Huelga feminista

Bat egingo dugu M8ko Greba Feministarekin

Ia urtea joan da, milaka emakume hemen bertan eta Euskal Herriko plazetan eta txokoetan elkartu ginenetik. Berdintasuna erdiesteko sentimenduak eta aldarrikapenak batu gintuen, berdintasunean oinarritutako jendartea eraikitzeko bidean urratsak emateko sentimenduak eta nahiak batu gintuen. Guretzat eta gure ondorengo belaunaldientzat jendarte eta herri hobea eraikitzeko nahiak batu gintuen. Iaz hemen gertatu zena denbora askoan gogoratuko dugu. Mobilizazio, aldarrikapen eta batasun ariketa indartsua izan zen.

More…

Itzalpeko errealitatea (Maria del Rio)

Urtero bezala, etxeko langileen elkarteak (ATH-ELE) sektoreko lan baldintzei buruzko inkesten datuak ezagutarazi ditu. 2018an elkartearen aholkularitza zerbitzua erabili zuten etxeko langileei esker lortu dituzte datuak. Ondorioak aintzat hartzekoak dira, ez soilik 500 langilek baino gehiagok emandakoak direlako, eguneratuak eta fidagarriak diren bakarrak direlako ere. Izan ere, hein handi batean itzalpeko errealitatea da hau.  Egia da etxeko langileen kontratazioa  gure artean nahiko zabalduta dagoela, ez da inondik inora klase aberatsenek soilik erabilitako zerbitzua. Hala ere, ekonomia sektore honen egoeraren inguruan dagoen informazioa oso urria da. Eusko Legebiltzarrak eskaria egin arren, aurten ere Eusko Jaurlaritzaren ikerketaren zain gaude.

More…

Izena duenak izana du (Maria del Rio)

Ia hilabete bat igaro da zutabe honi “Gezurra ari du” izenburua jarri genionetik eta, azken egunetan, bereziki Andaluziako aldaketa politikoaren harira, gezurra goitik behera dabilela esango nuke. Entzundakoen artean, indarkeriak generorik ez duela izan da errepikatuenetarikoa. Ondorioz, besteak beste, Genero Indarkeriaren aurka Osoko Babesa emateko Lege Organikoa indargabetzea proposatu du Voxek. Gaindituta zirudien eztabaida zabaldu da, berriz ere, eta, berarekin batera, terminologiaren borroka hasi.

More…

(Bideoa) Lotsaren alardeak: Oihana Etxebarrieta, Jaizkibel Konpainiako kapitaina

Oihana Etxebarrieta Jaizkibel konpainiako kapitainaren hitzartzea Alternatibak, bere 10. urtemugaren harira Arrasateko Kulturaten antolatutako hitzaldian, joan den abenduaren 18an.

Etxebarrietak bere esperientziaren berri eman zuen, konpainia parekideko buru gisa, maila desberdinetako bitartekaritza ondo ezagutzen baitu. Gainera, bazterkeria lazgarri hau Eusko Legebiltzarrean jorratu izanaren bizipenak ere taularatuko ditu, talde politiko desberdinen kokapena argi duela.

Hitzaldi berean, Iñigo Goikoetxeak hitz egin zuen, eta Julia Monge aurkezle lanetan aritu zen.

Alternatibak Bidasoaldeko alardeetako emakumeen kontrako bazterkeria aztertuko du Arrasaten

Alternatibak hitzaldia antolatu du bihar, abenduak 18, Arrasaten,  Hondarribiako eta Irungo alardeetan emakumeen kontra ematen den bazterkeria aztertzeko. “Emakumeak jaietan, lotsaren alardea” izenburupean, solasaldiak Jaizkibel konpainiako bi kide izango ditu hizlari. Batetik, Oihana Etxebarrieta, emakumeak eta gizonezkoak parekidetasunean biltzen dituen konpainiako kapitaina, eta EH Bilduko legebiltzarkidea Gasteizen; eta bestetik, Iñigo Goikoetxea “Jaizkibel Konpainia” komikiaren egileak hitz egingo du, bere lanak ospakizunaren historia eta konpainiako emakumeen hogei urteko borroka jasotzen ditu.

Etxebarrietak bere esperientziaren berri emango du, Jaizkibeleko kapitain gisa, maila desberdinetako bitartekaritza ondo ezagutzen baitu. Gainera, bazterkeria lazgarri hau Eusko Legebiltzarrean jorratu izanaren bizipenak ere taularatuko ditu, talde politiko desberdinen kokapena argi duela. Goikoetxeak, bestetik, iaz argitaratutako lanean bildutako alardearen sorreraren inguruan, tradizioaren garapena eta egungo harrera soziopolitikoa izango ditu hizpide.

Hitzaldi honek Alternatibaren 10. urtemugaren harira antolatutako hitzaldi sortaren lehenengoa izango da. 2008ko abenduaren 13an jaio zen Alternatiba, Bilboko Bidebarrieta liburutegian eginiko batzar irekiarekin. Data gogoratzeko ekitaldia egingo da larunbat honetan, abenduaren 15ean, Bilboko Itsas Museoan. Gerora, eta apirilera arte, hainbat hitzaldi antolatu dira Euskal Herrian zehar, horietako lehena, esan bezala, Arrasaten antolatu dela.

Alardearen aferari helduko dion solasaldia biahr asteartean, abenduak 18, egingo da Arrasateko Kulturaten (Azoka kalea 1), arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Julia Monge ekintzaile memorialista eta feministak aurkeztuko du saioa. Hitzaldia guztiz irekia izango da aretoaren edukiera bete arte.

Zergatik hiltzen gaituzte eta ez da ezer gertatzen

Irantzu Varela

Hiltzen gaituzte gizarte batek hor dauzkalako berak ametitzen dituen indarkeriak. Eta gure gizarte honek ametitzen du gizonek emakumeak hiltzea eta bortxatzea. Badakit nik hori, aste bakarrean bost emakume hil zituztenean ere ez baitzen ezer gertatzen. Herrialdea ez zen gelditu, ez ginen irten kalera, Ministro Kontseiluak ez zuen urgentziazko bilerarik egin, prentsaurrekorik ere ez zuen antolatu bere burua feministatzat duen gobernu horrek jakinarazteko nolako larrialdi neurriak hartu behar zituen. Komunikabideetan ere ez zuen tarte handirik hartu, ez eta pare bat zutabe baino gehiago ere azaletan.

Badirudi lortu genuela jende gehiena pixka bat haserretzea —haserre arinegia— “beste bat hil dute” esaten zigutenean. Baita instituzioetako liderrek pinak eta lazoak jartzea ere, eta oso serio jartzea gertatua arbuiatzeko elkarretaratzeetan. Euren kontua ez balitz bezala. Baina jarraitzen du indarkeria matxista “izurria” dela dioen diskurtso anestesiko horrek. Ez-dakigu-nondik-datorren izurrite bat balitz bezala; azaltzerik ez duguna eta borrokatzerik ez duguna. Baina ez da hala.

Indarkeria matxista denok jasaten dugun emakumeen kontrako indarkeria basatia da, egunerokoa, eta gutako batzuk ohartu ere egiten ez garelako hasten dena.

Indarkeria matxista denok jasaten dugun emakumeen kontrako indarkeria basatia da, egunerokoa, eta gutako batzuk ohartu ere egiten ez garelako hasten dena. Gutxiago kobratzen dugu, pobreagoak gara, etxean hiru aldiz gehiago lan egiten dugu—doako lana baita—, gauez ibiltzeko beldurrak egoten gara, askoz gutxiago hil eta lapurtzen dugu baina askoz gehiago hil eta bortxatzen gaituzte… eta jarrai dezakegu bide horretatik sistema heteropatriarkal honetan gure berdintasun-eza deskribatzen duen indarkeria deskribatzen. Baina batzuek ez dute ikusten, eta askori beldurra ematen dio —gero eta gehiago— guk hura ikustea. Izan ere, sistema honi eusten dion indarkeria da.

Emakumeen kontrako indarkeria, gaur egun, gure gizartean, argigarria da. Hiltzen dituzten emakumeen erdiak baino gehiago, bere lagunak edo lagun ohiak hiltzen ditu, betiere gizonak. Horietatik, ia denak ere bereizteko prozesuan hiltzen dituzte. Alde egitera doazenean, amen esateari uzten diotenean, etxabereak izateari uzten diotenean. Horretarako balio du gure aurkako indarkeriak. Guri gogorarazteko ez zaiola ezer gertatzen etxetik alde egiten ez duenari, esklabo lana uzten ez duenari, besterekin ez doanari, gona motzetan ez dabilenari, kolkoa erakusten ez duenari, edo urdangaren moduan ez dabilenari; mozkortzen ez denari, etxera desorduan itzultzen ez denari, protestarik egiten ez duenari, aurre egiten ez duenari, kexatzen ez denari… Men egiten duenari, eta isilik dagoenari —eta haiei gustatzen zaie, ez balego bezala baita— ez zaio ezer gertatzen. Zeren eta gauza gaiztoak emakume gaiztoei gertatzen zaizkie. Beti egoten baitziren behar ez zuten lekuan, edo edan egiten zuten, edo okerreko autora igotzen ziren edo behar baino haragi gehiago erakusten zuten, edo salatu egiten zuten, edo ez zuten egiten, edo geldirik egoten ziren bosten artean bortxatzen zutelarik edo bortxatzaileari aurpegi ematen zioten eta hiltzaile bihurrarazten zuten.

Hilketa bakoitzaren, bortxaketa bakoitzaren, eraso bakoitzaren atzean, ohartarazpen bat dago: kontuz ibili, ez egin gauza gaiztorik, izan ona. Argi utzi ez duzula merezia, ez zarela txerri bat, ez zarela eroa eta ez zarela horietakoa. Eta, orduan, ez zaizu ezer gertatuko. Emakumeen aurkako indarkeria komunikabideetan nola agertzen den ikusi besterik ez dago gure gizartean nola jasaten —eta zilegitzen— dugun ikusteko. Hor dira “hilik agertu diren” emakumeak —Bihurguneko Neskatoaren gisa—, nahiz eta alaben aurrean lepoa moztua izan, nahiz eta labankadaka, aizkorakadaka edo plantxakadaka xehatua izan; hor da odoleztaturik bere burua entregatu eta errua aitortzen duen gizona, edo bere buruaz beste egiten duena bere tortura objektua hondatu baitu eta ez baitu bizitza honetan beste inor izorratzekorik. Hor dira “aita onak” diren gizon horiek, nahiz eta seme-alabak bainuontzian ito, etxeari su eman aurretik, edo alabari “printzesa” deitu eta eskolako atera askaria eramaten zuena hura estrangulatu aurretik. Hor dira bortxatzaile epaituen defendatzaileak, telebistetan paseoan dabiltzanak esanez onarpenaren ideia oker bat dugula, damuagatik salaketa faltsuak ipintzen ditugula. Hor dira kazetariak, hildakoen iraganaz hitz egiten dutenak, beren bikotekide sexualez, beren ohituraz, argazkiez, sare sozialez, zerk eraman dituen patu horretara arrazoitzen dutenak. Hor dira epaileak, talde bortxaketen ordez olgeta ikusten dutenak, umeak salbatzen dituzten amengan bahiketa ikusten dutenak, beldurrak eragindako disoziazioaren lekuan onespena ikusten dutenak, laguntza oihuen lekuan gezurrak ikusten dituztenak, mehatxuen lekuan adierazpen askatasuna, ezertarako balio ez duten protokoloak diren lekuan salaketa faltsuak… Indarkeria den lekuan normaltasuna.

Baina, hilketa bakoitzaren, bortxaketa bakoitzaren, eraso bakoitzaren atzean, emakumeok behintzat beste arrazoi batzuk bilatu behar genituzke urduri egoteko: zergatik ematen digu beldurra ezezagunekin gurutzatzea, hiltzen gaituztenen erdiak baino gehiago maite gintuztela esaten bazuten? Zergatik beldurtzen gaitu bakarrik bidaiatzeak, hamar kasutatik zazpitan gure inguru hurbileko gizonek bortxatzen bagaituzte? Zergatik uste dugu seguruago gaudela gizon bat hurbil izanda, baldin, kasurik onenean, trukean gure askatasuna eskatuko badigu?

Indarkeria era askotarikoak egunerokoan jasaten ditugun biktimak ere ez gara konturatzen. Uste dugu nahi dugulako egiten garela etxeko lan guztien kargu. Uste dugu mundu guztia zaintzen dugula maite gaituztelako. Uste dugu ez dela ezer gertatzen kalean iraintzen bagaituzte, ez dela hainbesterako gu ukitzea, eskukatzea, nahi ez dugunean larrutan egitea. Uste dugu bakarrak garela jada gehiago jasaten ez dugunak. Denbora gutxiago izatearena, gure hitzak gutxiago balio izatearena, espazio gutxiago izatearena, ordezkaritza gutxiago izatearena, eskubide gutxiago izatearena, lan okerragoak izatearena. Gu hil eta bortxatzearena uste dugu ez dagoela lotua jolastokietan neskatoek espazioaren laurden bat bakarrik hartzearekin. Uste dugu indarkeria sexuala ez dagoela lotua zineman, telebistan, iragarkietan, pornografian, modan, politika, zientzian, kulturan, lan merkatuan, umorean, eguneroko elkarrizketetan, whatsapp taldeetan eta Vatikanoan betetzen ditugun rolekin. Baina desberdintasun horiek guztiak indarkeria beraren parte dira, berdintasun falta naturala delako plantak egiten dituen indarkeriarena, eta diferentziekin justifikatua dagoena. Neutroak direla, kaltegabeak, eztabaidaezinak, mugiezinak, sakratuak, naturalak, antzinakoak, edo burura datorkigun edozein kaka zahar, justifikatzeko egun batean —nola ere ez dakigula— gutako bat —bizitza normala, senar normala, zorigaizto normala zuena — hila agertzea.

Baina, hilketa bakoitzaren, bortxaketa bakoitzaren, eraso bakoitzaren atzean, emakumeok behintzat beste arrazoi batzuk bilatu behar genituzke urduri egoteko

Gero eta gehiago gara holakorik irensten ez dugunak. Gero eta beldurtuago eta amorratuago daude pribilegio horretan guztian bermatzen ziren horiek. Amaiera ikusten ari dira eta. Eta, hiltzen gaituzten “aita onak” eta “gizon onak” direnez, ez dute nahi ezer aldatzea. Gu hil nahiago dute, ezin badute berdin segitu. Nahiago dute gu hiltzea eta bortxatzea ametitu, eta ez onartu beren erantzukizun instituzionala, ez hartu prestakuntzarik beren lanbidean erdia diskriminatzen eta menean hartzen duen sistema honi jarraipenik ez emateko, ez borrokatu lan munduko desberdintasunak, ez ulertu bortxatzen ari direla negoziatu ezean larrutan egiten duten bakoitzean, ez ulertu zergatik ematen diguten ematen diguten beldurra, ez onartu bortxatzen eta hiltzen gaituztenak ez liratekeela hainbeste izango zilegiturik ez baleude. Beste gizonen eta sistemak eratu dituen egituren eskutik.

Horregatik, indarkeria matxista da heriotza kausa nagusia hamabost eta berrogeita lau urte artekoen artean. Mundu osoan. Minbizia baino gehiago. Gerrak baino gehiago.

Hildako emakumeek salaketak jarriak zituzten sarritan, eta ez zuten ezertarako balio izan. Hiltzailetik babesteko neurriak eskatuak zituzten askotan, eta ukatu egin zizkieten. Hori ez da sistemaren hutsegitea. Besterik gabe, erakusgarri bat da, erakusten duena sistema hau prestatua dagoela gizonek beste gizon batzuei egiten dieten indarkeriatik babesteko, baina ez gizonek geuri egiten diguten indarkeriatik babesteko. Izan ere, bake esaten diogu gizonek masiboki elkar hiltzen ez duten aldiari. Baina gu sistematikoki bortxatzea eta hiltzea bakearen eta demokraziaren normaltasunaren parte da. Eta errealitate hori bere lehentasunak erabakitzen dituen sistema batean bakarrik da posible, emakumeen kontrako indarkeria ez dela indarkeria erabaki duen sistema batean.

Ez dago izurriterik, sistemak zilegitzen dituen indarkeriak baizik. Ez dago ero bakarturik, patriarkatuaren seme sanoak baizik. Ez dugu arbuio abstrakturik erakutsi behar, kausa zein den eta neurriak zein diren ez bageneki bezala. Urteak eta urteak daramatza mugimendu feministak honako honelakoak eskatzen: berdintasun politiken aldeko apustu instituzional sendoa, lanerako baliabideak, curriculum programa guztietan genero perspektibarekin formatzea, hasi haur hezkuntzatik eta graduondokoetaraino; Genero Indarkeriaren Lege Integralaren berrikuspena, elkarrizketa tokian tokiko, eskualdeko eta estatuko talde feministekin, kode deontologikoen sorrera genero ikuspegiz arlo profesional guztietarako, komunikabideen eta publizitatearen behatokiak, diskurtso matxistak eta gorroto delituak borrokatzeko neurriak… eta horrela jarrai genezake egunak eta egunak neurri zehatzak idazten errealitatearen, eguneroko borrokaren eta eskarmentu indibidual eta kolektiboaren analisitik eratortzen diren maila guztietan. Eseri eta entzun egin beharko gintuzkezue.

Indarkeria matxista ez da garaiezina, ez da normala, ez da hor egongo betirako. Sinetsidazue. Nire Angela Davis miresgarriak behin batean desmuntatu zuen nire ezkortasuna betirako, hauxe esan zuenean: “Esklabotzari amaiera eman bagenion, nola ez diogu amaiera emango patriarkatuari?”. Ez dago bakerik justiziarik gabe. Ez dago justiziarik berdintasunik gabe. Ez dago berdintasunik feminismorik gabe.

Artikulu hau Vice agerkari digitalean argitaratu zen gazteleraz.

Justizia patriarkalaren aurka, feminismo erradikala: Beal Ilardia, Laura Macaya, Rocio Medina – Bilbo 18/11/16

Alternatibak eginiko hitzaldiaren bideoa. Bilbon izan zen solasaldia, joan den azaroaren 16an, sistema judizialaren azterketa feminista egiteko. “Justizia patriarkalaren aurka, feminismo erradikala” titulupean, saioak zuzenbidearen eta feminismoaren alor desberdinetako adituak elkartuko zituen, besteak beste, indarkeria matxista, honen gaineko epaiak edota familiarekin lotutakoak aztertzeko.

Alternatibaren Mahai Feministak antolatu zuen solasaldia, erakundearen 10. urtemugaren harira eta Azaroaren 25aren bezperan. Ondorengo hizlariak aritu dira saioan: Laura Macaya, militante anarkofeminista genero indarkerian aditua ikuspegi intersekzional batetik; Rocio Medina, Zuzenbidearen Filosofiako irakaslea eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Antigona taldeko kidea eta Bea Ilardia, abokatu feminista genero indarkerian aditua. Moderatzeko lana Maria del Riok hartu zuen bere gain, zuzenbidean doktorea, EHUko irakaslea eta Alternatibaren Mahai Feministako kidea da bera.

Hona hemen hitzaldiko argazkiak gure Facebook orritik

Alternatibak justizia patriarkalari buruzko hitzaldia egingo du Bilbon, zuzenbidearen eta feminismoaren arloetako adituekin

Alternatibak hitzaldia egingo du Bilbon hurrengo ostiralean, azaroak 16, sistema judizialaren azterketa feminista egiteko. “Justizia patriarkalaren aurka, feminismo erradikala” titulupean, saioak zuzenbidearen eta feminismoaren alor desberdinetako adituak elkartuko ditu, besteak beste, indarkeria matxista, honen gaineko epaiak edota familiarekin lotutakoak aztertzeko.

Alternatibaren Mahai Feministak antolatu du solasaldia, erakundearen hamargarren urtemugaren harira eta Azaroaren 25aren bezperan. Ondorengo hizlariak ariko dira saioan:  Laura Macaya, militante anarkofeminista genero indarkerian aditua ikuspegi intersekzional batetik; Rocio Medina, Zuzenbidearen Filosofiako irakaslea eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Antigona taldeko kidea eta Bea Ilardia, abokatu feminista genero indarkerian aditua. Moderatzeko lana Maria del Riok hartuko du bera gain, zuzenbidean doktorea, EHUko irakaslea eta Alternatibaren Mahai Feministako kidea da bera.

Medinak “Zuzenbidea eta Feminismoa(k): Justizia patriarkala birpentsatzen” izeneko hitzaldia eskaini du, zuzenbidearen gainean feminismoak eginiko azterketen atzera begirako irakurketa egingo du, egungo adibideak ere uztartuz, feminismo desberdinen eztabaidagaiak jorratuz, hala nola justizia patriarkala eta neofaxismoaren arteko loturak.

Macaya, bestetik, esperientzia militante zein profesionaletik ariko da feminismotik zigor zuzenbidearen erabileraren kontrako argudioak emateko, kartzelen aurkako jarrera batetik. Zigor zuzenbideak emakumeen bizitza hobetzerik ez duela defendatuko du eta, bere esanetan, feminitate hegemoniko eta patriarkalaren estrategiaren parte delako. Bere hitzartzearen izenburua honakoa izango da: “Zigor feminismoaren kontra. Ugazabaren etxea desegiteko estrategiak”.

Azkenik, Bela Ilardiak indarkeriari aurre egin behar dioten emakumeak artatzetik bereganatutako esperientzia jarriko du mahai gainean, emakume batek salaketa jartzeko urratsa egiten duenean bidean topatzen dituen trabak jorratuz, besteak beste, operatzaile juridikoen formakuntza falta, baliabide urritasuna, biktimizazio bikoitzeko prozesuak edota azpiegiturak. Ez du bakarrik zigor eremutik hitz egingo, izan ere, familia zuzenbidearekin lotzen dira halako gaiak askotan, esaterako, zaintza partekatuak eragindakoak. “Salaketa helburutzat hartzearen arriskuak” izango da bere parte-hartzearen leloa.

Hitzaldia datorren ostiralean, azaroaren 16an, egingo da, arratsaldeko 18:30etatik aurrera Bilboko Hika Ateneon (Ibeni Kaia 1) eta itzulpen zerbitzua eskainiko da bertan euskarazko hitzartzeetarako. Sarrera askea izango da aretoaren edukiera bete arte.

X