Alternatibak zaintza sektorearen egoera aztertuko du Ermuan Bizkaiko erresidentzietako greba hizpide
Hurrengo martxoaren 15ean, asteazkena, 18:45etatik aurrera Alternatibak hitzaldi irekia antolatu du Ermuko Lobiano kultur etxean (Goienkale 10) zaintza lanaren, ikusezintasun egoera iraunkorrean eta feminizatua dagoen sektorea, egoera larria aztertzeko. Bizkaiko nagusientzako erresidentzia eta eguneko zentroetako langileen greba da gaia berriro ere mahai gainean jarri duena, dagoeneko ehun egunetik gora lanuzteetan eta borrokan aritu direla.
Lan gatazkatik harago doan grebaren atzean dagoen guztia azpimarratu nahian, “Lan ikusezina borrokan, erresidentziak borrokan” lemapean, solasaldiak hiru ikuspegi desberdinetatik jorratuko du gaia: Greban dauden erresidentzietako langileak eta beren lan baldintzak; erabiltzaileen egoera eta duintasuna eta, azkenik, administrazioen papera publikoa izan beharko lukeen zerbitzuaren, zaintzaren kalitatearen eta, horretarako, hauek eskaintzen dituzten langileen duintasunaren gainean.
Mirea Arginzoniz EH Bilduko Ermuko zinegotziak aurkeztu eta bideratuko du hitzaldia. Edukietan sartuta, lehen ikuspegia eskaintzeko erresidentzietako langile bat ariko dira, Nekane Olalde Abeletxe egoitzan aritzen dena. Zer nolako baldintzetan dauden eta beren aldarrikapenak zeintzuk diren azalduko du. Bigarrenik, Babestu erabiltzaileen senideen kolektiboko kide Josu Pereak hartuko du hitza.
Azkenik, Ander Rodriguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Politika Sozialeko diputatu ohi eta Alternatibako kideak hitz egingo du. Azpikontratutako edo pribatizatutako sektore batean ere erakunde publikoek duten erantzukizuna izango du hizpide, langileen eskubideak babestu zein zerbitzuaren kalitatea bermatzeko. 2013an Gipuzkoako erresidentzietako langileen greba gertatu zenekoa gogora ekarriko du, Bilduren gobernuak langileen eskakizunak babestu zituelako, egun Bizkaiko gatazkan PNVren gobernuak egiten duenaren kontra, ardura oro baztertu egiten baitu.