Alternatibak salatu du udal erreformak demokraziari eta publikoa den orori eraso egiten diola enpresa pribatu handien mesederako

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek salatu egin ditu Espainiako Kongresuan gaur eztabaidatzen ari diren udal erreformaren eduki zein helburuak, izan ere, “Alderdi Popularrak publikoa den oro pribatizatzen jarraitzeko nahiari erantzuten dio, tokikoa pribatizatzeari oraingoan, enpresa pribatu handien mesederako, haiek baitira udal txikiei kenduko zaizkien eskumenak bereganatuko dituztenak”.

Matutek gaitzetsi du PPk udal erakundeei ezarri nahi dizkiela zeintzuk diren jorratu ahal dituzten eskumenak eta zeintzuk ez, “hezkuntza, zerbitzu sozialak eta etxebizitza kudeatzea galaraziko die, horretarako baliabide nahikoak izan arren”. Ildo beretik, defizitarioak direnean, Madrilek ezarritako egonkortasun irizpideen arabera, oinarrizko zerbitzuak pribatizatuko dira, gainerakoak itxita.

Ezkertiar alderditik onartezintzat jo dute legeak 5.000 bizilagun baino gutxiagoko udalerriak desagerrarazi nahi izatea, Hego Euskal Herrian bakarrik, 430 udalerriengan eragina izango duena. Baina oraindik ere harago doa, “eraso egiten dio demokrazia parte-hartzaileari, 100 bizilagun baino gutxiagoko herriek duten Udalbatza Irekiaren formularekin akabatzen duelako, udaletako azpi erakundeekin bukatzen duen bitartean”. Ez dira libratzen ere 20.000 pertsonarainoko udalerriak, legeak hauei eskumen guztiak kentzea ahalbidetzen duelako, beti ere Madrilek aproposa dela uste badu, enpresa pribatuaren mesedean. Horrela eskumenak enpresa handien eskuetan uzten dira, hauek izanik legeak finkatutakoa betetzeko gaitasuna duten bakarrak”. Matutek, erreforma udalek egiten duten lanaren kontrako eraso zuzena dela ziurtatu du, batez ere, zerbitzu sozialak, berdintasun politikak, haur-eskolak, uraren kudeaketa publikoa eta kooperazioaren garapena bezalako arlo garrantzitsuetan.

Bukatzeko, Alternatibaren bozeramaileak lege honen kontrako mobilizazio eta ekimen guztietara gehitzera deitu du, eta bide batez eskaini ditu ere “gastu publikoa arrazionalizatzeko irtenbide askoz demokratikoagoak, Rajoyk baieztatzen duen bezalaxe; diru publikoarekin mantendutakoen artean, monarkia adibiderik larriena dela; aldi berean, Hego Euskal Herrian ditugun gehiegizko polizia alboratu edota senatua bezalako instituzioa saihestu daitezkeen bezala”.

Aktibatu

Ez dut geldirik egon nahi, ez naiz geldirik egon behar eta ezin naiz geldirik egon. Konpromisoa agertzen duen pertsona aktibo, erantzule eta solidarioa naizelako; baina batez ere pertsona librea naizen heinean, nire ideien arabera jarduten dut; mugimenduan dauden ideiak, ideia biziak, horiek aldatzeko beldurrik gabe. Nire ideiek naizen hori eraikitzen dutelako, pertsona osoa sentiarazten naute; beraiekin beti izango naiz ni neu, eta ez dut inoiz pentsamendu librea jarduten utziko. 

Duela hamar urte Jose Saramagok baieztapen bikain hau egin zuen: “Badira bi superpotentzia: Bata Estatu Batuak, eta bestea zu”. Estatu Batuek Iraken aurka zuzendutako erasoaren testuinguruan egin zuen, baina edozein garaietan erabili daitekeen ideia bat eskaini zigun. Buruan sartu behar dugu erasoen aurrean ezin dugula etsi. Zapaltzen gaituzten dominazio sistemen aurkako borrokan aurrera egin ordez, etsipenean erortzeko arriskua dugu, eskumak aipatzen duen gehiengo isil horren parte bihurtzeko arriskua, etxean gelditzen den jendearena, hain zuzen. Horregatik, gure erronka nagusienetako bat, pertsonei murrizketa, jazarpen eta menpekotasun moduan heltzen zaizkien erasoak ez onartzeko beharrizana  helaraztea da. Menperatzen gaituztenen aurrean; gure identitatea, gure etorkizuna eta eredu alternatibo bat erabaki eta eraikitzeko eskubidea ukatzen digutenen aurrean aktibatzeko momentua da.   

Gaur inoiz baino gehiago gure burua antolatu behar dugu. Justua ez den sistema honi aurre egiteko modu asko daude; auzoetako elkarteetan parte hartuz, mugimendu sozialetan, edota erakunde sindikal eta politikoetan. Bakoitza bere errealitate eta aukeretatik. Baina azken finean, garrantzitsuena zu zara. Ez zu edo ni, aurrez aurre jartzen gaituen “edo” horrekin, kapitalismoaren oinarrizko araua dena; baizik eta asmatzera goazen gehitze partikularekin, egitasmo eta mugimendu alternatiboek osatutako gune zabal bat eraikitzera eramango gaituena, erresistentzia sozialen harresi bat.

Hainbeste errepresio eta injustiziaren aurrean mobilizatu behar gara, aktibatu behar gara, iraultza norberak hasten duelako, baina batez ere, horixe delako ni naizena eta izango naizena. Ideiak, mugimenduan dauden ideiak, nire burua eraikitzen dutenak; ideia horiek beste batzuekin batera, ez dute inoiz amore emango mundu hobeago bat asmatzen. Aktiba zaitez! Aktibatu!

AKTIBATU

http://alternatiba.net/old-files/SuperpotentziaRGBweb.jpg

Diana Urrea: “Emakumeok erabaki, erakunde publikoek bermatu eta elizaren esku-hartzerik ez”

Emakumea ez da erantzulea; hori izan da Gallardonek Senatuan ugalketa eta sexu eskubideen legearen gaineko erreforma defendatzeko erabili duen argudioa. Bestela esanda, PPren ustez emakumeok ez gara gai gure kabuz gorputza, bizitza, sexualitatea edota amatasuna bezalako oinarrizko gaiei buruz erabakiak hartzeko. Hala, gure gorputzaren gaineko erabakia ez dago gure esku, Diputatuen kongresuaren gehiengo kontserbadorearen esku baizik; non gehienak gizonezkoak diren, beste behin ere, Eliza katolikoaren sektore atzerakoienekin, bizitzaren aldeko elkarteekin eta antzekoekin bat egiten dutenak.  Beraiek erabakiak hartzen dituzte eta emakumeok men egin behar dugu, gure buruaren gainean erabakitzeko gaitasunik gabeko adin txikikoak izango bagina bezala. 

Alderdi Popularra, abortuaren arautze berriaren inguruko eztabaida, defendatzen duten ustezko moralaren testuingurura eramaten saiatzen da, nahiz eta argudio horiek pertsonalak eta besterenezinak izan. Horrela, PPk emakumeen eskubideak herritar guztiei inposatu nahi dizkien ustezko balore erlijiosoen menpe jartzen ditu, unibertsalak izango balira bezala, erlijioa zerbait pribatua dela ulertu gabe; euren sinesmenen gainetik, estatuak pertsona guztiei eskubide guztiak bermatu behar dizkie, baita emakumeen eskubideak, beste behin ere bigarren mailakotzat jo direnak.

EHBildutik uste dugu PPren asmoek emakumeon autonomiaren eta gure gorputzen eta bizitzen gainean gure kabuz erabakiak hartzeko eskubidearen aurkako erasoa azaleratzen dutela. Ezarri nahi diguten kontrola, indarkeriazko ekintza larria da eta eremu guztietatik erantzun sendoa eman behar diogu. Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikal guztien erantzukizuna da, gaur inoiz baino gehiago, abortu librea eta doakoa eskatzea. 

Erreforma hau onartzen bada, emakumeok horrela erabakitzen badugu abortatzen jarraituko dugu, baina Kode Penalaren zigorpean eta gure osasuna eta bizitza arrisku larrian jarriz. Legeak aurrera egiten badu, aberatsek eskubide aitortu hori edukiko dute eta pobreek berriz, ez dute inondik inora bermatuta izango. Abortua kapitalismoa irabaztera eramango duen negozioa bihurtzen bada, osasun publikoan modu kontsekuentean egindako ebakuntza publikoa izateari utziko dio. Abortatzea ezinezkoa bazaigu, amatasuna eta zaintza gure etorkizuna izaten jarraituko dute, eta etxeetan garatuko da, non Menpekotasun Legearen murrizketen erasoak leundu beharko ditugun gure lan isil, doako eta ezkutatuarekin. Izan ere, Legea onartzen bada eta ezin badugu abortuaren inguruan erabaki, zeinek ziurtatzen digu desiratu,  nahi eta behar dugun antolaketa sozialaren ereduaren gainean erabaki ahal izango dugula?

PSEk aurkeztu duen ekimenari babesa ematen diogu Alderdi Popularrak proposatutako Erreformari uko egitean bat egiten dugulako, baina era berean, ekimena aurkeztu duen alderdiarekiko atsekabea adierazi nahi genuke. Alderdi honek, ez zuen inoiz emakumeek euren bizitzen, sexualitatearen eta amatasunaren gainean libreki erabakitzeko eskubidea  guztiz defendatu, eta bere aukera izan zuenean, lege eskas eta koldar bat onartu zuen; mugimendu feministaren aldarrikapenei jaramonik egin ez zien lege bat; abortua delitutzat jotzen zuen lege bat; emakumeen erabakitzeko ahalmena kontrolpean jartzen zuen lege bat, sektore publikoan abortuaren praktika bermatuko zuen neurri zehatzik ezarri ez zituena.

Emakumeen eskubideak modu eta neurri ezberdinetan botoak eskuratzeko erabiltzen dituen klase politikoaren gehiengoaren aurrean, EHBildutik emakumeen erabakitzeko eskubidearen errespetua bermatzeko erlijioen zeregina testuinguru pribatura mugatuko dituzten estatu laikoak eraiki behar dira defendatzen dugu. Horregatik, Eliza Katolikoaren hierarkiari eztabaida eta ez dagozkion espazioak okupatzen uztea, eta emakumeak gutxiesten laguntzen duten egoerak sortzeko eta sustatzeko izan duen ahalegin historikoa bertan behera uztea eskatzen diogu.  Emakumeok ez dugu inoren kontrolik behar.

Emakume guztiei doako abortua bermatuko dien legedia defendatzen dugu, emakumeei euren gorputzaren gainean erabakitzeko eta euren sexualitateaz gozatzeko askatasuna ziurtatzen diena, ugalketa kontuan hartu gabe eta aukera sexual guztien errespetutik.

Eta azkenik, abortua emakumeen eskubideei lotutako zerbait dela uste dugun heinean, emakumeen gogoa soilik nahikoa izan beharko litzateke abortatu nahi duten ala ez erabakitzeko. Horregatik diogu eskubideak ez direla negoziatzen. Ez dira negoziatzen gai hau auzi moral eta bizitzaren defentsa moduan aurkeztu nahi duten taldeekin. Ez da negoziatzen pertsonen erabakitzeko eskubidearen gainetik, familia tradizionalean eta balore zehatz batzuetan oinarritutako bizitza eredu bat defendatzeko eztabaida hau erabiltzen duten taldeekin. Ez da negoziatzen eliza katolikoaren hierarkiarekin, oraindik ez duenak ulertu erlijioa eremu pribatura mugatu beharreko zerbait dela, eta euren sinesmenen gainetik estatuak eskubide guztiak bermatu behar dizkiela herritar guztiei, eta batzuei ez gustatu ere, emakumeenak barne. Ez da negoziatzen iritzi publikoa nahastu nahi dutenekin, abortua pertsona guztien artean, informazio guztiarekin eta proposamen guztiak ezagututa eztabaidatzea galarazten dutenak.

Emakumeen eskubideen aurkako eraso bortitz honen aurrean, mobilizatzera deitu nahi dugu, herritarren gehiengoa bestelako gizarte baten alde dagoela erakusteko, emakumeen eskubideak guztiz bermatuko dituena, haurdunaldiaren etete boluntarioaren legeztatze zabalagoa eta aurrerakoiagoa abiapuntu izango dituena. 

Makro-epaiketen helburu politikoak salatu eta deituko diren mobilizazioekin bat egiten du EHBilduk

Berriro ere, indarrez, eskubide zibil eta politikoak urratuz, makro-epaiketa biren hasiera dugu aurrean. Gaur bertan gazte mugimendu independentistaren aurka hasiko dena, 26/11 sumario bezala ezagutzen dena, eta 40 gazte Audientzia Nazionalaren aulkietan eseriko dituena; eta ostegunean hasiko dena 35/02 bezala ezagutzen dena, eta hainbat ordezkari politiko eta Herriko Taberna zein elkarteko ordezkariak epaitiko dituena.

Guztira 80 lagun, Euskal Herritar auziperatuen aulkian. Zio eta helburu politiko argiak dituen epaiketa baten aurrean gaude, dena ETA da, estrategiaren baitan. Bakearen eraikuntza eta Normalizazio politikoa oztopatuz; euskal herritarron eta erakundeen eskubide zibil eta politikoak ukatuz. Agerian utziz Estatuko botere desberdinen jokabide eta izaera antidemokratikoa.

ETAk borroka armatua utzi zuenetik, ziklo berri bat, garai berri bati ekin genion Euskal Herrian. Baina batuek nahiago izan dute, iraganeko jokabideetan katramilatuak geratu.

Denborak erakutsi digu ezer gutxi espero dezakegula Madrileko Gobernu zein botere desberdinetatik, eta guk soilik, eraikiko dugula Euskal Herritik, Euskal Herriarentzat guztion artean Bakea eta elkarbizitza demokratikoa. Hori dela Espainiako agintariak mugiarazteko bide bakarra. Nazioarte mailan beraien aurpegi antidemokratiko, oztopatzailea ikustarazteko bide bakarra. Eta ziur gaude lortuko dugula. Ez da erraza izango. Gordina eta latza izaten ari den bezala hainbat eta hainbat euskal herritar bahituak izatea Espainiako kartzeletan, behin eta berriro beraien eskubideak urratzen direla ikustea.

Baina lanean jarraituko dugu, bakearen, elkarbizitzaren alde gauden guztion indarrak bilduz, indarrak artikulatuz, pertsona guztien eskubideak errespetatuak eta bermatuak izateko; hainbat eta hainbat familien sufrimenduarekin amaitzeko. Eta Pertsona guztiek, ideia guztiek, proiektu guztiek tokia izango duten Herria
eraikitzeko.

Hori dela eta, esandako guztiarekin bat egiten duten herritar, erakundeei eskaera zuzena egin nahi diegu gaurko agerraldian: Makro- epaiketa bi horien aurka deitu diren eta deituko diren mobilizazio eta ekimenetan parte hartzea. Eta bukatzeko, gure aldetik aste honetan epaiketan murgilduko diren pertsona eta familiei gure elkartasuna eta animoak helarazi nahiko genizkieke. Beraiekin gaudela.

X