Gure asmoa frente zabal bat eratzeko urratsak egitea da, Bizkaiko jendearekin mugimendu eta erreferente politiko bat sortzea

Joan den igandeko hauteskundeetan Bizkaian izandako emaitzak aztertzeko agerraldia egin zuten atzo Alternatibako kide eta EHBilduren Bizkaiko batzarkide Asier Vegak, Maribi Ugarteburu koalizioko legebiltzarkidearekin batera.

EH Bilduk Bizkaian lortutako emaitzak aztertu ondoren, gure posizioa mapa politikoan zein den, hau da, bigarren indarra garela baino askoz haratago ulertu dugu bozka eman digutenen eta eman ez digutenen mezua, eta kontuan hartuko dugu. Bizkaiko etorkizunera begira badugu zer esanik eta zer egiterik eta ardura hori gure gain hartzen dugu.

Bi parametrotan eman dizkigute erantzuna bizkaitarrek hauteskunde hauetan. Batetik, ulertzen dugu, horrela adierazten delako botoetan, Bizkaiko aldaketa politiko eta soziala egitearen alde herritarren kopurua zabalduz doala. Gaurko Bizkaiko hauteskunde mapa ikusita, hori da bizkaitarrek nahi dutena, politika ausartak eta berriak inplantatu behar dira gero eta gehiago Bizkaiko errealitatea aldatzen joateko. Ordua da aldaketa politiko eta sozialaren aldeko ezkerreko esparrua artikulatzeko eta indartzeko. Horretan murgilduko gara etorkizunean.

Bestetik, erabakitzeko eskubidearen onartu eta defenditzen duten indarrak nagusitu dira udal eta foru hauteskunde hauetan, erabakitzeko eskubidearen aldeko hautua egiten dituzten alderdiek ordezkaritza handiagoa lortu dugu.

Honekin batera, eta hauteskundeetan EH Bilduk Euskal Herri osoan lortutako emaitzak kontuan izanik, Bizkaiaren garrantzia aintzat hartuko du EH Bilduk eta Bizkaiko hiriguneetan ere politika alternatibak gauzatu eta alternatiba politiko bezala proiektatzearen erronka hartzen dugu gure gain.

Bizkaitik Bizkaira, hemendik aurrera markatzen dugun erronkei dagokienez, eta egunotan gainontzeko herrialde zein nazional mailako gure bozeramaileek esan bezala, Bizkaian ere herrientzako aldaketarako prozesuak herritarrekin egin behar dira, eta hori izango da guretzako ardatz eta iparra eta hala egingo dugu.

Herrietan eta eskualdeetan herritarrek sustatu eta sortutako proiektuak eta erronkak bultzatuko ditugu. Zerbait agerian baldin badago, behetik gora sortzearen ezinbestekotasuna da. Horretarako, bai gure Bizkaiko taldea, EH Bilduk herrialdean zehar dituen auzo, herri eta eskualde ezberdinetako giza baliabideak herrigintzaren zerbitzura kokatuko ditugu. Bideari herritarrekin ekingo diogu, aldaketa politiko eta sozialerako gehiengoak lortzeari begira.

Horretarako, une honetatik gonbitea luzatzen dugu fronte zabal bat eraikitzeko. Gure asmoa frente zabal bat eratzeko urratsak ematea da, gaur arte EH Bilduk izan duen koalizio izaera gainditu eta Bizkaiko jendearekin mugimendu eta erreferente politiko bat sortzeko.

EH Bildu alternatibarako zabaldu den esparruan kokatzen da eta esparru horretan ere aukera berriak zabaldu dira aldaketa politiko eta soziala bultzatzeko eta indartzeko. Eskaintza politikoa jendartearen nahietara eta beharretara moldatu behar da, eta ez aldrebez. Beti ere norabidea eta helburuak argi izango ditugularik.

EHBildu Bizkaia

Naiz

Bikila «Kalea berpiztu behar dugu erakundeetara ezkerra eramateko»

Gurutze Izagirre kazetariak Bikilari eginiko elkarrizketa BERRIA egunkarian.

Joxe Iriarte Bikila-k (Oiartzun, Gipuzkoa, 1945) 70 urte bete berriak ditu, eta, elkarrizketa bukatu orduko, kartelak jartzera joan da, Isilarazteko Legearen aurka egingo duten protestara deitzeko. ETAren sorreran ibilia izanik, 1972an utzi zuen; ETA VI. biltzarrean parte hartu eta LKI sortu zuten gero. LKI eta EMKren bat egitetik Zutik sortu zuten geroago. 2011n desegin zen, eta Gorripidea sortu zuten. Militantzia eta gogoeta politikoa etengabea izan da Bikilaren bizitzan. «Aktibismo politikoa» sumatzen du faltan.

Zergatik erabaki du Gorripideak Alternatibaren bidez EH Bildun sartzea?
Zutik desegin zenean, bertako sektore batekoek politikan jarraitzeko gogoa genuen, eta Gorripidea sortu genuen. Baina garbi genuen behin-behinekoa zela. Gaur egungo egoera larria da, eta taldetxo batetik baino indar handiagoa egin behar da, eta jendeak indarrak metatzea nahi du. Gurekin adostasun gehiena Alternatibak zuela uste dugulako batu gara. Alternatibakoak gara, beraz; eta, bidenabar, EH Bildukoak.

Zein ekarpen egiteko asmotan?
Denok gara erabakitzeko eskubidearen aldekoak, feministak, antikapitalistak… baina horiek interpretatzeko moduak daude. Independentziaren alde gaude, baina gure ibilbidea internazionalismoarekin lotuago dago. Harremanak izan ditugu historikoki Italiako, Kataluniako eta beste hainbat lekutako mugimenduekin, eta horrek eman digu gauzak ikusteko beste modu bat.

Ezkerreko sentsibilitateen arteko bat egite bat lortu da, baina bidean indar batzuk ere galdu dira, edo galduta daude. Eskuinari ez zaio halako zatiketarik gertatzen, ezta?
Eskuinak morala erabiltzen du jendea batzeko. Baina interes materialak daude, azken finean, eta kapitalaren alde estatu bat kudeatzeak asko batzen du. Ezkerrean, garrantzi handiagoa dute etikak, pribilegioen aurkako borrokak eta printzipioek. Gauza horien ondorioz, zatiketak maiz izan dira.

Indarrak batzen asmatzen ari al da orain?
Egun uste dut egoera oso larria dela alde guztietatik. Sistema kapitalista oso larri dago. Beharrezkoa da, mugimendu indartsu bat sortzeaz gain, aldaketa instituzionalak eragitea. Urteetan ezkerrean izan ditugu mugimendu oso inportanteak, baina ez gara iritsi erakundeak kudeatzera. Kaleko eskaerak galdu egin dituzte erakundeek, eta biak lotu behar dira. Hori da aldea ezkerraren eta eskuinaren artean. Guk aldaketa nahi badugu, kalearen indarra behar dugu; bestela, ez dago gobernurik aldaketa lortuko duenik. Hori Grezian ikusiko dugu orain. Gobernuak ez badu herria bere alde mobilizatua, itoko dute.

Ezkerra erakundeetan apenas egon dela diozu. Legez kanporatzeak ezin ahaztu, baina azken urteetan EAJ-PSE-UPN izan dira Hegoaldeko erakundeen buru, PPren laguntzarekin, jaso dituzten bozengatik. Uste duzu aldaketarako oinarririk badela?
Krisi sistemikoaz gain, 1978ko Espainiako erregimena ere krisian dago. Hori oso garrantzitsua da nazio ikuspegitik. Lehenengo aldiz agertzen da III. errepublika; gure aldetik, I. Errepublikaren eskaera agertu da. Trantsiziotik datorren erregimen hori kraskatzen ari da, eta hori kudeatu duen bipartidismoa ere bai. PSOE edo PP berdin izan da. Badaude diferentziak, hori itsuak ere ikusten du, baina benetako aldaketa eragiteko, diferentziarik ez da izan. Euskal Herrian antzera gertatzen ari da. Nafarroan, UPN eta PSNren nagusitasuna gain behera doa; sortu da beste indar berri bat: Podemos. Eta EH Bildu asko indartu da. Uneotan bigarren indarra da. Testuinguru horretan, posible da Nafarroan gobernu berri bat. Bultza dezake Nafarroan aldaketa, eta baita erabakitzeko eskubidearen mugimendua indartu ere, eta, gero, Nafarroa eta EAEren arteko harremanak indartu.

Hauteskundeetan islatuko da?
Bai. Jendea ustelkeriarekin nazkatuta dago. Horren atzean ez dago ideologia jakinik. Jendea ikusten ari dena da krisi gorrienean batzuk gizentzen ari direla.

Aldaketa espero duzu, beraz.
Baikor moderatua naiz. Baina, batez ere, faltan sumatzen dut azken hilabeteetan Euskal Herriko mugimendu soziala apal eta ezkutu samarrean dabilela.

Nori buruz ari zara?
Sindikatuez eta mugimendu sozialez. AHTarena erdi baztertuta dabil, nahiz eta batzuk modu estimagarrian lanean ari diren. Sindikatuak ere ea orain gutun sozialaren harira beste aliantzaren bat egiten duten. Faltan sumatzen dut mugimendu sozialen berpiztea. Hori da beharko genukeen osagarria ezkerra kokatzeko erakundeen buruetan. Kalea berpiztu behar dugu ezkerra erakundeetara eramateko.

Zer dela-eta desmobilizatu da jendea? Politikarekiko nekeak izan dezake eraginik?
Uste dut jendea ez dela hainbeste urrutiratu alderdi politikoetatik. Batez ere abertzaleen aldetik, EAJ eta EH Bildu inguruko jendea fidela dela esango nuke. Baina atxikimendu horren barruan egon beharko lukeen aktibismoak behera egin du.

Belaunaldi gazteek agian beste modu batera ulertzen dute aktibismoa?
Badago belaunaldi aldaketarekin gauzak egiteko beste modu bat. Uste dut M-15etik, suminduen mugimendu hartatik, politikan aritzeko grina piztu egin dela, eta gazte sektore bat ia politikan sartu da. EH Bilduk asmatu beharko luke belaunaldi gazteen modu berriak atzematen eta eragiten.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika zer iruditzen zaizu?
Herri guztia bildu behar da ideia baten inguruan: demokrazia. Eta, ildo horretan, Gure Esku Dago tresna eraginkorra da. Jendeari ematen zaionean tresna mugitzeko, mugitu egiten da. Baina horren osagarri bat behar genuke. Gutun soziala aktibatzea inportantea da. Euskal Bidea baldin bada konstituzio berri baten eragilea, konstituzio horrek gutun sozial bat behar du.

Gatazkaren konponbidearen gaia nola ikusten duzu?
Espainiari ia geratzen zaion gai bakarra botoak lortzeko hemengo kontua da, eta, gainera, mendekuaren sentimendua dago. Euskal gizarteak segitu behar du irtenbide bat exijitzen. Espainian indar harreman diferenteak egotea oso interesgarria izan daiteke bestelako egoera bat lortzeko. Eta, bitartean, EAJk estrategia bat du, eta EH Bilduk bestea.

Oinarri batzuetan akordioak beharko lituzketela uste duzu?
EAJrekin gauza batzuetan adostasuna lortu beharko litzatekeela uste dut. Erabakitzeko eskubidearen inguruan, bistan da. Baina beste gauza batzuetan ez da posible, eta, gainera, aurka egon behar dugu. Nire ustez, kasta horretan sartzen da EAJ: interes ekonomikoa defendatzen du.

Hauteskunde zerrendetan egongo zarete?
Gehienak mugimendu sozialetan gaude. Gu herriko saltsa guztietan sartuta gaude, eta horrek denbora asko kentzen du. Erakundeetan sartuz gero, kaletik ateratzen gara. Uste dut kalea indartu behar dela, hor dago gakoa. Baina kasu jakin batzuetan eskatuz gero, egon gaitezke, bai.

X