Feminismoak eta elikadura burujabetza uztartu emakumeen eta herrien autonomia lortzeko

Mundubat-ek elikaduraren subiranotasunarekin daukan konpromisoa zenbait lan-arlotan islatzen da, baina, batez ere, sentsibilizazioaren eta garapenerako hezkuntzaren arloan eta elikaduraren subiranotasunaren aldeko sareak zein aliantzak sendotzeko prozesuan. Ibilbide horren esparruan, “Elikaduraren subiranotasunari buruzko hausnarketa feministak” nazioarteko jardunaldiak antolatzeko proposamena sortu zen.

Aurreko proiektuetan, bete-betean lan egin genuen, emakume nekazarien errealitatea eta borroka sozialetan zein beste garapen-eredu batzuen eraketan daukaten protagonismoa agerian jartzeko. Gai horiek sakonago aztertzean, konturatu egin ginen kritika feministatik ez genituela berariaz kolokan jartzen nekazarien eta landa-inguruneko erakundeetan bertan gertatutako desberdintasunak. Emakume nekazariekin proiektuak garatu eta jarduerak antolatzen genituen neurrian, ohartu egin ginen elikaduraren subiranotasunaren alde egiten dugun erakundeotan ez direla beti berariaz eta irmotasunez lehenesten emakume nekazarien eskariak.

Antzeman egin genuen erakunde sozialok defendatzen ditugun proposamenek beti edo berez logika patriarkala kolokan jartzen ez dutela.

Elikaduraren subiranotasunaren arloan egindako zenbait proposamen logika patriarkal horren barruan kokatu litezke, ez dutelako eztabaidatzen emakumeei pertsonak, gizarteak zein natura zaintzeko zeregina esleitu dietela, esentzialistak direlako, ekoizpeneko eta ugalketako zereginen banaketan dagoen zapalkuntza-sistema kolokan jartzen ez dutelako eta ez dutelako onartzen gizonen pribilegioak ezinbestean jarri behar direla kolokan. Alde horretatik, ikuspegi kritiko feminista oso-oso garrantzitsua da, elikaduraren subiranotasunaren aldeko tokian tokiko proiektuak eta alternatibak eratzeko eta, aldi berean, landa-ingurunean zein nekazarien erakundeetan bertan gizonen eta emakumeen artean dauden botereharremanak
aldatzeko.

Nazioarteko topaketa honetan, hausnarketa horretan sakondu nahi genuen, elikaduraren subiranotasuna emakumeen jabekuntzarako, euren eskubideen defentsarako eta herrien zein emakumeen autonomiarako
tresna eraginkorra izan dadin.

“Elikaduraren subiranotasunari buruzko hausnarketa feministak” nazioarteko topaketa 2011ko apirilean egin zen Bilbon. Bertan, hain zuzen ere, honako erakunde hauetako emakumeek parte hartu zuten: GGKE, hegoaldean ditugun toki-bazkideak, erakunde feministak, emakume nekazarien erakundeak, erakunde mistoak, emakumeen erakundeak, iparraldeko mugimendu feministako emakume ekintzaileak eta nazioarteko sareetako emakume ekintzaileak; Nekazarien Bidekoak edo Emakumeen Mundu Martxakoak, esaterako.

Guretzat, funtsezkoa zen hausnarketa honetan iparraldeko zein hegoaldeko emakumeek parte hartzea. Patriarkatua errealitate globala da, eta mundu zabaleko edozein herrialdetako emakumeak zapaltzen ditu,  baina, batez ere, emakume nekazariak. Patriarkatuaren aurkako borroka bateratua izan behar da iparraldean zein hegoaldean. Zenbait jatorritako emakumeek sarean egindako lana oso tresna egokia da, eredu neoliberal patriarkalaren zapalkuntzari aurre egiteko moduko eredu berria eratzeko orduan.

Topaketa honetan, emakume parte-hartzaileek euren erresistentziako esperientziak nahiz azterketa eta euren erakundeetan egindako hausnarketak partekatu zituzten, elkarrekiko ikaskuntzarako arrakastak eta porrotak trukatzeko. Beraz, elikaduraren subiranotasunaren aldeko erakundeetako, emakumeen erakundeetako eta erakunde feministetako emakume kideen arteko elkarrizketarako gunea eratzea zen helburua, elikaduraren subiranotasunak emakumeen eskariei erantzun ahal diela aztertzeko.

Dossier honetan, emakume gonbidatuei egindako zenbait elkarrizketa azaltzen dira, baita topaketaren ostean ateratako ondorioak ere. Era berean, hausnarketarako bidea ere ematen digu, elikaduraren subiranotasunaren bidez badagoelako gizonen eta emakumeen botere-harremanak benetan aldatzerik.

www.mundubat.org

http://alternatiba.net/old-files/Feminismos y SA EuskeraWeb.pdf

Gure bizia edo haien kapitala, aukeratu behar

Amaia Agirresarobe eta Ana Etxarte – Alternatibako bozeramaileak

Euskal Herriko gizon eta emakume ugari martxoaren 29an kalera aterako gara ozen eta garbi adierazi nahi dugulako: aski dela! Espainiako Erresumako muturreko eskuinak ezarritako lan erreformak dakarren eskubide murrizketa larriarekin.

Erreforma honek helburu bakarra dauka: irabaziak areagotu eta kapitalaren etengabeko jarioa mantentzea. Ez du inondik inora langabezia murriztuko eta, gainera, langile guztien eskubideen aurkako eraso zuzena dakar: gazteen -eta hain gazteak ez direnen- lan esklabotza larriagotzen du; enpresaburuei kaleratzeko erabateko ahalmena ematen die, kontrol politiko zein sozialik gabe eta oso merke; gure sindikatuak indargabetzen ditu negoziazio kolektiboaren ahalmena murriztuz; beste behin ere, euskal herritarrok lan harremanetarako esparru propioa izatea galarazten du, aurrera egitea ahalbidetuko ligukeena, gizarte sozialista, justuagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko bidean.

Baina, gainera, Aski da! diogunean inoizko erreformarik bortitzenaren aurka egitetik haratago joateko esaten dugu. Azken urteotan langile klaseak pairatu dituen murrizketa eta erasoen gorakada salatu eta gelditu nahi dugu ere, gure bizitzak garatu eta ugaltzeko dugun gaitasuna murrizten diguna: lan eta pentsioen erreformak, murrizketak gizarte zerbitzuetan, abortua bezalako legeetan aldaketak egiteko mehatxuak, zentral nuklearren bizitza luzatzea, etab. Aski da zuen pribilegioak lehenestearekin eta gure eskubideekin jolastearekin!

Edonola ere, kalera aterako gara, ez bakarrik erasoak geldiarazteko. Hau ez da erresistentziarako momentua bakarrik, geure buruak defendatzeko garaia ere bada. Bizi dugun zibilizazio krisiak -finantza egoerak eztanda egin baino askoz lehenago- burujabe izateko aukera berriak sortzen saiatzera eta hauek praktikan jartzera behartzen gaitu. Horrela, gure Aski da! ozenena Aski da Kapitalismoarekin! oihukatzeko izango da. Sistemak planetaren muga fisikoak gainditzera eramaten gaituela onartu behar dugu behingoz, epe motzean ondorio larriak izango dituen klima aldaketak eragindakoa -Nork ulertu dezake berebiziko arazo hau bigarren mailakoa edo aldirikoa dela?-; aski da pobrezia eta bazterketa sustatzen dituen eta gehienen bizitzaren ugalketa galarazten duen sistema bat defendatzearekin -Kapitala defendatzeko bizi al gara, edo ekonomiaren zeregina gure ongizatea bermatzea da?-; aski da krisia enpleguan bakarrik dagoela esatearekin, lana denean hamarkadak krisian daramatzana.

Bizitzarako beharrezkoak diren lan gehienak ordaindu gabekoak dira, zaintza lanak, ugalketa sozialarekin zerikusia duten lanak dira, eta gehienak egoera prekarioan eta esklabotzan dauden emakumeek egiten dituzte: Nor ausartuko da emakumeoi esaten krisia 2007an hasi zela, betidanik krisian egon bagara, eta zaintzaren krisi larri honek ez duela berehalako alternatibarik behar?; aski da ahoa demokrazia hitzarekin betetzearekin merkatuek eta politikariek ia erabaki estrategiko gehienak lapurtzen dizkigutenean, agentzia pribatuen, transnazionalen eta teknokraten eskuetan utziz –Nola babestuko ditugu gure bizitzak, ez badugu erabakitzeko, aukeratzeko, desiratzeko autonomiarik?-.

Horregatik, Euskal Herriko gizon eta emakumeok kalera aterako gara. Gure buruak erreformatik babesteko, bai. Azken urteotako erasoak geldiarazteko, bai. Baina, batez ere, kokoteraino gaudela esateko, ez dugula kapitalismorik nahi esateko, geure bizitzak, bizitza bera, kapitalarekin eta bere logika ankerrekin bateraezina dela eta lurperatu nahi dugula esateko.

Bizitzea merezi duten biziak nahi ditugu; taldean bizi nahi dugu, batak bestearen beharra izanez, harmonia ekologikoan; gure ongizatea kontsumora eta lana eskuratzera soilik murrizten dela pentsatzera behartuta egon gabe bizi nahi dugu; lana besteekin banatu nahi dugu eta zertan den egokia lan egitea erabaki; zerk eragiten gaituenaz erabaki nahi dugu, zer nahi dugun. Laburbilduz, bizitzak bete-betean bizi nahi ditugu, ez kapitalak murriztu eta baldintzatutako bizitzak.

Horrexegatik aukeratzea egokitzen zaigu, hau da garaia. Eta ez dago erdibideko jarreretarako lekurik. Dagoeneko eztabaida ez dago ongizatearen edo liberalismoaren artean, Danimarka edo Greziaren artean. Eztabaida gure bizitzen eta kapitalaren artekoa da, bizitzaren eta irabazien maximizazioaren artean. Alde guztietatik erasotzen gaituzte, beraz fronte guztietatik erantzun behar dugu: kapitalismoa lurpera dezagun. Hartu zure pala, eta has gaitezen martxoaren 29an zulatzen.

Amaia Perez de Orozco: “Eredu ekonomiko eta sozial feminista eraikitze bidean”/”Construyendo un modelo económico y social feminista”

Hauxe da Leitzako Emakume Abertzaleon V. Topaketa Feministetarako “Eredu ekonomiko eta sozial feminista eraikitze bidean; gaurdanik urratsak emanez” mahai ingururako Amaia Perez de Orozco ekonomilari feministaren ekarpena jasotzen duen bideoa, bi zatitan.

Este es el video de la intervención de la economista feminista Amaia Perez de Orozco en el V. Encuentro Feminista de Mujeres Abertzale celebrado en Leitza del 2 al 4 de marzo, con una conferencia titulada “Construyendo un modelo económico y social feminista; dando pasos desde hoy”. El video está en dos partes.

Iturria/Fuente: Euskal Herriko Bilgune Feminista

Martxoaren 29an ETXE HAU GREBAN!!

Pobreziaren feminizazioa errealitate bat da. Murrizketa eta erreformetan ikusi dezakegun moduan, gurelan eta eskubide sozialen gaineko erasoek ez dute egoera muturrera eraman eta errealitatea prekarizatu,okertu besterik egiten. Ez zaigu kontuan hartzen irtenbide errealak planteatzeko garaian, baina aldiz,ofentsiba kapitalista patriarkaletik eratortzen diren ondorioak zuzen- zuzenean ordaintzen ditugu.Eragile feministok eta emakume guztiak, Martxoaren 29ko greba deialdiarekin bat egiten dugu,soldatapekoak izan edo ez, kalera aterako gara, aldarrikatzera:

 

1. Etxeko eta zaintza lanak, ikustezinak, errekonozimendurik gabeak eta eskubideetan etagarantietan hanka motz direnak, lanak direla, lana dela.

 

2. Egungo sistema ekonomiko eta sozial hau emakumeok egiten dugun lan ikusezinari eskermantentzen dela.

 

3. Nahiz eta urteetan zehar emakumeok egin ditugun eta egun ere egiten ditugun lan hauek estatistiketan eta medio ofizialetan ez atera, ongizatea eta aberastasuna ahalbidetu eta sortzen dutela.

 

4. Bizitza eta pertsonak egon behar dutela sistemaren erdigunean, eta ez egun dauden moduanmerkatuak.

 

5. Bada garaia, etxean, eremu pribatuan ere greba egitekoa!Guzti honegatik, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik eta Donostiako talde feminista zeinemakumeen elkarteetatik dei egiten diogu jendarteari oro har, eta emakumeei bereziki, martxoaren 29angreba egitea gainerako langile klasearekin batera. Eta animatzen zaituztegu, etxeko atarietan kartel-komunikatua itsastera; etxe hau greban dagoenaren adierazle gisa! Ez garbiketarik, ez erosketarik, ezotordurik…M-29an ETXE HAU GREBAN! EMAKUMEOK KALERA!

 

EUSKAL HERRIKO EMAKUMEON MUNDU MARTXA ETA

DONOSTIAKO TALDE FEMINISAK ETA EMAKUMEEN ELKARTEAK

http://alternatiba.net/old-files/manifestua.jpg

Ezker Abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak grebarako deia egin dute gaur Bilboko kaleetan

Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek eta Aralarreko Bizkaiko zuzendaritzako kide Zigor Isuskizak Bilboko Areatzan igande goizean eginiko adierazpenen testua, zeinen bidez Alternatibak, Aralarrek, EAk eta Ezker Abertzaleak martxoaren 29ko greba orokorrean parte hartzeko deia berretsi duten:

Ezker Abertzalea, EA, Aralar eta Alternatiba kalera atera gara gaur, behar-beharrezkoa ikusten dugulako herritarrei zuzenean helaraztea kalean aldarrikatzeko unea dela. Hurrengo martxoaren 29rako greba orokorra deituta dauka Euskal Herriko sindikalgintzak, eta bizi dugun aldaketa eta krisi sistemiko honen aurrean, euskal jendarteak agerian utzi behar du beste hainbatetan adierazi duena: bestelako eredu sozio-ekonomiko eta politiko bat behar duela, gizarte juxtu eta solidarioagoa eraikitzeko; eta hori burujabetzaren bidetik baino ez dela etorriko.

Egiturazko krisi honen kudeaketa negargarriaren azken ondorioa Espainiako Gobernuak onartutako lan erreforma da. Beste behin, krisi honetara eraman gaituen eredu zaharraren kudeatzaileek krisiaren sorreran ardurarik izan ez dutenen contra egin dute; kasu honetan, langileen kontra. Lan harremanen esparrua erabat liberalizatu dute, eskubide sozial eta laboralei eraso zuzena eginez, negoziazio sindikala ezerezean utziz, eta honek langileen lan baldintzetan ondorio latz eta tamalgarriak izango ditu. Horregatik, orain inoiz baino indartsuago diogu lan harremanen euskal esparrua ezinbestekoa dugula.

Ez da eskuak gurutzatuta geratzeko garaia. Egoera honetara eraman gaituen sistema iraultzeko eta burujabetza politiko eta ekonomikoa baliatuta herritarrak erdigunean izango diren gizarte eredua eraikitzen hasteko unea iritsi da, indarrean daukagun ereduak porrot egin duela ageri-agerikoa delako. Guk, gure aldetik, justizia sozialean oinarritutako alternatiba eraikitzeko konpromisoa hartzen dugu. Martxoaren 29an eta bestelako eredu bat aldarrikatzeko egongo diren mobilizazioetan parte hartzeko eta kalera ateratzeko unea da. Krisiaren aitzakiapean inposatu nahi dizkiguten neurri murriztaile eta atzerakoei nahikoa da esateko unea da.

X