Protokoloak ez gaitzala nahastu: ez Clinton ez Trump

El Correo-k gaur argitaratu duen albistearen inguruan, zeinaren arabera EH Bilduk AEBetako presidente berria zoriondu ei duen, Alternatibatik honakoa adierazi nahi dugu:

-Inork ez luke kortesia instituzionala eta honen bideak  (horretan batere iaioak ez garela aitortuta) nahastu beharko ezkerreko indar batek iraganean, gaur egunean eta etorkizunean erakutsitako jarrera politikoarekin.

– Alternatibatik jakin badakigu ez Donald Trumpek ezta Hillary Clintonen kokapen politikoek – NATOren egituraren jarraipenetik erator daitekeenak barne- ez dutela ezer onik ekarriko aurrerapen sozialerako, justizia sozialerako ezta herri arteko elkartasunaren bidean.

– Hala, zalantzarik ez dugu kapitalismoa gaindituko duen orden sozial berria eraikitzearekin tematuta dauden ezkerrek, horien artean EH Bildu dagoela uste dugu, berdintasuna, askatasuna eta tolerantzia mehatxatzen duten politika atzerakoien aurka egingo dutela.

Josu Estarrona-Maria del Rio: «Independentismoa lanabesa izan daiteke burujabetza lortzeko»

Elkarrizka egin dio BERRIAko kazetari Gotzon Hermosillak Alternatibaren Koordinakunde berriko kide Josu Estarrona eta Maria del Riori.

Joan den larunbatean Nazio Batzarra egin zuen Alternatibak. Abagune politikoaz eta aurrera begirako ildoez eztabaidatzeaz gain, Nazio Koordinakundea osatuko duten bederatzi kideak ere hautatu zituzten Bilbon egindako batzarrean. Batzorde eragile hori osatuko duten erdiak baino gehiago berriak dira ardura horretan. Hori da, esaterako, Maria del Rio (Bilbo, 1982) eta Josu Estarronaren kasua (Gasteiz, 1981). Del Rio zuzendaria izan zen Gipuzkoako Aldundiko Gizarte Politiketako sailean, eta Estarrona Eusko Legebiltzarreko kidea da.

Zuzendaritza berritzeaz gain, zeintzuk izan ziren Alternatibaren Nazio Batzarreko eztabaidagai nagusiak?

MARIA DEL RIO: Batzar polita izan zen. Oso maiz egiten ditugu batzarrak, hiruzpalau urtean, gurean batzarrak hartzen dituelako erabaki estrategikoak. Oraingoan ere gai estrategikoak jorratu ditugu, baina, horre gain, Alternatibaren zortzigarren urteurrena zen, kide baten inguruan [Juan Puerto] egindako film laburra aurkeztu genuen, eta, beraz, lan egiteaz aparte, beste ukitu politago bat ere izan zuen.

JOSU ESTARRONA: Hauteskundeen emaitzen analisia egin genuen; aurrera begira Alternatiba eta EH Bildu gisa ditugun erronkak aztertu genituen, eta etorkizuneko EH Bilduri buruz koalizio osoan dagoen gogoeta estrategikoaz ere jardun genuen.

Nolako balantzea egiten duzue zortzi urteko ibilaldi honetaz?
J.E: Nik uste dut oso positiboa izan dela. Alternatiba sortu zenean, gu biok ez geunden han; berez, Ezker Batutik ateratako korronte bat izan zen, baina zortzi urteotan asko aldatu da; militante berri asko sartu da, eta, esaterako, Koordinakundea osatzen dugun gehienok ez gara inongo alderditan egon aldez aurretik, gizarte mugimenduetan baizik. Alternatibaren helburuetariko bat Euskal Herriko ezkerraren batasuna zen, eta horretan aurrerapauso handiak eman ditugu.

Ezkerreko alderdi subiranista bat zarete.
J.E: Koalizioa [EH Bildu] sortu zenean, jende askok galdetzen zuen zer egiten zuen alderdi subiranista batek alderdi independentistekin batera. Guk beti esan dugu guretzat independentismoa lanabesa izan daitekeela burujabetza lortzeko. Espainiako Estatua, edo Grezia, independenteak dira, baina burujabeak al dira? Arlo sozialean ere aurrera egin nahi badugu, burujabetza behar dugu. Uste dut Alternatibaren zereginak hori ere izan behar duela: herri honetan subiranista gehiago sortu behar ditugu, eta jendea horretaz ohartarazi, alegia, lorpen sozial gehiago nahi baditugu burujabetza ezinbestekoa dela.

Zerk desberdintzen du Alternatiba ezkerreko beste proposamen batzuetatik?
J.E: Alternatibaren gogoeta beti izan da nazio eraikuntzarako ezinbestekoa dela arlo sozialeko eraikuntza. Hori eztabaida historikoa izan da herri honetan, baina guk beti ulertu dugu horrela. Beharbada, ezkerraren beste adierazpide batzuek euren ekarpena gehiago egin dute hizkuntza, kultura edo herri ikuspegitik.
M.R: EH Bildu osatzen duten indarrak desberdinak dira, baina oso bateragarriak dira, eta gero eta proiektu indartsuagoa egin eta gero eta jende gehiagorengana heltzeko aukera dute.

EH Bilduri nolako garrantzia ematen diozue?
M.R: Une honetan proiektu estrategikoa da, eta lehentasunezkoa. Oso proiektu dinamikoa da, etengabeko bilakaeran dagoena. Garapena izan du: orain askotarikoagoa da, parte hartzaileagoa. Tradizio, logika eta lengoaia politiko desberdinak elkarrekin daude, eta hortik beti gauza onak ateratzen dira.

Eta bilakaera horretan, zuen ustez norantz jo beharko luke EH Bilduk etorkizunean?
M.R: Hasieran argi genuen EH Bildu koalizio bat zela, zenbait alderdiren batasuna, eta oraingoz hori izango da, baina agerikoa da bilakaera baten barruan hori baino gehiago ere badela, eta denborarekin areagotuko dela hori.

Zer iruditzen zaizue Ahal Dugu-ren sorrera eta hartu duen indarra?
J.E: Gizarte honen ikuspegitik, horrelako eragile bat sortu izana positiboa da, politikan gehiengo berriak egotea ahalbidetzen duelako. Politikan edo erakundeetan ez ezik, kalean edo militantzia berri bat sortzeko orduan ere garrantzitsua da.
M.R: Gure desberdintasunak ditugu, noski, eta, horregatik, proiektu desberdinak gara, baina ezkerrak gero eta leku gehiago hartzea positiboa da. Ez guretzat, gizarte osoarentzat baizik.
J.E: EH Bildu sortu zen EAJren ezkerrean dagoen esparru osoa biltzeko helburuz. Ahal Dugu-n badaude sektore batzuk subiranistak direnak baina EH Bildu erreferente gisa ikusi ez dutenak, eta uste dut hori dela-eta badugula zer hausnartu.

Abagune politikora itzulita, zertan dira EAJren eta EH Bilduren arteko elkarrizketak?
J.E: Ñabardura bat: EAJrekin ari gara elkarrizketa prozesu batean, baina Elkarrekin Podemosekin, LABekin eta ELArekin ere bai. Kanpainan esan genuen herri mailako akordio handiak egitera joko genuela, eta akordio horiek ez zirela izango alderdien zuzendaritzen artekoak, beste eragile batzuekin ere hitz egin nahi genuela. Alternatibaren moduko indar batean eztabaida pizten du EAJrekin, hots, alderdi eskuindar batekin akordioak lortzeko aukerak, baina nik uste dut EH Bilduk erakutsi duela herriaren interesak siglen gainetik jartzeko gaitasuna. Ikusiko dugu zertan amaitzen diren; badirudi EAJren hautua PSE-EErekin hitzarmena egitea dela, eta ez dakit EAJren oinarriko kideek nola hartuko luketen hori. Ikusiko dugu; astelehenean dugu hurrengo bilera.

Negoziazio horiek direla eta, «EAJren politika neoliberalak ontzat ematea» leporatu dizue ELAk.
M.R: Ezer erantsi aurretik, argi utzi behar da ELAk eskubide osoa duela horrelako iritziak emateko. Gainera, eragile garrantzitsua da, eta haien iritzia aintzat hartzekoa da. Baina gu ez gara gobernu batekin negoziatzen ari; alderdi batekin ari gara, eta beste alderdi eta eragile batzuekin ere bai.
J.E: ELArekin, esaterako, hilaren 16an dugu bilera. Aurreko agintaldian lortu genuen Udal Legea aurrera ateratzea, eta EAJrekin akordioa eginda izan zen, baina uste dut oso argi dagoela hori herri honentzat positiboa izan zela. Errespetuz hartzen dugu ELAren gogoeta, baina uste dut euskal sindikatuek ere badutela zer hausnartu, euskal politikan jokatu nahi duten rolaz, esaterako. Hor badute eztabaida estrategiko garrantzitsua.

Fatuarte: “Erronka gehiago ditugu lorpenak baino, baina azken hauek dira ibilbide berean aurrera egiteko indarrak ematen dizkigutenak”

Alba Fatuarte Alternatibaren Koordinakundeko kidearen hitzak larunbat honetan ospatutako Batzar Nazionalaren harira:

Abenduan Alternatibak 8 urte beteko ditu, eta gaur, Batzar Nazionala egiten ari garela, gure ibilbidea ere ospatu nahi dugu. Horregatik, bazkari bat antolatu dugu eta ostean, guretzat oso berezia den militante baten omenez ekoiztutako dokumentalaren emanaldia egingo dugu. Juan Puerto du izena, Extremaduratik Bilbo industrialera etorritakoa. Bertan langile borrokan eta ezker politikoan militatzeaz gain, erabakitzeko eskubidearen defentsaren alde ere egin zuen. Bere ibilbide politikoak, Alternatibaren jaiotzarekin batera egin genuen apustua berresteko balio digu; hau da, Euskal Herriko ezker politikoaren batasuna eta elkarlana bultzatzea, beti ere, gizarte mugimenduekin elkarrizketan.

Apustu hau 2011n gorpuztu zen, Euskal Herria Bildu koalizioa sortu zenean. Horretan jarri genituen gure indarrak, herri honetako eskubide sozial eta politikoetan sakontzeko. Eta gaur, 5 urte beranduago, euskal ezkerraren erreferente izaten jarraitzen du, hauteskundeen emaitzek berretsi duten bezala. Edonola ere, badakigu erronka handia dugula aurretik. Izan ere, proiektu honen bidez herritar gehiagorengana heldu behar gara. EH Bildu etorkizun sinesgarri bat eskaintzeko gai izan behar da; pertsonen duintasuna, berdintasun efektiboa eta gizarte eskubideak politikaren ardatz izango dituena, eta erabakitzeko eskubidearen bidez martxan jarriko dituena, herritarren boteretzeaz gainera. Eskumaren politikak gaindituko dituen proiektua behar dugu, gure ustez, hazkundea eta oparotasuna ez datozelako aberatsak gero eta aberatsago izatetik. Erronka gehiago ditugu lorpenak baino, baina azken hauek dira ibilbide berean aurrera egiteko indarrak ematen dizkigutenak.

Alternatibak zuzendaritza talde berria aukeratu du hurrengo 3 urtetarako

Alternatibak bere Batzar Nazionala egingo du gaur Bilbon, hauteskundeen osteko testuinguru politikoa zein ezker subiranistaren etorkizunaren inguruko irakurketak eztabaidatu ez ezik, bere Koordinakunde Nazionala (zuzendaritza taldea) berritzeko. Aho batez (%96ak alde bozkatu du eta %4a abstenitu egin da) onartu da aurkeztutako taldea. Koordinakundea eguneko erabakiak hartzeko ardura dauka, etae Batzarrak onartutako estretegia martxan jarri.

Hiru urtean behin berritzen da Koordinakundea, Alternatibako estatutuek zehaztu bezala, eta parekidetasun eta lurraldetasun irizpideak bete behar ditu. Onartutako taldetik, 4 emakumek eta 5 gizonek osatutakoa, erdia baino gutxiago zegoen aurreko taldean. Kide berrien aurrean daude, besteak beste Oskar Matute (urteotan bozeramaile aritutakoa eta Diputatua Madrilen), Maria del Rio (zuzendaritzan doktorea eta Gipuzkoako Politika Sozialeko zuzendari ohia) eta Joxe Iriarte ‘Bikila’ (ezkerreko militante historikoa).

 

Koordinakund berria:

Cristina Bereciartua

Gasteiz, 31 años – urte

Formadora y técnica en prevención de riesgos laborales

Laneko arriskuei aurre hartzeko teknikaria eta hezitzailea

 

Josu Estarrona

Gasteiz, 35 años – urte

Parlamentario por Araba en la cámara de Gasteiz

Legebiltzarkidea Gasteizen

 

Aitor Miguel

Gasteiz, 35 años – urte

Concejal en el ayuntamiento de Gasteiz

Zinegotzia Gasteizko udalean

 

Joxe Iriarte “Bikila”

Oiartzun, 71 años – urte

Militante histórico de izquierdas y escritor

Ezkerreko militante historikoa eta idazlea

 

Josean Egileor

Donostia, 24 años – urte

Coordinador de Alternatiba Gazteak

Alternatibako gazteen koordinakundea

 

Alba Fatuarte

Bilbao, 32 años – urte

Concejala en el ayuntamiento de Bilbao

Zinegotzia Bilboko udalean

 

Oskar Matute

Barakaldo, 44 años – urte

Diputado en el Congreso de Madrid

Diputatua Madrilgo Kongresuan

 

Maria del Rio

Bilbao, 34 años

Doctora en derecho y exdirectora del depto. de Políticas Sociales de Gipuzkoa

Zuzendaritzan doktorea eta Gipuzkoako Politika Sozialeko

 

Sandra Llano

Karrantza, 28 años – urte

Coordinadora de Alternatiba en Bizkaia

Alternatibaren Bizkaiko koordinatzailea

Antuan, beti gogoan

Joan den irailaren 26an Antonio Campon Andrada, Antuan, Alternatibako Bilboko asanbladako militantea hil zitzaigun. Industria garaian langile borrokaren ikur bilakatu zen Euskaldunan aritu zen lanean. Eraldatze industrialaren ondorioz eman ziren borroka handien aurretik ere, Antuan EMK Euskadiko Mugimendu Komunistatik oso hurbil egon zen, Peseto, Pelos eta bestelako kideekin Arangoitiko taldea osatzen zuen. Auzoan bizi izan zen zendu arte. Euskaldunako borroka osoan ekintzaile handia izan zen.

Lantegia ixtean, aldendu egin zen mugimendutik, borrokan bidaide izandakoen adiskide izaten jarraitu arren. Ondoren, Ezker Batuan sartu zen, beranduago Alternatibaren sorrerarekin bat egiteko, euskal ezkerraren eraldaketa eta bat egitea bilatzen zuen alderdiarekin Euskal Herria Bildu koalizioa osatu zela; Arangoitiko beste kide batzuekin egin zuen urratsa, Juen Puertorekin kasu. Aspaldiko borroketan bidaide izandakoak topatu zituen hemen, Gorripideako lagunak Alternatibarekin bat egin zutenean, Iñaki Markiegiren moduan, bere garaian EMKn ibilitakoak.

Antuan, zauden tokian zaudela, zuregana joko dugu berriz Arangoitin Errepublikaren eguneko bazkaria antolatzeko. Zu agurtzera kide asko joan ginenekoan lore sortan jarri genuenez, beti gogoan izango zaitugu.

X