Asier Vega: “Atxilotuen delitu bakarra elkartasuna da”

Alternatibako bozeramaile Asier Vegaren adierazpenak joan den larunbateko manifestazio nazionalaren hasieran.

1. Herriraren kontrako operazio bortitza salatu nahi dugu, atxilotu zituzten 18 lagunen delitu bakarra elkartasuna eta presoen eskubideen errespetua babestea besterik ez delako.

2. Herriraren jarduera legez kanpo utzi izana estatuaren totalitarismoaren adierazlea da. Atxilotuen kargu guztiak kendu eta Herrira legeztatzea exijitzen dugu.

3. Onartezina da ere Beltran de Herediaren ertzainak jokatu duen papera, Guardia Zibilaren bizkartzain aritu ez ezik, gure senatari bat, Amalur Mendizabal,  jipoitzera heldu delako. Argitu dezatela eraso horren ardura.

4. Txalogarria da, aldiz, jendearen erantzuna, kaleak bete ditu gertatutako salatu eta atxilotutakoen askatasuna exijitzeko. Gaur Bilbon gertatuko den bezala.

https://fbcdn-sphotos-a-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn2/1265554_733856379965014_1248909769_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/1273505_733856639964988_401085954_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-d-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/857220_733856686631650_792436283_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-g-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn2/1277380_733856693298316_575822101_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/135216_733856869964965_1334171351_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-e-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/1277547_733856873298298_1777255685_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-d-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn2/1266840_733856996631619_804526865_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn2/1291864_733856989964953_877163053_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-d-a.akamaihd.net/hphotos-ak-frc3/1277228_733857329964919_454092124_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-a-a.akamaihd.net/hphotos-ak-frc1/1274328_733857753298210_1537905914_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/1269458_733857733298212_2095801788_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-d-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn2/1277624_733858309964821_639699772_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/1278006_733858789964773_575399030_o.jpg

https://scontent-b-ams.xx.fbcdn.net/hphotos-prn2/1391528_733858759964776_1162598385_n.jpg

https://scontent-a-ams.xx.fbcdn.net/hphotos-frc3/1380157_733858849964767_2041340413_n.jpg

Estatuaren indarkeriaren aurrean, Herriraren elkartasun itsasoa

Oskar Matute – Alternatibako bozeramailea

Euskal Herrian, antzinatik jarduera errepresiboen laborategi izan den honetan, egun Estatu espainiarraren estrategia bikoitzaren eraginpean bizi gara gaur. Batetik, nolabaiteko erosotasun egoera irudikatu nahi dute, indarkeriaren desagerpenaren ondorio, soilik ETArena aipatzen dutela. Bestetik, estatuaren eta bere politika antidemokratikoen aurrean antolatutako erresistentzia eta mobilizazio egitura guztien aurkako errepresio etengabea erabiltzen jarraitzen dute.

Hala, bake prozesu erreal bat eraikitzeko beharra defendatzen dugunok, inplikatutako eragileak, ETA barne, animatzen jarraitzeko prest gaudenok, aldebakarrekotasunaren bidean aurrera egin nahi dugunok, ETAren jarduera armatua desagertu ostean gatazka amaitutzat ematen dutenen irakurketa politikoarekin topo egiten dugu.

Eta nahiz eta gobernu, salbuespen auzitegi eta talde mediatikoen itxura hartzen duten botere-baliabideak erabili; nahiz eta gure herriaren kultura eta historiaren ukapena, errepresioa eta bere kontakizunaren zein zoru etikoaren inposaketa, edota herritar guztiengan eragin nahi duten narkolepsia bezalako tresnak erabili, askok Euskal Herrian oraindik ez dela inolako bake prozesurik ezta honi lotutako adiskidetze testuingururik osatu baieztatzen dugu.

Estatu espainiarrak denborak markatzen ditu, komeni zaionaren arabera errepresioa eta paralisia erabiliz, gutxienez bi helburu lortzeko: lehenik indarkeria bakarra ETArena zela eta horren atzean ez zegoela inolako gatazka politikorik sinestaraztea; eta bigarrenik, Guardia Zibila bezalako indar errepresiboen bitartez, PNVren gobernu morroiak gidatutako Ertzaintzaren laguntzarekin batera, espainiarren irudimen kolektiboan gaitz guztien arrazoia ETAren existentzia eta iraunkortasunaren mehatxua dela berrezartzea.

Une historiko honetan, gaizki izendatutako trantsizio demokratikotik -faxista hutsak demokrata petoetan eraldatu zituenak- sortutako erregimenak porrot egin duenean, arreta desbideratu behar dute, eta gainera, barruan dagoen etsai baten aurka egiteko batasuna aldarrikatzeko aukera izan behar dute.  

Baina euren demokrazia, estatu autoritarioa normaltasunez janzteko erabiltzen duten estalkia besterik ez da. Estatu honetan inolako hauteskundeetara aurkeztu ez diren eliteak dira nagusi; gizartearen sektore gutxietsienei duintasunarekin eta giza zein lan eskubideekin bat datorren erantzun bat eskaini ezin diotenak, edo eskaini nahi ez diotenak, Troika ez haserrarazteko asmoz. Kudeaketa publikoaren etika eza dela eta, herritarrek euren zilegitasuna zalantzan jartzen dute eta gainera herri kataluniarraren ausardiaren aurrean erabilitako jazarpen metodoak agerian gelditu dira, Estatu espainiarra herrien espetxe bat dela eta larriki zauritua dagoela agerian geldituz.

Eta larriki zauritua dago, existitzeko eta bere buruari nazio deitu ahal izateko, Euskal Herria bezalako beste herri batzuen zapalkuntza behar duelako. Eta hona hemen diferentzia garrantzitsu bat; guk ez baitugu Espainia behar gure burua nazio gisa aitortzeko.

Horregatik ez dute bake prozesurik ezta irtenbide demokratikorik nahi: Euren lotsa estaltzeagatik, euren ezintasun eta interes ezkutuak estaltzeagatik. Baina Euskal Herrian oso argi daukagu jarduera armatua bertan behera uzteko ETAk hartutako erabakiak ez duela atzera bueltarik eta bere egitura militarrak desegiteko eman beharreko pausuak ematen jarraitzeko asmoa sendoa dela.

Hori jakin badakite egun gure herria oraindik desagertu ez den indarkeriaren kiribilean sartu nahi dutenek, inoiz barkamenik eskatu ez dutenek, eragindako biktimez damutu ez direnak eta armak uzteko asmorik erakutsi ez dutenek: indarkeriaz jokatzen duten Estatuaren aparatuek.   

Irailaren 30ean, indarkeria honek Herrira, euskal preso politikoen eskubideen aldeko mugimenduaren bihotzaren aurka jo zuten. Eta gure gizartearen zati handi bat erasotzen ari zela jakinda egin zuten. Herrira erakundeak presoen eskubideen defentsa oraindik hasteko dagoen bake prozesuaren oinarrizko zutabe bihurtu du eta euren jarduerak beti lehenetsi du eskubide guztien errespetua pertsona guztientzat.

Horregatik Herrira guztiok garela esatera ausartuko naiz. Laster beteko dira bi urte ETAk bere ekintza armatuarekin bukatuko zuela adierazi zuela. Garai berria, biktimen errespetutik eta egia bilatuz, pertsona guztiei, presoak barne, eta gure herriari, Euskal Herriari, eskubide guztiak itzuliko dizkien konponbide prozesu bati ekiteko baldintzak errazteko balio izatea nahi dugunak gehiengoa gara.

Horrela, Euskal Herrian garatutako prozesu oso bat behin eta berriz mindu nahi duen indarkeriaren aurrean, milaka pertsonek, tantaz tanta gure herrietako kaleak beteko ditugu, bahituta mantentzen gaituen uharka gainditu arte; iheslari edo pertsona preso bakoitzaren askatasun indibidualetik eta bere burujabetza berreskuratzeko bidean dagoen herri honen askatasun kolektibotik aldetzen gaituzten espetxeetako barrak  gainditu arte. Burujabetza hori aldaketa politiko eta sozial baten zerbitzura egongo da eta boterea esku egokietan utziko du, Euskal Herriko biztanleen eskuetan alegia, horietan besterik ez.

Honakoetan argitaratu da:

Astekari Digitala

Berria

Naiz

Ta zer ez da berdin

Xabier Soto – Alternatiba

Ez dira betiko garai onenak. Azken finean gizaki hutsak gara. Bai, aitortzen dut: izenburua eta testuaren hasiera abesti desberdinen letrarekin osatuta daude, biak ere Hertzainak taldearenak. Hitz egin dezagun bada Hertzainetaz, Herriaren zaindariak izan beharko liratekeen horietaz. Hitz egin dezagun Herriraren aurkako operazio politiko-militarraz.Izan ere, astelehen eta astearteko irudiek 80. hamarkadako garairik latzenetarikoetara itzularazi gaituzte bapatean, back to the future pelikularen euskal remake makabro bat ikusten ariko bagina bezala.

Hala ere, sinetsi nahi dut Espainiako katakunbetatik orkestatutako Herriraren aurkako operazioaren ondoren ezer ez dela berdina izango. ETAk bere ekintza armatuen amaiera iragarri zuenetik, bake prozesua -hau existitzen bada- bere egoerarik okerrenean dago #sindudarikgabe, baina honek ere badu irakurketa optimista bat: hemendik aurrera gauzek onera besterik ezin dute egin.

Astelehen gauean Hernanin (eta beste hainbat tokitan) Espainiako Guardia Zibilaren esanetara aritu ziren Ertzainen indarkeriazko jarrera kontuan hartuta, hainbat alorretan aldaketak saihestezinak izango direla deritzot. Alde batetik, EAJ eta Sorturen arteko erlazioak, bakegintzari dagokionean behintzat, ondo bideratu beharko dira; ez badugu haien arteko zubi-arteko hobiigaroezina eraikitzerik nahi. Beraien ardura izango da hau horrela izatea, eta honetan behintzat haiengan konfidantza badaukat.

Beste alde batetik, bai EHBilduk bai Eusko Jaurlaritzan agintean den EAJk berak hainbeste aldiz aipaturiko Ertzaintzaren birmoldaketa inoiz baino beharrezkoagoa dela erakusten dute Amalur Mendizabalen buruan oraindik itxi gabe dauden 8 puntuek. Honen harira, gogora ekarri nahi ditut duela 5 hilabete egunkari honetan bertan ERNE sindikatuko koordinatzaile Roberto Seijok desobedientziaz galdetuta esandako hitzak: “Orain esaten badidate ‘jo ezazu kazetari hau’… ‘Ez, ez, nik ezin dut hori egin. Zergatik joko dut ba?’ Eta ez dut agindua betetzen”. “Kazetari” ipintzen duen tokian “Senatari” ipini, eta hortxe izango duzue elkarrizketa gaurkotua esklusiban.

Badakit ordea, hasieran nioen bezala, azken finean gizaki hutsak garela eta hortaz, gauza bat dela desio duguna -kasu honetan, berbalizatua izan dena- eta beste gauza bat dela errealitatea -gure ekintzekin islatzen duguna-. Esan beharrik ez dago kasu honetan errealitatea desioari gailendu zaiola beste behin ere. Txoritxo batek esan zidan behin desioak errealitatera moldatu behar direla, eta inoiz ez alderantziz; baina guztiok ezagutzen dugu, eta gure esku daukagu, errealitatea gure desioetara moldatzeko tresna magiko bezain eraginkorra: DESOBEDIENTZIA.

Honengatik guztiagatik, artikulu hau esperantza islatzen duen aitormen batekin amaituko dut: ea laister denboran atzera bidaiatu eta irria ahoan dugula honakoa esan dezakegun: ezer ez da berdin.

Bihoakie besarkadarik beroenak 18 atxilotutakoei eta Amalur Mendizabali.

Alternatibak bihar Bilboko kaleak zipriztinduko dituen elkartasun itsasoaren tanta izatera deitu du

Alternatibako bozeramaile Asier Vegak bihar Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin du euskal presoen eskubideak aldarrikatu eta Herriraren kontra aste honetan eginiko operazio polizial “bortitza” salatzeko. Elkarretaratzea 17:30etan abiatuko da La Casillatik “Tantaz tanta euskal presoen eskubideen alde” lemapean.

Alternatibatik azpimarratu dute ezinbestekoa dela “herritarren borondateaz eginiko harresia eraikitzea, gatazkaren konponbidearen, normalizazioaren eta eskubide guztiak berrezartzearen alde, eskubide zibil, sozial eta politikoa guztiak euskal herritar ororentzat”. Hala, ezkerreko alderditik Euskal Herriko auzo eta hirietan “egunotan ikusten ari garen elkartasun itsasoaren tanta” izatera deitu dute, “Espainiako Erresumaren politika zapaltzaileen amaiera eskatzeko, gizarteak eskatzen duen prozesua oztopatzea besterik bilatzen ez duena”.

Alternatibak Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediaren dimisioa exijitu du

Alternatibako bozeramaile Asier Vegak salatu egin du Ertzaintzak atzo azaldutako jarrera Herriaren kontrako operazioaren harira egin ziren elkarretaratzeetan, izan ere, “inolako beharrik ez zutenean indarkeriaz aritu ziren espainiar Estatuaren botere gehiegikeriaren aurrean haserrea eta inpotentzia adierazten ari ziren herritarren kontra”. Hala, Vegak bereziki larritzat jo du “Amaiur Mendizabal senatariari bortizki oldartu izana, egoera baretu besterik egin nahi ez zuenean eraso baitzioten, bere akreditazioa eskuan zuen arren”.

Alternatibatik salatu dute Ertzaintzaren jarrerak “Guardia Zibilarekin Euskal Herrian kaosa zabaltzeko elkarlanean aritzeko inolako oztoporik izan ez duen Eusko Jaurlaritzaren jokabideari erantzuten” diola eta, horrexegatik, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun Sailburuari exijitu dio bere kargutik berehala dimititzeko.

Talde ezkertiarreko bozeramaileak, halaber, Urkullu lehendakariari zuzendio dizkio hitza, “berriz ere galdetu behar diogu ea zein den armak bere herritarren kontra erabiltzeko inolako eragozpenik ez duen gobernu baten zoru etikoa”. Ildo horretatik, Vegak leporatu dio” egun batean, bere alderdiaren jaian, burujabetzaz hitz egitea eta, hurrengo egunean, erregimen espainiarraren morroi gisa jokatzea, Auzitegi Naizonala bezalako erakunde postfrankista batentzat bizkartzain lanak eginda”.

Azkenik, polizia autonomikoa desegitearen aldeko apustua egin du, “baldin eta bere papera boteretsuen mesedetara eta euskal herritarren kontra aritzea bada; elkartasun harresiak hautsi, beren lanpostuen defentsan ari diren langileak kaleratu eta Guardia Zibilaren kopia txarra izatera mugatuko bada”.

X