“Alterkaria” Alternatibaren paperezko aldizkariaren 5. zenbakia kalean da

Alterkariaren udazkeneko alea kalean da. Alternatibaren paperezko aldizkaria duzue, astero bidaltzen dugun boletin digitalaren osagarri. Oraingo honetan, Katalunia eraman dugu azalera, Jaume Casals CUPeko militantea elkarrizketatzeko aukera izan dugulako Euskal Herrian hainbat hitzaldu eskaintzera ekarri dugula baliatuta. Bestelako gaiak ere jorratu ditugu, hala nola errefuxiatuen afera, Greziako azken hauteskundeen osteko panorama, burujabetzaren garrantziaz edota indarkeria matxistaren inguruan. Aldizkaria zure etxean jaso nahi izanez gero, idatzi prentsa (a bildua)  alternatiba.net helbidera.

 

http://alternatiba.net/old-files/Alterkari_05_0.pdf

Oskar Matute: “EH Bilduko militantziak erabakiak hartzeko guneak behar dituela uste dugu, eta lehen urratsa egingo dugu bide horretan”

Oskar Matute EH Bilduko bozeramaile eta Alternatibako kideak Bilbon egindako agerraldian azaldu du EH Bilduk prozesu parte-hartzailea jarriko duela abian, Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetara zein modutara eta zein zerrenda kiderekin aurkeztuko den militanteek erabaki dezaten. Matutek azpimarratu duenez, “prozesu parte-hartzaile eta gardena izango da, behetik gora gauzatuko dena”. Gaineratu duenez, “EH Bilduko militantziak erabakiguneak izatea eta erabakiak izatea da gure helburua, eta hurrengo egunetan abian jarriko dugun prozesura barne demokrazian sakontzeko lehen urratsa da”, agertu du.

Matutek gogorarazi duenez, joan den uztailean EH Bilduko bozeramaileek aurreratu zuten irailean erantzungo ziela hauteskunde orokorretan aldaketa politiko eta sozialaren alde lanean diharduten indar politikoei zerrenda bateratua osatzeko EHUko irakasle talde batek egindako eskaintzari. “Gainera, erabaki hori EH Bilduren militanteek hartuko zutela argi utzi genuen. Heldu da iraila, eta gure oinarriek erabaki hori hartzeko prozedura parte-hartzaile eta gardena abian jartzera goaz”.

Era horretara, hurrengo irailaren 16tik 24ra herri batzarrak egingo dira Hego Euskal Herriko udalerri guztietan, eta bertara deituak izango dira udalerri horretako EH Bilduko militante guztiak. Prozedura honetan ez dira aintzat hartuko herri batzar osoarekin erabakiak, baizik eta militante bakoitzak emandako botoa izango da kontuan, eta zenbaketa orokorra egingo da.

Baina ez da hori izango EH Bilduko oinarriek hauteskunde orokorrei begira hartu beharko duten erabaki bakarra. Urriaren 16tik 30ra herri batzarrak deituko dira berriro, kasu honetan Kongresurako eta Senaturako barruti bakoitzeko zerrendaburuak aukeratzeko.

Matutek azpimarratu duenez, “prozesu parte-hartzaile eta garden hau abian jarrita, zintzoak eta koherenteak izan nahi dugu herritarrei erabaki ahalmena emateko gure irizpidearekin. EH Bilduko militantziak erabakiak hartzeko guneak behar dituela uste dugu, eta hurrengo asteetan abian jarriko dugun ekimena bide horretan emango dugun lehen urratsa izango da”.

Oskar Matute: “Espainiako gobernuak AHTrako egindako inbertsioa porlana pertsonen gainetik jartzen duen ereduaren erakusle da”

Gobernu espainiarrak aurkeztu berri dituen aurrekontuetan AHTari egingo zaion diru ekarpenari buruz hitz egin du gaur Oskar Matute Alternatibako eta EH Bilduko kideak.

Matutek adierazi du AHTaren ibilbiderako jasoko den inbertsio hau PNV eta PP arteko akordio eta apustuaren isla dela. Bi alderdi hauek porlana pertsonen aurretik lehenesten dutela salatu du Matutek, eta betikoen negozioa gehiengoaren beharrizanen aurretik lehenestea leporatu die.

Euskal Herriak behar duena bere baliabide guztien gaineko erabakimena izatea dela nabarmendu du EH Bilduko eledunak, modu honetan, denonak diren baliabideak denon beharrizanen mesedetan jarri ahal izango baititugu, jendarte eredu berri bat eraikiz.

EH Bildu

https://pbs.twimg.com/media/CLqWXpTWoAAUx2B.jpg

 

Oskar Matute: “Hanka bat izan behar da instituzioetan, eta bestea, kalean”

BERRIA egunkariak Oskar Matute Alternatibako kide eta EH Bilduko legebiltzarkideari eginiko elkarrizketa egun-eguneko gai politikoen inguruan

Matutek uste du EH Bilduk gizartera zabaltzen jarraitu behar duela, herritarrekin eta eragile sozialekin lankidetzan aritzeko. Baikor dago etorkizunera begira, ezker politikoak hegemonia lor dezakeelakoan.

Egunotan joango da oporretara Oskar Matute (Bilbo, 1972) Alternatibako bozeramaile eta EH Bilduko legebiltzarkidea, baina ez luzerako, abuztuaren hasieran martxan izango baita.

Maiatzeko bozetan ezkerrak lehen baino boto gehiago jaso zituen, baina, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bederen, EAJ da nagusi erakundeetan. Zer hausnarketa eragiten dizu horrek?

Herrialdeotan, ezker politikoak ez du herritarren aldetik jasotako babesaren adinako islarik erakundeetan. EAJk lortu du botere instituzionala bereganatzea, baina horrek ez du esan nahi lehen baino indar handiagoa duenik.

Zergatik diozu hori?

Ez nuke esango inoiz baino errotze sozial handiagoa daukanik.

Zein da zure balantzea?

Ni baikor nago, etorkizuna interesgarri baitator. Gero eta herritar gehiagok hautatzen dute ezker politikoaren eskaintza. EH Bilduk eutsi egin dio lehen zeukan indarrari, gobernu batzuk galdu dituen arren, eta, gainera, aldaketa politikoa eta soziala aldarrikatzen duten beste eragile batzuk sartu dira: Ahal Dugu, Irabazi eta herri plataforma batzuk.

Balizko bazkide al dituzue?

Oraindik ere gizarteko arlo batzuek gurekiko badute errezelorik, nahiz eta gauza askotan bat egiten duten gure planteamenduekin. Lan handia dugu egiteko, eta eremu handia lantzeko. Jende horri ere azaldu behar diogu aukera politiko irekia, plurala eta bateratzailea dela EH Bildu, eta gai garela eskuin politikoari hegemonia borrokatzeko.

EAEn EAJren alternatiba osatzeraino?

Ezker politikoak badu ahalmen hori. Hemen badago oinarri sozial bat aldaketa politikoa eta soziala nahi duena. Oinarri horrek konektatu beharra dauka.

Ahal Dugu-ko botoemaileen soslaia askotarikoa da, baina, agian, gehien Alternatibara hurbiltzen da EH Bildun. Aukera bat galdu duzuela uste al duzu?

EH Bilduko alderdi bakoitzak ditu bere zereginak, baina garrantzitsuena da EH Bilduk berak zer egin behar duen zehaztea. Haren izaera kolektiboa definitu behar dugu, jakinda plurala dela. Gogoeta egiten ari gara fronte zabalaz.

Zer da fronte zabala?

Borroka sozialaren eta nazionalaren uztarketa lortzea eginkizun du euskal ezker politikoak.

Egituraketa aldetik, zer asmo?

EH Bilduk zabaldu beharra dauka, bertako lau alderdietako kide ez den jendeari ere parte hartzeko aukera emateko.

Koalizioan aldaketa sakona egin nahi al duzue?

EH Bilduk ezin du izan alderdien koalizio klasiko bat, ezta hauteskunde marka huts bat ere. Ezin gara aktore indibidual eta kolektiboentzat balazta bat izan, Euskal Herriko ezkerraren indar bateratzaile nagusia izateko xedea baitugu. Zabaltasunaren lurrin horren bila jotzea da funtsezkoa.

Euskal Herrian, alderdi politikoek ez al dute, ordea, kontrolerako tradizio edo joera handiegia?

Guk erabakien uneoroko kontrol edo zaintza saihestu behar dugu, baldin eta tresna hau irekia izatea nahi badugu.

Hauteskundeetako hautagai nagusiak aukeratzeko orduan, ez al zarete nahiko itxiak izan?

Proiektu hau herritarrentzat bada, herritarrek proiektuaz erabakitzeko ahalmena izan behar dute. Asko dugu hobetzeko hautagaien aukeraketan. Alderdion kuotak saihestu, eta ezinbestekoa da denon artean hautagairik onenak aukeratzera jotzea. Aniztasuna gehiago bermatuko litzateke. Izaera horrekin arituz gero, ezin dugu mugarik jarri hautaketa formuletan; berdin dit primarioak egiten ditugun, batzar zabal eta jendetsuak…

Maiatzeko hauteskundeen ondoren, autokritika egin eta herritarrekin egongo zinetela iragarri zenuten. Zer moduz?

Autokritika zintzo bat egin genuen, eta, prozesu horren ondorioz, indartuta aterako gara.

Herritarrekin izandako harreman horretan, zein izan da autokritika nagusia?

Tokian-tokian egoera desberdinak daude, baina, funtsean, EH Bilduk maila nazionalean egindako autokritikarekin bat datoz. Oro har esan dena da: etorkizun bikaina du EH Bilduk, baina gaurko egoera aintzat hartu behar du pausoak emateko. Hau da, Euskal Herria plurala da, errealitate eta lehentasun desberdinak daude, eta osagai denak kontuan hartu behar dira gero erabakiak hartzeko, eta ez lan hori egiteke erabakia hartu eta gero hori ezartzen saiatu.

Duela lau urte hainbat eta hainbat gobernutara iritsi eta politika batzuk martxan jartzean abiapuntu okerra izan al zenuten?

Instituzio bateko gobernura iristeak derrigorrean ez du esan nahi instituzio hori dagoen lurraldeko boterea duzunik. Pentsamendu kolektibo soziala ez bada zure aldekoa, instituzioetan egonda ere ez duzu nahikoa gaitasun izango erabakiak garatzeko. Kontua ez da soilik instituzioak ondo kudeatzea; instituzioak gizartea eraldatuz eta herri bat eraikiz joateko tresna dira.

Gabezia hori izan al duzue?

Hartu, adibidez, Gipuzkoa. Han, egundoko emaitzak izan genituen 2011n, baina hautetsontzietako babes hori ez da nahikoa izan aldaketa soziala eta politikoa baldintzarik onenetan gauzatuz joateko. Hanka bat instituzioetan izan behar da, eta bestea, kalean.

2011tik aurrerako hauteskundeetan, 300.000 botoren bueltan ibili da beti EH Bildu, baina erakundeetako indar hegemoniko izatetik urruti samar dago. EAJk Eusko Legebiltzarrerako bozetan 100.000 boto kentzen dizkizue.

Herri honetan inor ez da indar hegemoniko izango Bilbo Handian ez bada eragile indartsua, ia 900.000 lagun bizi baitira han.

Eta EH Bildu Bilbo Handian botoen %13 inguruan dabil.

Gure koalizioa, ezkerrekoa ez ezik, independentista ere bada, baina horrek ez du eragozpen izan behar Bilboko eta Ezkerraldeko herritarrentzat. Nola lan egin, ordea? Bertako jendearen benetako arazoak konpontzeko proposamenak landuta. Ez naiz esaten ari EH Bilduk Euskal Herri batu eta independentearen aldarrikapenak lausotu egin behar dituenik han. Esan nahi dudana da hango eremu ez-abertzaleko jendea limurtu egin behar dugula haien bizi baldintzak hobetuko dituen eskaintza bat eginda. Haiek hobeto bizitzeko borrokatu behar gara. Ezin dugu azentu berarekin joan Lekeitiora eta Barakaldora.

Zuek, Alternatiba gisa, gabezia edo behar hori ikusten al zenuten lehendik?

Jendeak esaten digu EH Bildu euskal presoez edo independentziaz baino ez dela kezkatzen. Baina hori ez da horrela: Eusko Legebiltzarrean aurrera eraman ditugun ekinbideen %80 pasa arlo sozioekonomikokoak izan dira; sektore publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren, langileen, feminismoaren eta abarren defentsa egin dugu. Baina begira zer pentsatzen duen jende askok gure jardueraz. Arazo bat daukagu hor, eta lortu behar dugu aldatzea.

Nafarroan mezu horrek eraginkortasun handiagoa izan al du?

Bai. Baina Nafarroan mezu hori gizarteratzea errazagoa izan da, UPNren gobernu despotiko bat egon baita. Gainera, UPNren politiken aurkako mugimendu sozial indartsu bat eratu zen, alderdien agenda baldintzatzeraino, lehentasunak non diren esanez. Hori da EAEn falta zaiguna.

Zergatik?

Erkidego honetan oraindik ere jende askok pentsatzen du EAJk ez duela politika eskuindar edo neoliberal bat egiten. Barcinaren UPNren kontra egitea baino zailagoa da hemen EAJren aurka egitea. Eta aurka gogor egingo balitz, gainera, arriskua legoke kontrako efektua lortzeko; hau da, jendearengandik urruntzeko.

Zer mezu ematearen alde zaude, hortaz?

Ez diegu horrenbeste erreparatu behar beste alderdiei. Herritarrak izan behar ditugu buruan, eta haiekin aritu, denon artean zertarako prest gauden aztertuz. Badira lantzeko eremuak: etxegabetzeak, langabezia, berdintasuna, ingurumena… Hegemonikoa izan nahi duen ezkerreko indar batek aliantza lehendabizi bere herriarekin egin behar du; mugimendu sozialekin eta herritarrekin, hain zuzen.

Euskal gatazkaren ondorioak itxi gabe egotea eragozpena al da EH Bilduren bilakaerarako?

Indarkeria mota bat desagertu da [ETArena], baina badira beste batzuk oraindik: sakabanaketa, polizia jazarpena… Eta, gainera, gatazkaren ondorioak amaitu gabe dira. Horrek zaildu egiten du EH Bilduren hazkundea. Horregatik sinisten dut nik aldebakartasunean. Guk geuk izan behar dugu aurrenak mugitzen gatazkaren ondorioak konpon daitezen.

Zer pauso emanda?

EH Bilduk aurrerapausoak eman ditu, eta segitu behar du ematen. Adibidez, sektore batzuekiko enpatia handiagoa bilatuz. Bizi baldintzak-eta hobeak izateko, EH Bildu ez da eragozpena izango. Gainera, egoera hobe bat izateak aukera handiagoa sorraraziko du prozesu eratzaile bat egiteko.

Espainiako Estatua hori geldiarazi nahian al dabil?

Gobernuak ez du agertoki demokratiko bat nahi; beldurra dio horri, eta horregatik ari da zangotrabatzen ETAren armagabetzea.

Zu Ezker Batuan ibili zinen. Zer diozu Espainiako Estatuko ezker politikoari buruz?

Badakit, adibidez, Pablo Iglesiasek lehen zer pentsatzen zuen, eta, estatuan inoiz ardura postu garrantzitsurik badu, gustatuko litzaidake gauza bera pentsatuko balu. Baina hemen garrantzitsua euskal ezker politiko indartsua egotea da, eta, gaur-gaurkoz, Euskal Herrian indar hori EH Bildu da. Ikusiko dugu beste indar batzuek zer bilakaera duten.

Zuk uste duzu estatuan aro berri bat zabal daitekeela?

Estatuan behar dena da haustura demokratiko bat, eta ez erreforma bat.

PSOEk iragarri du konstituzio erreforma bat bultzatu nahi duela, eta Urkulluk aitortu du harekin ituna egin nahi duela.

Urkullu erakusten ari da euskal estatuaren bisio txikia daukala. Arduradun instituzional batek bere alderdiarentzat lasaitasuna eta erosotasuna bilatzeak ez du derrigorrean esan nahi hori izango denik onena hark ordezkatzen duen herriarentzat. Erabakiak euskal herritarren artean hartzeko tresnak lortu behar ditugu, eta Urkullu ez da ari formula horren bila. Are gehiago, esango nuke PSOErekin ituna egin nahi horretan ez duela nahi halakorik.

Berria

Ezkerraren eraldaketan laguntzeko topagunea

Joan den astean gure Bilboko egoitza berria ireki genuen lagunartean ospatutako ekitaldi txiki batekin. Denbora luzea eman digun arren, azkenean badugu prest (edo ia prest, ikusiko oraindik baditugu kable batzuk eskegita) ezkerraren eraldaketarako lagungarria izango den espazioa.

Aurten 7 urte beteko dira Alternatiba jaio zenetik, eta hasieratik bilatu izan du ezkerraren elkarlana sustatzea, kolpatzen gaituzten zapalkuntza guztiei aurre egiteko. Horregatik, lantoki ez ezik, toki hau elkargune izatea nahi dugu. Ideiak partekatu, ekintzak prestatu… Greziako ezezkoarengatik edota berton izaterik ez dutenengatik topa egin, Periko Solabarria kasu… Guzti horretarako ateak zabalik izango dituzte eragile sozial, sindikal zein politiko ezkertiarrek.

http://alternatiba.net/old-files/150703Inaugurazioa.jpg

X