Bilboko Aste Nagusian gertatutako eraso sexista salatzeko protestarako deia egin du EHBilduk

Bilboko Aste Nagusian joan zen igande gauaz beste eraso sexista bat gertatu zen. Beste behin ere, emakumeenganako edozein indarkeria adierazpen salatu nahi du EH Bilduk, bai izaera fisikoa dutenak, izaera sexualekoak edo psikologikotik haratagokoak. Horretarako, indarkeria matxistaren kontrako ardura soziala eta politikoa gure gain hartzeko konpromisoa hartzen dugu. Halaber, emakume eta gizonen arteko berdintasunean oinarritutako jendarte eredu berri baterantz bide egiteko, emakumeen aurkako indarkeriari amaiera emateko bide bakarra dela azpimarratu nahi dugu.

Hau dela eta, gaur asteartea, 18.00etan. Arriaga Plazan, Bilboko Konpartsek deituriko elkarretaratzearekin bat egiten dugu eta bertara joateko deia zabaltzen dugu.

Ez dugu eraso sexistarik onartuko, ezta Aste Nagusian ere!

 

 

Amaia Agirresarobe: “Emakumeon eskubideak ez dira negoziatzen, ez eta gure bizitzaren gaineko erabakiak hartzeko eskubidea ere”

Alternatibako kide eta EHBilduren Bizkaiko batzarkide Amaia Agirresarobek emakumeek haien sexualitatea, eta gorputzen eta bizitzen gaineko erabakiak hartzeko eskubidea defendatu du Batzar Nagusietan, Gallardonek kongresuan aurkeztutako abortuaren legearen gaineko erreforma proposamenari erantzuteko ahalegin batean. Agirresarobek,  sinemen erlijiosoen gainetik, estatu baten betebeharra pertsona guztien eskubideak bermatzea dela azpimarratu du -emakumeen eskubideak barne-. Baina tamalez, erreforma proposamen honen ondorioz bigarren maila batera mugatu dituztenak berriro ere.  

Alternatibak Adegiri erantzun dio mehatxu bakarrak langileen eskubideen aurkakoak direla

Alternatibako bozeramaile nazional Amaia Agirresarobe eta Oskar Matutek agerraldia egin dute gaur goizean, Donostian, Adegik Ander Rodriguezen aurka jarritako salaketa baloratzeko.

Adegik Politika Sozialeko diputatu eta gure Alternatibako kide Ander Rodriguezen aurka jarritako salaketaren berri izan dugu asteon. Zentzugabekeria honen aurrean,  gure kideari adierazitako erabateko babesa berretsi ez ezik, Gipuzkoako erresidentzien gatazkan patronalak izandako jarreraren balorazioa zuekin partekatu nahi dugu.

Nabarmendu nahi dugu, lehenengo eta behin, benetan eman diren mehatxu bakarrak beren soldaten jaitsiera eta lan eskubideen galera pairatzen hasi diren ehunka langileek jasotakoak direla, enpresaburuek diseinatu eta menpeko politikoek martxan jarritako lan erreforma dela medio. Horiek dira bai, eta ez Politika sozialeko diputatuari leporatzen dizkiotenak, euskal gizartearentzat ezagunak eta mingarriak zaizkion mehatxu bakarrak.

Gipuzkoako zahar egoitzetako patronalek mahai gainean jarritako mehatxu berberak dira langileen baldintzak negoziatzeko prozesua hasi zenean. Ezaguna da sektorean ari diren langile gehienak emakumeak direla eta beren eskubideak berriz zapalduko zituztela ikusita, borroka eredugarria abiatu zuten. Bizitzarako ezinbestekoak diren lanak dira haiek egiten dituztenak, baina guztiz ikusezina eta prekarietatea nagusi den sektorean, enpresaburu jakin batzuek negoziorako aukera bihurtu dutena.

Sektoreko lan baldintzak hobetu behar zituen proposamena eginda, Gipuzkoako Aldundiak erakutsi zuen diru publikoa kudeatzeko beste modu bat dagoela; gizartearentzat kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko baliatuta gainera. Uler dezakegu Adegirentzat guztiz berria izan daitekeela ordezkari instituzional batek zerbitzu sozial eta publikoen zein horietako erabiltzaileen alde kokatzea; izan ere, Bildu agertu arte, izan dituzten esku-sartze bakarrak adiskidetze keinuak eta beren mozkinen defentsa izan dira, langileen prekarietatearen lepotik etorri badira ere.

Salatzeko ezer badago, dudarik gabe, instituzio gehienek herritarrei zerbitzu publikoak eskaintzerakoan, enpresa azpikontratatuek aplikatzen dituzten baldintzen aurrean ageri duten utzikeria da. Gure ustez, instituzioen inplikazioa beharrezkoa da eskaintzen dituzten zerbitzu publikoen kalitatea bermatze aldera, are gehiago zaintzaren sektoreaz ari garenean; eta baita lan hauek betetzen dituztenen duintasuna bermatzeko ere.

Gure lankidearen kudeaketa, beraz, guztiz zuzena izan da. Are gehiago, eredugarria izan beharko litzateke orain arte nagusi izan diren enpresaburu eta politikoen arteko jauntxokeriaz beteriko harreman horiekin bukatu ahal izateko; izan ere, dirutza jartzen dute enpresa batzuen esku herritarrekin zein langileekin gutxieneko baldintza batzuk betetzen dituzten kontrolatu gabe.

Gipuzkoako aurreko gobernuaren eredua izan dela badakigu, Arabako eta Bizkaiko egungo exekutiboekin gertatzen den bezalaxe: ateak itxita eta patronalekin bakarrik negoziatzen dute. PNV, PSE eta PPk jakin badakite, jarrera honek herritarrak kaltetzen dituela, zerbitzu publikoen kaskartzea pairatzen dutelako. Patronalaren mesederako egiten dutela ere badakite, lan erreformaren aukerak baliatuko dituela argi eta garbi utzi duen patronala, gehiengoa prekarietatera zigortzen duena gutxi batzuen irabaziak handitzen dituen bitartean.

Agerikoa dirudi, Espainiako lan erreformari aurre eginez, langileen eskubideak defendatzen dituztenak instituzioetatik kanpo nahi dituela Adegik. Oso helburu eta aukera politiko zehatzak dituen patronala da hau. Eta lotsagabea izan behar da biktimizazioaz hitz egiteko, kaltetuenak haien lanaldia luzatzeko eta soldata jaisteko arriskuan zeudenak emakumeak zirenean, guztia PNVren konplizitatearekin.

Alternatibatik, EHBildutik eta herritarrek kudeatzeko ardura eman diguten instituzioetatik, kalitatezko zerbitzu publikoen defentsan jarraituko dugu lanean, eta patronal diruzale eta haien menpeko politikarien arteko aliantzak salatzen jarraituko dugu. Harreman hori delako, kontzesio formako mesedeen truke, politika eta enpresen arteko ate birakariak eta alderdietarako dohaintzak ahalbidetzen dituena. Madrilen askotan gertatzen direnak eta askotan salatzen ditugunak; Euskal Herrian ostera, askok ezkutuan mantentzea nahiago dute, halako sektoreetan ere.

Autodefentsa: eskubide legitimoa emakumeentzat

Laura Gomez – Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendaria

Uztailaren 11, osteguna. Oñatin nago, genero indarkeriari buruzko nazioarteko kongresuan. Whatsapp baten bidez jakin dut emakume batek Urumea ibaira jauzi egin duela bere bikotekidearen heriotza mehatxuetatik ihes egiteko. Larri dago, zainketa intentsiboetako unitatean. Beste emakume batek, Irunen, bere bikotekidearen erasoetatik babesteko labankada bat eman dio. Atxilotuta dago, eta bere aurkako eginbideak hasi dituzte genero indarkeriagatik.

Osasunaren Mundu Erakundeak indarkeria matxistaren izaera «epidemikoaz» hitz egiten du azken txostenean. Nik ikusten dudana da erabat prestatuta dagoen sistema bat, emakumeak gizonen mendean jartzeko, eta asmatutako diseinu hori hausten dutenen edo zalantzan jartzen dutenen jokabidea arautzeko pentsatuta dagoena. Izan ere, sistema patriarkala kultura, gizarte, lege, politika eta ekonomia erregulazio baten emaitza da, Gipuzkoan eta mundu osoan emakumeen denbora, gorputza, afektuak eta lana desjabetzeko eta gizonen zerbitzura jartzeko pentsatuta dagoena. Eta berdin dio beltzak, latinoamerikarrak, gazteak edo helduak, bankariak, supermerkatuko kutxazainak, sexu-langileak edo politikariak garen edo ez. Arrisku faktorea emakume izatea da.

Gaur egun hori zalantzan jartzen dutenek ez dituzte oraindik barneratu edo bereganatu sistema honek nola funtzionatzen duen zehatz-mehatz azaltzen duten hainbat eta hainbat ikerketa feminista. Edo oso ondo ulertu dute feministek erakutsi dutena dela hau guztia botere harremanekin eta gizonek bizitzaren esparru guztietan abantailak eta pribilegioak galtzearekin zuzenean lotuta dagoela. Eta, noski, aldaketen aurka egiten dute.

Goizeko hamabiak dira eta ezin dut kongresua jarraitu. Bi emakume horiek erasoen aurrean hartu duten ihesbidean eta horren ondorioan pentsatzen ari naiz: zainketa intentsiboetako unitatea eta atxiloketa.

Eta hauxe galdetzen diot nire buruari: zer irtenbide dugu emakumeok? Autodefentsa ez erabiltzea erabakitzen badugu, hil egiten gaituzte edo geure buruaz beste egitera bultzatzen gaituzte. Baina, geure burua defendatzen badugu, atxilotu egiten gaituzte. Bakarrik onartuko gaituzte biktima gisa defentsa legitimoa erabiltzen ez dugun bitartean?

Emakumeok eskubidea dugu indarkeriako egoera arinenei eta larrienei erantzuteko aukera emango diguten bitartekoak izateko, kriminalizatuak eta birbiktimizatuak (behin eta berriz biktimizatuak) izan gabe. Emakumeok defentsa legitimorako eskubidea dugu.

Eta, bereziki, erakunde publikoetatik ezin baditugu gerora gerta daitezkeen beste eraso batzuk saihestu edota ezin badiegu babesteko behar duten laguntza eman. Eta garbi dago ahaleginak egin arren hobetu egin behar direla ikuspuntuari, kalitateari eta kantitateari dagokionez prebentzio, detekzio eta arreta sistemak.

Indartu egin behar da osasun, polizia, epaitegi eta gizarte zerbitzuen esparruko langileen prestakuntza espezializatua, baita profesional horien lan baldintzak ere, arreta eta laguntza egokia ziurtatzearren. Salaketak izan behar du indarkeriatik ateratzeko ibilbidearen beste puntu bat. Ezin da ulertu laguntza ekonomikoetara iristeko sarrerako ate gisa. Emakumeak ez dira diru laguntzen onuradunak, eskubideen titularrak dira, eta eskubide horiek gauzatzeko aukera izan behar dute, salaketa jarri edo ez. Eta indarkeria matxistaren ofiziozko ikerketa judiziala bultzatu behar dugu. Ezin dugu onartu hainbat abusu larri egotea, indarkeria psikologikoa, esaterako, justiziaren bidez garbitu ezin direnak frogak falta direlako.

Badakigu bikote harremanetan emakumeek indarkeriatik ihes egitea oztopatzen duten elementuetako batzuk direla, besteak beste, prekarietate ekonomikoa, beldurra, lotsa, bakartasuna edo maitasuna. Bai, maitasuna, indarkeria matxistaren zurigarri gisa, amodio erromantiko hori. Emakumeok bikoteko maitasuna eskaintza, borroka, sakrifizio eta bizi-lorpen gisa ulertzen ikasi dugu. Eta maitasunaren ikusmolde hori mito arriskutsuena da. Bikoteko maitasuna zorion iturri bakarra bada, ahal dugun guztia egingo dugu horri eusteko, nahiz eta geure buruarekiko konfiantza eta egonkortasun emozionala hondatu, edota gure askatasun sexuala eta gure bizia arriskuan jarri. Hainbat eta hainbat emakumeri entzuten diogun «azken batean, maite nau» horrek modu errazean laburbiltzen du eraikitako mito hori.

Labur esanda, lan asko gelditzen zaigu egiteko heriotza eta atxiloketa izan ez daitezen emakumeek indarkeriatik ateratzeko irtenbide bakarrak. Baina, batez ere, lan asko egin behar dugu emakumeak baldintza duinetan, berdintasunezkoetan eta indarkeria matxista orotatik libre bizi ahal izan gaitezen. Jasanezina jasan behar izateari uzteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendari naizenetik, egun bakar batean ere ez zait ahaztu hori dela hemen egotearen arrazoia eta zentzua.

Berrian argitaratua

Polizia ugari, soluzio gutxi

Ana Etxarte eta Amaia Agirresarobe – Alternatibako Mahai Feminista

Orain dela hilabete Mugimendu Feministak manifestazioa egin zuen Bilbon, instituzioek emakumeen aurkako indarkeriari emandako erantzun eta trataera eskasa salatzeko, Ada Otuya eta Jenny Rebolloren erailketen kasuan gertatu bezala. Salaketaren helburua, instituzioen ustez indarkeria sexistari aurre egiteko aukera bakarra emakumeen gaineko kontrol eta murrizketa handiagoa eragitea dela adieraztea zen eta gizarte parekide bat lortzeko konpromiso eta borondate politikoa eskatu zennon indarkeria sexistak lekurik izango ez duen, ez erabilerarik ezta justifikaziorik ere.

Salaketa ezerezean gelditu zen beste behin ere, eta Bilboko Udaleko osoko bilkura PNV, PSOE eta PPk eragiten duten ikusezintasunaren erakusleiho bihurtu zen, Bilbon azkenaldian gertatu diren emakumeen aurkako eraso eta erailketen harira. Hala, PNVk, PSOEren babesari esker, eta herritarren segurtasunaren alorrean administrazioen arteko elkarlana hobetzeko PPk aurkeztutako mozioari erantzunez, polizia guztiekin eta sistema judizialarekin elkarlanean aritzea eta koordinatzen jarraitzea onartu zuen.

Nola da posible Udalak eraso sexistei aurre egiteko segurtasunean oinarritutako soluzioak, hau da, kontrol eta polizia gehiago proposatzea? Gai honen erantzukizuna Segurtasun Sailari egozteak arazoa “polizializatzea” eta indarkeria matxistari aurre egiteko beharrezko ikuspuntuan huts egitea dakar. Izan ere, Otuya eta Rebolloren hilketak indarkeria sexistaren ondorio dira, eta gizonek emakumeengan eragiten duten zapalkuntzan, esplotazioan eta dominazioan oinarritzen den eta indarkeria kontrolerako tresna moduan erabiltzen duen gizarte matxista honetan errotuta daude.  

Ezinezkoa da emakumeen aurkako indarkeria saihestea eta honi aurre egitea bere zergatia aztertu eta berdintasun politika eraldatzaileak martxan jarri gabe. Indarkeria guzti hauei aurre egiteko, erakunde eta sail ezberdinetatik bultzatutako politika eta neurrien koordinazioa ezinbestekoa da. Izan ere, helburua emakumeei autonomia eta burujabetza eskaintzea izan behar da, indarkeria sexistari aurre egin diezaioten.

Baina Udaleko gobernuan dagoen alderdiak dena modu berean konpontzen du, gaia edozein dela ere: lapurreta bada, polizia; auzokideen arteko gatazketarako, polizia; indarkeria matxistaren kasuan ere, polizia gehiago. Udal gobernuaren lotsagabekeria agerian gelditu zen Areso jaunak esan  zuenean “zaintza berezi bat eskainiko lukeela emakumeak prostituzioan diharduten zonaldeetan”. Aitzitik, beraiek izan ziren kalean prostituzioan aritutako emakumeak zigortzeko ordenantza onartu zutenak. Euren soluzioa al da bere lana egiteagatik isuna jartzen dieten pertsona horiek berberak izatea babesa eskainiko dietenak?

Lehenik eta behin, PNVk espazio publikoaren Ordenantza bertan behera utzi beharko luke, kalean prostituzioan diharduten emakumeen estigmatizazioa eta ikusezintasuna handitu baino ez duelako egiten. Bestalde, indarkeria matxistaren aurkako borroka lehentasun bihurtu beharko luke, apustu politiko erreala eginez. Aski da diskurtso hutsekin; gezurrezko konpromisoak baliabide ziztrinetan bihurtzen dira, soilik erantzun sinple eta herrenak emateko gai direnak eta emakumeen egoera aldatzeko gai ez direnak. 

Berebizikoa eta premiazkoa da indarkeria matxistari bere arrazoietatik eta ondorioetatik abiatuta aurre egitea, politika integral eta kolektiboetan oinarrituta, emakumeen jabekuntza sustatuz eta euren egoera maila guztietan hobetuz. Horretarako mugimendu feministarekin elkarlanean aritzeko espazioak baliatu behar dira, indarkeria matxistaren aurkako borrokan egin duten ibilbide luzea dela eta.

Horretarako baliabide ekonomiko eta langile nahikoak behar dira. Baina ez, Bilbon eraso sexisten kopurua gora egin arren, PNVko jaun-andreek berdintasun aurrekontua eta indarkeriaren aurkako programak murriztu egiten dituzte urterik urtera. Bitartean Alkateen Foroa bezalako ekitaldia antolatzen dute, herritarrik gabeko topaketa bat, enpresa handiek euren negozioak egin ahal izateko egina, eta 500.000 euroko kostua izan duena. Horretarako dirua egon badago; emakumeentzat ordea, ez.

X