Bizimodu duin baten alde, emakumeak grebara

Jone Bengoetxea – ELA

Bizimodu duina? Ez al gara pertsona guztiok duin, pertsona garen aldetik? Edota, agian, duin ginen, baina orain ez? Ziurrenik zeuen buruari galdetuko diozue zer dela-eta hasi den sindikalismoa egunetik egunera, gero eta areago zalantzan jartzen herritar gehienek, langile ordaindu izan ala ez, onartzen dituzten oinarrizko printzipio batzuk.

Bete-betean ari gara bizitzen gizarte-mobilizazioa eta ekintza sindikalak; greba orokor batera ere deitua dute. Langile-klasearen borrokak gero eta konplexuagoak dira, aspaldian ikusi gabeko eraso horri aurre egin nahian. Eta horri dagokionez, emakumeok badugu zer esan eta zer egin, ez bakarrik Martxoaren 8aren bezperetan, baizik hasi diren eta etorriko diren mobilizazio horien baitan ere.

Urtero martxoaren 8a dela-eta argazki bat plazaratzen dugu, nolabait erresistentzia pasibozko jarrera batekin, argazkiak sexuaren arabera zatikatutako lan-merkatu bat erakusten baitu; horrek eragin jakinak ditu, ondorio kaltegarriak emakumeontzat.

Hasteko, gizonekiko soldaten desberdintasuna oso handia da (urteko 7.000 euro EAEn 2011n, eta 7.268 euro Nafarroan 2009an); emakumeok batez besteko mailatik gora gaude ordezkatuta langabezian, azpienpleguan, aldi baterako kontratuetan, lanaldi partzialean, eta abarretan. Eta ez dago aipatu beharrik ekonomia informalean egiten ditugun jarduera guztiak, bizitzarako ezinbestekoak eta konplizitate kolektibo harrigarriz musu-truk eta inongo aitorpenik gabe egiten direnak.

Behin eta berriz aipatuagatik, oraindik ere emakume langileon eskubideak urratu egiten dira, baina modu berezian: guri ematen dizkiguten enplegu-kategoriek balioespen sozial eta ekonomiko okerragoa izan ohi dute; gure lan-baldintzak beti gain behera doaz, eta zor estruktural horrekiko itsutasuna historikoa da.

Haatik, guk ez dugu zor estrukturala izan nahi; erresistentzia pasiboak bere mugak ditu, areago atzerakada gertatzen ari den uneotan, izan ere, krisia ordaintzen ari diren guztien artean, emakumeok «gainsari» gaizto bat baitaukagu.

Ez dauka ez hankarik ez bururik, batetik, genero berdintasuna aldarrikatzeak, eta, bestetik, gastu publikoa zeharo murrizten aritzeak. Kontraesana da bankuen kontuak diru publikoz orekatzea eta emakume eta gizonen arteko berdintasunaren edota bereizkeriaren kontrako jarrera aipatzea.

Aurrekontu publikoaren eta gizarte-gastuaren murrizketa zuzen-zuzenean emakumeen bizkarrera doa, dugun krisiaren «leuntzaile» rola dela medio; halaber, pobreziaren feminizazioa areagotzen du, eta bizimodu prekariora daraman bidea urratzen hasten da.

Gauzak horrela ikusirik, erakundeek agenda politikoaren eta ekonomikoaren lehentasunak zeintzu diren adierazten dute, eta argi dago emakumeok, benetako berdintasuna eta, are, bortizkeriarik gabe bizitzeko gure eskubidea ez daudela inondik ere lehentasun horien artean.

Uneotan gogoan dugu azken lan-erreforma eta negoziazio kolektiboaren erreforma; espainiar parlamentuan, hain zuzen, martxoaren 8an berretsiko dute. A zer paradoxa!

Hartutako erabakien xehetasunetan sartu gabe, batzuk aipatzea komeni da, eta kontuan izan behar da guztiek dutela genero-eragin bereziren bat. Aipatzekoa da kaleratzea hainbat eratan erraztu eta merkatu dutela; negoziazio kolektiborako eskubidea mugatzen da; malgutasuna areagotu dute, eta kontratu prekarioak zein lanaldi partzialekoak bultzatu.

Zehazki, azken erabaki horrek emakumeok bete-betean jotzen gaitu, kontratu mota hori ia emakumeekin besterik ez baita egiten. Lana, familia eta bizitza pertsonala bateratzeko bide horren zergatia zaintza-azpiegitura unibertsal egokirik ez dagoela da. Baina gainera, sarri emakumeek lan-merkatuan sartzeko duten bide bakarra da. Hori ere tranpa bat da, izan ere, askotan emakumeek ez baitute borondatez hautatzen; horregatik, adi egon behar dugu «ezkutuko langabeak» bistatik ez galtzeko, hots, enplegu bila ez dabiltzan emakume eta pertsonak, baina aukera izanik lan egingo luketenak.

Erreforma hori gure eskubideentzako iseka bat baino gehiago da. Erantzun argia eman behar diogu guztiok, sare gisa eta era antolatuan jokatuz. ELAk uste du enpresei presio eragin behar zaiela eta politika publikoak fiskalizatu behar direla. Baina badakigu borroka areago doala ere, eta partekatutako borroken arteko ekintza bateratua indartzea ez dela nahi bat, betebehar bat baizik.

Eta borroka partekatuen artean, emakume eta gizonen arteko zinezko berdintasunaren alde egin beharrekoa saihestu ezineko jokaleku bilakatzen da; hor indarrak batuko ditugu mugimendu feministekin, zein helburu hori duten kolektibo, plataforma eta antolakunde sozialekin.

Bizimodu duin baten aldeko borroka ere ez da hautu kontu bat; horrenbestez, sindikalismoa indarrez mobilizatuko da. Kalera ateratzeko arrazoiak sobera ditugu; gaur egun lana duenak ere ez baitauka bizimodu duina ziurtatuta, eta prekarietatea ere gertu egon baitaiteke. Horrengatik guztiarengatik, martxoaren 29an emakumeok grebara goaz!

Alternatibak Martxoaren 8ko manifestazioetan parte hartzeko deia egin du

Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek emakumeen “eskubideen, autonomiaren eta bizitzaren defentsan” bihar, martxoak 8, kalera ateratzeko deia berretsi du gaur. Esan duenez, “azken hamarkadetako kapitalismo heteropatriarkalaren erasoaldi bortitzenetarikoa bizi dugu”, eta honen aurrean, Alternatibako Mahai Feministak Eusko Herriko emakume eta gizonei dei egin die “erantzun sendoa eman” dezaten, “murrizketei eta gure eskubideen urraketei ezetz esateko”.

Agirresarobek azpimarratu du premiazkoa dela subjektu politiko feminista indartsua eraikitzeko aliantzak sortzea, “balioa kentzen digun sistema matxista eta patriarkalaren aurrean mundu berria nahi dugu”. Ildo beretik, “kapitala baino, bizitza berregitea” ahalbidetzen duten alternatibak garatzeko indarrak biltzearen aldeko apustua iragarri du.

Alternatibak parte hartuko du Euskal Herri osoan egingo dituzten mobilizazioetan, besteak beste, Bilbon Arriaga plazatik 19:30etan abiatuko den martxan, Donostiako Boulevardetik ordu berean aterako den manifestazioan, Gasteizen Anton Deuna plazatik 20:00etan deitutakoan eta Iruñean, Gaztelu Plazan, antolatutako elkarretaratzean, 20:00etan ere.

Gure eskubideak ikutu ere ez. Mugi zaitez!

Martxoaren 8an emakume guztiei honako deialdia egiten diegu:

Mobilizazioa: gure eskubideak defendatzeko, gure autonomia defendatzeko, gure bizitza defendatzeko. Ezin gara geldirik egon, mugitu behar gara eta EZETZ esan behar dugu: murrizketei ez, gure eskubideen urraketari ez. Baita gu ere, indar berdinarekin, ozen eta garbi esaten dugu: Kapitalismoari EZ, patriarkatuari EZ. Gurea ez da defentsarako estrategia soila, eraso estrategia ere bada. Sistema hau ez da inoiz baliagarria izan eta gainditu behar dugu, alternatibak berehala eraikiz.

Artikulazioa: Sistemaren krisiari aurre egitean, artikulazioa ezinbestekoa da burujabetzan oinarritutako gizarte eredu berriak sortzeko. Emakumeak anitzak gara, ezberdinak, baina sistemaren alderdi guztiak erabat gainditzearen alde gaudenok, gure indarrak batu, irudimenak nahastu eta estrategia bateratuak landu behar ditugu.

Borroka: Ez dugu erreformarik onartuko, ezta prekarietatean mantenduko gaituen aldaketarik ere. Mundu berri bat nahi dugu eta orain nahi dugu, matxismorik gabekoa, patriarkaturik gabekoa, gure balioa galarazten diguna, bortxatzen eta aintzat hartzen ez gaituena. Bizitza aske bat nahi dugu, bizia ugaldu nahi dugu eta ez kapitala, gure bidea guk erabakitzen duguna izango da eta ez besteek ezarritakoa, eta horretarako ezin gara geldirik egon.

Alternatibaren Mahai Feministatik patriarkatuaren eta kapitalismoaren aurka borrokatzen jarraituko dugu, emakume guztiontzako eskubide guztien aitortzaren alde eta bizitza erdigunean kokatuko duen sistema sozial eta ekonomiko baten eraikuntzaren alde.

Gora Emakumeon Borroka!! Gora Alternatiba Feminista!!

http://alternatiba.net/old-files/8marzo.jpg

Eskubideen krisirantz > Maite Asensio Lozano

Maite Asensio Lozano > Berria

Ez da lanaren aurkako erasoa soilik; bizitzaren aurkakoa da». Amaia Perez Orozko ekonomialari feministaren esaldi horrek ondo laburbiltzen du aurtengo Martxoaren 8an emakumeek kalera aterako duten kezka: finantzen krisia eskubideen krisi bihurtzen ari da. Izan ere, lurrikara ekonomikoa hasi eta lau urtera, eskubideen lorpenean atzera egiteko arriskua inoiz baino handiagoa da, eta horrek, andreen kasuan, bizimodua bera auzitan jartzea dakar.

Kapitalismoak oinarrian duen egiturazko kontraesana jarri du agerian ekonomia feministak: kapitala pilatzearen eta bizitzari iraunaraztearen arteko gatazka. Bi prozesuok bateraezinak direla ikusarazi du finantza sistemaren eztandak, Perez Orozkoren ustez: «Kapitala pilatzeko prozesuak pertsonen beharrak asetzeko prozesua erabiltzen du, etekin ekonomikoak lortzeko: bizitzak inporta du, etekin horiek eratzeko modua ematen duen neurrian, baina bizitza bera ez da helburu bat, bitarteko bat baizik, eta batzuetan, oztopo bat ere bai».

Gatazka hori ez ezik, bi prozesuotatik bat lehenesteko beharra ere azaleratu du krisiak. Gobernuen hautua izan da aurrerantzean ere kapitala pilatzea. «Merkatuaren tresnek gaizki funtzionatzen dute, bizitzari eusteari dagokionez. Logikoena litzateke tresna horiek aldatzea, baina badirudi ezin direla egitura horiek auzitan jarri». Ekonomialari feministaren esanetan, gizartea ez dago kezkatuta finantza merkatuetako desorekekin, baizik eta politikak eman duen erantzunarekin, «desoreka hori orekatzeko, bizi-baldintzak eta bizitzaren iraunkortasuna arriskuan jarri delako».

«Hain da agerikoa, ezen esateak demagogikoa ematen baitu», erantsi du. Baina argazki horretan emakumeek duten lekua oso argigarria da: «Kapitalaren pilaketa bermatzeko erantzukizun soziala badago, baina ez bizitzaren iraunkortasuna bermatzeko. Hori konpontzeak ez gaitu kezkatzen». Baina doitze hori etxeetan gauzatzen da; emakumeek egiten dute, haien gain erortzen delako bizitzari iraunarazteko ardura. «Erantzukizuna feminizatzen da, eta ikusezin bihurtzen: hitz egin nahi ez dugun eta gatazkarik sortzen ez duen esparruan uzten da».

Bada, sistema hori haustea izan da feminismoaren aldarrietako bat, baina emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak betikotzeko arriskua ekar dezakete, besteak beste, Espainiako Gobernuak bultzatutako azken lan erreformak eta murrizketa sozialek. «Emakumeoi ondorio bikoitzak ekarriko dizkigute, berez egoera kaltetuago batetik abiatzen garelako», adierazi du Zaloa Ibeas LABeko Emakumeen saileko arduradunak.

Izan ere, sindikatuek antzeko diagnostikoak egiten dituzte urtero. Andreen langabezia tasa gizonena baino handiagoa da, baina langabezia sari txikiagoa jasotzen dute, eta soldatak ere %27 apalagoak dituzte. Aldi baterako kontratu gehiago eta mugagabe gutxiago egiten zaizkie, eta andreek betetzen dituzte ia lanaldi partzial guztiak.

«Krisia txarra da enplegua galtzen dutenentzat, baina enpleguari eusten diotenentzat ere bai, prekarizatzen delako», azaldu du Mertxe Larrañaga EHUko Ekonomia irakasleak. Krisiaren bilakaerari erreparatuta, aldiz, ondorio batzuk neurtzea zaila dela onartu du: «Oraingoz ezin da frogatu, baina badirudi emakume batzuk lan merkatuan sartu direla, krisiak behartuta. Horrekin lotuta, emakume gazteak lan merkatura sartzeko erritmoa moteltzen ari da, eta emakume heldu edo zaharragoena, azkartzen».

Eta jokaleku horretan, nola eragingo du Hegoaldean berriki onartutako lan erreformak? Ondorio nabarmenena lanaldi partzialaren alorrean antzemango dela iragarri dute sindikatuek. Orain, kontratu partzialak bultzatzeaz gain, lan baldintzak ere ezarri ahalko dituzte enpresaburuek; besteak beste, beharginak aparteko lanorduak egitera behartu ahal izango dituzte. «Ez du zentzurik. Lanaldi partzialari ordu gehiago jarriz gero, ez da lanaldi partziala», ondorioztatu du Jone Bengoetxea ELAko Emakumeen arloko arduradunak.

Bateragarritasunaren aurka

Andrazkoak dira halako kontratuak dauzkaten langileen %70 Euskal Autonomia Erkidegoan, eta %85 Nafarroan. Izan ere, lan mundua eta bizitza pertsonala bateratzeko onartu ohi dute emakumeek lanaldi mota hori, Ibeasen hitzetan, «zerbitzu publiko eta bateratze neurririk ez dagoelako». «Ez da boluntarioa, batzuetan ez dutelako beste aukerarik izaten», berretsi du Bengoetxeak. Nafarroan, esaterako, zaintzarako lanaldi murrizketen %98 emakumeentzat dira.

Bateragarritasunean zuzenean eragiten duten beste hainbat puntu eraldatzeko ahalmena ere enpresarien esku egongo da, hala nola zaintzarako zenbat lan ordu murriztea. Baina, horrez gainera, sindikatuek ohartarazi dute andreak kaleratzeko arrazoi bihur daitekeela bateragarritasuna, adibidez, absentismoz mozorrotuz.

Kaleratzeak «arbitrarioki» egin ahal izaterekin batera, negoziazio kolektiboa mugatu izana atzerapausoa dela esan du Bengoetxeak: «Soldatak parekatzeko, bateratzea errazteko, sexu jazarpenari aurre egiteko… Berdintasun planetan edo lan itunetan lortu diren neurriak galtzeko arrisku itzela dago». Oso kezkatuta agertu da, galera horiek «ia ikusezinak» izango direlakoan, «kostu politikorik gabeak». Izan ere, oso zaila izango da horiek zenbakitan jartzea, estatistiketan agertzea: «Hitzarmen bat negoziatzerakoan, nola ukitzen duzu berdintasuna klausula zehatzetan? Nola neurtzen duzu diskriminazioa? Egiturazko arazoak ez dira ia ikusten».

Baina, lan erreformak ez ezik, krisia hasi zenetik planteatu diren murrizketa gehienek ere eragin handiagoa izan dute andrazkoengan: Espainiako Mendekotasun Legearen aplikazioa atzeratzea, gutxieneko soldata izoztea, funtzio publikoko lantaldeak ez handitzea… Neurrion atzean, emakumeak lan merkatutik ateratzeko arriskua ikusten dute sindikatuek. «Erantzukidetasunik ez dagoen neurrian, emakumeek bateratzen dute, eta hautatzera behartuko dituzte: enplegua ala zaintza», iragarri du Feli Piedra Euskadiko CCOOko Emakumeen idazkariak. Hain justu ere, CCOOk eta UGTk PSOEri eskatu diote genero diskriminazioa argudio gisa sartzea, lan erreformaren aurka prestatzen ari den Konstituzioaren aurkako helegitearen barruan.

Sindikatuen iragarpen horren lehen urratsak agertu dira jadanik. Mertxe Larrañagak azaldu duenez, ohikoak dira merkatuaren eta etxearen arteko lan trukeak: «Egoera ekonomikoa ona denean, jendearen bizi-kalitaterako beharrezkoak diren lanak merkatura ateratzen dira: etxetik kanpo bazkaltzen dugu, norbait kontratatzen dugu garbiketarako…». Eta egoera ekonomikoa okertzen denean, alderantziz, «produkzioa merkatutik eta estatutik etxera mugitzen da».

Beraz, etxeko eta zaintza lanen zamak lan merkatutik aterako ditu andreak? Asmoa, behintzat, badago, Ibeasen iritziz: «Ez dugu inoiz enplegua edukitzeko eskubidea bermatuta izan, merkatuaren interesen arabera egon gara bertan; beraz, enplegua falta denean, gu gara lan merkatutik kaleratzen lehenak». Larrañagak, ordea, ez du uste irteera masiboa izango denik: «Aurreko krisietan ere espero zen, baina ez zen gertatu. Lan merkatuan andreen presentzia sendotuta dago». Erdian geratu da Bengoetxea: «Kaleratzea neurtua izango dela uste dut; halako neurrietan programatuta egoten da txirotzea».

Eskubide ekonomikoak galtzeko aukera, hala, argiago ikusten dute denek. Larrañaga: «Lanaldi partzialaren aldeko apustua egingo da, eta arriskua da lanaldi hori emakumeentzat bakarrik geratzea». Hortik prekarietaterako eta desberdintasunerako bidea zuzena da, «enplegu partzialek soldata partzialak dituztelako, eta mailaz igotzeko oztopoak». Ibeasek gogorara ekarri du andreen jarduna «osagarritzat» jo izan dela etxeko ekonomietan, «eta horrek autonomia ekonomikoa eskuratzea eragotzi digu, mendekotasun egoeran kokatu gaitu».

Abagune horretan betikotzea erraz ikusten du Bengoetxeak, gizartean beldur handia dagoelakoan eta izuak jarrera kontserbadoreenak azaleratzen dituelakoan: «Krisi garaietan ateratzen dira fundamentalismo guztiak, eta hor, emakumeak galtzaile gara». Eta politika atzerakoiak nagusi diren garaietan, berdintasun politikak ere arriskuan daudela sinetsita dago: «Orain Espainian agintean daudenek esaten dute berdintasun politikak luxu bat direla, ez beharrizan bat. Horrekin batera etorriko da, adibidez, abortatzeko eskubidea murriztea».

Erantzuna feminismotik

Borroka feminista indartzea eta emakumeen aldarrikapenak sindikatuetan uztartzea ezinbesteko dute Ibeasek eta Bengoetxeak irtenbideari begira. Baina errealitateak dio feminismoek aurkeztutako alternatibetatik oso urrun daudela gobernuen erantzunak. «Politikek egungo norabidean jarraitzen badute, krisia larriagotuko da, dimentsio guztietan: prekarietatea, zaintzaren krisia, krisi ekologikoa…», ohartarazi du Amaia Perez Orozkok.

Baina krisi ekonomikoa eraldatzeko aukera gisa ikusten du oraindik ekonomialariak. «Gatazka azaleratu da, eta sistema auzitan jartzeko aukera eman digu». Zirt egin ordez zart eginez gero, konponbiderik txarrenetan onenarekin geratzearen beldur ere bada: «Kapitalismo ona eta txarra daudela sinestarazi nahi digute, produktibitatearen diskurtsora itzuliz. Guretzat hori ez da nahikoa».

 

Andreak enpleguan

DIAGNOSTIKOA

2011 amaierako datuak eman dituzte sindikatuek:

Langabezia. Krisia hasi zenean gizonen langabeziak emakumeena gainditu bazuen ere, egoera berriro irauli da: Hegoaldean, %15,4 da andreen artean, eta %13, gizonen artean. EAEn, 25 urtetik beherakoen artean aldea nabarmenagoa da: emakumeen %43 daude lanik gabe, eta gizonen %29,5.

Kontratu mota. Iaz emakume gutxiago kontratatu ziren EAEn, baina andreen %30ek hiru kontratu baino gehiago eduki zituzten (gizonen %21ek). Kontratu mugagabeak %13 jaitsi ziren andreen artean (%8,9, gizonetan); aldi baterako kontratuak, berriz, %4,7 igo (%1,2, gizonetan). Emakumeek iaz sinatutako kontratuen %47,6 lanaldi partzialekoak izan ziren.

Soldata. Batez beste, EAEko andreek gizonek baino 6.391 euro gutxiago kobratzen dute urtero; Nafarroakoek, 7.268.

MURRIZKETEN ERAGINA

Mendekotasun Legearen aplikazioa atzeratzea. Feministen ustez, emakumeen bizkar eroriko dira administrazioek ematen ez dituzten zaintza zerbitzuak.

Lanbidearteko gutxieneko soldata izoztea. Lansaria zenbateko horren arabera erabakitzen duten sektoreei kalte handia egingo die. Sektoreotako gehienak feminizatuta daude; esaterako, etxeko langileak.

Sektore publikoko lantaldeak izoztea. Eragina handiagoa da andreengan, administrazioko langileen ia %60 direlako; EAEn, aldi baterako dauden andreak lan taldearen %34 dira, eta gizonak, %16.

Pentsioen murrizketa. Emakumeen pentsioak, berez, apalagoak dira, eta, gainera, pentsioen zenbatekoa kalkulatzeko kotizazio epea luzatzen den heinean jaisten dira, lan merkatutik ateratako aldiak hartzen dituelako zaintzan jarduteko.

Alternatibak Indarkeria Matxistaren lege aurreproiektua alboratu izana txalotu du, baina behin betiko baztertzeko exijitu du

http://redesdesolidaridad.files.wordpress.com/2009/09/violencia.jpg?w=341&h=304

Alternatibako bozeramaile Ana Etxartek indarkeria matxistaren aurkako lege aurreproiektua alboratu izana ontzat jo du, “Eusko Jaurlaritzako teknikariak eta talde feministak aurka zituen arren, Herrizaingo Sailak tramitatzeko asmotan kosta ahala kosta ibili izan delako, Lakuaren gaurko iragarpenera arte, egitasmoa onartzeko klima politikorik zein adostasunik ez dagoela argudiatuta.

Etxartek azpimarratu duenez, aurreproiektuaren kontrako kritika gehienak ”beharrezkoa ez den legea” onartu nahi izatetik datoz, emakumeen elkarteek aurkeztu zituzten alegazioetan jasotzen denez, egungo legea garatzearen aldekoak baitziren, “inoiz ez du adostasunik izan Ares buru duen sailak indarkeria matxistaren biktimak politikoki errentagarriak bilakatzea beste asmorik ez zuelako lege honen bitartez”. Horretarako, emakumeen kontrako indarkeria segurtasun publikoaren arazo gisa jorratzeko asmoa zuten, “konponbidea bide polizialetan egongo bailitzan eta berdintasun politikak alde batera utzita”.

Alternatibako bozeramaileak gogorarazi duenez, indarkeria matxista gizon eta emakumeen arteko desberdintasunen “adierazpenik bortitzena da, baina ez bakarra”, hartara, “indarkeria emakumeen diskriminazioarekin eta zapalkuntzarekin zerikusirik izango ez balu bezala jorratzea atzerapauso larria litzateke”. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari galdegin dio lege aurreproiektua “bertan behera utzi ez ezik, behin betiko ahaztu dezala”. Erakundearen ahaleginak eta baliabideak, aldiz, “indarkeria matxistaren zergatiak eta sintomak identifikatzeko politikei bidera ditzala eskatu dio, berdintasun politikak garatu eta inplementatzeko”.

X