Zer eta nongo Errepublika?

Joxemari Carrere – Alternatiba

Oarsoaldeko Pikoketa talde errepublikarrak antolatuta mahai inguru interesgarria izan zen aurreko azaroaren 6an Errenteria/Oreretan. Errepublika, demokrazia, erabakitzeko eskubidea izenburupean lau hizlari elkartu zituen talde errepublikarrak. Lau sentsibilitate politiko ezberdinenen ordezkari gisa izan ziren gonbidatuak. Isabel Salud, Ezker Anitza/IUko koordinatzaile orokorra; Jorge Letamendia PSE-EEko kidea (Odon Elorza Donostiako alkate ohiaren ordez joan zen); Roberto Uriarte, Ahal Dugu/Podemos alderdiko kidea; eta Oskar Matute Alternatibako gure kidea eta EHBilduren parlamentaria Madrilen. Bakoitzak bere interbentzioan mahai gainean jarritako gaiei euren kokapen politikoaren ardatz nagusiak jarri zituen gainean, eta antolatzaileen helburua Katalunian ez zentratzea bazen ere, azken asteetako gertaerak eta horren gaineko gogoetak izan ziren protagonista. Aretoa betetzen zuen publikoa mahaian ordezkatutako aniztasunaren adierazle zen, baina batez ere ideien elkar trukatze eta eztabaidatzearen gose.

Konstituzioaren aldaketaren gainean, autodeterminazio eskubidea jasotzearen alde agertu zen Isabel Salud, eta errealitate plurinazionala onartu. Euskadi nazio gisa onartzearen aldekoa da bere erakundea, baina era berean arazo nazionala eta soziala uztartu beharra aldarrikatu zuen. Jorge Letamendiak, aldiz, ezinezkoa ikusten zuen orain Konstituzioaren aldaketa sakonik, aurretik kontsentsuak eraikitzen ez badira. Errepublika aldarrikatzeko unea ez dugula orain, hori baino lehen aldaketa sozialak bilatu beharko direlarik. Hala ere, izaera federaleko konstituzio baten alde egin zuen. Bestalde, esan zuen erabakitzeko eskubidea horrela azalduta ez dela inon erabiltzen Espainian izan ezik, asmakeria dela eta halakorik ez dela existitzen. Euskadi zein Espainia jendarte pluralak direla zioen eta horiek ukatzeak konfliktoak baino ez dituela ekartzen.

Oskar Matutek ez zuen sinesten konstituzio aldaketa batean, oinarrizko zutabeak aldatzen ez badira. Katalunian ematen ari den adibidea ekarri zuen hizpidera errepublika baten ideia aldarrikatzeko, behetik eginda, erabakitzeko eskubidearekin, demokrazia praktikatuz. Eta bide batez, 155 artikuluaren ezartzea demokraziaren kontrako kolpe gisa definitu zuen. Letamendiari erantzunez, esan zuen aniztasuna egon badagoela eta egongo dela beti, baina hori ezin dela aitzakia bezala erabili erabakitzeko eskubidea ukatzeko. 78ko erregimena desegitearen beharra aldarrikatu zuen, eta Kataluniarekin elkartasuna azaltzea horren adibidea da, eta bidea.

Hiru mahaikide hauek gai hauetan zentratu baziren, Roberto Uriarte demokraziaz eta errepublikanismoaren izaeraz aritu zen. Demokrazia osorik ez dagoela argitu zuen, gaur egun ezagutzen ditugunak txapuza gisa definitu zituen. Errepublikanismoa estatu antolamendu baino, bertute zibikotzat hartu zuen. Bere mintzaldia balore demokratikoen garrantziaz zentratu zuen, nazionalismoen arbuiatzeaz eta ezkerraren definizioaz, alde praktikoetan baino, alde teoriko orokorretan aritu zen.

Publikoari debatea zabaltzerakoan kritika ugari jaso zituen PSE-EEko kideak, bere erantzunean tonu erasokorrean agertu zelarik, jendearen artetik kontrako txistu batzuk eta kexak izan zirelarik, baina berehala isilarazi zirenak publiko artetik beretik, debatearen lasaitasuna mantentzearren. Eta halaxe mantentzea lortu zen, iritzi nahiko kontrajarriak eta batzuetan korapilatsuak azaldu arren, batez ere Kataluniako egoera bitarte.

Orokorrean mahai gainean jarritako gaiak interesgarriak izan arren, ez zen planteatu aurretik jakinak ziren jarrerak eta iritzi politikoetatik ezer aparte. Bestalde argi ikusi zen, Kataluniako gertaerak eta egoera eztabaidaren zentroan zegoen eta erreferentzia ezinbestekoa bihurtu ziren. Eta Katalunian bezala, burujabetasunak ezkerraren barruan nolabaiteko muga jartzen duela ikusi zen. Dena dela,PSOE-PSE ezkerreko alderditzat hartzea ere gehiegizkoa dirudi, batez ere Kataluniako gertaeren ostean, baina baita sistemaren euskarri nagusietako bat izanik, jendartearen aldaketa sakonen kontra duen jarreragatik; Letamendiaren hitzetan ederki islatu zen halakorik. Alternatibako kidea Oskar Matutek, beste hiru jarreren aurrean, egungo sistemaren aurrean eta lurralde antolamenduari jarrera kritikoena agertu zuen, urratu ezineko Espainiaren  aurrean bide propioa aldarrikatuz, errepublika propioa eta jendarte soziala eta berdintasunean oinarrituta irudikatuz. Eta batez ere, Kataluniarekiko elkartasun baldintzarik gabea eskatuz.

https://3.bp.blogspot.com/-i3bFZo9YBGU/WfcDo_wlptI/AAAAAAAAYVI/-LIZrkSbSP8U9qjZKeF73sSCDDhS0D7zwCLcBGAs/s1600/6Noviembre%2Bcopia.jpg

http://alternatiba.net/old-files/Errepublika%20(1).jpg

http://alternatiba.net/old-files/Errepublika (1).jpg

Zirt edo zart! Mamboa dantzatzeko ordua!

Joxe Iriarte “Bikila” – Alternatiba

Aurrera edo atzera. Espainiar estatuaren eta govern/parlament-aren arteko demak, gatazkak edo dena delakoak, ez du iraungo denbora asko bere horretan; batez ere, herriak aurrera egiten ez badu botere berri bat eraikiz, hau da, Errepublika herritarra eta soziala. Izan ere, prozesu iraultzaileek luze jo dezakete (eta Kataluniakoak bost urte daramatza hasi zenetik), gorabehera handiak izaten dituztelarik irauten duten bitartean. Alabaina, une erabakigarrira iritsiz gero, atzera edo aurrera egiten dute; jauzi kualitatiboa emanez, kasu honetan Errepublika Independentea gauzatuz, edo kontrairaultza garaile gertatuz Estatu etsaiak iraultza mendean hartuta; kasu honetan, Espainia eternalak bere legea ezarriz. 155. artikulua hasiera besterik ez da.

Auzitegi Konstituzionalak Estatutu berria indargabetu zuenean Kataluniak iraultza demokratikoa hasi zuen, protesta eta haserretik independentziaren aldarrira jauzi eginez. Iraultza diot, eta ez soil-soilik borroka politikoa. Egia da iraultza horrek mugak izan dituela, batez ere alde sozialetik. Neoliberalismoa jaun eta jabe den garaiotan, objektiboki inoiz baina garrantzitsua izan beharko luke nazio askatasuna, demokrazia bera eta justizia soziala uztartzeak; baina, nahiz eta CUP saiatu den horrela izan dadin, nazio estaldura arazo sozialen gainetik nabarmendu edo azpimarratu izan da usu, prozesua gerriko gorria deritzon zonaldeetan txertatzeko ahaleginak zailduz. Bestaldetik, instituzioek egoera esanguratsuetan kalea estali izan dute, ia monopolizatu arte, erritmoak motelduz eta lorpenak gradualki gauzatuko zirela irudikaraziz; alegia, hausturarako prestatu beharrean, legalitate berriak zaharra urratsez urrats ordezkatuko zuela.

Haustura, horra hor gakoa. Azken garaietan, eta prozesuaren erreferendumaren ildoan jarrita, batez ere, ANC eta Omnium erakundeen eskutik, antolamendu klasikoaz gain, herriz herri, auzoz auzo, tokiz tokiko talde eta antolamendu modu berriak sortu dira, mugimendua zabalduz, indartuz eta saretuz. U1ean izugarrizko garrantzia izan zuten herri harresiak dira horren adibide. Gainera, ikasleak, irakasleak eta langileak preseski mobilizatzen hasiak dira, U3ko greba orokorrean ikusi zen bezala. Sektore horiek ohartu dira prozesua U1ean amaitu zela eta gerriak mamboaren dantza herritarraren erritmoan mugitzeko garaia dela.

Urriaren 10ean, Puigdemontek independentzia aldarrikatu eta, aldi berean, bertan behera utzi zuenean, dantzariak noraezean geratu ziren musika aldaketarekin; eta Espainiako gobernuak, berriz, ofentsiban zegoena defentsiban jartzeko aukera ikusi zuen, eta alderantziz. Hori oso arriskutsua da Kataluniako herriarentzat. Nire uste apalean, Mas Puigdemontekin ordezkatzearekin bete betean asmatu zuten prozesuaren etorkizunerako; baina Puigdemonek ere bere mugak azaldu ditu (azken finean, PdCATeko kidea da), eta Errepublikaren aldarrikapena bertan behera uzteak onurak baino, kalteak ekarri dizkio mugimenduari. Eskerrak PPren gogorkeriak ez diola tarterik utzi eta, gauzak okertzen ez badira, horrek ura bere bidera ekarriko du.

Une honetan, elkarrizketaren mezuak eta antzekoak, hutsalak izateaz gain, porrotaren adierazle dira. Jakina, bestelako bideak ez du garaipenaren bermerik. Halako talka batean garaipena inoiz ez da gauza segurua, baina egoerari aurre egin ezean, porrota da seguru. Eta txarrean ere, kikildu ez izanak, aurrera begira borrokan jarraitzeko egoera hobean jarriko lituzke.

Zirt edo zart, ez dago beste aukerarik. Espainiako Estatuarekin hautsi eta Errepublika soziala aldarrikatu, desobedientzia eta erresistentzia zibilaren bidetik aurrera eginez, azken hilabeteetan erroturiko erakunde, mugimendu sozial eta politikoak zutabe izanik. Errepublika soziala, eta ez liberala, Kataluniako herria behartsuen interesekin lotuz, herriz herri eta auzoz auzo antolatuz, errepresio polizialari eta politikoari aurre eginez.

Eta gurekin zer? PP garaile aterako balitz, kontra-erreformaren gau beltzaren atarian geundeke; Estatuaren gaurko krisi soziala eta politikoa modu atzerakoian itxiko lukete, bere ezaugarri erreakzionarioenak sendotuz eta indartuz. Espainia beltzak berriro irabaziko luke eta, Kataluniako herriak ez ezik, Espainia gorriak eta guk ere, jai-jai.

Horregatik: kalera, kalera…

Alternatibaren Koordinakunde Nazionala Mariano Rajoyk Kataluniako herriaren eta demokraziaren kontra emandako kolpearen aurrean

1. Irmotasunez salatzen dugu Mariano Rajoyren gobernuak iragarritako kolpe faxista, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jarrita demokraziaren, Kataluniako erakundeen eta, batez ere, Kataluniako herritarren aurka egin dutelako.

2. Gure elkartasun osoa Kataluniako herria duin eta antolatuari, hasieratik izan delako prozesu baketsu eta demokratiko baten protagonista, iragan urriaren 1ean erreferendumarekin burutu zutena Kataluniako Errepublika sortzeko azkan urratsa eginda, estatuaren errepresioaren gainetik ere.

3. Iruditzen zaigu 78ko erregimenak eta hari eusten dion bipartidismoak pauso kualitatiboa eman duela bide zapaltzaile, antidemokratiko eta eskubide urratzaileetan Kataluniako autonomia bertan behera utzita, bere karguak kenduta eta bere burujabetza Madrilera eramanda. Funtsean, egungo parlamentuaren bosgarren indar politikoak gobernatuko du Katalunia.

4. PSOEk bere babesa eta bermea eman dio demokraziaren aurkako kolpeari, argi erakutsita harentzat Espainiako Erresumaren lurralde batasunaren ideia frankista eskubide eta askatasun demokratikoen gainetik dagoela. Horregatik, Kataluniako herriaren eta erakundeekin elkartasunean baina, batez ere, oinarrizko printzipio demokratikoak aintzat hartuta, PNVri eskatzen diogu, batetik, Madrilen PPren gobernuari ematen dion babesa bertan behera uzteko eta, bestetik, EAEko erakunde guztietan PSErekin dituen gobernu akordioak hautsi ditzala.

5. Deitoragarria deritzogu estatuko ezkerrak Kataluniako prozesu subiranistaren aurrean eta, bereziki, Rajoyren gobernuaren neurri errepresiboen aurrean erakutsitako jarrerari. Entzungor azaldu dira 78ko erregimenak izan duen erronka nagusiaren aurrean, kolokan jarri duen bakarra eta, era berean, haientzat ere estatu justuago bat eraikitzeko aukera izan dena. Aukera hori baliatzeari uko egin diote, Espainiaren batasun zatiezinarekin bat egiteko, herrien erabakitzeko eskubidearen gainetik.

6. Euskal gizarteari dei egiten diogu Kataluniako herriarekiko elkartasuna ager dezan; ez bakarrik hein handi batean bere borroka partekatzen duelako baizik eta, 155. artikuluarekin estatuak Kataluniara zabaldu nahi dituelako Euskal Herrian aspaldi entsegatu zituen jarduerak: alderdiak legez kanpo uztea, ideia politikoen jazarpena, komunikabideen zentsura edota inongo deliturik gabe jendea atxilotzea. Jokoan daudenak ez dira bakarrik katalanen eskubide eta askatasunak, baizik eta Frankismoa inongo konplexurik gabe berpiztu dutenen gobernupean gauden guztionak.

7. Euskal erakunde guztiei eskatzen diegu beren elkartasun instituzionala ager dezatela Kataluniarekin eta hango herritarrekin, besteak beste, Europari eta nazioarteko instituzioei begirako mozioak onartzeko, Kataluniako herritarren eta bere eskubide zein askatasunen alde parte har dezatela.

Alternatibaren Koordinakunde Nazionala

Euskal Herrian, 2017ko urriaren 21ean

La imagen puede contener: texto

Alternatibak Eisenstein-en ‘Urria’ filmaren proiekzioak antolatu ditu Gipuzkoako hiri nagusietan

Errusiako Iraultzaren 100. urteurrena dela eta, Alternatibak munduko historia aldatuko zuen gertaera horren gaineko ekitaldiak antolatu ditu URRIA (Eisenstein, 1927) filma proiektatuz Gipuzkoako hiri nagusietan. Lehen emalandia gaur izango da, Irunen, eta hurrengoak Errenteria-Oreretan (24, asteartea), Arrasaten (25, asteazkena), Donostian (26, osteguna) eta Eibarren (31, asteartea) izango dira. Filmaren ostean, Joxemari Carrere idazle eta ipuin-kontalariak gidatutako solasaldiak egingo dira.

Urriko Iraultzaren hamargarren urteurrenaren harira, Sergei Eisenstein zinegileak gertaera haiek berregin zituen film honetan. Errusiako Iraultzak munduko historia aldatu zuen, jendartearen aldaketarako bidean eta mundu justuago baten bilaketan, ezkerreko jendearentzat erreferentzia eta ikasbidea bihurtuz. XIX. mendean emandako askatasunaren aldeko iraultzen ondorengoa dugu, Pariseko Komunaren (1871) esperientzia esaterako.

Iraultza sozialisten lehertzearen zergatiak eta garapenak eztabaidagai izan dira beti ezkerraren baitan. Errusiako Iraultza beraren lehenengo fasea eta geroago Sobiet Batasunak Stalinen gidaritzapean izandako garapen odoltsua, kritikoen hiketekin eta errepresioaren aurrean ezker mugimenduaren baitan eztabaida luzeak eta zatiketen eragile izan zen. Geroago beste iraultzak etorri ziren, Kuban eta Nikaraguan esaterako, guztiak boterearen hartzea armen bidez izan zirenak, horiek ere hamaika eztabaida bide zabaldu izan dituztenak.

Sobietar Iraultza lehertu zenetik 100 urteko tarte historikoa eman da; URRIA filmaren aitzakiarekin Alternatibak gizarte berri baterako bide horretaz gogoeta proposatzen dugu, gizarte justuago, askeago eta pertsonen berdintasunean oinarritutakoa lor dezagun.

U19 IRUN Kabigorri 19:30

U24 ERRENTERIA-ORERETA Mikelazulo 18:30

U25 ARRASATE Jai-zale 18:30

U26 DONOSTIA Alternatibaren egoitza 18:30

U31 EIBAR Portalea 19:00

 

Vesga: «Itunaren eta onarpenaren bide horretan sartu ginen, eta hortik indar frankistek baino ez zuten onurarik atera»

<--break->Aurten Aurten berrogei urte bete dira PCE Espainiako Alderdi Komunista legeztatu zutenetik. 1977ko apirilaren 9an izan zen, Aste Santuko oporraldiaren erdi-erdian, Pazko bezperan —larunbat santu gorria deitu izan diote egun hari—. Zenbait historialariren aburuz, eguna ez zuten ausaz aukeratu: Espainiako gobernuburu Adolfo Suarezek bazekien erabaki zaila zela, espero izatekoa baitzen Espainiako Armadako buruzagi frankista asko kontra agertuko zirela.

Hala hasten da BERRIA egunkariko kazetari Gotzon Hermosillak berriki argitaratutako erreportajea, “Larunbat gorri hura”. Bertan, alderdi komunistan militatu zuten hainbat lagunen oroitzapenak jasotzen dira, tartea, Alternatibako kide Begoña Vesgarenak. Artikulua osorik irakurtzeko, esteka honetan topatuko duzu, gurea Vesgari dagokzion paragrafoak hartu ditugu.

Begoña Vesga ere (Quintanilla San Garcia, Espainia, 1951) EPK-ko kidea izan zen 1970eko hamarraldian, haren ibilbidea desberdina izan bazen ere: PCE(i) Espainiako Alderdi Komunista Internazionaleko kidea izan zen Eibarren (Gipuzkoa) —Roberto Perez Jauregi, Burgosko auziaren kontrako protestetan Guardia Zibilak 1970eko abenduan hildako gazte eibartarra, zelulako kide izan zuen—, eta 1971n hilabete batzuk eman zituen espetxean.

Espetxetik irtendakoan, PCEra gerturatzen hasi zen: «Alde batetik, nire bikotekidea PCEkoa zen; bestetik, PCE(i)-koak oso maximalistak ziren zenbait kontutan, eta gaizki hartu zuten ni espetxetik atera ahal izateko gurasoek diru bermea ordaindu izana; eta, batez ere, ni oso minduta sentitu nintzen Roberto Perez Jauregiren hilketaren inguruan hartu zuten jarrera zela eta. PCE(i)-k bazuen klandestinitatearen kontzeptu oso estua, eta urte asko igaro arte ez zuten Roberto alderdiko kide gisa aitortu. Horrek mindu egin ninduen».

Legeztatzea

Oporraldia izanik, Vesga ere bidaian harrapatu zuen albisteak, Zaragozan (Espainia). «Autoan geunden, eta irratian entzun genuen berria. Itzuliko bidaia osoa ikurrina autoan eskegita generamala egin genuen, ospatzeko».

Vesgaren ustez, «berandu» iritsi zen legeztatzea: «Gainera, PCEren ezkerrean talde pila zegoen, eta, nire ibilbideagatik, talde haietako jende asko ezagutzen nuen. Kritikatzen zuten PCEk legeztatzea onartu izana beste batzuk oraindik legez kanpo zeudela jakinda, eta ni ere kritikoa nintzen».

Legearen bermea lortuta, PCEk aurkezterik izan zuen 1977ko ekainaren 15eko lehenengo hauteskundeetan, beste indar batzuek ez bezala. PCEk uste zuen gizarteak saritu egingo zuela frankismoaren garaian erresistentziaren suziriari eutsi izana. Baina gauzak oso bestela gertatu ziren, eta PCEren emaitzak kaskarrak izan ziren. Hego Euskal Herrian, esaterako, EPK-k ez zuen diputatu bakar bat ere lortu, 50.000 botoren langa ozta-ozta gaindituta.

1977ko urriaren 15 eta 16an, lehenengo jaialdi handia egin zuen PCEk Madrilen. Euskal komunistak ere han izan ziren; hangoa da erreportaje honetan ageri den argazkia. «Gogoan dut [PCEko orduko idazkari nagusi] Santiago Carrillok hitz egin zuela, eta denbora gehiago eman zuela Moncloako Ituna defendatzen beste ezertan baino», esan du Vesgak. «Hura arraro egin zitzaidan».

Ikuspegi kritikoa

Espainiako historia ofizialean, «eredugarritzat» jo izan dute trantsizio prozesua, eta urte askoan PCEk, eta Carrillok bereziki, prozesu horretan izan zuen parte hartzea laudatu eta goraipatu izan dute historialari eta kazetariek. Azken urteotan, baina, agertu dira Espainian trantsizioaren irudi idiliko hori, konstituzioa eta 78ko erregimena ezbaian jartzen dituzten ahotsak, eta bitxia da ikustea gaur egungo PCE bat datorrela trantsizioaren ikuspegi kritiko horrekin.

Vesga kritikoa zen garai hartan, eta hala da egun ere: «Trantsizioan galga jarri zieten PCEren zenbait planteamenduri; Espainiako ikurrarenari, adibidez. Gainera, PCE oso maximalista zenez, bat-batean bandera monarkikoa alderdiaren egoitza guztietan jarri behar zen, eta nik ezin nuen hori eraman; ni baino gehiago zen. Esaten zuten gure printzipioei ez geniela uko egiten, baina, azken buruan, nik uste dut baietz, uko egin zitzaiela, eta historia da lekuko: itunaren eta onarpenaren bide horretan sartu ginen, eta hortik indar frankistek baino ez zuten onurarik atera».

1979ko udal hauteskundeetan, zinegotzia izan zen Vesga Ermuan (Bizkaia) EPKren zerrendetan. Egun, Alternatibako kidea da, eta, EH Bilduko ordezkari gisa —koalizio horretako partaide da Alternatiba—, zinegotzi izan zen Eibarren 2011tik 2014ra. «Nire gune naturala dela uste dut», azaldu du. «Oso eroso sentitzen naiz beste zenbait sentsibilitatetako jendearekin ezkerraren batasuna eraikitzeko ahaleginean».

X