Indarkeria sexistaren biktimen errekonozimenturako kanpaina


Bizkaiko Emakumeon Asanbladako
kanpaina indarkeria sexistaren biktimen errekonozimenturako

Bizkaiko Emakumeon Asanbladatik eskaera bat egin nahi diogu Bilboko Udaletxeari, indarkeria sexista jasan duten biktimak aintzat hartuak eta errekonozituak izan daitezen. Botere publikoek, kasu honetan Bilboko Udaletxea lehenengoa izanik, indarkeria sexistaren biktimak diren emakumeek bizi izan duten ikusezintasunean eta utzieran erreparatzeko ordua dutela uste dugu.
 
Indarkeria sexista, emakumeak gizonengandik menpekotasun egoera batean mantentzeko tresna izan da eta oraindik ere bada. Erantzukizuna ez da bakarrik indarkeria jazartzen duenarena, baizik eta emakumeenganako indarkeria legitimatzen eta “ulertzen” duten estereotipoetan oinarritutako patroiak iraunarazten duenarena ere. Indarkeria mota honen desagerpena erakunde guztien, agente sozialen eta hiritarren ardura da. Emakumeok, historian zehar, egoera hau jasan dugu baina oinarrizko giza eskubideak ukatzen dizkigun antolaketa sistema honen kontra ere altxatu gara. Hala ere, ezberdintasunak eragin duen sufrimenduak edo berdintasunaren aldeko borroka baketsuak, ez batak ez besteak, ez dute botere publikoen partetik inolako errekonozimendurik jaso. Errekonozimendu honen egonezak edo ausentziak, indarkeria hau sistematikoki ematea erraztu du eta gure memorietatik at mantendu du. Ondorioaz, askok, emakumeenganako indarkeria faktore berria, baztertua eta ulertezina bezala antzematen dute euren dimentsio egituran. Memoria historikoaren erakuntza prozesuetan parte hartzeko, ezinbestekoa da SIGNIFIKAZIO, ERREKONOZIMENDU ETA KALTEORDAIN PROZESUETAN autoritatea eta presentzia irabaztea, sinboloak erreferentzia publikoa bezala IKUSTARAZIZ.
 
Sinboloak, edozein gizarte demokratikoaren oinarrizko giza eskubideak eta baloreak errekonozitzeko zein bertan gure buruak errekonozitzeko memoriaren lekuak dira.
 
Hori dela eta, emakumeenganako indarkeria inoiz ahaztua, erabilia edo legitimatua izan ez dadin, memoria kolektiboaren deialdi moduan, espazio publikoan indarkeria mota zehatz hau sinbolizatzea exijitzen dugu, NBEren hitzetan, GIZA ESKUBIDEEN BORTXAKETA HEDATUENA, IZKUTATUENA ETA ZIGORGABETUENA errepresentatzen baitu.
 
Indarkeria sexistaren kontrako borrokaren konplexutasunaz kontziente gara, baina ezinbestekoa da prebentzioa azpimarratzea, berdintasun baldintzetan, hiritar guztien eskuratzea ahalbidetzen duten balore ideologikoen aldaketa baten bitartez. Emakumeenganako indarkeria, emakumeoi hiritar bezala dagozkigun eskubideak eskuratzeko jasan behar dugun oztopo handienetarikoa izaten jarraitzen du. Hau guztiagatik isiltasuna apurtzea aldarrikatzen dugu, gure memoria sozialean lagunduko gaituen eta geroko belaunaldiak lagunduko dituen aztarna bat sortuz. Modu honetan, erasotzaileek askotan izan duten konplizitate sozialarekin apurtuko dugu eta biktimek merezi duten errekonozimendu sinbolikoa izango dute.
 
Ekintza honekin bilatzen dugu:
 
Biktimen errekonozimendua, FAMILIEK oroimenerako eta duelurako espazio publiko bat izatea eta berdintasunaren aldeko borroka feministaren adierazpen sinbolikoa izateaz gain, indarkeria sexistaren adierazpen mota guztiak gogoratzeko zein errefusatzeko memoria kolektiboaren aztarna bilakatzea.
Horretarako, San Vicente Plaza, AZAROAK 25EKO PLAZA deitzea eta Udaletxeak lehiaketa bat antolatzea eskatzen dugu, seinalatutako plaza honetan sinbolo bat altxatzeko helburuarekin, alde batetik biktimen errekonozimendurako eta bestetik euren existentzia propioaren jabe izateko, zein emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egiteko borrokatu diren emakume guztien omenaldirako.
 
San Vicente Plaza egokiena dela uste dugu justizia arloetan signifikazio berezia eta sinbolikoa duelako, izan ere, auzitegiak bertan daude eta berdintasunaren aldeko emakumeen borrokarako espazio garrantzitsua bilakatu delako. Auzitegi hauetan, askotan bildu behar izan gara tratu txarren edo indarkeria sexualaren biktimak diren emakumeak laguntzera joan garelako, eskubideetara mugatzen ez diren sententzia judizialen aurka gure gaitzidura edo haserrea adierazi behar izan dugulako eta askotan, indarkeria sexistarik gabeko mundua aldarrikatzeko dugun eskubidea exijitzera joan garelako. Honez gain, plaza honek, Bilbo hirian lehentasunezko espazioa okupatzen duela uste dugu, Udaletxetik hurbil baitago eta aurkitzeko kokapen erraza du. Errekonozimendua edozein espaziotan ezin dela jardun kontsideratzen dugu eta nahiz eta Bilboko espazio guztiak garrantzitsuak izan, plaza hau gure eskaeretara hobeto moldatzen dena badela uste dugu.

Hemen sinatu!!

Emakumeen aurkako bortxa (Alternatiba)

Sistema patriarkala eta kapitalistak emakumeen aurkako hainbat bortxa forma sortzen dituzte.Beraz, darabilgun bortxakeria kontzeptu zabala da: kolpe, bortxaketa eta erailketaz gain gauza gehiago aztertzen bait ditu.

Bikotekide edo bikotekide ohiek buruturiko emakumeen aurkako tratu txarrak edo indarkeria espainiar estatuan urtero bataz beste 60 emakume hiltzen dituen indarkeria mota da. Indarkeria mota hau, bere ezaugarriak direla eta (gertuko batek burutua izana, orokorrean denboran luze jotzea eta jasaten duenaren autoestima urratzen duten hainbat faktore) odoltsu eta ankerrenetakotzat jo daiteke. Errealitate hau salatu eta estatuari erabat desagerrarazteko neurri guztiak hartzeko eskatu behar diogu. Gizarteari eta geure buruei eurei ere emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean inolako tolerantziarik ez izatea eskatu behar diegu.

Hau esanda, indarkeria mota hau emakumeen aurkako bortxaren izebergaren punta besterik ez delakoan gaude. Geure iritziz, emakumeen aurkako bortxak agertzeko modu ugari ditu eta ezin dugu emakume kopuru “txiki” bati eragiten dion zatiari soilik mugatu. Emakume kopuruaren zati batek tratu txarrak jasaten ditu baina denek jasaten dugu bortxakeria geure bizitzako hainbat unetan: bortxakeria ekonomikoa (ezaugarri kaskar eta behin behinekoetan lan-munduratzea), sexu bortxakeria (sexu eraso eta bortxaketetatik hasita laneko sexu-jazparpenera), bortxakeria psikologikoa, bortxakeria sozio-kulturala (emakumezkoaren gorputzaren merkantilizazioa iragarkietan, komunikabideetan emakumeak gauza hutsa bihurtzea),…Beraz, indar politiko berri honen emakume feministen zein geure borrokan bidelagun izan nahi diren gizonen helburua da bazterkeria eta bortxakeria adierazpen oro desagerraraztea eta emakumeen aurkako bortxarik gabeko sistema berdinzaleen eraikuntzan borroka egitea.

Lan zaila da eta geure ahalegin guztiak beharko dituen epe luzeko prozesua izanik arlo ugari izango ditugu borrokatzeko: lege neurriak hobetu, indarkeria jasandako emakumeentzako kalitatezko arreta osoa, kohezkuntza ereduak, komunikabideek emakumeen aurkako bortxakeria kultural eta sinbolikoan duten garrantziaz jabearaztea,…. Borrokarako eta lanerako esparru ugari, non geure erakundeak kokatu eta ekintzara jo beharko duen.

Muinera itzulita, emakume feministek 2008ko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoari (genero indarkeriaren aurkako babes legeari) eta bere martxan jartzeari eginiko kritikak azaldu nahi ditugu. Puntu hauetan hobetu beharko litzateke geure ustez:

  • Espainiar estatuko edozein tokitan bizi diren, landa eremuetan bizita ere edo egoera administratibo arautu gabean egonda ere, eta indarkeria jasaten duten emakume guztiei arreta eta babesa eskaintzeko giza baliabide edo baliabide materialak bermatzea.
  • Polizia, justizia, laguntza eta osasun arloetako profesionalei dagokien heziketa ematea, bortxakeria bere osotasunean ulertu eta aurre egin ahal diezaioten.
  • Genero indarkeriaren aurre zaintzea lantzea.
  • Gaiarekin harremanduriko gizarte zein publiko mailako erakundeen elkarlana sustatzea.
  • Justizia prozedurak bizkortzea, epaitegien espezializatzea ematea eta kasu hauen ardura duten epaileak sensibilizatzea.
  • Zigor motak eta erasotzaileek zigorra betetzeko mailak baloratzea.

Ordainpeko lanak segitzen du agintzen> Onintza Irureta (Argia)

Iturria: Argia

Egilea: Onintza Irureta Azkune

2008ko EAEko datuak dira: lan ez ordainduaren %75 emakumeek egiten dute eta lan ordainduaren %62 gizonek. Beraz, emakumeek lan karga osoaren %54 hartzen dute bere gain. Ordutan esanda, batez beste emakumeek 6 ordu eta 35 minutuz egiten dute lan egunero (ordaindua zein ez ordaindua), eta gizonek 5 ordu eta 36 minutuz. Denbora kudeatzerakoan, sexuen arteko banaketa nabarmena da. Alabaina, zer dago ehunekoen eta ordu-minutuen atzean?

Denbora nola kudeatzen eta banatzen dugu gure gizartean, genero ikuspegia kontuan hartuta? Batera eta bestera begira hasi, eta Euskal Herrian bederen, maila teorikoan gutxi landu dela iruditu zaigu. Joan den ekainean begia luzatu genuen EHUko Udako Ikastaroetan Emakundek antolatutako jardunaldietara. Ondoko izenburua zuen: Berdintasunaren garaia? Denborari, generoari eta giza antolaketari buruzko hausnarketak. Sei hizlarietatik bakarra zen Euskal Herrikoa, pentsa genezake gai hori lantzeko bertako askoz aditu gehiago ez dagoela. Denetarik izan zen, hitzaldi batzuk bikainak eta beste batzuk soziologia ikuspegitik bai, baina genero ikuspegitik oso gutxi landutakoak. Matxalen Legarreta artearra (Bizkaia, 1977) domestizitatearen inguruko tesia prestatzen ari da. Hark denbora eta generoa elkarrekin aztertzeko proposamen berezia egin zigun. Artearraren proposamena, edo berak esan bezala probokazioa, azaltzen saiatuko gara.

Errudun sentsazioa ez da zenbakitan neurtzen

Gizonek eta emakumeek denbora zertan igarotzen duten azaltzeko estatistikak ezagunak ditugu. Tartean behin sarreran aipatu ditugun moduko datuak helarazten dizkigute hedabideek. Balio dute, nolabait, denbora nola banatzen den kuantifikatzeko, eta ikusteko nola genero banaketaren balantza alde batera dagoen erorita. Era horretako inkestak gutxi eta garestiak direla nabarmendu zuen Udako Ikastaroetako hizlari batek baino gehiagok. Legarretaren ustez, gutxi eta garesti izateaz gain mugatuak dira, gauza batzuk neurtzeko balio dute, baina beste askok ihes egiten du. Soziologo artearrak eztabaida taldeak osatu zituen tesia prestatzeko eta han jasotako adibide batzuk erakutsi zizkigun estatistikei ihes egiten dien hori azaltzeko: emakume batek kontatu zuen nola goizez eta arratsaldez umea eskolara eramaten zuen, denbora tarte horietan etxetik lana egiten zuen enpresa batentzat eta gainerako denbora umearekin pasatzen zuen. Gauez ere lan egiten zuen. Bizi erritmoaren ondorioz 43 urterekin menopausia etorri zitzaion. Leher eginda zegoen emakumea, baina aitortu zuen ordu horietan umearekin egon ez bazen errudun sentituko zela. Bigarren adibidea: beste emakume batek kontatzen du nola bere amak hezi zuen umeak ondo hazteko eta etxea hautsaren arrastorik gabe edukitzeko. Gaur egun, egongelako hautsa astebetez kendu gabe lasai egoten da, baina orain arte errudun sentsazioa ikaragarria izan da. Bi adibide baino ez. Denboraren kudeaketaz ari dira. Nola neurtzen dira emakume zein gizonen sentipenak? Estatistikek ez dituzte denboraren kudeaketan ageri diren alde moral eta afektiboak neurtzen, ezta botere harremanak ere.

Dohaintza

Legarretak, eztabaida taldeei entzun eta gero, denbora dohaintzaren ikuspegitik begiratzea proposatu zuen, beti ere etxeko lanetan eta familian oinarrituta. Dohaintza Marcel Mauss antropologoak azaltzen duen eran erabili du Legarretak. Alegia, eman, jaso eta itzuli egiten dira objektuak edo zerbitzuak. Auzolana da horren adibide, txerri hiltze garaian auzotarrak baserri batetik bestera dabiltza elkarri laguntzen, gaur zurean eta bihar nirean. Txerria ere hala banatzen da, hau niretzat eta hori zuretzat. Zerbait ematen duzun momentutik zirkulua ireki da eta norbanakoak espero du, denbora batera, zirkulu hori itxiko dela, hots, gaur emandakoak edo eskainitakoak buelta izango duela halakoren batean. Denbora bi eratara ulertzen da dohaintzaren joko honetan: batetik, nik nire denbora eskaintzen dizut –arropa garbitu, amona zaindu, umearekin egon– eta testuinguru horretan denbora norbanako guztiok dugun baliabidea da. Eta bestetik, hasitako denbora horren bukaeraren zain geratzen zara –nik nire haurra zainduko dut orain eta zahartzen naizenean berak ni zainduko nau–. Esan dugu denbora norbanakoaren baliabidea dela, baina dohaintzaz ari garela denbora ez da saltzen dugun baliabidea –lan merkatuan hala egiten dugu– ezta oparitu ere –enpresak ordaindu ez dizkigun lan orduak adibidez–.

Denbora baliabide ekonomiko gisa neurtzen da lehen aipatutako estatistiketan, hainbeste ordu aisialdia, hainbeste ordainpeko lana, horrenbeste ordaindu gabeko etxeko lanak… Dohaintzak baliabide morala hartzen du kontuan, jendeari ez dio galdetzen zenbat minutu igarotzen dituen egunero etxea garbitzen edo umea zaintzen, garrantzia daukana da nola sentitzen zaren haurra haurtzaindegian utzi duzunean, edo bilobak zaindu behar dituzunean, edo aita eguneko zentrora eramaten duzunean.

Eta oreka apurtu bada?

Legarretari batek baino gehiagok esan dio dohaintzaren logika hori jada apurtua dagoela, orain beste logika baten bidez mugitzen garela. Artearra ez dago ados eta eztabaida taldeetan entzundakoak ekarri ditu gogora. Horietako pasarte hau argigarria da: “Hemen gauden belaunaldia ziurrenik okerren biziko garenena da. Gure seme-alabak zaindu ditugu, gurasoen esana bete dugu eta zaindu ditugu, eta seme-alabek ostikada emango digute”. Gizon jubilatuak esan du hori, katea apurtuta ikusten du gizon horrek, ez dauka seme-alabek zainduko duten esperantzarik, baina hala izatea espero zuen. Katea apurtuta ikusteak esan nahi du kate hori kontuan hartzen dugula. Gizon jubilatuen taldean ezezik gazteenen eztabaida taldeetan ere gai hori atera da, alegia, nork zainduko gaitu etorkizunean? Ez baitaukagu barneratuta zahartutakoan etxekoek ez gaituztela zainduko.

Italiako Alderdi Komunistako emakumeak

Hasieran esan dugu, Legarretarena denboraren kudeaketa genero ikuspegitik aztertzeko proposamena edo probokazioa da. Beste kontu bat da nola eragin denbora kudeaketan banaketa parekideagoa izan dadin.

Denboran oinarritutako politikek urte gutxitako bizitza dute Europan, eta aurrekariak Italian daude. 1980. urtean Italiako Alderdi Komunistako emakumeek Le donne cambiano il tempo (Emakumeok denbora aldatzen dugu) izeneko lege proposamena jarri zuten abian. Proposamenak gizartean eskubideak eta betebeharrak berdin banatzea eskatzen zuen, eta abiaburu gisa hartzen zuten tradizioz emakumeek etxea eta familia zaintzan egin duten lan ez ordaindua. Alor hori bizitza sozialaren, ekonomikoaren eta politikoaren erdigunean ezarri nahi zuten. Gizarte antolaketa berria aldarrikatzen zen, non emakumeen eta gizonen arteko oreka egongo zen. Era berean, lan ordainduak egituratzen duen denbora banaketa ezbaian jarri zuten, alegia, zortzi ordu lana, zortzi ordu aisia eta zortzi ordu atsedena. 24 orduko egitura horrek ez du beregan hartzen bizitza sortzea, hau da, etxeko eta familiako beharrei erantzutea. Oraindik, gizarte antolaketak genero rolen banaketa mantentzen du: gizona lan merkatuan dago eta emakumeak jarraitzen du etxearen eta familiaren ardura izaten; lan ordaindua egiten badu osagarria baino ez da. Italiako emakume komunisten aldarria zen denboren duintasuna azpimarratzea eta eguneroko bizitzari balio handiagoa ematea, jarrerak eta gizon-emakumeen arteko botere harremanak aldatuz.

30 urteko ibilbidea duen proposamenak denbora hiru dimentsiotan ulertzen du; gizakiaren bizi zikloa kontuan hartzen duen denbora, lanean oinarritutako denbora –ordainpekoa eta ordaindu gabekoa– eta hirietako denbora. Italian lehen pausoak eman zituen aldarriak adarrak hedatu ditu Frantzian, Alemanian eta Espainian. Alabaina, denbora politikak gauza berria dira gure gizarteetan eta Italiako proposamenak halamoduz jarri dira praktikan batean eta bestean. Batzuetan saiakera zehatzak egin dira eta gero ez dira garatu, besteetan genero ikuspegia ahaztu egin zaie.

Denbora ulertzeko hiru dimentsioetatik, gutxien landutakoak eta emaitza kaxkarrenak eman dituztenak gizakiaren bizi zikloa eta lan denbora kontuan hartzen dituztenak izan dira. Bigarren multzo horretan sartzen dira Frantziako 35 orduena, Finlandiako 6+6 eredua eta Erresuma Batuko Lana eta Bizitza Oreka neurri sorta.

Arrakasta gehien maila lokaleko denbora politikek izan dute. Hainbat udalek denbora eta espazioa kontuan hartuta, eta genero ikuspegia alboratu gabe, politika interesgarriak egin dituzte. Katalunia izan da Italiako arrastoari segika ibili denetakoa eta Bartzelonako Udalak berak Denboraren Erabilera Sozial Berriak izeneko egitasmoa du abian. 

Europak amatasun baja 14 astetik 20ra luzatu du

Iturria:  Berria

Europako Parlamentuak amatasun bajaren gutxieneko epea hogei astera luzatzea erabaki du gaur, Estrasburgen. Legebiltzarreko Emakumearen Eskubideen Batzordearen txostena ontzat jo ez ezik, epea zabaldu egin du, batzordeak hemezortzi asteko baja proposatu zuelako. Gaur egun, 1992ko arauaren arabera, baja hamalau astekoa da.

Emakumezkoak hemendik aurrera soldata osoa jasoko duela ere erabaki du legebiltzarrak.

375 diputatuk alde bozkatu dute, 208k kontra. Orain ikusi egin beharko da zer dioten Europa Batasuneko estatuek; prozesua luzea izango den iragarri dute.

Amatasun baja luzatzearen aurka bozkatu dute parlamentarien ustez, neurri horrekin gastu publikoak asko haziko da, eta neurria gauzatzea gaurko krisi garaian ezinezkoa izango da.

Edite Estrela Emakumearen Eskubideen Batzordeko arduradun eta Portugalgo diputatu sozialistaren arabera, hogei asteko bajarekin ama izan denak haurdunalditik eta erditzetik osatzeko aukera hobea izango du, umea hobeto haziko du eta honekin harreman estuagoa edukiko du.

X