Alternatibak Mundu Martxarekin bat egin du

Alternatibako Mahai Feministak bere atxikimendua eman dio Emakumeen Mundu Martxari Euskal Herria zeharkatzen ari den honetan, irailaren 28tik urriaren 4ra bitarte, bere nazioarteko laugarren ekintzan.

Emakumeen Mundu Martxa nazioartean ekintza feministak egiteko mugimendua da, 163 herrialdeko 5.000 erakunde baino gehiago biltzen dituena. Emakumeen kontrako indarkeria eta emakumeen pobrezia eragiten duten arrazoien kontra borrokatzen diren eragileak eta emakume taldeak daude atzean. Ekimen honek, bere burua altermundialista eta antikapitalista gisa aurkezten duena, elikadura burujabetza sustatu eta herrien autodeterminazioa aitortzen du.

Alternatibako ordezkariak Lisboan izango dira ere, urriaren 17an, martxaren amaierako ektialdietan. Azken 7 hilabeteetan askotariko ekintzak egin izan dira mundu osoan zehar, “Martxan jarraituko dugu emakumea guztiak aske izan arte” lemapean. Egunotan Euskal Herriko herri desberdinetan egingo diren elkarretaratze eta ekintza guztietan parte hartzera deitzen dugu Alternatibatik.
 

http://www.steilas.eus/files/2015/09/mundu-martxa-kartela.jpg

https://pbs.twimg.com/media/CP57eAHWoAAz3TL.jpg

Euskal Herria Bildu koaliziotik ere martxa babestu dugu:

https://pbs.twimg.com/media/CPHBaBZW8AA6VhM.jpg

https://pbs.twimg.com/media/CPHBY-AWsAAqHuc.jpg

Indarkeria matxistaz eta alardeaz

Alba Fatuarte  – Alternatiba

Argi hitz egin dezagun: Alarde parekideak – soilik parekideak- ezbairik zein baldintzarik gabe, eta publikoki babesten ez dituenak, bazterketari eta, ondorioz, indarkeria matxistari zilegitasuna ematen dio. Urkulluk, Olanok, Santanok eta Sagarzazuk, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, eta Irun zein Hondarribiko Udalen izenean, indarkeria matxista babesten dute; lehenek entzungorrarena eginez, eta azkenek jarrera baztertzaileak inolako disimulurik gabe babestuz.

Harrigarria badirudi ere, hau guztia hemen eta orain gertatzen ari da; legeak baimenduta eta komunikabideen oniritziarekin. Baina batzuei aitzakiak bukatzen ari zaizkie; agenda arazoak, tentsiorik eragin nahi ez izatea, tradizioa, bakoitzak jaia “bere erara” bizitzeko eskubidearen aldarrikapena… oso bestelakoak izan dira azken 20 urteotan entzun ditugun argudioak; gero eta ulertezinagoak, gero eta ahulagoak, gero eta ustelagoak, gero eta hipokritagoak. Are gehiago ordezkari hauek, berdintasunaren aldeko kanpainetan parte hartzen dutenean, euren bulegoetako leihoetan puntu moreak jartzen dituztenean, edota hilketa matxistak salatzeko elkarretaratzeen lehen lerroan ageri direnean.

Ez dute ulertu, edo onartu, nahi, indarkeria matxista bera pairatzen dugun egiturazko desberdintasunaren ondorioa dela, alardeetako bazterkeria bezala. Milaka aurpegi dituen txanpon beraren aldeak baino ez dira, eta aurpegi guztiei aurre egin ezean, jai dugu. Baina are okerragoa da alardeen aferan bizi duguna, desberdintasunaren aurpegietako batzuk zuzenean babesten eta garbitzen dituztelako arduradun politiko horiek.

Batzuek diote irundar eta hondarribiarren artean konpondu beharreko auzia dela, ez dela tartean politika nahastu behar. Baina Carol Hanishek behin esandakoa gogora ekarriz, “auzi pertsonalak politikoak dira”, eta instituzioek arazoa konpontzeko gaitasuna eta betebeharra dute. Antzeko egoerak gainditu izan dira Donostia, Tolosa, Zumarraga edo Bera bezalako udalerrietan, borondate politikoa egon denean. Baina Bidasoaldean berdintasunaren alde erabaki irmoak hartu behar izan  direnean, arazoak sortu direnean, ezerezean gelditu dira diskurtsoak, kanpainak eta puntu moreak. Azalean gelditu dira guztiz kontrajarriak diren ereduak; lehena, PNV eta PSOErena, kalkulu elektoralen araberakoa, eta parez pare, EH Bildurena. Gure DNAn dugun konpromiso feministari eutsiz, Hondarribian botoak galduko genituela jakinda, epe motzeko emaitzari begiratu gabe, alarde parekidearen alde, eta soilik parekidearen aldeko apustua mantendu egin dugu urte hauetan guztietan.

Erabaki hura eta azken urteotan babestu dugun jarrera erradikala izan zela esango dute batzuek, baina feminismoa erradikala izan behar da halabeharrez; egun emakumeok, herritarren erdiak, beste erdiaren eskubide berberak izan behar ditugula defendatzea planteamendu erradikala baita oraindik ere.

Alarde parekideen aldeko jarrera hartzea sustatzeko ekimenak aurkeztu ditugu Gasteizko Legebiltzarrean

Guztira, 5 ekimena aurkeztu ditu EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean alardeen harira. Berez, koalizioaren helburua da bai ganbera bera eta baita Jaurlaritzak Irun eta Hondarribiko alarde parekideen aldeko jarrera hartzea eta bazterketaren aurka agertzea. Ekimenetako bateko testuan azaltzen den moduan, “jada bi hamarkada igaro dira emakume talde batek alarde tradizionalean parte hartzen saiatu zirenetik, arrakastarik gabe”. “Egun hartatatik, alardeetan berdintasunez parte hartzea defendatzen dutenen aurkako zirikatze mailak fase ezberdinak izan dute, eta agerian da oraindik arazoa ez dela konpondu”, azaldu du Diana Urrea ekimeneko sinatzaile eta Alternatibako kideak.

Ildo horretatik, “erakunde publikoei exijitzen diegu matxismoa babesten utz dezatela, eta aktiboki lan egin dezatela emakumeek bakarra izan beharko lukeen alardean parte hartzeko, alegia, gizonezkoek duten eskubide berdinak izateko”. “Erakundeen helburu nagusia izan beharko litzateke alarde bakarra egotea, alarde parekidea, emakumeek eta gizonek osotua”, gaineratu du Urreak.

Horretarako, EH Bilduk Gasteizen ordezkaritza duten alderdiei eskatuko die aurkeztutako bi legez besteko proposamenen alde agertzea. Lehenengoak ganberak Hondarribiko eta Irungo alarde parekideen alde adierazpena egitea nahi du, Berdintasun legea oinarri hartuta. Bigarren ekimenak Segurtasun sailari eskari zuzena egiten dio: Hondarribiko alardean, alarde baztertzaileko emakumeek erakusten dituzten plastiko beltzak erretiratzea. “Momentua da, urrats sendoa eta zintzoa emateko berdintasunaren alde”.

Horrez gain, Urreak bi agerraldi eskatu ditu gaia jorratzeko:

  • Manu Lezeortua (Arartekoa)
  • Estefania Beltran de Heredia (Segurtasun sailburua)

Era berean, EH Bilduk galdera egingo dio Urkullu lehendakariari gobernuaren kontrolerako hurrengo bilkuran.

EH Bildu

Alternatibak gogorarazi du emakumeak alardeetan baztertzea indarkeriaren baitan dagoela eta instituzioei gatazka konpontzeko eskatu die

Hondarribiko alardearen bezperan, Alternatibako bozeramaile Alba Fatuartek gatazkan ardura duten instituzioei – Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari – gogorarazi nahi izan die “emakumeen beren herriko jaietan parekidetasunez parte hartzea eragotzi zein oztopatzea ere, indarkeria matxistaren baitan dagoela, urteko gainerako egunetan salatzen duten indarkeriaren baitan beraz”.

Hala, eraso sexista ugari izan dituen udan, alderdi ezkertiarretik salatu dutenez, “PSOE eta PNVko ordezkariak erasoak salatzeko elkarretaratzeetan lehen ilaran jarri nahi izan direla, bi alderdi hauek alkatetzan diren Irun eta Hondarribiko alardeetan, herri horietako emakumeen eskubideak urratzen dituzten jokamoldeak babesten eta sustatu ere egiten dituzte”. Deitoratu egin du, halaber, “udal ordezkaritzan aritzen direnek alarde baztertzaileari harrera egitea parekideari bizkarra ematen dioten bitartean”. Jokaera honek “20 urtez luzatu den gatazka iraunarazten du eta herritarren zati batek pairatzen duen indarkeria matxistari zilegitasuna ematen dio”.

Horregatik, Fatuartek eskatu du “tradizioen aitzaki ustelak amai daitezela, instituzioek arazoa konpontzeko gaitasuna eta beharra dutelako”, izan ere, antzeko egoerak gainditu izan dira Donostia, Tolosa, Zumarraga edo Bera bezalako udalerrietan, “borondate politikoa baino ez da falta, agerikoa denez”. Deitoratu du, alabaina, Gipuzkoako foru gobernu berriaren jarrera “atzerapausoa baita bihar utziko duen hutsunea, aldiz, aurreko urteetan Bilduren gobernuko kideek ezbairik gabe eta bertatik bertara babestu izan dute alarde parekidea”.

Hala, koalizioak izango duen ordezkaritza zabalaren baitan, Alternatibako kide ugari izango dira ere bihar Hondarribian Jaizkibel konpainia babesteko. Besteak beste, Diana Urrea legebiltzarkidea, Ander Rodriguez Politika Sozialeko diputatu ohia eta Joan Albizu batzarkidea bertaratuko dira. Itxaropena dute “ahalik eta lasterren, alarde bakarra, parekidea eta bazterketarik gabekoa lortuko” dela.

Ez ezetz da! Indarkeriarik gabeko jai guneak eta bizitzak nahi ditugu

EH Bilduren agerraldia atzo Donostian, Alternatibako militanteen presentziarekin Gipuzkoako batzarkidea den Jon Albizu haien artean, koalizioaren konpromisua eraso sexisten kontra eta beren jarrera politikoa azpimarratzeko azken asteotan eman diren eraso sexisten aurrean.

Udara hasieran Gozo Goza Jaiak kanpaina aurkeztu genuenean Barañaingo jaietako eraso sexista azkena izan behar zuela aipatu genuen. Horrez geroztik, ugariak izan dira jai ezberdinetan izandako erasoak; Baionan, Gasteizen, Azpeitian, Getxon…

Desagertzetik urrun geure jendartean errotuta dagoen biolentzia matxista honek, aurpegi ugari ditu, tartean eraso fisiko eta sexualak, baina ekonomikoak eta hitzezkoak ere badaudelarik.

Horregatik diogu biolentzia matxistari aurre egiteko, bizitzaren esparru orotan berdintasunezko harremanak oinarri izango dituen jendartearen eraldaketa ezinbestekoa dela.

Eta zentzu honetan diogu, biolentzia ez litzatekeela gauzatu ahalko, baldin eta onartzen eta posible egiten duen jendarteratze mekanismoak egongo ez balira; hainbatetan biolentzia kontziente edo inkontzienteki arrazoitutzat, beharrezkotzat edo saihets ezinezkotzat jotzen baita. Eta honela, erlijioak, hizkuntzak, komunikabideak, familiak eta hezkuntzak biolentzia egonkortu dadin, jendarteratze mekanismoen eragile bilakatzen dira.

Horregatik, emakumeok biolentzia matxistarik gabeko bizitza libreak bizi ahal izateko, burutu beharreko lan eta estrategiek ondorengo urratsetan behar dute izan oinarri:

  • Biolentzia matxistari aurre egiteko garaian, emakume eta gizonen arteko bazterkeria estrukturalaren kontrako lanketa hartu oinarri.
  • Biolentzia modu anitz eta ugariak bistaratu, biolentzia horiek gauzatzen diren espazio ugariak agerian uztearekin batera.
  • Baztertzaileak diren adierazpen eta gauzapen kulturalei aurre egin, eta biolentzia matxistaren eragiletzat jo halakotzat hartuak ez baina badiren fenomeno sozio-kultural eta sinbolikoak, hauen bitartez ematen baita gehienetan biolentzia matxistaren legitimazioa.
  • Agerian utzi, prebentzio lana egin eta emango bada aurre egin, beste biolentzia matxista moduei, transfobia, lesbofobia edo homofobiaren modukoei.
  • Biolentzia matxistaren aurrean gizonek duten protagonismoa eta jarrera hartzeak aztertzera bultzatu: erasoa zer den eta zer ez den identifikatzeko dituzten arazoak, emakumezkoekin eraikitzen dituzten harremanak, balizko jardunbide matxisten aurreko beraien jarrera, edo eraso matxista baten aurrean har lezaketen jarrera pasiboa erasoa babestu ez arren.
  • Prebentzioa ezinbesteko elementutzat hartu, berdintasuna oinarri izango duten harremanak sortu eta eraikitzeko garaian, hezkuntza formal eta ez formalean eragin beharko dugularik.

Honengatik guztiagatik, honako konpromisoa hartzen du bere eguneroko jardun politiko, sozial eta instituzionalean EH Bilduk:

  • Berdintasun esparruko politikekiko konpromisoa mantendu eta egonkortu, berdintasun politikak garatzeko behar diren baliabide ekonomiko eta humanoak indartuz.
  • Ekintza eta jarrera matxisten aurrean, prebentzio eta salaketarako eragile aktibo izan.
  • Abian jarri, hedatu edo indartu, emakumeen parte hartze ekitatiboa ahalbideratzen dituzten jai edo jardun sinbolikoak, bai eta gainerako espazio sozio-kulturalak ere.
  • Emakumeen enpoderamendua bultzatzen duten gune komunak sortu edota indartu, behar adina baliabiderekin eta sare lana sustatuz, enpoderamendu eskolak edo emakumeen etxeen modukoak.

Ez ezetz da eta indarkeriarik gabeko jai guneak eta bizitzak nahi ditugu!!!!

EH Bildu

X