Bikila «Kalea berpiztu behar dugu erakundeetara ezkerra eramateko»

Gurutze Izagirre kazetariak Bikilari eginiko elkarrizketa BERRIA egunkarian.

Joxe Iriarte Bikila-k (Oiartzun, Gipuzkoa, 1945) 70 urte bete berriak ditu, eta, elkarrizketa bukatu orduko, kartelak jartzera joan da, Isilarazteko Legearen aurka egingo duten protestara deitzeko. ETAren sorreran ibilia izanik, 1972an utzi zuen; ETA VI. biltzarrean parte hartu eta LKI sortu zuten gero. LKI eta EMKren bat egitetik Zutik sortu zuten geroago. 2011n desegin zen, eta Gorripidea sortu zuten. Militantzia eta gogoeta politikoa etengabea izan da Bikilaren bizitzan. «Aktibismo politikoa» sumatzen du faltan.

Zergatik erabaki du Gorripideak Alternatibaren bidez EH Bildun sartzea?
Zutik desegin zenean, bertako sektore batekoek politikan jarraitzeko gogoa genuen, eta Gorripidea sortu genuen. Baina garbi genuen behin-behinekoa zela. Gaur egungo egoera larria da, eta taldetxo batetik baino indar handiagoa egin behar da, eta jendeak indarrak metatzea nahi du. Gurekin adostasun gehiena Alternatibak zuela uste dugulako batu gara. Alternatibakoak gara, beraz; eta, bidenabar, EH Bildukoak.

Zein ekarpen egiteko asmotan?
Denok gara erabakitzeko eskubidearen aldekoak, feministak, antikapitalistak… baina horiek interpretatzeko moduak daude. Independentziaren alde gaude, baina gure ibilbidea internazionalismoarekin lotuago dago. Harremanak izan ditugu historikoki Italiako, Kataluniako eta beste hainbat lekutako mugimenduekin, eta horrek eman digu gauzak ikusteko beste modu bat.

Ezkerreko sentsibilitateen arteko bat egite bat lortu da, baina bidean indar batzuk ere galdu dira, edo galduta daude. Eskuinari ez zaio halako zatiketarik gertatzen, ezta?
Eskuinak morala erabiltzen du jendea batzeko. Baina interes materialak daude, azken finean, eta kapitalaren alde estatu bat kudeatzeak asko batzen du. Ezkerrean, garrantzi handiagoa dute etikak, pribilegioen aurkako borrokak eta printzipioek. Gauza horien ondorioz, zatiketak maiz izan dira.

Indarrak batzen asmatzen ari al da orain?
Egun uste dut egoera oso larria dela alde guztietatik. Sistema kapitalista oso larri dago. Beharrezkoa da, mugimendu indartsu bat sortzeaz gain, aldaketa instituzionalak eragitea. Urteetan ezkerrean izan ditugu mugimendu oso inportanteak, baina ez gara iritsi erakundeak kudeatzera. Kaleko eskaerak galdu egin dituzte erakundeek, eta biak lotu behar dira. Hori da aldea ezkerraren eta eskuinaren artean. Guk aldaketa nahi badugu, kalearen indarra behar dugu; bestela, ez dago gobernurik aldaketa lortuko duenik. Hori Grezian ikusiko dugu orain. Gobernuak ez badu herria bere alde mobilizatua, itoko dute.

Ezkerra erakundeetan apenas egon dela diozu. Legez kanporatzeak ezin ahaztu, baina azken urteetan EAJ-PSE-UPN izan dira Hegoaldeko erakundeen buru, PPren laguntzarekin, jaso dituzten bozengatik. Uste duzu aldaketarako oinarririk badela?
Krisi sistemikoaz gain, 1978ko Espainiako erregimena ere krisian dago. Hori oso garrantzitsua da nazio ikuspegitik. Lehenengo aldiz agertzen da III. errepublika; gure aldetik, I. Errepublikaren eskaera agertu da. Trantsiziotik datorren erregimen hori kraskatzen ari da, eta hori kudeatu duen bipartidismoa ere bai. PSOE edo PP berdin izan da. Badaude diferentziak, hori itsuak ere ikusten du, baina benetako aldaketa eragiteko, diferentziarik ez da izan. Euskal Herrian antzera gertatzen ari da. Nafarroan, UPN eta PSNren nagusitasuna gain behera doa; sortu da beste indar berri bat: Podemos. Eta EH Bildu asko indartu da. Uneotan bigarren indarra da. Testuinguru horretan, posible da Nafarroan gobernu berri bat. Bultza dezake Nafarroan aldaketa, eta baita erabakitzeko eskubidearen mugimendua indartu ere, eta, gero, Nafarroa eta EAEren arteko harremanak indartu.

Hauteskundeetan islatuko da?
Bai. Jendea ustelkeriarekin nazkatuta dago. Horren atzean ez dago ideologia jakinik. Jendea ikusten ari dena da krisi gorrienean batzuk gizentzen ari direla.

Aldaketa espero duzu, beraz.
Baikor moderatua naiz. Baina, batez ere, faltan sumatzen dut azken hilabeteetan Euskal Herriko mugimendu soziala apal eta ezkutu samarrean dabilela.

Nori buruz ari zara?
Sindikatuez eta mugimendu sozialez. AHTarena erdi baztertuta dabil, nahiz eta batzuk modu estimagarrian lanean ari diren. Sindikatuak ere ea orain gutun sozialaren harira beste aliantzaren bat egiten duten. Faltan sumatzen dut mugimendu sozialen berpiztea. Hori da beharko genukeen osagarria ezkerra kokatzeko erakundeen buruetan. Kalea berpiztu behar dugu ezkerra erakundeetara eramateko.

Zer dela-eta desmobilizatu da jendea? Politikarekiko nekeak izan dezake eraginik?
Uste dut jendea ez dela hainbeste urrutiratu alderdi politikoetatik. Batez ere abertzaleen aldetik, EAJ eta EH Bildu inguruko jendea fidela dela esango nuke. Baina atxikimendu horren barruan egon beharko lukeen aktibismoak behera egin du.

Belaunaldi gazteek agian beste modu batera ulertzen dute aktibismoa?
Badago belaunaldi aldaketarekin gauzak egiteko beste modu bat. Uste dut M-15etik, suminduen mugimendu hartatik, politikan aritzeko grina piztu egin dela, eta gazte sektore bat ia politikan sartu da. EH Bilduk asmatu beharko luke belaunaldi gazteen modu berriak atzematen eta eragiten.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika zer iruditzen zaizu?
Herri guztia bildu behar da ideia baten inguruan: demokrazia. Eta, ildo horretan, Gure Esku Dago tresna eraginkorra da. Jendeari ematen zaionean tresna mugitzeko, mugitu egiten da. Baina horren osagarri bat behar genuke. Gutun soziala aktibatzea inportantea da. Euskal Bidea baldin bada konstituzio berri baten eragilea, konstituzio horrek gutun sozial bat behar du.

Gatazkaren konponbidearen gaia nola ikusten duzu?
Espainiari ia geratzen zaion gai bakarra botoak lortzeko hemengo kontua da, eta, gainera, mendekuaren sentimendua dago. Euskal gizarteak segitu behar du irtenbide bat exijitzen. Espainian indar harreman diferenteak egotea oso interesgarria izan daiteke bestelako egoera bat lortzeko. Eta, bitartean, EAJk estrategia bat du, eta EH Bilduk bestea.

Oinarri batzuetan akordioak beharko lituzketela uste duzu?
EAJrekin gauza batzuetan adostasuna lortu beharko litzatekeela uste dut. Erabakitzeko eskubidearen inguruan, bistan da. Baina beste gauza batzuetan ez da posible, eta, gainera, aurka egon behar dugu. Nire ustez, kasta horretan sartzen da EAJ: interes ekonomikoa defendatzen du.

Hauteskunde zerrendetan egongo zarete?
Gehienak mugimendu sozialetan gaude. Gu herriko saltsa guztietan sartuta gaude, eta horrek denbora asko kentzen du. Erakundeetan sartuz gero, kaletik ateratzen gara. Uste dut kalea indartu behar dela, hor dago gakoa. Baina kasu jakin batzuetan eskatuz gero, egon gaitezke, bai.

Matute: “PNVren lagun espekulatzaileek, Cabieces Kutxabanken bezala, berea nahi dute, eta bakarrik lortuko dute PNV-PP-PSEk irabaziz gero”

Badakite berriz ere galduko dutela Gipuzkoan, herritarrek bizkarra ematen dietelako. Baina beren lagunek, botere finantzariek eta espekulatzaileek, Cabiecesek Kutxabanken bezala, berea jaso beharra dute. Eta bakarrik lortuko dute PNV, PP eta PSE tripartitoak boterea lortuz gero Gipuzkoan. Horregatik diote Errauskailua eraikiko dutela, edota aberatsei aplikatzen zaien zerga kenduko dutela.

PNV, PP edo PSE. Berdin dio siglen ordena. Ez bakarrik ia gauza guztietan ados daudelako. Arazoa da, asteotan ikusi dugunez, batzuek proposatu, beste batzuek eskua jarri eta, azkenean, beren burua herri honetako jabe gisa ikusten dutenek dirua banatzen dute adiskideka pozik egoteko. Eta noski, irregulartasun berri bat azaltzen den bakoitzean, hemen inork ez du inputatua ezagutzen. Karguan jarri zuten beraiek ere ez.

Garai erabakigarriak

Joxe Iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba

Garai biziki interesgarriak dira hauek, zapalkuntzaren egituretan pitzadurak irekitzen ari baitira. Baina, aldi berean, ziurgabetasun garaiak ere badira bidean jarriko dizkiguten trabak (errepresio areagotua barne) gainditzeko egin beharreko ahalegin itzelaren aurrean.

Horregatik, irekitzen diren aukerez gain (Grezia lehen katebegia da) geure ahuldadeak ere kontuan eduki behar ditugu, horiek gainditu ahal izateko.

Aurreko garaietan indartsuagoak ginen kalean instituzioetan baino. Horregatik saiatzen nintzen orduan azpimarratzen borroka soziala, indartsua izanik ere, eremu politiko instituzionalean islatu beharra zegoela. Gogoeta berezia behar da egoera iraultzaile gisa definitutakoetan, instituzio zaharrak desegiten ari direnean eta gizarte iraultzailean indarrean dagoen boterea aldarazteko asmoz kontrabotere-erakundeak sortzen direnean.

Gaur egun, balantza beste aldera makurtzen da. Europa osoan mobilizazioen beherakada ematen ari da, baina, paradoxikoki, estatu gobernuak kudeatzeko posibilitatea duten ezkerreko aukerak sortzen ari dira.

Antzeko zerbait gertatu zen PT brasildarraren garaipenarekin. Partidu hau saiatu zen boterera iristen mobilizazio indartsuen bultzadaz eta ez zuen lortu; baina mobilizazioak behera egin zuen denboran irabazi zituen hauteskundeak. Horrek erakarri zuen PTren eskubiratze bat. Partidu bat ez da eskuinera mugitzen bere eliteen ustelkeria hutsagatik. Mugimendu sozialen ahuldadeak zer ikusteko handia du bilakaera horietan, bereziki langile mugimenduarenak. Mobilizazio horiek baitira ezkerreko omen den gobernu bat bere lekuan jar dezaketenak.

Jaime Pastorrekin bat nator esaten duenean Espainiako Estatuan Podemos efektua-ren eragin positiboa dela «kasta botatzen ahal dela» konbentzimendua zabaltzen ari delako; baina aldi berean dio arriskutsua dela gehiengo sozial sumindua 2015eko zikloan gehiengo elektorala bihurtzearen aldeko diskurtsoa ez bada azpimarratzen haustura-iruditeria baten inguruan loturiko aldez aurreko mobilizazioa, autoorganizazioa eta burujabetza.

Horrela bada, gobernu programa eta estrategiak lantzearekin batera zehaztu behar dira helburuak (zorra ilegitimoaren ukazioa, publikoaren defentsa, murrizketa eta kontrarreforma guztien derogazioa, ekonomia eko-sozial baten zerbitzurako banku publikoa, herri gisa erabakitzeko eskubidea, herritarren demokrazia modu horren sakonduz); eta, aldi berean, praktikara eramanez borroka modu berriak, desobedientzia zibila bezalakoak, kaleak okupatuz, greba orokor gisako modu klasikoagoetan sakonduz eta hobetuz…

Europari dagokionez, han hartzen baitira benetan eta sakon eragiten diguten neurriak, uste dut premiazkoa dela, Euskal Herritik, herri desberdinen eta klase langileen arteko zeharkako aliantza zabala sendotzen ahalegintzea, interes komunetan oinarritua: estatu kapitalista oligarkiko eta antidemokratikoekin amaitzea, baita nazioarteko kapitalaren defentsarako eraiki den Europako Batasuneko gaur egungo ereduarekin ere. Zentzu horretan doa Tsiprasen azalpena: «Grezian irabaziko bagenu ere, eta ezkerreko gobernua lortuko bagenu ere, ez badugu esperimentatzen botere banaketan eta indar harremanetan pausoz pauso aldaketak egitea, gobernu hori geratuko zen sinpleki herrixka galiar bat bezala, isolatua».

Euskal nazioari eta Espainiako estatuari dagokionez. Mendetasunik ez marko estatalarekiko (adibidez, esaten denean Katalunia aske izango dela Espainia bera aske denean), eta hauxe da Podemosek CUPi emandako erantzunaren ondorioa; eta etsai beraren aurrean, kapitalaren eta bere estatuaren botere oligarkikoaren aurrean, ezin gara aritu elkar ezagutu gabe edo bizkar emanez. Benetan, ez dago independentziarik (aldebarkatasunez aldarrikatua edo adostua) helburu horren aldeko gehiengo organizatu eta mobilizaturik gabe. Baina zailtasunak handiagoak izango dira (gauza bera presoen askatzeari edota bake prozesuari buruz) ez bada lortzen Espainiako Estatuko beste nazioetan babes herrikoi bat, edo gutxienez, estatuaren ukazio eta errepresio saioekiko kontrako jarrera praktikoa.

Euskal Bidearekin hasitako bultzada konstituziegilea nolabait erlazionatu beharko genuke estatu espainiarrean gertatzen diren aldaketekin irekitzen diren aukerekin. Ezin gara mugatu gertakari greziarrak eta hark sortzen dituen itxaropenak agurtzera, eta menpean gaituen estatuan gertatzen ari diren aldaketekiko (mobilizazio andaluziarrak, mareak eta abar…) eta batez ere Podemosen balizko garaipenak ekarriko lukeen bira kopernikarrarekiko urrun eta axolagabe izan.

Berria egunkarian argitaratu izan da

Asier Vega “Herritarrei hitza emateko garaia da, Euskal Herriaren etorkizuna erabakitzko aukera izan dezaten”

Alternatibako kide eta EHBilduren Bizkaiko batzarkide Asier Vegak euskal jendarte osoari gonbidapena luzatu dio, hurrengo martxoaren 7an EHBildu eta EHBairekin batera Euskal Bidearen alde BECa betetzera gerturatzeko. 

Pasa den urtarrilaren 24an EH Bilduk eta Euskal Herria Baik helburu zehatz eta oinarrizkoa duen proposamen politikoa aurkeztu genuen: euskal jendartea eta herritarrak izan behar dira Euskal Herriaren etorkizuna erabakitzen duten bakarrak. Proposamen honek pausoka bidea abiatu nahi du, erabakiz erabaki, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea egi bihurtu arte. 

Jendeari hitza emateko garaia da; gizartea jabetzeko garaia da, Euskal Herriko emakume-gizonek nahi duten hori erabakitzeko aukera izan dezaten; herri honek behar dituen politika ekonomiko eta sozial motak erabaki ahal izateko; justizia soziala oinarritzat izango duen eredu bat eraikitzeko aukera emango digun politika fiskala eraiki ahal izateko. Bakarrik horrela lortuko dugulako gizartearen beharren eta lehentasunen neurrira egindako osasun, hezkuntza eta babes sozialerako sistema publikoa bermatzea. 

Gizartea protagonista izango duen bidea abiaraztea, eraikitzea eta igarotzea proposatzen dugu; Euskal Herritik eta Euskal Herriaren neurrira diseinatutako bidea; erabakitzeko eskubidea diskurtso soila izatetik urrun, lehentasun bat dela pentsatzen dutenekin partekatzeko bidea. Eskubidea, eta hortaz, eztabaida eta erabakia bera ere herritarrena da.

Ez dago aitzakiarik; ordezkorik ez du balio; eztabaida ezin da gela baten barruan sartu; ezin dugu gure etorkizuna Madril edo Parisen eskuetan utzi. Abiatzeko eta martxan jartzeko ordua da.

Erabakitzeko eskubidea ez da abertzalei dagokien kontu bat… demokraziari, justizia sozialari, eredu politiko eta sozialaren aldaketari dagokion kontua baizik; eredu propioa eraikitzeko erabiliko duguna. Asko dugu egiteko, baina guztia irabazteko ere.

Euskal Bideari ekiteko ordua da, herri honetara demokrazia ekartzeko garaia, Espainia eta Frantziari agur esateko, gure herriaren borondatearen kontra doazen inposaketa eta ukazioekin hausteko.

Euskal Herria esparru guztietatik eraikitzeko ordua da, lurralde bakoitzetik, erabakitzeko eskubidearen defentsaren oinarri bilakatu beha diren erakundeetatik.Horregatik garrantzitsua da bidea behetik eraikitzea, borondate, konplizitate eta konpromisoetan bat eginik.

Martxoaren 7an BEC beteko dugu, 10.000 lagun bilduko ditugu, 10.000 erabaki, 10.000 konpromiso erabakitzeko eskubidearen alde, datozen hilabeteetan herriz herri eta auzoz auzo  biderkatuko direnak.

BECen lehenengo 10.000 pausoa emango ditugu euskal bidean aurrera egiteko, Euskal Herria bere etorkizunaren jabe eta protagonista izan arte amaierarik izango ez duen bidea ibiltzeko

Urratsez urrats, erabakiz erabaki, eta inori baimena eskatu gabe, Euskal Herria martxan jartzera goaz.

Gorripideako hainbat militante adierazgarrik Alternatibarekin bat egin dute, subiranista ezkertiarren koalizioa indartuz EHBilduren inguruan

Gaur goizean Donostian prentsa agerraldia egin dugu. Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek eta Gorripideako bozeramaile izandako eta egun Alternatibako Koordinakunde Nazionaleko kide Joxe Iriarte ‘Bikila’k hitz egin dute. Han izan dira, halaber, bi taldeetako kideak, besteak beste: Diana Urrea legebiltzarkidea, Begoña Vesga Gipuzkoako batzarkidea; eta Gorripideako kide Juan Ramon Garai, oroimen historikoaren aldeko langile sutsua, edo Mikel Martin, homofobiaren aurkako mugimenduetako militantea. Hona hemen Bikilaren hitzak:

 

Eztabaida sakon baten ondorioz, Gorripidea erakundea egokipen prozesu baten ondorioz kolektibo soziokulturala bilakatu da haren sektore batzuk hautu politiko desberdinak egin ahal dezaten.

Denbora horretan, Gorripideako sektore garrantzitsu batek, harremanetan ibili gara Alternatibarekin, bategiteko asmoarekin. Abenduan, bategite hori formalki burutu zen, eta une honetan Alternatibaren kideak gara.

Gorripideatik Alternatibara inkorporatzen garenok, esperientzia politiko zabala eta iraupen luzeko militanteak gara. Hori adierazten du, behintzat, ETA-VIan, EMK, LKI eta bi talde horien bategitetik sortu zen Zutik alderdian militatu izanak; eta batez ere, langile mugimenduan, homofobiaren aurka edo feminismoan, ekologismoan, euskal kultur alorrean, nazio askapenerako mugimenduan, eta abar, jardun izanak.

Horren berri ematea da, prentsaurreko honen zio nagusia.

Alternatiban sartzeko hautua egin dugunon arabera, arrazoi askorengatik jauzi kuantitatibo eta kualitatiboak egiteko unea da. Hau da, trantsiziotik sorturiko 78ko delako erregimena krisi larrian dago; krisi ekonomikoak eta sozialak alarma gorri guztiak piztu ditu; ustelkeriaz jota ia instituzio nagusi guztietan; gure herriak aldarrikatzen duen erabakitzeko eskubidea geroz eta ozenago zabaltzen ari da eta herritarren parte hartzea finkatzeko egitasmoa inoiz baino beharrezkoa da.

Gure uste apalean, egoerak eskatzen digun jauzia emateko modurik egokiena Alternatibaren eta EHBilduren inguruan metatu diren indarrak indartzea da, bai kaleko jardueran, zein instituzioetan.

Eta gure xumetasunean, hori da egiten ari garena. Ekimen xumea baina tinkoa, instituzioetan zein kalean, eraldaketa orotarikoa helburu duen estrategia indartzen alde. Iritzi hau ez da gaur goizean etorri zaigun inspirazioa. Gure bizitza militantearen ardatza izan da eta da.

Quienes,  hemos decidido dar el paso de Gorripidea a Alternatiba, lo hacemos con la intención de aportar nuestra experiencia y nuestro esfuerzo al fortalecimiento del bloque popular soberanista y de izquierdas de Euskal Herria agrupado en torno a EHBildu, en la esperanza de así poder responder desde una perspectiva de izquierdas, a los acuciantes problemas que afectan a la sociedad vasca, y avanzar en la consolidación del proceso soberanista vasco.

Urte luzeko militantzia, Euskal Herri buru jabe eta sozialki emantzipatuaren aldekoa; Euskal herri bat mundura irekia, beste herrien tragediak bereak bezala sentitzen duena; eta horregatik solidarioa dena, eta gaur egun Alternatiba eta EH Bildu tresna egokitzat jotzen duena.

http://alternatiba.net/old-files/150210AlternatibaGorripidea.jpg

http://alternatiba.net/old-files/150210AlternatibaGorripidea1.jpg

https://scontent-b-lhr.xx.fbcdn.net/hphotos-xpa1/t31.0-8/s960x960/1548032_1040017516015564_6126916393435436776_o.jpg

https://scontent-b-lhr.xx.fbcdn.net/hphotos-xpa1/t31.0-8/10470793_1040016512682331_2162078646516626565_o.jpg

https://scontent-a-lhr.xx.fbcdn.net/hphotos-xaf1/t31.0-8/1926127_1040016516015664_2152490718183994173_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xpf1/t31.0-8/10960131_1040016872682295_8760807634633030351_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xpa1/t31.0-8/10854969_1040017026015613_7287628978019364459_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-g-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xfp1/t31.0-8/s2048x2048/10985561_1040016706015645_7902363918609668104_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-d-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xfp1/v/t1.0-9/10984272_1040017282682254_6168529418075018218_n.jpg?oh=8a04683c0eef8c77242c78873c6339be&oe=554BB211&__gda__=1431511361_14a9675518e084aeee585945606a6484

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xfp1/t31.0-8/10828145_1040017392682243_3941598371923597625_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xpf1/t31.0-8/10446301_1040017432682239_8273967669851671584_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xpa1/t31.0-8/10497502_1040017552682227_4872596160157770187_o.jpg

X