EH Bilduk “baliabide propio eta burujabeak” lantzeko aurrekontuak defendatu ditu, “larrialdi egoerari benetan aurre egiteko”

Jaurlaritzako sailburuek asteazkenean bukatu zuten 2014rako gobernuaren aurrekontu proposamena azaltzeko txanda. Azalpenak entzun ostean, prentsaurrekoa eman du gaur EH Bilduk. Dani Maeztu eta Oskar Matute legebiltzarkideak irmo adierazi dute koalizioaren iritzia: “beharrezkoak dira eta posible dira beste aurrekontu batzuk”. EH Bilduren iritziz, aurrekontuak beste tresna bat izan behar dira eskubide sozialak eta babes soziala bermatzeko eta zabaltzeko, eta gure industria ehunaren etorkizuna bermatzeko”. Azken helburu hori lortzeko, “ikuspuntu globalarekin egindako plana behar dugu, eta ez dago horrelakorik Jaurlaritzaren aurrekontuetan”.

Maeztuk eta Matutek larrialdi egoera deskribatu dute prentsaurrekoak: “185.000 langabetu, euretako erdia prestaziorik jaso gabe; 60.000 familia baino gehiago bere kide guztiekin langabezian; 350.000 pertsona bazterketa sozialeko arriskuan; eta gure gazteak kanpora atera behar dute lana topatzeko. Egoera larri horri aurre egiteko eta pertsonen duintasuna bermatzeko, aurrekontuek balio behar dute gure baliabide propio eta burujabeak sortzeko bidea egiteko”, azaldu dute. Horrez gain, adierazi dute aurrekontuetan beste gabezia nabarmena atzeman dutela: “ezinbestekoa da aurrekontuek enpleguaren eta industriaren etorkizunaren ikuspegi estrategikoa izatea, beti ere, eskualdeak oinarri hartuta. Uste dugu erakunde publikoek esku hartu behar dutela gure ekonomian oinarrizkoak diren sektoreen bideragarritasuna bermatze aldera”.

Ildo horretatik, koalizioak datorren astean aurkeztuko ditu proposamen zehatzak, “burujabetzaren ikuspuntutik egindakoak eta euskal gizartearen larrialdi egoerari benetan, eta ez paperean, aurre egiteko pentsatu direnak”. Aurreratu dutenaren arabera, estabilitate legeaz, kupoaz eta zor publikoaz hitz egingo dute proposamenok, hala nola, gure herriaren aurkako erasoak (LOMCE, udal-erreforma, pentsioen erreforma, kutxen bankarizazioa) ekiditeko ze neurri hartu ditzakegun aztertuko dute. “Azken finean –laburbildu dute-, bi ereduak elkarren aurrean jartzea izango da helburua. EH Bilduk defendatzen duen ereduan, behintzat, ez da lehentasuna bankuei zorra ordaintzea, AHTn dirua xahutzea edo arlo sozialetan (hezkuntza, osasuna eta enplegua) murrizketak egitea”.

#Aktibatu Bideoa

Ez dut geldirik egon nahi, ez naiz geldirik egon behar eta ezin naiz geldirik egon. Konpromisoa agertzen duen pertsona aktibo, erantzule eta solidarioa naizelako; baina batez ere pertsona librea naizen heinean, nire ideien arabera jarduten dut; mugimenduan dauden ideiak, ideia biziak, horiek aldatzeko beldurrik gabe. Nire ideiek naizen hori eraikitzen dutelako, pertsona osoa sentiarazten naute; beraiekin beti izango naiz ni neu, eta ez dut inoiz pentsamendu librea jarduten utziko.

Hainbeste errepresio eta injustiziaren aurrean mobilizatu behar gara, aktibatu behar gara, iraultza norberak hasten duelako, baina batez ere, horixe delako ni naizena eta izango naizena. Ideiak, mugimenduan dauden ideiak, nire burua eraikitzen dutenak; ideia horiek beste batzuekin batera, ez dute inoiz amore emango mundu hobeago bat asmatzen. Aktiba zaitez! Aktibatu!
 
www.aktibatu.net

Diana Urrea: “Pertsonak izan behar dute politika publikoen erdigune eta ez merkatuak”

Alternatibaren bozeramaile eta EHBilduren parlamentari Diana Urrearen interbentzioa UNICEF Euskal Herriko Batzordeko koordinatzaileek eskatutako komisioan, krisiak haurren populazioan duen eraginaren inguruan duten esperientzia azaltzeko. Urreak, hezkuntzan, osasunean, politika sozialetan, lan erreformetan… egindako murrizketek gizartearengan eragin handia izaten ari direla azpimarratzen du, umeak, eta hein handi batean, neskatilak direla kapitalismoaren ondorio latzenak jasaten dituztenak. 

Estrasburgoko epaia bakea eta elkarbizitza demokratikoa sendotzeko aukera dela dio EH Bilduk

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot Doktrinari buruz emandako epaia bake integralaren, elkarbizitza demokratikoaren eta giza eskubideen alde urratsak emateko aukera eta bultzada gisa hartu beharreko erabakia dela dio EH Bilduk, eta horren ildotik, irabazleen eta galtzaileen arteko dikotomia gainditzearen alde agertu da Legebiltzarrean. Pello Urizarrekin, Rebeka Uberarekin eta Oskar Matuterekin batera, Julen Arzuagak eskari zuzena egin dio horregatik espainiar Gobernuari, “mendeku eta errebantxa politikak baztertzeko eta presoekiko elkartasunaren kontra ez jotzeko”, alegia. Estatuak ere urratsak ematea behar-beharrezkoa dela adierazi eta gero, EH Bilduko legebiltzarkideak “Estrasburgoko Auzitegiaren epaia eta euskal gizartean aurkituko duen babesa mugitzeko” baliatu ditzala eskatu dio halaber Rajoyren Gobernuari, espetxe politika berria abiarazteko, baldintzak betetzen dituzten presoak kaleratzeko eta dispertsioa bertan behera uzteko.

Euskal herritarrek eta eragileek bakearen eta elkarbizitzaren alde erakutsitako jarrera eraikitzailea aintzat hartu du Arzuagak, eta horretan sakontzeko eskatzeaz gain, EH Bilduren eskua eskaini die norabide horretan urrats gehiago emateko. Horri jarraituz, Jaurlaritzak ere mugitu behar duela nabarmendu du, “olatua hartu eta arraunei elkarrekin ekiteko unea baita”, giza eskubide guztiak errespetatzea eta proiektu politiko guztiak gauzatzea ahalbidetuko duen eszenatoki batera iristeko.

Hala eta guztiz ere, legebiltzarkide abertzaleak ohartarazi du Estatuaren indarkeriak bere horretan jarraitzen duela, eta egunotan Madrilen egiten ari diren makroepaiketa politikoak ekarri ditu gogora horren harira. Hori dela eta, Arzuagaren iritziz, eragile politiko eta sozialek zein Jaurlaritzak aukera paregabea izango dute etzi Bilbon epaiketa horien kontra egingo den manifestazioan, eta horregatik dei orokorra egin du manifestazio horretan parte hartzera, “erasoen gainetik, Euskal Herria aurrera” lelopean.

EHBildu

X