean? Ez baitaukagu barneratuta zahartutakoan etxekoek ez gaituztela zainduko.

Italiako Alderdi Komunistako emakumeak

Hasieran esan dugu, Legarretarena denboraren kudeaketa genero ikuspegitik aztertzeko proposamena edo probokazioa da. Beste kontu bat da nola eragin denbora kudeaketan banaketa parekideagoa izan dadin.

Denboran oinarritutako politikek urte gutxitako bizitza dute Europan, eta aurrekariak Italian daude. 1980. urtean Italiako Alderdi Komunistako emakumeek Le donne cambiano il tempo (Emakumeok denbora aldatzen dugu) izeneko lege proposamena jarri zuten abian. Proposamenak gizartean eskubideak eta betebeharrak berdin banatzea eskatzen zuen, eta abiaburu gisa hartzen zuten tradizioz emakumeek etxea eta familia zaintzan egin duten lan ez ordaindua. Alor hori bizitza sozialaren, ekonomikoaren eta politikoaren erdigunean ezarri nahi zuten. Gizarte antolaketa berria aldarrikatzen zen, non emakumeen eta gizonen arteko oreka egongo zen. Era berean, lan ordainduak egituratzen duen denbora banaketa ezbaian jarri zuten, alegia, zortzi ordu lana, zortzi ordu aisia eta zortzi ordu atsedena. 24 orduko egitura horrek ez du beregan hartzen bizitza sortzea, hau da, etxeko eta familiako beharrei erantzutea. Oraindik, gizarte antolaketak genero rolen banaketa mantentzen du: gizona lan merkatuan dago eta emakumeak jarraitzen du etxearen eta familiaren ardura izaten; lan ordaindua egiten badu osagarria baino ez da. Italiako emakume komunisten aldarria zen denboren duintasuna azpimarratzea eta eguneroko bizitzari balio handiagoa ematea, jarrerak eta gizon-emakumeen arteko botere harremanak aldatuz.

30 urteko ibilbidea duen proposamenak denbora hiru dimentsiotan ulertzen du; gizakiaren bizi zikloa kontuan hartzen duen denbora, lanean oinarritutako denbora –ordainpekoa eta ordaindu gabekoa– eta hirietako denbora. Italian lehen pausoak eman zituen aldarriak adarrak hedatu ditu Frantzian, Alemanian eta Espainian. Alabaina, denbora politikak gauza berria dira gure gizarteetan eta Italiako proposamenak halamoduz jarri dira praktikan batean eta bestean. Batzuetan saiakera zehatzak egin dira eta gero ez dira garatu, besteetan genero ikuspegia ahaztu egin zaie.

Denbora ulertzeko hiru dimentsioetatik, gutxien landutakoak eta emaitza kaxkarrenak eman dituztenak gizakiaren bizi zikloa eta lan denbora kontuan hartzen dituztenak izan dira. Bigarren multzo horretan sartzen dira Frantziako 35 orduena, Finlandiako 6+6 eredua eta Erresuma Batuko Lana eta Bizitza Oreka neurri sorta.

Arrakasta gehien maila lokaleko denbora politikek izan dute. Hainbat udalek denbora eta espazioa kontuan hartuta, eta genero ikuspegia alboratu gabe, politika interesgarriak egin dituzte. Katalunia izan da Italiako arrastoari segika ibili denetakoa eta Bartzelonako Udalak berak Denboraren Erabilera Sozial Berriak izeneko egitasmoa du abian. 

Alternatibaren Nazio Biltzarrak euskal ezker sobiranistaren estrategia komuna bultzatzea erabaki du

Alternatibak, 2008ko abenduan jaio zenetik, ezkerraren bi ikuspegi lotuko zituen espazio politikoa sortzen saiatu da. Batetik, borrokarako ezkerra, ekintzailea, militantea, kalekoa; eta bestetik hausnarketarako ezkerra, analisirako, sakonki autokritikoa eta bere proiektuaren definizioa inoiz erabat bukatutzat ematen ez duena.

Lan handia dugu aurretik erakundearen baitan, are handiagoa herri hau eraldatzeko. Baina nortasun hau ardatz hartuta, pilatu dugun gorputz politikoaren laguntzaz, eta ezker harro eta borrokalari batetik onenak hartzeko geure borondatearekin batera -beti ere autokritika eta beharrezko aldaketak harturik-, egoera berri honi ilusioz, itxaropentsu, tinko eta gogoz ekin nahi diogu.

Beraz, gaur hona ekarri dugu orain arteko eztabaida, hausnarketa eta ekintza guztien emaitza, eta epe motz zein ertainerako bidea finkatzeko Alternatibaren izaera zehazten duten hiru apustu estrategiko.

I. Euskal Herrirako sozialismo esparruanitza sortzeko apustu estrategikoa. Gaurtik hasita mendekotasun sistema guztiekiko- patriarkatua, kapitalismoa, desarrollismoa, ustezko demokrazia, arrazakeria- alternatibak sortuko dituen sozialismoaren alde gaude, hau da, borroka guztiak bilduko dituen agenda duen sozialismoaren alde; herri mugimenduak eta mugimendu politikoak banandu eta benetako egitura aldaketak moztu besterik egiten ez duten lehentasun eta fasekako sailkapenik egin gabe. Halaber, agenda hau bertan parte hartu nahi duten hainbat subjektu politikok osatuko dute: langileek, feministek, ekologistek, kultura arloko militanteek, internazionalistek, langabeek, etorkinek,….

II. Euskal Herriko ezker subiranistaren aniztasunaren baitan batasunaren aldeko apustu estrategikoa. Alternatibak ez du inondik inora euskal ezkerreko indar bakar izan nahi, ezta berau hegemonizatu edo beste indarrekin lehiatzeko beste sigla bat gehitu nahi. Aitzitik, euskal ezker subiranisten batasuna aldarrikatzen dugu, proposamen eta kontzepzio anitzak baitaude, baina irizpide komunak baititugu: eskubide guztiak pertsona eta herri guztientzat; Euskal Herriaren autodeterminazio eta subiranotasun eskubidea; egungo mendekotasun sistema konplexua gaindituko duen sozialismo esparruanitza; talde lana eta indar politiko eta sozialen pilatzea bermatuko dituen eredu politiko berriak bilatzea. Jakina, apustu hau epe ertain eta luzeko aliantza estrategikoen gainean eraiki beharko da, unean uneko egoerako analisietatik haratago joanda.

III. Ezkerraren baitako iraultzaren aldeko apustu estrategikoa. Geure ustez, lehen bi apustuei ezin zaie ekin ezkerreko mugimenduetan nagusi izan diren antolatze logika batzuk ezbaian jarri gabe. Ezkerra iraultzea beharrezkoa da mundua iraultzeko, eta alderdi zein herri mugimenduen elkarlana bermatzeko eredu berriak eraiki beharko ditugu; plataforma, sare, aliantza estrategiko horizontal eta demokratikoetarako aukera emateko;militanteen kalitatezko parte hartzeari bide emateko. Honela, erakunde politikoa ez da tresna, baizik eta defendatzen dugun gizarte horren eredu eta isla.

Jakina, hiru apustuak elkarren osagarri, banaezin eta sinbiotiko dira, eta Alternatibari lehentasun zaizkio. Ezin sozialismo esparruanitz baten alde egin ez bada beste ezkerrekiko elkarlana bultzatuz, edo lan ildo berriak jorratuz; ezin elkarlanean aurrera egin geure agenda ez bada benetan esparru guztietara modu orekatuan iristen; eta ez digu ezertarako balioko antolaketa eredu berriak izateak, ez bada gehiengo zabalak lortzeari begira jartzen.

Orain, erakunde honek bere egiten dituen 11 konpromezuak azalduko ditugu -hiru apustu estrategikoen arabera ordenaturik-. Hauek zehaztuko dute Alternatibaren epe labur eta ertainean Alternatibaren ildoa.

Euskal gazteriaren bake eta konponbide nahia ez da inongo kartzelan sartzen> Xabier Soto eta Jonathan Martínez (Alternatiba Gazteak)

Pasa den urriaren 21etik 22rako gaueanRubalcaba Propaganda Ministro izendatu berriaren beste erakustaldi bat pairatu genuen Euskal Herrian, oraingo honetan euskal gazteriaren aurka. Ostegun gau hartan Xabier Arina, Ikoitz Arrese, Imanol Beristain, Xabi Bidaurre, Igarki de Robles, Ibon Esteban, Egoi Irisarri, Ainara Ladrón, Ander Maeztu, Xabat Morán, Marina Sagastizabal, Imanol Salinas, Rubén Villa eta Julen Zuaznabar izan ziren ustez Segi berrantolatzeagatik atxilotutakoak.

Askapenako kideen atxiloketan egin zen bezala, oraingo honetan ere aipatu beharra dago atxilotutakoek egindako lana guztiz publikoa zela. Kasu honetan ere aipamen berezia behar du atxilotutakoek gatazka politikoak soilik bide baketsu eta demokratikoetatik konpontzearen alde egindako lan eta adierazpenak.

Zentzu horretan, eta atxilotutako guztien lana maila berean ipiniz, bereziki larria iruditzen zaigu Ikoitz Arreseren kasua. Izan ere, irailaren 25ean Gernikan egindako aurkezpenean bere eskuz sinatu zuen Gernikako Akordioa Ikasle Abertzaleak-en izenean. Dirudienez, publikoki ETAri su-eten iraunkor eta egiaztatze moduko bat eskatzea ez da nahikoa Espainiar Erresuman norbait ETAkide izatea egotzita atxilo hartu eta kartzelaratzeko.

Ikoitz eta besteak kartzelaratuz Gernikako Akordioa sinatu genuen eragile guztiak gara erasotuak, eta gurekin batera, bake eta normalizazio politikoa desiratzen duten euskal herritar guztiak. Baina Espainiar Erresumako agintariek jakin behar dute Euskal Herrian norbait inolako arrazoirik gabe atxilotzean kalean gaudenok berehala hartzen dugula beren lekukoa; eta Rubalcabak bere karguak hirukoizten baditu guk geure esfortzuak hirukoiztuko ditugula Euskal Herria bake eta normalizazio eszenatoki batera ekartzeko.

Honegatik guztiagatik euskal gazteria, bere aniztasunean, animatu nahi dugu hurrengo hilabetetan abiaraziko den bake eta normalizazio prozesuan aktiboki parte har dezan, gurea -eta ez beste inorena- den etorkizuna bakean eta askatasunean bizi ahal izateko.

X