Babesaren zama, erasotzaileei? > Maite Asensio

Ez da inoiz egin, baina ez da ezinezkoa. Adituen aburuz, genero indarkeria jasan duten andreak babesteko, biktimei bizkartzaina jarri ordez, erasotzaileei zaintza etengabea ezartzeko aukera egingarria da, juridikoki behintzat. Ideia hori, dena den, ez da inoiz planteatu, eta, beraz, egun ez dago halakorik egiteko modurik, baina segurtasunaren «zama» erasotzaileen gain jartzeko ideia hipotesi bat baino gehiago izan liteke. Errealitate bihurtzeko, ordea, bide luzea geratzen zaio, bai teknikoki, bai sozialki.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bikotekide edo bikotekide ohien aldetik tratu txarrak jasandako 52 emakumek daramate bizkartzaina egun. Eusko Jaurlaritza 2006an hasi zen indarkeria matxistaren biktimei babes neurri hori eskaintzen, baina aurten sendotu du apustua, ETA erakundearen jarduera armatua urritzearekin batera. Abuztu amaieran jakinarazi zuen Herrizaingo Sailak 150 ertzain jarriko dituztela arriskuan dauden andreak zaintzen, bai eskolta gisa, bai kontrazaintza egiten.

Mugimendu feministak eta emakume elkarteek ez diote guztiz harrera ona egin neurriari, andreen askatasuna baldintzatzeaz gain, haien biktima izaera sakontzen duelako. «Oso zama astuna da», onartu du Juana Balmaseda abokatuak. «Genero indarkeriaren arloan, ia lan guztia emakumeen inguruan egin da: salaketak, azterketa psikologikoak, babes neurriak… Erasotzailea bigarren mailan geratu da, esku hartzeari dagokionez».

Hartara, zama hori lekualdatzeaz jardun dira emakume taldeak: tratu txarrak jasaten dituztenen bizkarretik tratu txarrok ematen dituztenenera. Zehazki, erasotzaileak kontrolatzea proposatu dute. Haien kezkak laburtu ditu Euskal Herriko Bilgune Feministako kide Miren Arangurenek: «Zergatik ez da inoiz hitz egin erasotzaileari zaintzailea jartzeaz? Zergatik da beti errazagoa emakumearen askatasuna baldintzatzea? Zergatik erori behar dute instituzioek biktimaren salbatzaile rolean?».

«Egia da bizkarzaina eramatea ez dela inoren gustukoa, baina emakumeek segurtasuna behar badute, guk bizkartzaina eskainiko diegu», erantzun du Mariola Serranok, Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako zuzendariak. Emakume elkarteen eta feministen kezka ulertzen du, baina, dioenez, tratu txarrak jasandako andreek ontzat jo dute bizkartzaina izateko aukera: «Seguru sentitzen dira, eta neurria eskatzen digute. Ezin gara emakumeen ahotsaz ahaztu».

Emakumeen estigma

Hain justu, Emakundeko zuzendari Maria Silvestrek nabarmendu du emakumeen jabekuntza sustatu behar dela babes neurrien bidez: «Babesteaz gain, andreak jabetu behar dugu, eta birgizartera daitezen erraztu. Neurrien bitartez, haien estigmatizazioa gutxitzen saiatu beharko genuke». Hartara, Serranoren ustez, emakumeen babes sistema hobetu behar da, baina haien biktimizazioa ahal den neurrian saihestuz. Eta horretara bideratu behar da gogoeta: «Eztabaida ez da bizkartzainak bai ala ez, baizik eta nola babestuko ditugun andreak. Galdetu al diegu babestuta egoteari utzi nahi dioten?».

Izan ere, Ertzaintzak zuzenean emakumeekin egiten du lan. Berez, babes neurriak martxan jartzeko, ez du agindu judizialik behar. «Arriskuan daudela uste badugu, babesten ditugu, epailearen erabakia edozein dela ere», azaldu du Serranok. Beraz, gerta daiteke epaiketaren zain dagoen kasu batean ustezko erasotzailearen aurkako urruntze agindurik ez egotea baina Ertzaintzak babes neurriren bat abian jartzea, beharrezkotzat jotzen badu. «Emakumeekin hori egin dezakegu, haiek onartzen baldin badute», zehaztu du Serranok.

Gizonekin lan egitea konplexuagoa da. Esku hartzearen oinarria bera aldatzen da: biktimarekin dagoenean, zaintzailearen helburua babesa da; erasotzaileekin dagoenean, aldiz, kontrola. «Pertsona baten eskubideak bere gogoz kontra murrizteko epailearen ebazpen bat behar da», zehaztu du Nekane San Miguelek, Bizkaiko Probintzia Auzitegiko zigor arloko magistratuak. Ildo horretan, administrazioetako ordezkariek ez dute argi non dagoen muga juridikoa. «Azterketa sakona» eskatu du Serranok, «ea noraino hel daitekeen». Silvestrek erantsi du «zentzuzkoa» litzatekeela gizonen gaineko kontrola areagotzea, «baina kosta egiten zait imajinatzea hori nola gauza daitekeen».

Hain zuzen, errugabetasun presuntzioa urratzeko arriskua ikusten du Silvestrek erasotzaileei zaintza etengabea ezartzeko aukeran. Nekane San Miguelek azaldu du epaileek halakorik agintzeko ahalmenik badutela, baita behin-behineko neurri gisa ere. «Kautelazko neurrien artean zailena eta larriena behin-behineko kartzelatzea da: pertsona bati askatasuna kentzen diozu, oraindik epaitu gabe dagoela, errugabetasun presuntzioa edukita».

Hortaz, erruduna den ala ez jakin gabe, epaileek pertsona baten askatasunaren gainean erabaki badezakete, askatasun hori erabat kentzeraino, hori baino neurri arinagoak ere ezar ditzakete, San Miguelek argudiatu duenez. Ildo horretan, gogora ekarri du garai batean urruntze aginduak ez zirela ohikoak, eta zenbaitek zalantzan jartzen zituztela: «Nik 1996an agindu nion lehen aldiz aldentzea gizon bati, eta orduan ez zegoen aurreikusita halako neurririk. Baina argudiatu nuen: nik pertsona hau kartzelara bidal badezaket, zergatik ezin dut kartzelatik atera emakumearengana hurbiltzeko debekua jarrita? Askatasunaz gabetzeko gai baldin banaiz, askatasun hori murrizteko gai ere banaiz». Arau horri jarraiki, beraz, ustezko erasotzaileei zaintza jartzea posible ikusten du epaileak: «Pertsona bat kartzelara badezaket, zergatik ezingo diot zaintzaile bat jarri? Arazoa beste ildo batetik doa».

Juana Balmasedarentzat «ia pentsaezina» da horrelako behin- behineko neurririk hartzea, baina beste aukera bat zabaldu du, zigorrarekin lotuta: «Erasotzaile gehienak ez daudenez espetxean, haien gaineko kontrola areagotu beharko litzateke». Abokatuak azaldu duenez, ohiko tratu txar kasu gutxi frogatzen dira: «Gutxitan salatzen dira urte askoan zehar pairatutako tratu txarrak. Eta salatu izan direnean, emakumeek ez dute frogatzerik lortu».

Baieztapen horrek agerian uzten ditu prozesu judizialen ezaugarriak. «Ez da gauza bera sozialki edo judizialki biktima izatea», adierazi du Balmasedak. Epaitegian arau zehatzak daudela erantsi du: «Epailea ezin da biktimaren alde jarri. Akusazioak dauka frogaren zama, eta zantzu argirik eraman ezean, beste aldea aterako da garaile. Akusatuari eskubideak murriztuko bazaizkio, kausa justifikatu bat egon behar da». San Miguelek ere argi hitz egin du: «Frogarik ez badago, ez dago deliturik». Halere, bere ustez, auzien instrukzioan dago arazoaren parte handi bat: «Ohiko tratu txarrak ez dira behar bezala ikertzen, eta berehalako erantzun penalekin konformatzen gara».

Indarkeria molde hori frogatzea zaila den abagunean, «entitate txikiko delituak» epaitu ohi dira, Balmasedaren arabera. Beraz, zigor eskaerak txikiak izaten dira, eta erasotzaile asko ez dira espetxera joaten, errudun jota ere, bi urtera arteko kondena ezarri bazaie eta aurrekaririk ez badute. Halakoetan biktimarekiko urruntze agindua ezarri ohi zaie, kartzela zigorraren luzera bikoitzekoa. Aldentze hori betetzen dela egiaztatzeko zaintza etengabea jar lekioke erasotzaileari, Balmasedaren ustez: «Bai, zigorra irmoa bada, aukera egongo litzateke».

Baina halakorik gauzatzea konplexua iruditzen zaio abokatuari. «Egun ez dago horretarako formularik, eta aztertu beharko litzateke nola egin: zenbat erasotzaile dauden eta zenbati jarri zaintzailea, zein kostu edukiko lukeen, zaintza bera eraginkorra izango litzatekeen…».

Nekane San Miguelek ere onartu du halakorik ez dela «inoiz planteatu» epaileen artean, baina etorkizunera begira, ez du uste ezinezkoa litzatekeenik. Dudak, ordea, beste leku batetik heldu zaizkio epaileari, ez baitaki neurria eraginkorra izango litzatekeen, emakumearen askatasunari dagokionez. Proportzionaltasunaren printzipioaz mintzatu da: «Hartu behar den neurri murriztailearen eta neurri horren bidez lortu nahi den helburuaren artean oreka lortu behar da».

Hori dela eta, eztabaida, juridikoa bainoago, «filosofikoa» iruditzen zaio epaileari: «Kontzeptualki, poliziak erasotzaileak zaintzeko daude? Zaintza horrek ez luke eskatuko emakumea ere kontrolatuta egotea? Emakumeari bizkartzaina jartzeak berak askatasuna eta intimitatea murrizten die; baina gizonari zaintzailea jartzeak hori ekidin dezake? Emakumea askeago egingo du?».

Egiturazko aldaketen beharra

Bilgune Feministarentzat ere erasotzaileei zaintza jartzeak ez luke arazoa konponduko, «segurtasuna ez baitator kontroletik, baizik eta eskubide guztien bermetik». Miren Arangurenek gogora ekarri du indarkeria sexista egiturazko arazoa dela, eta dimentsio hori oinarri hartuta jardun behar dela: «Segurtasuna kontrol polizialarekin erlazionatzen dugu; neurri errepresiboak soilik planteatzen dira egiturazko zapalkuntzei aurre egiteko, eta horiei egiturak aldatzen egiten zaie aurre».

Emakumeak jabetzeko, autodefentsaren bidea aipatu du Arangurenek; Juana Balmasedak, berriz, beste lan ildo bat proposatu du: «Nire ustez, erasotzaileekin lan egitea funtsezkoa da». Tratamendu serioak behar direla erantsi du, «gizonak eta emakumeak berdinak garela aitortu eta barneratu behar dutelako».

Epe luzera lan egitearekin bat dator Mariola Serrano, baina epe laburrera begira lan egiten jarraitzea ere ezinbestekotzat du: «Eta epe laburrekoa da babes neurriak hobetzen jarraitzea, gizartean genero indarkeria dagoen bitartean».

Amatxoak gurditxoekin

“Amatxoak gurditxoekin”. Hala deritzo Bilbao Kirolak emakumeei eginiko eskaintza berriari. Bilboko Udalak, Bilbao Kirolaren bidez, mezu oso kezkagarriak bidaltzen dizkigu kanpaina honi izena ematen dizkioten hitzen bitartez:

Emakumeenganako zer nolako irudia dauka Udalak? Bilbao Kirolakek emakumeentzat bereziki eskainitako jarduera bakarrak amatasunarekin lotuta daude: aurretik haurdun dauden emakumeentzako ikastaroak antolatu dituzte eta, orain, gurditxoekin egiteko ikastaroa. Emakume guztiak amatasunarekin lotzen al ditu Udalak? Edo emakumeei kirola egiteko gogoa ama izatetik datorkiola bakarrik uste al du? Zergatik ez dago programa bakar bat ere kirola emakumeen artean sustatzeko, eta batez ere nesken artean, kirolean aritzen diren emakumeak gizonezkoak baino gutxiago direla dakigunean?

Zer dio Udalak emakumezkoen eta gizonezkoen ardura partekatuaz haurrak zaintzeko orduan? Badirudi erantzun argia ematen digutela ikastaro honen bidez; zaintzaren ardura emakumearena da. Ez dute inondik inora aztertu haurrek eta gurasoek aldi berean, denbora tarte berean, egin ahal dituzten kirol ikastaroak eskaintzea, emakumeek zein gizonezkoek parte hartzeko aukera izan dezaten. Hori egin beharrean kirolean aritzeko orduan ere, aisialdian beraz, norberarentzat eskainitako denboran, emakumeak haurrei lotuta ezinbestez egon behar direla dirudi.

Zer egin du Udalak Bilbon irisgarritasuna errazteko? Eta haurrak gurditxoetan eramateari kalte egiten dion erabilgarritasunari bereziki? Beharbada, Bilboko zonalde ugarietan eta udal autobusetan dauden irisgarritasun arazoak konpontzeko inolako asmorik ez dagoenez, haurrak gurditxoetan eramaten dituzten emakumeak sasoian egon daitezen ikastaro bat antolatzea merkeago ateratzen zaiela erabaki dute, sasoian diogu eskailerak igo, aulkiak tolestu, umetxoa besapean hartuta aulkia beste eskuarekin heldu eta autobus bateko eskailera estuak zeharkatzeko…

Bada, eskaintza honen berri izan ondoren, ez ginateke inolaz ere harrituko hurrengo ikastaroaren izenburua “Aitatxoak garagardotan” izango balitz.

 

Carmen Garcia – Alternatibako Feminismo Mahaiko kidea

Alternatiba Hondarribian izango da bihar Alarde parekidearen alde

Ekainaren amaieran Irunen egin bezala, Alternatibako ordezkariak Hondarribiko kaleetan izango dira bihar, Alarde mistoaren defentsan eta Jaizkibel konpainia babesteko. Ana Etxarte eta Begoña Vesga Bilboko eta Eibarko (Bildu koalizioaren baitan) zinegotziek hartuko dute parte, Alternatibaren izenean, herriko jaietan berdintasuna eta pertsona guztien parte-hartzea aldarrikatzen duten Hondarribiko gizon-emakumeekin.

Alternatibako bozeramaile Ana Etxartek Hondarribiko alkatearen, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren eta hauek inposatutako ibilbide aldaketak ontzat eman dituzten epaileen jarrera salatu du, “15 urteko borroka gogorraren ostean emakumeak zigortu eta ezkutatu nahi dituztelako”. Era berean, Emakundek “aurtengo Alardean bazterkeria desagerrarazteko lan irmoagoa egin ez izana” deitoratu du Etxartek, “onartezina” iritzi baitio Jaizkibel konpainiako kideen eskubideak datorren urtean errespeta daitezen eskatuko dutela esateari.

Etxartek Alarde parekidearen aldeko borroka duela hamabost urte hasi zela gogorarazi du, eta emakumeek eginiko borroka txalotzeaz gain, aurrera jarraitzeko deia egin die Irun zein Hondarribiko herritarrei, “bazterketa mota guztiak, publikotasuna eta parte hartzeko askatasuna lortu arte”.

“Pasatzen ari haiz” > Maite Asensio (Berria)

Maite Asensio > Berria

Aitzakiak bilatu ohi dira emakumeen aurkako indarkeria ezkutatzeko: emaztea hil duen gizona zorrek itota dago, bikotekidea kalean jo duena zeloek itsututa, eta laguna bortxatu duena burua galduta. Jai giroan, berriz, alkohola izaten da aitzakia, erasoak mozorrotzeraino, «txantxa inozente» bihurtzeraino, eta erabateko zigorgabetasuna hedatzeraino: egoera antzeratsuan daudenen begien aurrean, erasotzaileak ondo pasatu nahian dabiltzan errugabeak dira, eta erasoa salatzen dutenak, aldiz, festa zapuztu nahi duten «histerikoak».

Baina, funtsean, adierazle batek ezaugarritzen ditu erasotzaile eta eraso guztiak: emakumeekiko begirunerik eza. Horrelako jokabideak ez dira egun batetik bestera agertzen, luzaroan egosten baizik. Eta aztarnak uzten dituzte: familia bazkarian emazteari isiltzeko agintzen dion gizonari jarrera matxista antzematen diogun bezala, zergatik ez ondoan duen emakumea haren gogoz kontra gerritik heltzen tematu denari? Zergatik ez ditugu horrelakoak gaitzesten? Are gehiago, zergatik kudeatzen ditugu halako egoerak konplizitatetik?

Indarkeria sexistari aurre egiteko, emakumeen jabekuntza ezinbestekoa da: jabetzea eskubideez, aukerez, berdintasunaz, erabakiez, autonomiaz. Jai giroan gertatzen diren erasoei aurre egiteko batik bat, autodefentsarako deia egin ohi du mugimendu feministak. Baina batzuetan, hori ez da nahikoa, eta, gainera, bidegabea ere izan liteke: non dago gizonen ardura? Non dago balizko erasotzaileekiko prebentzioa? Matxismoaren aurrean, euren burua neutraltzat daukate gizon gehienek, baina zenbatek esaten diote ozen albokoari lankidearen gonari buruzko iruzkin sexista erabat desegokia izan dela? Zenbatek diote, halere, ezin dutela ia ezer egin matxismoaren aurka?

Indarkeria maila bortitzenean gertatu aurretik egin behar da prebentzioa. Kuadrillako lagun hori, ustez ligatu nahian, emakumearen urruntze keinuei muzin eginda, gerritik heltzen ari zaionean, behin eta berriro. Lagunarengana joan, eta esan: «Pasatzen ari haiz». Moztu egoera, erasoa larriagotu aurretik. Eta adiskidetasunak ematen duen konfiantzatik, erreferente izaeratik, gaineratu: «Pasatzen ari haiz; neskak ezetz esan dik, eta hik hori errespetatu behar duk».

Argazkia: Gaizka Iroz / Berria

X