EHBilduk lan merkatua bizitzaren zerbitzura jartzea aldarrikatu du eta ez kapitalaren menpe

Egun esanguratsua dugu Martxoaren 8a: emakume langileen nazioarteko eguna. Oraindik ere nabarmendu beharra daukagu, ordea, “langilea” esaten dugunean, lanaren izaera integralaz ari garela. Izan ere, sistema patriarkalaren zutabeetako bat sexuen arteko lan-banaketa da, eta horrek arlo produktiboko enpleguari ematen dio lan izaera; soldatapeko lanari. Zaintza-lanak eta etxeko lanak ikusezin bihurtzen ditu, eta lan izaera bera ere ukatu egiten die. Lan banaketa hori gainditu, eta enplegua ez ezik, zaintza- eta etxeko lanak erdigunean kokatu ditugu, beharrezkoa dugun errekonozimendua exijituz.

Euskal herritarron bizi-baldintzak okertzen ari dira nabarmen eta murrizketek emakumeoi eragiten digute bereziki. Batetik, lan munduan areagotzen ari den prekarietate-egoeragatik; eta, bestetik, zerbitzu publikoen murrizketek emakumeon bizkar uzten dituelako sektore publikoak bere gain hartzen ez dituen lanak, pertsonen ongizateari eta zaintzari lotutakoak. Pertsonen garapenari eta ongizateari dagozkien zerbitzuen murrizketek ez dute etenik, zerbitzu sozialetan, hezkuntzan eta osasun-sisteman, batez ere. Egoera honetan, emakumeon bizi-baldintzak gogortzen ari dira.

Enplegu formala prekarietatearen sinonimo bihurtzen ari da gero eta sektore zabalagoentzat. Horrekin batera, pertsonon bizitzako arlo guztietan prekarizazio izugarria eragiten ari da. Oinarrizko elikagaien eta zerbitzuen prezioak ikaragarri igo dira, jakien bankuetan emakumeak ageri dira batez ere, eta pobrezia energetikoa ezagutzen ari gara argindar eta gasen kontsumoak murriztuz. Gainera, emakumeon lan baldintzak zein soldatak behera doaz, lan informalak gora egin du, eta gero eta gehiago gara soldatarik ere ez dugun emakumeak.

Emakumeon enplegu- eta soldata-baldintzek okerrera egin duten arren, emakumeok inoiz baino lan gehiago egin behar dugu orain. Lana ez baitzaigu gutxitu. Aitzitik, lan gehiago hartu behar izan dugu gure gain 0-3 urte bitarteko zentroen itxierak eraginda baita haur eskolen murrizketak, eguneko eta zahar etxeen itxierak, eta zerbitzu sozialen murrizketak eraginda ere. Zaintza kolektiboari ere eutsi behar izan diogu, sortu diren behar afektibo-psikologikoei eutsiz. Etxeko lanak eta zaintza-lanak soldatapeko lana bezain beharrezko lanak dira. Gehiago oraindik: pertsonon ongizatean ezinbestekoak dira. Jendartea sufritzen ari den egoerari aurre egiteko, norbanako, familia, auzo eta herrietan sortu diren egonezinei aurre egiteko, zaintza lanetan gizonek ere parte hartu behar dutela aldarrikatzen dugu; emakumeok zainduak izateko eskubidea eta beharra dugula aldarrikatzen dugun moduan.

Lanaren ikuspegi integrala aldarrikatzen dugu eta gure jarduera politikoan, kalean nahiz instituzioetan, etxeko lanak eta zaintza-lanak ikusezintasunetik atera eta politikaren erdigunean kokatzen ahaleginduko gara, merkatuen logikatik ihes egin eta bizitzaren zerbitzura, hau da, pertsonon zerbitzura jarriz.

Egoera honi aurre egiteko, zera aldarrikatzen dugu EH Bilduko emakumeok: ezinbestekoa da emakume eta gizonen arteko botere-harremanak gainditzea eta harreman-eredu berriak sortzea. Egungo egoerari aurre eginez, klabe feministan jendartea eraldatzea dugu helburu. Horretarako, espazioak eta baliabideak birbanatu behar dira, erabakiak hartzeko eta parte hartzeko esparruak eskuratu eta zaintza-lanak eta ordaindutako lana orekaz banatu.

Gaurkoa bukatu baino lehen, inposatu nahi dizkiguten murrizketei aurre egiteko konpromisoa hartu nahi dugu: emakumeon bizi-baldintzen prekarizazioari aurre eginez, zerbitzu sozialak hobetuz, zaintza-lana errekonozituz, emakumeak nagusi diren enpleguen baldintza prekarioak hobetzeko lan eginez eta ezkutuko lan-merkatuan aritzen diren emakumeen egoera hobetzeko bitartekoak exijituz.

Azkenik, eskuinetik datorkigun ofentsiba erasokorraren aurrean, ezin aipatu gabe utzi emakumeon erabakitzeko eskubidearen kontra Espainiar Estatuak Abortuaren legea aldatuz egin nahi duen inboluzioa. Aurrez aurre izango gaituzte, gure gorputza geurea baita. Aldarrikapen historikoa berreskuratu eta kalera aterako gara mugimendu feministarekin bat eginda. Oraindik ere, XXI. mendean, gure gorputzaren gaineko kontrola eta erabakia ukatu nahi baitizkigute.

Hemen gaur bildu garenok gure egiten dugu feminismoaren eta mugimendu feministaren aldarrikapena eta bide horretan dinamika politiko eraginkorra sustatzeko ardura. Eta martxoaren 8rako mugimendu feministak antolatu dituen ekimenetan parte hartzera deitzen zaituztegu, denon ardura delako Euskal Herri feminista sortzea.

MARTXOAK 8, DENOK KALERA!!!!

Altsasu 19:00 plazan
Arrasate 19:00 Seber Altube plaza
Baionan 18:30 Herriko etxea
Barakaldo 12:00 Herriko plaza
Barañain 19:00 udaletxe plaza
Basauri 17:00 Arizgoiti plaza
Bilbon 19:30 Arriaga
Donostian 19:30 Boulevard
Durangon 20:15 Santa Ana Plazan
Gasteizen 20:00 San Anton
Irunean 20:00 gaztelu plazan
Itzulbaltzeta 20:00 Santa Eugenia Plaza
Legazpi 19:00 Euskal Herria plaza
Leioa 20:00 Boulevard-en
Ondarru 18:00 Alamedatik
Urretxu-Zumarraga 19:00 Areizaga kaleibarren

Alternatibak salatu du Emakunden eginiko %20ko murrizketa bortitzak Urkulluk berdintasun alorrean dituen asmoak islatzen dituela

Alternatibako bozeramaile nazional Amaia Agirresarobek gogor kritikatu ditu Iñigo Urkulluren gobernuak atzo Emakunde instituturako iragarritako murrizketak, bere aurrekontua %20 baino gehiago jaitsi baitute, “agerian utzita emakumeek gizonezkoekiko pairatzen dituzten desberdintasunak gainditzeko politikak ez direla, inondik inora, lehentasuna PNVren gobernuarentzat”.

Alderdi ezkertiarretik azpimarratu nahi izan dutenez, Emakunderen aurrekonturako aitortu duten milioi bat eurotik gorako murrizketa iragarritakoa baino handiagoa izango da benetan, izan ere, erakunde publiko honetako zuzendari berri Izaskun Landaidak berak atzo esan zuenez, aurreko legegintzaldian Herrizaingo Sailaren menpeko Genero Indarkeriaren Biktimen Zuzendaritzari eman zizkioten eskumenak, Alternatibak bere garaian salatu egin zuen afera, Emakunderen esku geldituko dira berriz “beraz, argi dago bere ahalmena murriztu egingo dela, askoz gehiago egiteko baliabide gutxiago izango dituelako”.

Azkenik, Agirresarobek deitoratu egin du Urkulluren Gobernuaren aitzakiak berriz ere entzun behar izatea, “murrizketa sozialen aurkako balizko marra gorriak jartzetik diru gutxiagorekin gauza berdinak egin daitezkeela dion lema astintzera pasa da, oraingo honetan ere faltsua bezain ezinezkoa dela argi eta garbi izan arren”. Horrexegatik, Alternatibatik exekutiboari exijitu diote “emakumeen eskubideen defentsa bere ekintza politikoan txerta dezala, eta ez inora ez doan diskurtso hutsalean, Emakunde bezalako erakunde batean murrizketa bortitzak egitearekin demostratu dutenez”.

Bortxatuak izateko jaioak

Laura Gómez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendaria

Sei gizonek 23 urteko emakume bat bortxatu dute New Delhiko autobus batean». «Bederatzi urteko neskatoa bahitu eta bortxatu dute bi gizonek Pakistanen». «Donostiako Egia auzoan 17 urteko neska bat bortxatu dute hiru gaztek». «Bi mutil 19 urteko bi neskari sexu erasoa egiten saiatu dira Elgoibarren, Gipuzkoa».

Egunero, neurriz kanpoko emakumeen kontrako indarkeria matxistak eragiten digun amorruari eta haserreari aurre egin behar izaten diogu. Horretarako, ezinbestekoa da guk, indarkeria horren guztiaren jomuga garenok, diskurtso erreboltariak sortzea, erasorik erantzunik gabe ez uzteko. Izan ere, emakume bati egindako erasoa, guztioi egindako erasoa ere bada.

Azken aste hauetan Gipuzkoan gertatu diren hainbat erasoren berri izan dugu komunikabideetan, eta horiek guztiek hamaika artikulu eragin dituzte. Indarkeria matxista kasu puntualekin lotzera mugatzen diren analisi sinplistetatik urrun, azken egunetan sortu den eztabaidari ekarpena egin nahi genioke, hausnarketa bat proposatuz; errealitate horren benetako kausa edo zergatien inguruan eta emakumeok, egunen batean bakean bizi ahal izateko, hartu behar dugun bideari buruz.

Sexu erasoak eta, horien artean, bortxaketak, eguneroko errealitatea dira emakumeentzat, bai gure Lurraldean eta baita munduko beste edozein lekutan ere. Dena den, nahiago izaten dugu horrelakoak atzerrian uztea. Ezinezkoa da gizonek emakumeen kontra egiten dituzten sexu erasoak kuantifikatzea, komunikabideen bidez publiko egiten diren edo salatuak izan direnen berri izaten baitugu bakarrik. Gainerakoak, gehienak, ez dira ezagutzen; beste hainbat arrazoiren artean, sexu erasoa salatzea zaila delako emakumeentzat.

Ez dago emakumeen kontrako indarkeria matxista akabatzeko «tekla magikorik», nahiz eta antzerako iradokizunik jaso boladako zenbait analisitan. Eta ez dago halako «teklarik», indarkeria horren kausa, jatorrian, sistema kapitalista, sexista eta patriarkala delako; emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak babesten eta legitimatzen dituen sistema, alegia.

Ikuspegi horretatik, eraso matxistek ez diote erantzuten indibiduo batzuen portaera isolatuari; aitzitik, neurri handiagoan ala txikiagoan emakumeen kontrako indarkeriarekiko permisibitatea posible egiten duen sistemaren parte dira erasoak. Giro horren oinarrian dago, hain zuzen ere, portaera bortitz eta matxista ugari eta anitzei eman zaien legitimitatea; legitimitatea jasota ere, azken finean, emakumeok gure bizitzan zehar bizi ditugun eraso diren portaerak. Sexu erasoak, askotan, ligatzeko modu legitimotzat hartzen dira, eta horien larritasuna erlatibizatu egiten da, heterosexualen gorteiatzeko kode naturalaren parte direla ulertzen delako.

Gizonek sexu erasoak egiten dizkiete emakumeei, mendean hartzen dituztela erakusteko, plano intimoenean, sexualitatean, eta hala egin dezaketela uste dutelako. Horrek gogorarazten digu zulo bat garela, objektu bat, bortxa daitekeen gorputz bat.

Emakume guztiok beldur diogu bortxatuak izateari eta, beldurraren gidoi horri jarraituz, uste dugu gure erantzukizuna dela bortxaketari aurrea hartzea. Horrela, gizarte osoak ebaluatuko du erasoa justifikatu zitekeen ala ez, galdetuko digu nola gindoazen jantzita, zergatik genbiltzan han, erasotzailearekin lakrikunkeriatan ibili ote ginen, zergatik joan ginen bere etxera… Erruak, bortxatua izan denaren estigmak eta gertatutakoaren egiazkotasunaren inguruko zalantzak azaltzen dute, azken finean, zergatik diren hain gutxi salaketa jartzera ausartzen diren emakumeak.

Eta zer gertatzen da erasotzaileekin? Noiz erakutsi behar diegu gizonei ez zaizkiola lizunkeriak oihukatu behar goizeko hiruretan kaletik bakarrik doan emakume bati, tabernetan ez dela ipurdirik ukitu behar, sexu-organoekin igurztea erasoa dela, hitz egitean gutxieneko distantziak errespetatu behar direla eta, batez bere, emakume batek ezetz esaten duenean ezetz esan nahi duela?

Premiazkoa da gizonezko guztiek hausnarketa egitea, indarkeria matxistari dagokionez betetzen duten paperaren inguruan: zer den eraso bat eta zer ez den identifikatzeko zailtasunak, erasoetan duten parte-hartze aktiboa, edota soilik ikusle pasibo gisa betetzen duten papera, eraso- aren aurka egonik ere.

Beraz, «tekla» hori da, besterik gabe, guztion bizitza antolatzerakoan lehentasuna ematea pertsonei, pertsonak jartzea erdigunean, berdintasun egoeran. Horrela sortzen dira guztiok indarkeria matxistarik gabeko bizitza libreak bizi ahal izateko ezinbesteko ditugun baldintzak. Kontzientziazio eta informazio kanpainak, autodefentsa feminista, hiri debekatuaren mapak, hezkidetza… Tresna horiek beharrezkoak dira, ezinbestekoak. Baina hori guztia ez da nahikoa, baldin eta berdintasun politikak marjinalak badira. Gogoan hartu dezagun; bestela, ez dugu inoiz amaituko emakumeen kontrako indarkeria matxista.

Alternatibak salatu du Barakaldoko alkateak “ezer ere ez” egiten ez duela udalerriko emakumeen aurka ematen diren erasoen aurrean

Alternatibaren Bizkaiko bozeramaile Asier Vegak deitoratu egin du Bizkaiko Aldundiaren eta Barakaldoko Udalaren arteko eskumen eztabaida, Lutxanako tuneletan eman diren bortizkeri matxista gertaerak ekiditeko irtenbideak bilatu ez dituztelako. Egoera hau dela eta, Vegak bi erakundeei “merkatal gune erraldoien zerbitzura diseinatutako eredu urbanistikoekin, zaintza lanak eta gehienbat hauek egiten dituzten emakumeei bizkarra ematen diena” aldatzeko eskatu die eta aldi berean, Barakaldoko emakume taldeek osatutako leku arriskutsuen txostena aintzat hartzeko.

Bizkaiko Alternatibak genero ikuspegia galdegin du hiri eta herrietako hirigintza planifikatzeko orduan, “emakumeentzat debekatuta dauden lekurik ez egoteko horietan erasoak pairatzeko arriskua sentitzen dutelako”. Ildo horretatik, azpimarratu nahi izan dute Argitan talde feministak duela 4 urte salatu zituela hiriak dituen gune beltzak, “Lutxanako pasabidearena bezalakoak, Udalak horiek konpontzeko ezertxo ere egin ez duen arren eta, gerora, iazko urrian bezala, erasoak eman diren lekuak”. Hala, Vegak eskuduntzekin aitzakiak jartzea leporatu dio Tontxu Rodriguez alkateari, “ez al zaio nahikoa iruditzen bortxatu dituzten emakumeak berak gobernatzen duen udalerrikoak izatea?”.

Edonola ere, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak gogorarazi du hirigintzatik segurtasun eza beharrezkoa diren  konponbide guztiak ez ezik, ezinbestekoa dela indarkeria matxistaren jatorriaren aurka egin, izan ere, eraso sexualak ez dira “ez zoriagatik ezta kasuistikagatik ematen, emakumeen aurkako indarkeria darabilten gizonezkoak existitzen direlako baizik, patriarkatuaren adierazpenik bortitzena baina inondik inora bakarra”. Hori dela eta, Vegak gizartean eman beharreko “errotiko aldaketaz” hitz egin du, “emakumeak babestu beharreko biktimak gehiago ez izateko”. Aldaketak, alabaina, udal erakundeek Barakaldon gertatzen diren hainbat ekitaldiren aurrean zer edo zer esatea eskatzen du, “bertoko diskoteketan jai sexistak egiten direnekoak kasu, zeinetara jendea erakartzeko emakumeen sasi zozketak egiten diren”.

Alternatibak “Jaiotza” antolatu du eliza katolikoaren emakumeen eskubideen aurkako erasoak salatzeko

Alternatibako militante feministek pasa den abenduaren 22an “Mariak Gabonak abortatu ditu” izeneko kale ekintza egin zuten Bilboko Santiago Katedralaren aurrean, eliza katolikoaren eta bere ideologiaren aurkako salaketa egiteko asmoz. Bere izate guztian emakumeen eskubideak “hutseratu eta zapaldu” izana leporatu diote eliza katolikoari, bereziki eguberri egun hauetan, noiz eliza katoliko kupularen musika inoiz baino ozenago entzuten dugun, behin eta berriro, emakumeen abortatzeko eskubidearen kontra eginez. Azken batean, “gure gorputzen gaineko erabakiak hartzeko eskubidearen kontra egiten duen kanpai musika entzuten da, jainko katoliko baten morroi izan behar garela justifikatzen duen hotsa, alegia”. Gabonetan da, hain zuzen, Andre Mariak bere gorputzari, plazer sexualari eta bere bizitza berari ere uko egiten dionean, jaungoikoaren semea erditzeko eta zaintzeko helburu bakarrekin.

Eguerdiko 13:00ak aldera, ehunka pertsona gabonetako erosketekin ari zirela, haietariko askok jakinguraz gidatuta performancea ikustera gelditu ziren. Ekintza, Ama Birjinaren ur botatzearekin hasten da, Josebaz lagunduta, jaungoikoari erditzeko indarra eta errukitasuna eskatzen dion bitartean. Orduan, “Angela” agertzen da, “Angela Davis” estatubatuar feminista famatua gogora ekarriz, Mariari feminismoaren ontasunak iragarriko dizkiona eta exorzismo baten bitartez, bere mina kenduko diona. Ondoren, bere gorputzaren gozamen erotikoa eta sexuala ezagutzera gonbidatu eta barruko erru katolikoa, arrosarioa eta biblia pisuduna aterako dizkio, momenturarte bere buruaren jabe izatea galarazten zizkiotenak. Kale antzerkiari amaiera emateko, koreografia batez lagundutako saio musikala egiten dute, eta horrela dio: “Feministak gara, antipatriarkalak, enpoderatuak eta erotizatuak”.

X