Euskal Errepublika aldarrikatzeko manifestazioa abenduaren 6an, Espainiako Konstituzioaren 40. urteurrenean

EH Bilduk adierazi du hurrengo abenduaren 6a ez dela jai eguna izango Euskal Herriko subiranistentzat, eta jai egun hori aldarrikapen egun bihurtuko duela. Era horretara, manifestaziora deitu du abenduaren 6an, Espainiako Konstituzioaren 40. urteurrenean. Eguerdiko 12:00etan hasiko den mobilizazioak Bilboko kaleak hartuko ditu, Plaza Eliptikotik Arriagara.

“Gure herriari Espainiako Konstituzioa inposatu ziotenetik 40 urte betetzen direnean, Espainiako Konstituzioa gure herriaren askatasun nahiak lotzeko giltzarrapoa baino ez dela sinesten duten euskal herritarrei Bilboko kaleetara ateratzeko gonbita egiten die EH Bilduk. Herri honen erabakitzeko eskubidearen eta bere egikaritzearen alde dagoen gehiengo politiko eta soziala da giltzarrapo hori irekiko duen giltza. Euskal Errepublika libre eta duinean bizi nahi duten euskal herritar guztiek hitzordu garrantzitsua dute abenduaren 6ko eguerdian”, agertu dute Oihana Etxebarrietak eta Oskar Matutek, Donostian egindako agerraldian.

Etxebarrietak gogora ekarri du 40 urte joan direla Espainiako Konstituzioa onartu eta indarrean jarri zutenetik eta Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan ez zuen behar besteko onarpenik izan konstituzio horrek. “Duela 40 urteko euskal jendarteak argi eta garbi adierazi zuen Espainiako Konstituzioa ez dela berea. Argi esan zuen ezin zuela bere egin 78ko Erregimena egonkortzeko helburua baino ez zeukan konstituzioa, hau da, ezin zuela onartu herri honetan eta jendarte aske eta justuetan bizi nahi duten herritarren artean hain oroitzapen txarrak dituen aurreko erregimenaren aurpegi garbiketa bat.

40 urte joan dira, eta 78ko Erregimenak -eta beraz, Espainiako Konstituzioak- konpontzeke utzi zituen arazo politikoak kalean eta instituzioetan daudela zehaztu du EH Bilduko legebiltzarkideak. “Hautestontziak jarri eta herritarrei beren etorkizun politikoaren jabe izan eta Kataluniako Errepublika sortu nahi zuten galdetzeagatik Espainiako estatuaren neurrigabeko erantzun basatia pairatzen ari da herri katalana”, azpimarratu du.

Etxebarrietaren hitzetan, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubide demokratikoa daukala uste duen gehiengo politiko eta soziala dago gure herrian. Erantsi duenez, gehiengo hori behin baino gehiagotan agertu da azken urteotan, besteak beste, Gure Esku Dagok deitutako mobilizazio erraldoietan. “Arlo politiko eta instituzionalean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan erabakitzeko eskubidearen alde dagoen gehiengo politikoak estatus politiko berriaren oinarriak ezarriak ditu eta, modu horretara, agortutzat eman du Gernikako Estatutua. Eta Nafarroan, modu eraginkorrean ari dira lanean aurreko Erregimena instituzioetatik ateratzea ekarri zuen aldaketa egonkortzeko”.

“Baldintza eta egoera politiko eta sozial guztiek ekarri dute 78an aurpegi garbiketa behar zutela erabaki zuten indar politikoek mozorro guztiak kentzea eta eskura dituzten baliabide eta tresna guztiekin beren erregimena defendatzea, hau da, Espainiaren batasun hautsi-ezina defendatzea”, esan du Etxebarrietak. “Atzeraldi demokratiko nabarmenean murgilduta dago Espainiako estatua. Herri honetako zein Espainiako estatuko subiranista guztiei elkar hartuta eta partekatutako estrategiarekin jokatzera behartzen gaitu atzeraldi demokratiko horrek. Datorkigunaren aurrean, gure herrian zein aske eta burujabe izan nahi duten Espainiako estatuko beste herrietan, elkar hartuta, ausardia politikoaren eta herri eta etorkizun ikuspegiarekin jokatzera behartuta gaude”.

EH Bildu

Etxerik gabeko jendea

María del Río – Alternatiba

Eta jenderik gabeko etxeak egoteari lotsagarria zeritzon Kataluniako kantari batek film baterako sortutako abestian. Berriki Auzitegi Konstituzionalak ontzat eman ditu EAEko Etxebizitza Legeari buruzko artikulu gehienak, eta horrek etxebizitza eskubidearen gaineko eztabaida berpiztu du. Legeak onartzen du eskubide subjektiboa dela. Ondorioz, egoera jakin batzuetan Jaurlaritzari erreklamatu ahal izango zaio, eta epaitegietara ere jo ahal izango da. Horrela bada ere, oraindik zail egiten zaigu etxebizitza eskubide osotzat hartzea; urrun dago hezkuntza eskubideak edo osasun eskubideak duten gizarte babesetik.

Dudarik gabe, oinarrizko eskubide hori bermatzeko ezinbestekoak dira epe luzeko inbertsio publiko handiak. Baina zer gertatzen da bermatzen ez bada? Bada herritarron bizi-kalitatea eta osasun fisiko zein mentala okertu egiten direla, gizarte eragin nabarmenekin; besteak beste, emantzipatzeko adinaren atzerapena eta jaiotza-tasaren eragin negatiboa. Laburbilduz, bizitoki baldintza egokiak ez izateak gainerako gizarte eskubideak indargabetu edo ahultzen ditu.

Etxebizitza eskubidea bermatzen dela esateko bizileku bizigarria eskaini beharra dago, eta tamaina zein bestelako ezaugarri egokiak bermatu, pertsona edo familia jakin batentzat. Beraz, ezin ahaztu eraikinen eta etxeen birgaitzeak duen garrantzia, ezta azken honek energia gastuan duen eragina ere. Are gehiago, legeak ingurua ere duina eta egokia izan behar dela dio. Ba al dituzte gure auzoek berdegune eta ekipamendu nahiko?

Gaia konplexua da, eta interes kontrajarri ugari daude tartean; merkatuak duen pisua nabaria da. Azken batean, etxebizitza eskubidea bermatzeko egitekoa handia da eta premiazkoa, halaber, nekez ematen den politiken arteko koherentzia. Horren adibide etxebizitza, zerga zein hirigintza politikak dira. Azkenaldian, etxebizitza hutsak desjabetzeko aukeran arreta jarri da. Dena den, muturreko egoeretan soilik erabili ahal den neurri horretan sakontzea baino, eztabaida etxebizitzaren funtzio sozialean ardaztuko nuke: bizi-baldintzak hobetzeko eta gizarte-bazterketa saihesteko tresna gisa.

GARAn argitaratua

Euskal Herriak bere historiaren kapitulu berria idazteari ekin dio

Gaurkoan Euskal Herriak bere historiaren kapitulu berria idazteari ekingo dio. Egun hau buruan izango dute gure herriko gizon-emakume guztiek, modu batean edo bestean; askok begiak bustita ere, mina nahitaezko bidaide izan dugulako bidean. Gustatu ala ez, gure historiaren parte da, eta horregatik guztion ardura da, herritar, erakunde zein eragile politiko, sozial eta sindikal, biharko egunari bakoitzak bere ekarpena egiteko, guztion eskubide guztiei errespetua arau bilakatu dezagun. Dena egiteke dagoen honetan, desirak diren hiru hitz besterik ez: Konponbidea, Herria, Etorkizuna.

More…

Erdia badira, erdira daitezela

Alba Fatuarte  eta Mireia Arginzoniz – Alternatibako Mahai Feminista

Silvia Federicik esana, «emakumeen gorputza kapitalismoaren azken muga da». Kapitalak gure bizitzak kontrolatu nahi ditu, gure umetokietatik hasita, mozkinak metatzen jarraitzeko. Oso modu desberdinetan agerian gelditzen ari den patriarkatuaren erasoaldia da.

Orain dela gutxi, komunikabide guztietan trajedun gizonezko talde irribarretsu bat azaldu zen: gizon zuriak, autonomoak eta aniztasun funtzionalik gabekoak; Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Eudelek Familiaren Euskadiko Kontseiluarekin izenpetutako akordioaren berrespena jasotzen zuen albisteak, «jaiotza-tasa sustatzeko ituna» deritzona, Confebask patronalak ere bere egin duena.

Irudi honen aurrean, oraindik ez dakigu Urkullu, Olano eta besteak hazitarako animalien modura beren burua aurkezten ari ziren, edo benetan ez duten ulertzen argazki horretan oso agerian dagoen zer edo zer faltan zela. Bitxia bezain ohikoa bilakatu zaigu despotismo ilustratuaren garaiko leloa eraberritua datorkigula, «guztia herriarentzat, baina emakumerik gabe». Izan ere, bost gizon hauentzat emakumeok ez omen dugu zerikusi handirik jorratzen ari ziren gaiarekin, umeak izatearekin alegia, errealitateak kontrakoa dion arren.

Dirudienez, Euskadin «arazo» bat dago, emakumeok ume gutxi ditugulako. Baina, zergatik da arazo bat jaiotza-tasak behera egitea? Gizon hauek patronalak Gabonetan oparitu zien kalkulagailuari eragin diote, eta kontuak atera dituzte: Christine Lagardek dioen bezala, «agureak gehiegi bizi badira», eta gainera emakume nahikorik ez badago lan merkatua elikatuko dituen umeak ekartzeko prest… Nork ordainduko ditu pentsioak?

Halako batean, alarma guztiak piztu dira, eta «arazo demografikoaren» eztabaida zahar bezain faltsua pizten da. Zein da proposatzen duten konponbidea? Bost milioi euroren laguntza zuzenak, halako pizgarri politikak eraginkorrak ez direla egiaztatu den arren. Lana eta familia uztartzeko neurriak ere iragarri dituzte, hauek baliatzen dituztenen %90 emakumeak direla ezaguna den arren orokorrean, zaintzarako bideratuta. Neurriok, azken batean, erasoaldi patriarkal eta kapitalista hau indartzera datoz, lana generoaren arabera banatuz eta lan produktiboa eta ugalketari dagokiona bide desberdinetatik jorratuz.

Baina albiste txar bat dakarkigu Confebask eta PNVrentzat (ez bada erakunde bera direla, logo desberdinak izan arren): ez gara inozoak. Jakin badakigu beren benetako asmoa pentsioen sistema pribatizatzea dela. «Aurreikuspen sozialeko plan osagarriak», Pedro Azpiazu, Ogasun eta Ekonomia sailburuaren esanetan, eta herritarrei dei egin die halako plan pribatuen inguruan arreta jartzeko. Harago joan da Mariano Rajoy, banka handiaren morroi gisa jokatuta, zuzenean eskatu baitie herritarrei beren pentsioak osatzeko aurreztu dezatela. Santander edota BBVAren buruzagiek aspaldi eskatutakoari men egitea besterik ez da: legea baliatzea pentsio plan pribatuak kontratatzera behartzeko. Publikoa den ororen lapurretan jorratzeke duten azken negozioa da.

Guk argi dugu: Ez dugu onartuko pentsio sistemaren gainbeherarekin mehatxatzea jaiotza-tasa jaisten den bakoitzean. Xantaia baino ez da. Ez diegu utziko gure gorputzetara jotzea, berriro ere, kapitalari eusteko; ez dugu onartuko sistemak mozkinak metatzen jarraitzea ahalbidetuko duen lan esku merkea sortzeko inkubagailu hutsak izatea.

Indarra eta proposamenak ditugu bizitza eta pertsonen zaintza erdigunean jarriko dituen sistema baterantz aurrera egiteko. Beren benetako helburua familiak laguntzea balitz, batez ere bazterketa pairatzen dutenak gehienak bakarrik emakume baten ardurapean, haurrentzako bermatutako errenta sistema martxan jar zitekeen, edota zaintza berdintasun eta justizia irizpideetatik jorratuko dituzten neurriak ezarri. Aski da gogora ekartzea duela hilabete batzuk bukatu zen Bizkaiko erresidentzien gatazka, benetako arazoak non dauden ikusteko, eta zein gutxi egiteko prest ez dauden horiei konponbidea jartzeko.

Berriro diogu, proposamenak baditugu sistema heteropatriarkala iraultzeko, zaintza lanen morroi nahi gaituztelako, ikusezinak eta bigarren mailako herritarrak izatera kondenatuak. Isilik eta menderatuak nahi gaituzte, erditzen eta beren lan indarra ugaltzen jarraitzeko. Izateko eta gure gorputzen zein bizitzen gainean erabakitzeko gure oinarrizko eskubidearen kontrako erasoen aurrean izango gaituzte, autodefentsa feministaz jantzita, beren kontrolaren eta beldurraren diskurtsoa desegiteko prest.

Beraz, jaiotza-tasa baxua konpondu beharreko arazoa dela uste dugun aztertu aurretik, jorratu ditzagun pertsona guztien bizitza duina bermatzea ahalbidetuko dituzten alderdi guztiak. Bitartean, haur gehiago sortu nahi badituzte, eta gizartearen erdia direla, haiek erdi daitezela. Sailburu, diputatu, alkate eta patronaleko buru gizonezko guztiak jar daitezela horretara, gu ez baikara salgai dauden umetokiak, ez bost milioi euroren truke ezta saldu nahi diguten inongo jaiotza-tasa sustatzeko itunen truke.

X