Subjektu politiko feminista sendotzen

Emakume feministon eta bereziki mugimendu feministako emakume feministen artean aliantzak eraikitzen jarraitzea berebiziko estrategia bat da Alternatibako emakume feministon ustez. Agendak konpartitzen eta borroka komunak artikulatzen jarraitu nahi dugu eta horregatik beste emakume feminista askorekin batera eztabaida eta gogoetarako espazioak konpartitzea espero dugu. Martxoaren 2an 3an eta 4an Leitzan ikusiko garelakoan.

Alternatibako Feminismo Mahaitik Bilgune Feminista zoriondu nahi dugu bere hamargarren urteurrena dela eta. Euskal Herri feminista baten alde urteetan borrokatzeagatik zoriontzen dugu; emakumeen egoera hobetzeko aldarrikapen isolatuen batuketa soilaren ordez, borroka feminista gizarte eredu berri bat eraikitzeko beharrezko tresna moduan ulertzeagatik zoriontzen dugu. Gizarte eraldaketa, feminista izango da edo ez da izango; mugimendu feministak egindako aldarrikapen honi esker ulertu denez, ezin daitezke borrokaren dimentsioak hierarkizatu eta jarraitu beharreko bidea emantzipaziorantz doa, patriarkatuak eta kapitalismoak eraikitako binomio banaezinak egun inposatzen dizkigun jazarpen era ezberdinei aurre eginez.   

Azken finean, patriarkatuarekin ez dago iraultzarik, ezta kapitalismoarekin genero berdintasunik; eredu produktibistekin ez dago iraultzarik, ezta ekologia jasangarritasunik ere, indarrean dagoen ereduaren oinarriak aldatu gabe; kultura eta nazio uniformetasunarekin edo klase antagonikoekin ez dago iraultzarik, ezta nazio eraikuntzarik, internazionalismorik gabe. 

Zentzu honetan, asko pozten gaitu Bilgunek antolatutako topaketan parte hartzeak, eta bereziki aberasgarria deritzogu elkarrekin aurkitu eta feminismotik eraiki nahi dugun eredu ekonomiko eta sozial berri horren inguruan eztabaidatzeari. Gure ustez, sistemaren krisi honetan berebizikoa da behin eta berriz azpimarratzea eredu berri honek zaintzaren ekonomia kontuan hartu beharko duela, ekonomia jardueran funtsezkoa den heinean. Era berean, gizarte ikuspuntu batetik, gizon eta emakumeen arteko kontratu sozial berri bat adostu behar da, arduren elkarbanatzean oinarritutakoa eta ez gizonen laguntzaile diren emakumeen jardueran. Bilgunek luzatutako gonbidapenari esker, Alternatibako Feminismo Mahaitik ekonomia eta lan ardatzen inguruan egiten ari garen lana sendotzeko gogoetak partekatzeko eta zabaltzeko aukera izango dugu. 

Gainera, Bilgunerekin beharrizan bat konpartitzen dugu: leku ezberdinetatik patriarkatuaren amaiera dominazio era guztien amaierari lotuta egon behar dela ulertzen dugun emakume feministon artean aliantzen eraikuntzaren bidez subjektu politiko feminista indartzeko beharrizana, hain zuzen. Anitza izan behar duen subjektu politiko ezkertiarraren barruan artikulatutako subjektu feminista indartsu bat eraikitzen jarraitzea berebizikoa dela uste dugu: emakume feministekin batera langile klasea eraikiz, ekonomia feministaren, nekazarien eta mugimendu ekologistaren ikuspuntutik ulertuta.  

Topaketa hauen antolaketak eta Bilgunek espazio ezberdinetan lan egiten dugun emakume feministoi luzatu digun gonbidapen zabalak, baita militantzia politiko mistoko espazioetakoei egindakoa, aldarrikatzen ditugun indarren batuketa praktikan jartzeko aukera eskaintzen digula uste dugu. Emakume feministon eta bereziki mugimendu feministako emakume feministen artean aliantzak eraikitzen jarraitzea berebiziko estrategia bat da Alternatibako emakume feministon ustez. Agendak konpartitzen eta borroka komunak artikulatzen jarraitu nahi dugu eta horregatik beste emakume feminista askorekin batera eztabaida eta gogoetarako espazioak konpartitzea espero dugu. Martxoaren 2an 3an eta 4an Leitzan ikusiko garelakoan. 

Zorionak Bilgune! Urte askotarako!

Alternatibak Abortuaren Legerik atzerakoiena berreskuratu nahi izatea leporatu dio Gallardoni

Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak Abortuaren Legearen erreformaz gaur eginiko adierazpenak salatu ditu, eta “lotsagarritzat” jo du “emakumeek beren gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea urratzen duen neurria aurrerakoia bailitzan aurkeztea”. Gallardonek 1985eko legea berreskuratzeko asmoa azaldu du, aurreko legegintzaldian emandako “aurrerapauso eskas eta apurrak” desagerraraziz, 16 eta 17 urteko adingabeek gurasoen baimenik gabe abortatu ahal izatea eta 14 asteko epea ezartzearena askatasunez abortatzeko, alegia.

Alternatibak, aurretik PSOEk onartutako erreformak “gabezia handiak” zituela salatu zuena ez zuelako abortua zigor kodetik ateratzen eta sistema publikoan abortatu ahal izateko bermeak jartzen ez zituelako, “iraingarria” iritzi dio ministroak “bizitzaren defentsa” gisa aurkezteari benetan “patriarkatuaren indarkeriaren aldaera bat” dena.

Raxoiren Gobernuaren egitasmoaren aurrean, Agirresarobek abortu “librea eta doakoa” aldarrikatu du: “emakumeei amatasuna noiz eta nola hartu behar duten ezartzetik librea;  emakumeen eskubideak eta sexualitatea errespetatzen dituen legea aldarrikatzen jarraituko dugu”.

Alternatibak zaintza partekatuaren aldeko politikak sustatu eta kontziliazioz maskaratutako propaganda lagatzeko eskatu dio Bilboko Udalari

Alternatibako Feminismo Mahaiko bozeramaile Amaia Agirresarobek Bilbao Kirolak erakundeak eskaintzen duen “Amatxoak gurditxoekin” programaren izaera propagandistikoa salatu du. El Correo egunkariak gaurko edizioan hizpide izan duen ekintzak umetxoekin egiteko moduko kirol jarduera proposatzen die emakumeei. Agirresaroberentzat, jarduera honek “kontziliazioaz mozorrotzen du adingabeen zaintza emakumeek berezkoa duten errealitatetzat aurkeztea, amatasuna beren bizitzaren helburu bakarra bailitzan”.

Jarduera instituzionalak “zaintza partekatua sustatzera bideratzeko” eskatu dio Alternatibak Bilboko Udalari, “ama zaindariaren irudiarekin amaitzeko haurrentzako espazioak eskaini behar dira, zaintzaileei beren bizitzako gainerako alderdiak garatzea ahalbidetuko diena, emakumeei bereziki, seme-alaben hazkundearekin batera eman daitezkeenak”.

Era berean, Agirresarobek “amatasunaren goraipamena ” egitea leporatu dio udal erakundeari, “emakumeen bizitzaren erdigune gisa sustatzeak beren partea hartzea oztopatzen duelako bizitza publikoan, kulturan, politikan zein gizartean; baita aisialdiarekin edo norberaren ongizatearekin lotutako alderdietan, kirolean kasu”.

Alternatibak indarkeria matxista propagandarako erabiltzea leporatu dio Herrizaingo Sailari

Alternatibako bozeramaile Ana Etxartek indarkeria matxistaren aurkako lege aurreproiektuaren kontra mugimendu feministek eta Lakuako teknikariek eginiko kritikekin bat egin du gaur, “Aresen sailak kosta ahala kosta  aurrera atera nahi du, Eusko Jaurlaritzaren baitan zein kanpoan gehiengo zabalaren iritziaren aurka”. Etxarteren ustez, “ez da beharrezkoa lege berri bat” egitea, egungoa garatzea baizik, emakumeen elkarteen alegazioetan jasotzen denez: “Herrizaingo Sailak protagonismoa besterik ez du nahi, indarkeria matxistaren biktimen arretan egiten duenarekin nahikoa ez duenez, orain politikoki errentagarriak bilakatu nahi ditu”.

Alternatibak “akats deitoragarria” deritzo emakumeen kontrako indarkeria segurtasun publikoaren arazo gisa jorratzeari, konponbidea bide polizialetan egongo bailitzan. Etxartek gogorarazi duenez, indarkeria matxista gizon eta emakumeen arteko desberdintasunen “adierazpenik bortitzena da, baina ez bakarra”, hartara, “indarkeria emakumeen diskriminazioarekin eta zapalkuntzarekin zerikusirik izango ez balu bezala jorratzea atzerapauso larria litzateke, eta berdintasun politiken alde lan egin duten pertsona guztien kontra egitea, Herrizaingo Sailak aferaren erdigunetik kendu nahi baititu” .

Etxartek, azkenik, Aresen sailaren menpe dagoen Genero Indarkeriaren Biktimentzako Zuzendaritzari lege aurreproiektua bertan behera uzteko exijitu dio eta, era berean, Eusko Jaurlaritzari  indarkeria matxistaren zergatiak eta sintomak identifikatzeko politikei behar beste baliabide emateko eskatu dio, berdintasun politikak garatu eta inplementatzeko, “bide polizialetatik bakarrik nekez lortu daitekeena”.

Isabel Otxoa, etxeko langileen Bizkaiko elkarteko kideak, langile hauen egoera zailaren berri eman digu

AlternaTB-k Isabel Otxoa elkarrizketatu du, EHUko irakasle eta Bizkaiko Etxeko Langileen elkartekokideak. Etxeko langileen errealiateaen berri ematen du bideoan, eskubide gabeziak eta azken hilabeteetan emandako lege aldaketen inguru hausnarketa egin du.

Gaurkotuta: 2012ko urtarrilean sartu dira indarrean Isabelek aipatzen zizkigun aldaketetako batzuk, merezi du, hala ere, gabezia handiak direla ikusteak.

X