Emakumeena da erantzuna, eta askatasuna

Diana Urrea eta Carmen García – Alternatibaren Mahai Feminista

Emakumea ez da erantzulea; hau izan da Gallardonek Senatuan ugalketa eta sexu eskubideen legearen gaineko erreforma defendatzeko erabilitako argudioa. Hain zuzen ere Ministro jauna, hor dago koska eta hona hemen zure benetako asmoen biluztea: emakumeak obedientzian kokatzea, adingabe izatea leporatuz, haien gorputzen gaineko erabakiak hartzeko gai ez izatea baieztatuz, emakumeak zigortuak izatera edota haien osasunerako arrisku larriei aurre eginez, abortu klandestinoak egitera bultzatuz.  

Diozu ere ministro jauna, dilema hortxe dagoela; emakumeen bizitza proiekturako eskubidearen eta “ez jaioaren” bizitza eskubidearen arteko koordinazioan, alegia. Baina hori ez da zuzena, Alderdi Popularreko segizio taldeko ultrakontserbadore Gallardon jauna, ez zaitez argudio moralistekin inguru-minguru ibili. Bioetika batzordeak Kiko, Opus Dei edo Legioko militanteekin beteko dituzue, baina hauetariko inork ezingo du hobeto arrazoitu bizitza bat non hasi edo bukatzen den, haien moralkeri katolikoa mundu osoari ezarri nahi badiote ere. Ideologia kontserbadorearen soldadu hutsak dira, bioetikaren funtsezko oinarria beren gizonezkoen genitaletatik pasatzen dute: morala pertsonala eta besterenezina dela baieztatzea.

Nola kokatu borroka garrantzitsu hori? Hau da, sistemarentzat erabilgarriak, obedienteak eta sumisoak diren emakumeak aldarrikatzen eta eskatzen dutenen eta lotsarik gabeko emakume askeak aldarrikatzen eta egunetik gunera harrapatuta gaituen dominazio sistema anitz horretatik emantzipatzeko borrokan gaudenon arteko borroka. Abortuaren inguruko etorkizun mediatikoarekin aurrez aurre gaude, bi protagonista nagusi izango dituena: alde batetik, PSOE dago Estatu aferetan Roucoren mutur sartze ugarien gainetik, eliza katolikoarekin hitzarmena beti mantendu zuen alderdia; alderdi honek ez du inoiz emakumeen haien bizitzaren eta sexualitatearen gaineko erabakiak askatasunaz hartzeko osotasunezko eskubidea defendatu, ezta amatasunaren gaineko erabakiak hartzeko eskubidea ere, epe, tutoretza eta nahitaezko gogoeta denboraldi barregarriak ezarri zituztenean. Eta bestaldetik PP dago,  ideologia kontserbadore eta erreakzionarioena txalotzen duena Espainia atzerakoi eta beldurgarri honetan. Bi alderdiek berriro ere, gu emakumeaz eta gure askatasunaz baliatu nahi dira, botere kala gisa erabiltzeko sufritu duten hauteskunde beherakada horretan botoak eskuratzeko ahalegin batean; azken finean, haien helburu eta izaten jarraitzeko arrazoi bakarra.   

Halere, guretzat, emakumeontzat eta feminismo antikapitalistarentzat eztabaida, hipotesien eta epeen inguruko liskarren gainetik dago. Zuek, patriarka aitortuak eta politikoki neomatxista zuzenak, ez gaitzazue zorabiatu. Abortu eskubidearen aldeko borroka krisiaren kontrako borroka da, emakumeon aspaldiko ezaguna, betiereko ezegonkortasun eta kalte egoera batean mantentzen gaituena, eta atzoko kontua ez dena.

Abortatzeko baimena eskatzea inposatzen badigute, patriarkatuak beste guztian ere ari gaitu obedientzia inposatzen, ez gaituelako gure gorputzaren, bizitzaren, sexualitatearen eta amatasunaren gaineko erabakiak hartzeko pertsona autonomotzat hartzen. Etortzear dagoen legeari intsumisioa egiten badiogu, bortizkeria Kode Penalaren zigor forman etorriko zaigu edota abortu klandestino gisa, gure osasuna eta bizitza arrisku larrian jarriz. Legeak aurrera egiten badu, aberatsek eskubide aitortu hori mantenduko dute goi klaseari dagokion zuhurtasunaz bada ere, eta pobreek berriz, ez dute inondik inora bermatuta izango. Abortua kapitalismoa irabaztera eramango duen negozioa bihurtzen bada, osasun publikoan kontsekuenteki egindako ebakuntza publikoa izateari utziko dio. Abortatzea ezinezkoa bazaigu, seme-alabak erditzera eta zaintzera behartzen gaituzte, kapitalaren infernuko gurpilaren ekoizpena martxan mantentzeko, bitartean, haiek utzitako apurrekin pozik bizi gaitezen ongizate kaskar bat ere mantentzeko gai izango ez den gizartean. Abortatzea ezinezkoa bazaigu, amatasuna eta zaintza gure etorkizuna izaten jarraituko dute, etxeetan garatuko dena. Eta bertatik, Menpekotasun Legearekin bezala, aplikatu diren murrizketen erasoak leunduko ditugu gure lan isila, doakoa eta ezkutatuarekin. Abortatzea edo ez abortatzea erabakitzeko ahalmena ez badugu, zeinek esango digu orduan desiratzen dugun, nahi dugun eta behar dugun antolaketa sozial eredua erabakitzeko berdinak garenik?

Ez dugu inolako itxaropenik Diputatuen Kongresuetako larruzko eta urre-kolorezko besaulkietatik emango den liskar honetan, ez eta Erreinutik jasotako edozeren aurrean, UPNk edo EAJk intsumisiozko jarrera bat izatea, are gutxiago, hauen DNAk gordetzen duen tradizio eta murgilketa katolikoa kontutan hartzen badugu. Baina badugu itxaropena, eta nolabaiteko fedea ere aitortzen dugu: emakumeok kolektiboki desobeditzeko eta jabetzeko dugun boterean tinko sinesten dugu, hamaika buruko munstro kapitalista eta patriarkal honen kontra erabiliko duguna. 

Azken eraso sexistak emakumeek aurretik salatutako guneetan jazo direla salatu Ana Etxarte Bilboko zinegotziak

Bilduko Udal Taldeak salatu du Bilbon izandako azken eraso sexistak emakumeek 2011n Hiri Debekatuaren Mapa osatzean salatutako gune ilunetan jazo direla. Ana Etxarte zinegotziak premiazko neurriak hartzea eskatu dio Berdintasun arloko zinegotziari gaur izandako agerraldian.

Aipatutako diagnostikoa egiteko 218 emakumek parte hartu zuten urte eta erdiko lansaioetan. Bertan 236 gune ilun detektatu ziren “eta horietako asko konpondu gabe daude egun eta eraso sexistak izaten jarraitzen dute”, adierazi du Etxartek.

Zinegotziak salatu du Udaleko Obra eta Zerbitzuetako sailak ez duela konpondu gune ilunek sortzen duten segurtasun eza.

Bilduk gogoratu du 2011ko apirilean talde soberanistak Obra eta Zerbitzuak sailari planifikazio bat eskatu ziola. “Eta orduan jasotako erantzuna gaur eman diguten berdina izan zen: erabilgarri dauden giza baliabide eta baliabide teknikoak erabiltzen ari direla. Eta hortxe bertan dago akatsa: udalak ez duela bideratzen behar bezalako diru-partidak gune ilun guztiekin amaitzeko”, azpimarratu du Etxartek.

Gai honekiko udalak erakutsitako jarrera “pasiboak agerian utzi du, beste behin ere, indarkeria sexistaren kontrako borroka Udal honen lehentasuna ez dela”. “EAJri ez zaio ardura emakumeok beldurrez ibiltzea leku eta ordu jakin batzuetan. Hiriko hainbat lekutan pasatzean beldurra izaten jarraituko dugu”, adierazi du Bilduko zinegotziak.

Bilduk deia luzatu dio Berdintasun sailari ekimenak aurrera eramateko emakumeek indarkeria sexistaren aurrean nola defendatu eta nondik sortzen den jakin dezaten. Zentzu honetan, Etxartek argi dauka autodefentsa feminista dela eraso sexistei aurre egiteko armarik eraginkorrena.

http://alternatiba.net/old-files/tuneles lutxana.jpg

‘Bizitzaren sostengarritasunaren’ inguruko hitzaldi-eztabaida – Alternatibaren Mahai Feminista

Alternatibaren Mahai Feministak antolatutako hitzaldi-eztabaida ‘bizitzaren sostengarritasuna’ hobeto ulertzen lagunduko gaituen gakoak, baloreak eta galderak planteatzeko helburuarekin. Eta aldi berean, eztabaidarako irizpide berriak bilatu, kontzeptu honen inguruan eraikitako eredu sozial eta ekonomiko batera gerturatzeko asmoz. Hizlariak, Alternatibaren Mahai Internazionalistako kide Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate, ‘bizitzaren sostengarritasuna’ bizitza eredu berri bat bezala definitzen du, non ekonomia gizartearen erdigunea izateari uzten dio, mundua benetan sostengatzen duen elementuaren inguruan eraikitzen hasteko: bizitza. Hitzaldiaren ostean eztabaidaren hainbat esaldi eta galdera jasotzen dira. 

Alternatibak emakumeen eskubideak urratuko dituen Abortu Lege atzerakoia sustatzea leporatu dio Gallardoni

Alternatibako bozeramaile Diana Urreak bere haserrea agertu du Alberto Ruiz Gallardon Justizia Ministroak gaur eginiko adierazpenak PPk egin asmo duen Abortuaren Legearen erreformaren defentsan. Hala, “lotsagarritzat” jo du Rajoyren gobernuko kideak esandakoa, “emakumeen eskubideak ezin direla lehenetsi jaio ez direnen eskubideen gainetik”. Urrearentzat onartezina da aurrerakoia deitzea “emakumeek beren gorputzaren gaineko erabakiak hartzeko eskubidearen urraketa garbiari”.

Gallardonek 1985eko legea berreskuratzeko asmoa azaldu du, aurreko legegintzaldian emandako “aurrerapauso eskas eta apurrak” desagerraraziz, 16 eta 17 urteko adingabeek gurasoen baimenik gabe abortatu ahal izatea eta 14 asteko epea ezartzearena askatasunez abortatzeko, alegia.

Alternatibak, aurretik PSOEk onartutako erreformak “gabezia handiak” zituela salatu zuena ez zuelako abortua zigor kodetik ateratzen eta sistema publikoan abortatu ahal izateko bermeak jartzen ez zituelako, “iraingarria” iritzi dio ministroak “bizitzaren defentsa” gisa aurkezteari benetan “patriarkatuaren indarkeriaren aldaera bat” dena.

Zentzu horretan, Nafarroako Gobernuaren jarrera salatzeko aprobetxatu du ere, foru erkidegoko Kontuen Ganbera berak ere aitortu duenez, bikoitza ere ordaintzen du abortuak sare pribatuan eginda, legeak dioenari kasu egin gabe, osasun pribatura bideratzen direlako. Hala, “Nafarroako emakumeei haien eskubideak ukatu ez ezik, diru publikoa xahutzen dute interes pribatuetara desbideratuta”.

Bestaldetik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak Gallardoni emandako justifikazioa “gezur galanta” izatea leporatu dio honako hau baieztatu duenean: “Abortuaren legea aldatzea Espainiako herritarren borondateari men egitea da”. Rajoyren Gobernuaren egitasmoaren aurrean, Urreak abortu “librea eta doakoa” aldarrikatu du: “emakumeei amatasuna noiz eta nola hartu behar duten ezartzetik librea; emakumeen eskubideak eta sexualitatea errespetatzen dituen legea aldarrikatzen jarraituko dugu”.

Bukatzeko, Alternatibatik indar politiko, sozial eta sindikal guztiei dei egin diete Gallardonen erreformari erantzuteko, beste eskubide guztiak aldarrikatzen diren indar berdinarekin eta hau bermatzeko helburuarekin abortuari dagokionean: “emakumeek erabakia hartu dezatela eta estatuak bermatu dezala elizaren esku hartzerik gabe”.

Alternatibak Adegiri leporatu dio zahar-etxeetako langileen eta Gipuzkoako Aldundiaren diruarekin “harrapakeria egin” nahi izatea

Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek gogor kritikatu du Adegi patronalak Gipuzkoako Aldundiko Politika Sozialeko Sailaren kontra aurkeztutako salaketa, atzo prentsaren bitartez honen inguruko xehetasun gehiago ezagutu eta gero. “Emakumeen eta langileriaren kontrako eraso berri eta basati baten aurrean gaude. Gipuzkoako patronalak etekin handiagoa atera nahi dio eta ez zaio inporta bidetik bereziki desegonkorra eta femenizatua dagoen sektore hau birrintzea, krisi ekonomikoa, krisi soziala eta zaintzaren krisia areagotuta. Lan erreformak, zaintza zerbitzuetan eta emakumeen bizitzan ekarriko lukeen edesegonkortasuna eta baliabide eskasia onartezina da”.

Adegik Aldundiaren kontra irekitako auziaren harira -Gipuzkoako Batzar Nagusietako agindua bete eta ezinbesteko lan publikoa egiten duten milaka langileren lan baldintza duinak bermatu nahi izanagatik- Adegik ia 190.000 euroko kalte ordaina exijitzen du ere: “Salaketa ohartarazpena da; administrazioek lan erreformaren kontrako jarrera aktiboa mantendu ez dezaten. Baina  Alternatibatik eta EHBilduren bidez ordezkaritza dugun administrazioetan, ez dugu horrelakorik onartuko”.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak Miguel Angel Lujua, Confebaskeko presidentearen hitzak gogoratu ditu, klase borroka iraganeko gauza zaharkitua dela aipatzean “enpresaburuen eta langileen iritziak eta interesak izatez kontrakotzat jotzen dituena eta alde batentzat ona dena, halabeharrean bestearentzat txarra izango dela uste duena”. Matutek baietsi duenez, desberdintasuna ondorengoan datza: “Lehenengo aldiz, patronalak ez du aliaturik lortu Gipuzkoako Foru Aldundian. Lehenengo aldiz, Gobernu batek bere herriko langileen alde egin du eta enpresa klasearen nagusikeriari aurre egin dio”.

Alternatibatik gogoratu dute politika neutrotik ez dagoela, “klase baten mesedean egiten du bestearen kalterako. Adegiren kasuan, proposamena langileen poltsikoetatik dirua hartzea da ondoren, enpresaburuen poltsikoetan gordetzeko. Baina ez gara lan erreforma ezarri nahi dutenen bidaide izango, ezta langileak eta hauek zaintzen dituzten pertsonei kalte egin nahi dietenen bidaide ere ez”.

Legebiltzarkidearen hitzetan, “Adegi hegazti harrapari modura jokatzen ari da, langileen soldataz jabetzeko lotsagabekeria duena eta gainera, epaitegian Aldundiari gipuzkoarren diruarekin kalte ordaina lortu nahi du”. Alabaina, “Adegik jakin beharra dauka, Aldundiko aurrekontua bere zerbitzura erabili zezakeen garaia bukatu dela”.

Bukatzeko, Matutek EAJren jokaera salatu du, “beti bezala, patronalarekin eta enpresaburu klasearekin bat datorrela erakutsi eta langile klasearen kontra dagoela egiaztatu duelako. Bere printzipio gabezia agerian utzi du, Batzar Nagusietan informazioa eskatzeko eskubidea erabili izanagatik, informazio hau Adegiri emateko helburu bakarrarekin. Adegi datuekin hornitu du, honek gero zahar-etxeetako langileen eta Gipuzkoako Aldundiaren kontrako erasoan erabili ahal izateko”.

X