Amaia Agirresarobe: “Foru legeek emakume eta gizonen artean sortzen dituzten desberdintasunekin bukatu behar dugu”

Pasa den ekainaren 14ean Alternatibako bozeramaile eta Bizkaiko EHBilduren batzarkide Amaia Agirresarobek proposamen bat aurkeztu zuen osoko bilkuran, foru legeek emakume eta gizonen artean sortzen dituzten desberdintasunekin bukatzeko. Gaur egun, Aldundiak ez du bere prozesu arauemailean generoaren inpaktua aztertzen duen inolako ikerketarik barneratzen, arduragabetasun politiko eta konpromiso falta itzela agerian uzten duena. 

Alternatibak salatu du Irungo alkateak emakumeak berriz baztertu dituela Alardean eta normaltasun irudia islatu nahi izan duela

Alternatibako bozeramaile Diana Urreak, herenegun Irunen ospatutako Alarde egunaren balantzea egin du gaur. Deitoratu du udal gobernuak -“beste talde batzuen adostasunarekin”- eta hainbat komunikabideek “onartezina den egoera ontzat eman” dutela berriro, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzea helburu duen gizartearentzat onartezina dena: “Normaltasuna esaten diote emakumeak diskriminatzeari, Irungo alkate eta EUDEL bezalako instituzio bateko lehendakariordeak berdintasun legea tranpa eginda urratzeari eta normala deritzote komunikabideek, pribatu zein guztion diruz ordaindutako publikoek ere bazterkeria jaso eta babesteari”.

Urreak gogorarazi duenez, Santano alkateak harrera egin dio berriz alarde baztertzaileari udaletxetik, Alarde publikoa eta parte-hartzailea agurtzea berriz ere ezeztatu zuen bitartean, nahiz eta Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak harekin eta foru gobernuko zein EHBilduko ordezkariekin batera balkoira ateratzeko gonbidapen zuzena egin zion, “berdintasunaren alde lan egiten duela” esan baitzien alkateak. Alternatibako kide eta EHBilduko legebiltzarkideak deitoratu zuen, halaber, arratsaldeko desfilean gertatutako liskarrak isildu egin direla, udaltzaingoa zein Ertzaintzaren esku-hartzea eragin zuten arren, “ohi bezala, Alarde publikoa babestu ordez, baztertzailearen aldekoek eginiko erasoen aurrean hauen alde egitera azaldu ziren”.

Hala eta guztiz ere, Alternatibatik txalotu dute irundarrek alarde publikoarekiko erakutsitako onarpenaren eta babesaren aurrerapauso argia, desfileak ikusten ari zirenen artean agerikoa izan zena. Alarde mistoa osatzen duten hamar konpainiak zoriondu dituzte ere, urtetik urtera parte-hartzaile kopuruan hazten direlako.

Bukatzeko, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak deitoratu zuen komunikabide askok jasotako eta igorritako irudia: “Estatuan irakurle gehien dituen egunkaria normaltasunez aritu da, arratsaldean gertatu ziren erasoak aipatu gabe; Gipuzkoan irakurle gehien dituenak berriz, bost aldiz tarte zabalagoa alarde diskriminatzaileari eman dio publikoari eta parekideari baino; EITBko hedabide publikoek, aldiz, estaldura zabala eman diote, herriko jaietan emakumeen parte-hartzeko eskubideei eraso egiten dion alardeari zilegitasuna emanda”.

13/06/28 – Alternatibak Irungo Alardean emakumeak baztertzea ahalbidetzen duen egoera normalizatzeko ahalegina salatu du

Emakume ausarten omenez

Laura Mintegi, Diana Urrea eta Lur Etxeberria – EHBilduko Gasteizko Legebiltzarkideak

Lerroon bidez, jendarte justuago eta parekideago baten alde lanean diharduten emakume eta gizonen lana eskertu nahi dugu, eta ekainaren 30a hurbiltzen ari zaigun honetan, bereziki gogoratu nahi ditugu Irunen eta Hondarribian alarde parekidearen alde hainbeste ahalegin egin duten eta egiten ari diren guztiak. Zorionak eta besarkada bat.

1996. urtean, duela 17 urte, Hondarribiko eta Irungo emakume batzuk beraien herrietako alardeetan parte hartu nahi izan zuten. Urte hartako ekainaren 30ean, Irunen, 57 emakume eta beste hainbeste gizon konpainia batean sartu ziren, talde mistoari leku egiteko eskopetari batzuk ilarak zabaldu zituztenean. Horren aurrean, gizonen alardeko kideen eta herritar askoren erantzuna bortitza izan zen. Antzeko zerbait pasa zen Hondarribian urte bereko irailaren 8an.

Ekintza sinple horrek agerian jarri zuen ustez herriaren alardea zena ez zela benetan guztiena, gizonen alardea zela. Festa horrek gizonak egiten dituela festaren protagonista; gizonak, espazio publikoa okupatzen dutenak; gizonak, festaz modu aktiboan gozatzen dutenak, emakumeak kantinera edo ikusle paperera mugatuta.

Urte asko pasa dira alarde parekidea egiteko lehenengo saiakera haietatik, eta gatazkaren gordintasun-maila aldatzen joan da, baina konpontzeke dago oraindik. Ez da lortu herritar guztiek alarde bakarrean parte hartzea, alardea herriarena izatea, emakumeena eta gizonena azken finean, herriotako udalek normaltasunaren itxura eman nahi duten arren.

Alarde bakarra, publikoa baina baztertzailea egitetik bi alarde ezberdindu eta banatu egitera pasa dira herriotan: alarde parekidea, batetik, eta gizonen alardea, bestetik. Alarde publikoak zirenak pribatizatu egin dituzte, emakumeen parte-hartzea galarazten jarraitu ahal izateko.

Askok pentsatuko dute festak besterik ez direla eta zertarako kezkatu, ez dela garrantzitsua. Baina festak gure errealitatearen isla ere badira. Are gehiago, errealitatea islatu, eta erreproduzitu egiten dute; emakumeek jendartean duten lekua irudikatzen eta legitimatzen dute. Lotuta daude baloreen munduarekin, jendarteko egiturarekin eta, bereziki, emakume eta gizonen arteko harremanekin.

Irungo eta Hondarribiko alardeen gatazkaren oinarrian dagoena emakumeen kontrako bazterketa da. Eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oraindik oso urrun dagoela erakusten du. Orain arteko ordena soziala zalantzan jarri da, gizonen pribilegioak eta emakumeen rolak kuestionatu, eta horrek sekulako erresistentziak eta bortizkeria sortu ditu.

Hortaz, ezin ditugu gure buruak lasaitu eta gure ardurak saihestu. Alardeen gatazka ez da irundarren edo hondarribiarren arazoa soilik. Guztion arazoa da, eta guztion betebeharra esparru horretan ere emakumeen eskubideak eskuratzea. Eta gatazkaren konponbidean ardura berezia daukate erakunde publikoek. Gatazka betikotzen uzteko tentazioa izan dezakete, bereizkeria «normalizatzen» uztekoa, nolabait esateko. Eta hori onartezina da. Ezin da diskriminazioa luzatzen utzi.

Hondarribiko eta Irungo alkateek eta Udalek ardura berezia dute honetan. Hasiera-hasieratik, hauspoa eman diete emakumeak baztertzen jarraitu nahi izan dutenei eta izkin egin emakumeen eskubideak bermatu eta gatazka konpontzeko betebeharrari. Eta horretan zeresan berezia daukate alkate eta udal horien alderdiek, PNVk eta PSEk, jarrera hori mantentzea baimentzen baitiete.

Uste dugu erakunde publikoen betebeharra dela alarde publikoa, bakarra eta parekidea lortzeko urratsak egitea eta, horretarako, erakundeen arteko elkarlana abiatzea. Gaia agenda politikoan ezarri eta lehentasuna ematea, etorkizun hurbilean herritar guztiek festa elkarrekin ospa dezaten, bakoitzak nahi duen rolean.

Duela egun batzuk entzundako Joseba Sarrionandiaren hitzak gogoan igeri dabilzkigu oraindik eta ezin bota gabe utzi: «Besteen eskubideak ez dira hasten gureak bukatzen diren tokian. Gure eskubideak hasten dira besteen eskubideak hasten diren tokian. Besteen eskubideak hasten dira gure eskubideak hasten diren tokian».

http://alternatiba.net/old-files/Alarde tapado.jpg

Alternatibak Irungo Alardean emakumeak baztertzea ahalbidetzen duen egoera normalizatzeko ahalegina salatu du

Alternatibako Mahai Feministako bozeramaile, Diana Urreak, Gipuzkoako gizarteari dei egin dio aurten ere datorren igandean, ekainak 30, Irunera hurbiltzeko “alarde publiko, parte-hartzaile eta parekide bakarrean” desfilatzen duten gizon-emakumeak babestera. Urreak “faltsua” iritzi dio zenbait komunikabidek urtero islatzen duten normaltasun egoerari, izan ere, “normaltasuna etorriko litzateke alarde bakarra egitetik, zeinetan herriko emakume eta gizon guztiek parte hartzeko aukera izango luketen”.

Gipuzkoatik aukeratutako legebiltzarkideak, alabaina, nabarmendu eta aitortu nahi izan du Irunen zein Hondarribian azken 17 urte hauetan borroka egin duten ehunka lagunek lortutako guztia emakumeek beren herriko jaietan parte hartzeko eskubidea izan dezaten: “Era guztietako erasoak pairatu dituzte, erakundeen axolagabetasuna eta poliziaren indarkeria beren aldarrikapenen legezko aitortza lortu arte, tamalez, ez dute lortu gizartearen zein klase politikoaren zati adierazgarri batena”. Edonola ere, jarraitu du, “egun daukagun egoera borrokaren hasierako helburuetatik urrun kokatzen gaitu, alarde bakarra, mistoa, publikoa eta bazterkeriarik gabekoa lortzea”.

Horregatik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak “egungo statu quoa gainditzera” deitu du, “emakumeen bigarren mailako parte-hartzea bakarrik onartzen duena eta, beti ere desfile nagusiari, alarde pribatu eta baztertzaileari enbarazu egin gabe, Irungo zein Gipuzkoako politikarien tarte zabal baten zilegitasun lotsagarria duena, herriko alkate eta EUDELeko lehendakariorde Jose Antonio Santanotik hasita”.

Urtero bezala, Alternatibako ordezkaritza zabal bat, Ander Rodriguez Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatua buru, EHBilduko kideen ordezkaritza oparo batekin batera, Irungo kaleetan izango da alarde publikoa bultzatzen.

Diana Urrea: “Prostituzioan diharduten emakumeak ikustezinak ez ezik, hauek erasotzea askoz errazagoa da”

EHBilduko parlamentari eta Alternatibako Mahai Feministako kide Diana Urreak, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin du Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondorioz emandako azken hilketak salatzeko. Urreak, Urkulluren gobernuak ezarritako politikak kritikatu ditu eskasak direla agerian utziz. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzari Indarkeria Matxistaren Kontrako Plan Integrala berehala diseinatzera dei egin dio, prebentzio politikak eta baterako hezkuntza bultzatuko dituena.

X