Asier Vega: “Erasoen aurrean beti aurkituko dute euskal gizartearen gehiengoaren erantzuna”

Alternatibako bozeramaile Asier Vega atzo Bilboko kaleak zeharkatu zituen manifestazioan parte hartu zuen, “Giza eskubideak, konponbidea, bakea” lemapean. Elkarretaratzean alderdi ezkertiarreko ordezkaritza zabala parte hartu zuen Vegarekin batera, besteak beste, Amaia Agirresarobe bozeramaile nazionala, Diana Urrea Koordinakunde Nazionaleko kide eta legebiltzarkidea eta Josu Estarrona alderdiaren Arabako koordinatzailea.

Honako adierazpenak egin ditu Asier Vega manifestazioaren hasieran:

“Alternatibatik bakearen eta giza eskubideen aldeko martxa historiko honen balioa nabarmendu nahiko genuke, baina batez ere, hemen gauden sigla politiko eta sindikalen gainetik, gaurko egunean benetako protagonistak euskal herritarrak direla nabarmendu nahi dugu.

Euskal gizarteak beste behin ere demostratu duelako ez dagoela eta ez dela egongo inolako oztoporik herrik honek bakearen eta gatazkaren konponbiderako habiatu duen bidea moztuko duenik.

Bide batez, gobernu eta estatu espainarrari esan nahi diegu, beraien erasoen aurrean beti aurkituko dutela euskal gizartearen gehiengoaren erantzuna. Ez ditugula onartuko haien gehiegikeriak ezta  euskal herritarren aurkako mesprezuak”.

Alternatibak biharko manifestazioan bakearen eta konponbidearen alde egitera deitu du

Tantaz Tanta ekimenak deitutako ‘tanta itsasoa’ sortuko zuen manifestazioa Auzitegi Nazionak debekatu duen egunean, Euskal Herriko eragile politiko eta sindikal desberdinak elkartu gara (Alternatiba, Sortu, Aralar, EA, PNV, ELA, LAB, Geroa Bai) “Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea” lemapeko manifestazioa deitzeko. Manifestazio hau, herri honek bakea lortzeko eta gatazka politikoari konponbidea bilatzeko duen grinaren islada izango da eta horregatik, Alternatibatik euskal herritar guztiak irrika honen parte izatera eta benetako protagonistak bihurtzera deitu ditu herritarrak, bihar 18:00etan Casilla plazatik aterako den manifestazioarekin bat eginez. 

Alternatibako bozeramaile Asier Vegak herritarrei dei egin die bihar urtarrilak 11 larunbata, Bilboko kaleak betetzera atera daitezela euskal preso politikoen eskubideen aldeko ‘tanta itsasoarekin’ bat egiteko, “Espainiako eta Frantziako gobernuak normalizazio politikoaren eta herri honetako pertsona guztien, salbuespenik gabe, askatasun eta eskubideak berrezartzearen aldeko pauso erabakigarriak ematera premiatuko dituen itsasoa”.

Tantaz Tanta kolektiboaren deialdi honen harira Vegak, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, EPPK, pasa den abenduaren 28an egindako adierazpena gogoratu du “normalizazio politikoaren eta eragindako minaren aitortzaren aldeko aurrerapausoa da, bakearen eta gatazka politikoaren irtenbidearen alde lan egiten duten eragile sozialen gomendioei jarraitzen diona”. Zentzu horretan, “zenbait sektore politikoek eta sozialek adierazpenari balorea kentzeko eta berriro ere, gobernu desberdinek dinamika oztopatzailea sustatzeko egindako kanpaina” salatu du.

Aldi berean, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak azpimarratu du “bakea lortu nahi badugu, aurretik, Madrilgo gobernuak sakabanaketa bezalako ondorio lazgarriak ekarri dituen salbuespen espetxe politikarekin bukatu ez ezik, oinarrizkoa dela, gaixotasun larriak zein sendagaitzak dituzten presoak berehala askatzea”. Etengabeko eskubideen urraketa honen aurrean eskatu die “irtenbidearen kontrako eragileei, EPPK-k bezala, Bake Foro Sozialaren gomendioen inguruan gogoeta egin dezatela, alderdikeriak alde batera utzita oztopoak gainditu ahal izateko”.

Testuinguru horretan, EPPKren abokatuen kontra asteazkenean egindako operazio poliziala onartezina da, “presoen kolektiboak bakearen alde inoiz baino urrats gehiago egiten ari dituenean estatuak errepresioarekin erantzuten duelako, ke lainoak eraikiz, bakearen eta irtenbidearen bidean haien erabateko geldotasuna justifikatzeko”.

Bukatzeko, Alternatibatik behin ere, gizartea protagonista izan behar duela nabarmendu dute, eta horregatik, bihar, bai Casilla plazatik 17:30etan abiatuko den manifestazioan, eta bai 11:00etatik aurrera hiriko erdialdean antolatutako ekintza guztietan parte hartzera deitu dute.Alternatibaren ordezkaritza zabala bertaratuko da martxara, besteak beste, Bizkaiko batzarkide Asier Vega, Koordinakunde Nazionalaren kide eta Gasteizko parlamentari Diana Urrea, Gipuzkoako Alternatibaren koordinatzaile Ayem Oskoz eta Bilboko Udaleko zinegotzi Ana Etxarte.

Alternatiba onartezina deritzo gaurko operazio polizialari presoen kolektiboak bakearen alde inoiz baino urrats gehiago egiten ari denean

Alternatibako bozeramaile nazional Asier Vegak, estatuko segurtasun indarren “legezko oinarrik gabeko enegarren operazioa” salatu du, gaur arratsaldean zortzi lagunen aurka garatutakoaren harira, “haien delitu ezagun bakarra Euskal Herriko presoen babes juridikoa izan arren”. Zentzu beretik, “jokabide deitoragarria erakusten dutenen ildoan” kokatu du ekintza, “ke lainoak eraiki beharra dutenak dira, konponbidearen eta bakearen bidetik geldotasuna besterik ez erakusten dutenen esku, Europako auzitegiek Espainiako Erresumaren espetxe politikak eskubideak eta legea urratzen dituela  ebatzi eta hilabete gutxira ematen dena beren jarraitzaileak asebetetzeko”.

Alternatibatik onartezintzat jo dute halako operazioa egin izana presoen kolektibok bakearen alde inoiz baino urrats gehiago egiten ari denean, “EPPK kolektiboak zabaldutako adierazpenaren bitartez, gatazkaren ondorioz eragindako kalteak onartu eta Bake Foro Sozialaren gomendioak bere egin dituenean”, are gehiago, larunbat honetan Bilboko kaleak elkartasunez eta aldarrikapenez beteko dituen euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioaren bezperan.

Vegak, gatazkaren konponbidearen bidean gaudenean, eragile politiko zein sozialak eraso hau salatzera premiatu ditu. Aldi berean, Guardia Zibilak gaur egindako polizi operazio hauen kontra altxatzeko eta salatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari ere, Herriraren kontrako erasotik hilabete gutxi pasatu direnean, “elkartasuna kriminalizatu eta euskal presoen babes eskubidea urratzeko helburu bakarra dutelako”. Horrela, EAJ eskubideak aldarrikatzen dituztenen alde egitera deitu du “torturaz, zurikeriaz eta mota guztietako eskubideen urraketaz zikindutako zoru etikoak babesten dituztenen alde egin beharrean, larunbateko bezalako mobilizazioak bultzatuz”.

Atxilotutako lagunak askatzeko exijitu ez ezik, azkenik, gaur arratsaldean, 20:00etan, Bilboko udaletxetik abiatu eta Arriagao Plazan bukatuko den manifestazioarekin bat egitera deitu dute alderdi ezkertiarretik.

AHTren neurrigabeko gainkostuen aurrean obrak geratzeko erabakia hartuko duen erantzungo du Urkulluk

EH Bilduk Iñigo Urkullu lehendakariari egin beharreko interpelazioa aurkeztu du, AHTren obretan izaten ari diren neurrigabeko gainkostuen harira. Aurreikuspen berrien arabera, Abiadura Handiko Trena bukatzen denean, gutxienez, hasieran aurreikusitakoa baino bikoitza xahutuko dute erakunde publikoek. “Hori arrazoi nahikoa da azpiegitura horren etorkizuna berriro aztertzeko, izan ere, inoiz Euskal Herrian egin den obrarik erraldoiena eta ingurumenarentzat kaltegarriena da”. Oskar Matute legebiltzarkideak egingo dio Urkulluri interpelazioa, eta adierazi duenez, “lehendakariak ardura dauka, gutxienez, gardena izateko eta mahai gainean jartzeko xahutuko ditugun euro guztien inguruko informazioa. Zenbat eta zertarako gastatuko den jakiteko eskubidea daukate herritarrek”.

Izan ere, koaliziokideak adierazi duenez oraindik aldagai asko kontua izan behar dira kostu erreala kalkulatzeko: “azken kopuruari gaineratu behar zaizkio geltokiak eraikitzen egingo den gastua, baita segurtasun neurriak ezartzearena, katenariarena, seinalizazioa, etabar. Horrek agerian uzten du AHTren kostua hasieran esandakoaren bikoitza izango dela gutxienez. Eta aurrekontua ez da iruzur bakarra: badira beste zenbait argudio erori egin zaizkienak, hala nola, merkantziak garraiatuko dituela edo Europarekin konektatuko gaituela”. Horren aurrean, Matuteren iritziz bi aukera ditu lehendakarak: “lehenengoa, datu eta aurreikuspen guztiak eguneratzea, eta zehaztasunez azaltzea zenbat kostatuko zaion herritar bakoitzari eta zertarako erabiliko duen AHTa; eta beste aukera da obrak geratzea eta bere etorkizuna berriro aztertzea. Azken aukera horrek diru aurrezpena ekarriko luke ziur. Aukera bat edo beste egin beharko luke, baina ez diezaiola gehiago iruzur egin gizarteari”.

“Baina errealitatean Jaurlaritzaren bozeramaileek iruzurrarekin jarraitu nahi dutela uste dugu, eta AHTren gainkostuak ordaintzen eroso sentitzen direla. Hala uste dugu, egiten dituzten adierazpenetan ez dutelako autokritika minimorik ere egiten. Izatez, Ana Oregi Ingurumen sailburuak gainkostuen harira elkarrizketa batean esan zuen gauza bakarra izan zen, hasierako estimazioak “borondate onez’ egin zirela. Horrek agerian uzten du EAJri ez zaiola axola herritarren poltsikoetatik ateratzen diren gainkostuak ordaintzea. Baina EAJk badaki gainkostuak exijitu eta kobratzearen praktika erabiltzen duten enpresak kontratatzea ze ondorio negatiko duen”, esan du Matutek. “Egia bada aurreikuspen ekonomikoak egiterako orduan borondate ona besterik egon ez zela, gaur egun azpiegitura hori defendatzen duten agintariek berehala dimititu beharko lukete”, gaineratu du.

Urkulluri interpelazioaz gain, Oregi sailburuak hiru galdera erantzun beharko ditu ere gainkostuen, merkantzien ustezko garraioaren eta obrarekin jarraitzeko arrazoien inguruan.

EHBildu

2014ko aurrekontuen bidez EAJk, PSEk eta PPk gutxiengo pribilegiatua babestearen aldeko hautua egin dute

EAJk, PSEk eta PPk osatutako “kapitalaren hirukoak” hitzartu dituen aurrekontuen kontra agertu da EH Bildu Legebiltzarrean, hiru alderdi horiek “gutxiengo pribilegiatua, errentetatik bizi eta krisi garaian ere etekinak pilatzen dituztenak, defendatzea aukeratu dutelako”, Oskar Matutek salatu duenez. EH Bilduk, ordea, gehiengoaren ondoan egotea erabaki du, langileriaren ondoan, alokairua edo hipoteka ordaindu eta lan bila daudenen ondoan, hain zuzen ere, eta proposamen zehatzak egin ditu 2014ko aurrekontuak aldatzeko, krisiaren ondorioak pairatzen ari diren herritarren zerbitzura egon daitezen.

Matutek politika ekonomikoen errotiko aldaketa eskatu du, Euskal Herritik kanpo hartutako erabakiak besterik gabe aplikatzera mugatzen den eta, beraz, menpekotasunean oinarritzen den eredu batetik burujabetza ardatz izango duen eredu batera pasatzeko, horrek politika sozial eta ekonomiko berriak abiaraztea ahalbidetuko lukeelako. Horren ildotik, behin eta berriz krisia ekarri duten betiko formulak erabilita, emaitza berbera, hau da, pobrezia are gehiago zabaltzea, lortuko dutela gogorarazi die EAJ, PSE eta PPri.

EH Bilduko legebiltzarkideak sektore sozial ahulenei bizkarra ematea eta lehentasunak nahastea egotzi dio Jaurlaritzari. Horren isla, Kutxabanki 600 milioi euro eskatzea abiadura handiko trena sustatzeko, baina ez, aldiz, gastu soziala sustatzeko, EH Bilduk proposamen hori egin duenean, EAJk, PSE eta PPren laguntzaz, atzera bota duelako.

Matutek, halaber, mahai gainean jarri ditu Gipuzkoako Aldundiak lan eta gizarte eskubideak bermatze aldera hartutako neurri zehatzak –langile publikoen eroste ahalmena bermatzeko, kontratazio publikoetan lan baldintza duinak ziurtatzeko eta erresidentzietan lan erreforma ez aplikatzeko, besteak beste–, eta Jaurlaritzak horrelakorik ez egitea leporatu dio EAJri. Jeltzaleen ezezko horren ondorioa da ongizate estatuaren ahultze progresiboa, EH Bilduren iritziz, Urkulluren Gobernua enplegu publikoa suntsitu eta gizarte politikak ahultzen ari baita.

Hori dela eta, egoera iraultzeko asmoz, EH Bilduk ezinbestekoak diren neurriak planteatu ditu dekalogo batean, funtsean, inbertsio soziala bermatzeko, gizarte babesa eta zerbitzu publikoak indartzeko eta enplegua banatu eta lan baldintza duinak ziurtatzeko.

EHBildu

X