Urriaren 30reko batzarraren aurkezpen publikoa

Alternatibak gaur adierazi duenez, datorren udal eta foru hauteskundeak aukera aparta izango dira euskal eskuma hegemonikoari –PP, UPN, PNV, H1! eta PSE alderdiei– aurre egingo dien ezkerreko indar subiranisten metaketa bermatzeko, beti ere bide baketsu eta demokratikoak bitarteko. Ideia hau Alternatibaren lehen Nazio Biltzarra gidatuko duen funtsezko printzipioetakoa da. Honetaz gain, militanteek berretsi egingo dituzte erroko demokrazia, subiranotasuna, feminismoa, antikapitalismoa eta ekologismoarekiko beren atxikimenduak. Aldi berean, 2011ko hauteskundeei begirako estrategia politikoaerabakiko dute alderdi.

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek prentsa aurrekoa eman du gaur Donostian –Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkari Ander Rodríguez eta antolaketa idazkari Amaia Agirresaroberekin batera– Alternatibaren Lehen Nazio Biltzarra aurkezteko. Larunbatean izango da, Bilboko Arrupe Etxean, eta bertan militanteek erakundearen estatutuak eta emakumeen partaidetzarako erronkak bozkatuko dituzte. Aldi berean, hauteskundeei begira, koalizio politikoak eraikitzeko ezinbestekoak diren printzipioen dekalogoa onartuko da.

Dokumentu honen arabera, estrategia bikoitza mantenduko du Alternatibak: “Udal arloan, posible den heinean ezkerreko indarren metaketa bilatuko dugu, udal guztietan aliantza bera izan behar gabe; foru aldundi mailan, aliantza estrategikoak osatze aldera, hiru herrialdeetarako aliantza bakarra bilatuko dugu, ahalik eta bateragarriena, aipatu helbururantz bidean jarriko gaituena”.

Matutek argitu duenez, Alternatibak ez dio beste siglekiko lehiari ekin nahi, ezta ezkerren banaketa eta lotura-eza areagotu ere. Aitzitik, “zilegitasunez eta behar den tinkotasunez euskal eskuinari -alderdien esparruan PP, UPN, PNV, H1! eta PSE-EEk osatzen dutena- zein Espainiar Erresumatik prestaturiko norbanako eta gizarte eskubideen urraketari aurre egingo dieten indarren metaketaren alde egiten dugu”.

Ildo honetan, “pobrezia, bazterketa, mendekotasuna eta giza eskubideen aurkako erasoak sortzen dituzten status quo-aren defendatzaileei aurre egingo dien euskal ezkerra sortzea helburu estrategiko oinarrizkoa da Alternatibarentzat”. Beraz, jarraitu du bozeramaileak, “gure ahalegina epe luzerako aliantza estrategikoak sortzera bideratu nahi dugu, alderdi politiko zein herri mugimenduek, bakoitzak bere nortasun eta antolakuntza izaeratik, parte hartuko duten aliantza estrategikoak”.

Larunbatean onartuko den dokumentuan, halaber, Alternatibak argi eta garbi egiten du Euskal Herrian bakegintza eta normalizazio prozesu baten alde.  “ETAk su-eten iraunkorra aldarrikatu behar du, Gernikako Akordioan esaten den bezala. Honetaz gain, nahitaezkoa da pertsona guztiei giza eskubideak zein eskubide sozial eta politiko guztiak itzuliko dizkien geruza demokratikoa finkatzea. Egungo eskenatokitik -pertsona mehatxatuak, torturak, atxilotze sistematikoak, manifestazio debekuak eta aukera politikoen ilegalizazioa- jauzi egin behar dugu guztiei eskubideak bermatuko zaizkien eta dena ETA da logika maltzurra bertan behera geratuko den batera iristeko”, azaldu du Matutek.  

Bestalde, Alternatibak euskal subiranotasunaren aldeko apustua egiten du:  “Garbi geratu da Gernikako Autonomia Estatutua eta Foru Hobekuntza legeak epez pasa diren tresnak direla subiranotasun politiko osoa espainiar estatu botereei ematen dien administrazio absurdu baten baitan. Honen kontra, etengabeko eboluzioan eta aldaketan izango den Euskal Herri subiraua da Alternatibaren nahia”.

Printzipio hauek, beste batzuen artean, larunbatean onartuko dira Alternatibaren Lehen Nazio Biltzarrean. “Geure erakundetze ahultasunaz jabetzen gara, noski, baita paradigma berria osatzearen arriskuaz edo ezarri ditugun erronka handien zailtasunaz ere.  Baina, bestetik, geure ikuspegien tinkotasunean fedea dugu, Euskal Herriak proiektu honen beharra duelakoan gaude, eta gure proposamenak erabateko zentzua hartzen duen etapa politikoaren atarian gaudela uste dugu”, gehitu du Matutek.

 

Erreken koloreztatzeak AHTaren kalteak salatzen ditu (Mugitu AHT gelditzeko)

Testua eta argazkia: Mugitu AHT gelditzeko Asanbladaren webgunean

Euskal Herrian zehar ia hogei erreka koloreztatu ditugu harridura sortu duen ekintza ikusgarrian AHTak ibai, akuifero eta erreketan eragiten dituen kalteak salatzeko.

AHTren eraikuntzak akuifero eta ur emari askori kalte egiten die: mendien barrunbeek biltzen dituzten lurrazpiko urak eta iturburuak galtzen dira tunelen zulaketaren ondorioz; ibai eta erreketan (103 zeharkatzen ditu gainazalean) gai kutsakorren isurketak etengabe gertatzen dira; erreken desbideratze eta ubideratzeek inguruneko ekosistemei kalte latza egiten diote obrako betelanak (674 hektarea) eta hondakindegiak (518 hektarea) egiteko.

Hori ikustarazteko agertu dira berdez Ega, Arga, Zadorra, Aramaio,Deba, Oñati, Arantzazu, Oria, Oiartzun ibaia, Urola, Urumea, Mañaria, Elorrio, Garaitondo, Gobela, Nerbioi eta Ibaizabal
errekak.

Mugitu!mugimenduak gaur goizean Donostian prentsaurrean emandako komunikatuan AHTak akuifero, ibai eta errekei egiten dien hainbat eraso aipatzen dira (2 orri): Ibaiak Bizirik! AHTrik EZ!

Txosten zabalago eta zehatzagoa (23 orri. Tokian tokiko eranskinekin) :
Abiadura Handiko Trenak erreka eta uretan duen eragina salatzeko informazio bilduma

Herrien arteko elkartasunaren kriminalizazioari ez! > Komite Internazionaliztak

Gaur, Askapena erakunde internazionalistako zazpi kideren atxikoleten albistearekin esnatu gara. Internazionalismoaren aurkako eraso berria dugu hau, herrien arteko elkartasunaren adierazpenaren aurkako erasoa alegia.

Zoritxarrez, ohitura bihurtzen ari zaigun errepresio-estrategia makur eta ero honetan, gaur internazionalismoari tokatu zaio. Gaur, polizia-etxeren batean atxiloturik eta inkomunikaturik daudenen delitua “munduan edonon eta edonoren aurka gertaturiko edozein injustizia bere egitea da”, Che-k berak esan zuen bezala

Azken garaian herri honetan gertatzen ari diren aldaketen aurrean, espainiako gobernua galdurik dabil eta bere erantzun bakarra errepresioa zentzugabeki areagotzea da.

Herrien arteko elkartasuna mundu hobe baten aldeko borrokaren berezko ezaugarria da. Gure Alfonso Sastre maitatuak behin esan zuen bezala, ezker bat internazionalismo gabe iruzurra besterik ez da eta gu ez ginateke ezer izango.

Nola beste herriek beraien eskubideen aldeko borrokak gureak ez egin!
Nola beste lekuetan injustiziaren aurkako borrokak kontuan ez hartu!

Komite Internazionalistetatik gure babes osoa adierazi nahi diegu gure Askapenako neba-arrebei. Egin duten guztia guk ere egiten dugu eta eutsiko diogu.

Beste herrien borrokak kontuan hartu barik ezin delako mundo justu bat lortu ezta gure herria eraiki ere, Askapena aurrera, internazionalismoa aurrera!

Politikari batzuek ere payola egiten dute> Xabier Soto (Alternatiba)

Pasa den ostiralean Vocento taldeko egunkarietara filtratutako berria irakurtzerakoan Berri Txarrak-en azken diskaren izena etorri zitzaidan burura: Payola; musika talde batek irratiko aurkezle bati bere kantak jartzeagatik dirua ordaintzeaz hitzegiteko erabiltzen den termino ingelesa.

Esan beharrik ez dago egungo alderdi ezkertiar subiranisten arteko elkarlanak etorkizunean euskal gizartea itxaropenez beteko duen tresna berri eta berritzaile bat sortzeko balio dezan “politika” egiteko modu hauekin errotik amaitu behar dugula.

Izan ere, euskal gizartea ez da atzo goizean jaioa eta Payola diskoaren bigarren kantak hasieran dioen bezala: “politika merkea garesti irteten da”.

Bake bidean aterabide demokratikoen akordioa

Politika, gizarte eta sindikatuen arloko 28 eragilek, Alternatiba barne, gatazka politkoa aterabide demokratikoetara eramateko oinarriak adostu dituzte. Hauxe da, hitzez hitz, Bake bidean aterabide demokratikoen akordioa izeneko agiriak jasotzen duena.

Euskal Herria gatazka politikoa eta indarkeria bake bidera eta aterabide demokratikoetara eramateko aukera baten aurrean aurkitzen da.

Zentzu horretan, bermatutako indarkeriarik gabeko egoera eta normalizazio politikorako hastapena izan beharko da, ondoko edukietan oinarrituta:

-ETAk nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa aldarrikatzea, jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle gisa.

-Eskubide zibil eta politiko guztien aitortza, proiektu politiko guztien jarduera eta garapena onartuz, kontuan hartuta giza eskubide guztien aitorpena eta salbuespenik gabeko babesa direla eskubide horiexen oinarria. Ildo horretan, Alderdi Politikoen Legea indargabetzea exijitzen dugu, eskubide nagusien urraketak tresna juridiko horretan oinarritzen direlako.

-Inoren aurkako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzea, edozein dela era pertsona horien jarduera edota ideologia politikoa.

-Euskal preso politikoen aurka aplikatzen den espetxe-politika etetea, konfrontaziorako estrategia gisa erabili da-eta. Era berean, honako neurri hauek hartzea, amnistiarako bidean lehen urrats moduan, gatazka politikoak eragindako preso eta iheslari bat bera ere egon ez dadin:

Preso guztiak Euskal Herrira ekartzea, dispertsioarekin amaituz.

Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea.

Epaituak izateko zain dauden preso prebentiboei behin-behineko askatasuna ematea.

Legeak ezarritakoak beteak dituzten zigortutako preso guztiei, baldintzapeko askatasuna ematea.

Legeak jasotzen dituen espetxe-onurak aplikatzea, murrizketarik eta arbitrariotasunik gabe.

Zigorra betetzeko muga berrogei urtetan ezartzen duen legedia indargabetzea.

-Jarduera politikoagatik epaituak izan diren pertsona eta erakundeen aurkako prozesu judizialak berraztertzea.

-Jurisdikzio eta epaitegi berezien eta salbuespeneko lege oro indargabetzea, eta horrekin batera, inkomunikazioa bertan behera uztea.

-Militante eta erakunde independentistei politikan aritzeko ezarri zaizkien debeku eta neurri murriztaileak bertan behera uztea.

-Nazioarteko eragileen parte-hartzea sustatzea, giza eskubideen urraketarik gertatzen ez dela egiaztatzeko helburuarekin.

Erakunde politiko, sindikal eta sozialok ETAri zein Espainiako Gobernuari galdegiten diegu erabakiak eta ekimenak har ditzatela horrelako egoera bat sortzearren; alegia, indarkeriarik izango ez dela bermatua izango den eta normalizazio politikoa progresiboki garatuko den egoera.

Era berean, sinatzaileok uste dugu horrelako prozesu baten testuinguruan, non bake eta normalizazio politiko nahikoak lortuak egongo diren, ezinbestekoa izango dela elkarrizketarako eta negoziazio politikorako guneak zabaltzea, gatazkaren zioak eta ondorioak osotasunean aztertzeko.

Elkarrizketa eta negoziazio politikoa dakartzan prozesu hau ondoko printzipio eta baldintzetan oinarritu behar da:

-ÒMitchell PrintzipioakÓ deitutakoetan azaldutako konpromisoek zuzenduko dituzte elkarrizketa eta arlo guztiei buruzko negoziazioak:

Gai politikoak konpontzeko, soilik bitarteko demokratiko eta baketsuak erabiltzea.

Alderdien arteko negoziazioaren emaitzetan edota negoziazio prozesuaren norabidean eragiteko asmoarekin egindako indarkeriaren erabilerari edo berau erabiltzeko mehatxuari aurkakotasuna agertzea.

Alderdien arteko negoziazioetan erdietsitako akordio oro errespetatzeko konpromisoa. Era berean, akordioen alderen bat aldatu nahi izanez gero, soilik bitarteko demokratiko eta baketsuak erabiltzeko konpromisoa.

– Akordio politikoak lortzeko negoziazio prozesua eragile politiko, sindikal eta sozialen egitekoa baino ez da izango.

– Elkarrizketa politikoaren edukiek Euskal Herriko kultura politiko guztiak barne hartuko dituen akordioa izango dute helburu: euskal errealitate nazionalaren eta erabakitze ahalmenaren onarpenari buruz; barne eredu juridiko-instituzionalari eta, estatuekiko lotura motari dagokionez, independentzia barne; eta herriak duen borondate demokratikoa errespetatzeari buruz.

– Aitortza, adiskidetzea eta erreparazioa gatazka politikoak eta jatorri guztietako bortizkeriek eragindako biktima orori.

Gaur egun, gizarte ereduaren erruz, emakumezkoen eta gizonezkoen partehartzea ez da berdina; hori dela eta, emakumeek subjektu aktiboak izan behar dute konponbidean, gatazka politikoa hurbiletik ezagutu ez ezik horren ondorioak jasan ere egiten baitituzte.

Agiri hau sinatzen dugun erakunde politiko, sindikal eta sozialok bertan azaltzen diren postulatu guztiak geure egiten ditugu eta betetzeko konpromisoa hartzen dugu; halaber, nazioarteko eragileei eduki hauek helarazteko eta euskal gizartean parte hartzea sustatzeko lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, euskal gizarteak ere bere egin ditzan postulatu hauek. Izan ere, euskal gizarteak izan behar du bermatzaile bakarra konponbide demokratikoaren prozesuaren garapenean.

Eragileak:

Ezker abertzalea, Eusko Alkartasuna, Aralar, Alternatiba, Abertzaleen Batasuna, LAB, Hiru, ESK, ELB, EILAS, EHNE, Gernika Batzordea, TAT, Iratzarri, Herria 2000 Eliza, Ikasle Abertzaleak, Giza Eskubideen Behatokia, Alternatiba Gazteak, Gazte Independentistak, Gazte Abertzaleak, GaztEHerria, Ezker Soberanista, Euskaria, Euskal Herriak Bere Eskola, Etxerat, Bilgune Feminista, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Apaizen koordinakundea.

X