Salgado: «Zaurgarritasun oso larrian dauden nerabeak dira eta lehen mailako inbertsio publiko eta soziala behar dute»

Gaia erantzukizunez jorratzeko konpromisoa hartu du koalizioak eta sentsazionalismoa saihesteko deia egin die eragile guztiei. Sansoheta zentroa masifikatuta dagoela esan du eta gehienez 10 erabiltzaile egon behar direla azpimarratu du.

Arabako Foru Aldundiaren zaintzapeko nerabeen prostituzioaren auzia azkartasunez argitzea eskatu die EH Bildu Arabak Ertzaintzari eta epaitegiei. Gutxienez, horietako bost Sansoheta zentroan bizi dira. EH Bilduren ustez argitu beharreko hiru kontu dira garrantzitsuenak: nor edo nortzuk daude horren atzean, nortzuk diren bezeroak eta zer ardura izan duen Foru Aldundiak auzi honetan bere zaintzapean zeudelako.

EH Bilduren ustez, Sansoheta zein Bideberria masifikatuta daude eta baliabide hauek arautzen dituen dekretua ez du betetzen. Bertan, familia, babes eta portaera arazoak dituzten erabiltzaileen kasuan, errekurtso bakoitzeko 10 erabiltzaile egon behar direla zehazten delako. Horrez gain, bi edo hiru erabiltzaileentzako monitore bat zehazten da. Hainbat ekimen aurkeztu ditu zentzu horretan EH Bilduk azken urte hauetan, arrakastarik gabe.

“Zaurgarritasun oso larrian dauden nerabeak dira eta lehen mailako inbertsio publiko eta soziala behar dute. Arazo honen irtenbidea ez da inoiz helduko isolamendua handituz”, azpimarratu du Alternatibako kide eta EH Bilduko batzarkide Luis Salgadok. Gaia erantzukizunez jorratzeko konpromisoa hartu du koalizioak eta sentsazionalismoa saihesteko deia egin die eragile guztiei.

Etorkizunari begira eta horrelako egoerak berriz ez errepikatzeko, EH Bilduk baliabide gehiago eskatu ditu, langileen kopurua handituz, errekurtso bakoitzeko erabiltzaileen kopurua txikituz eta batez ere, 18 urtetik aurrera eskaintzen zaizkien baliabideak hobetuz jarraipen programak hobetuz egun babesik gabe gelditzen direlako eta etorkizuna erabat balditzen duelako.

EH Bildu Araba

Ertzaintzaren (edo polizien) deserrotzeaz

Joxe Iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba

Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiaren eskariz, Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuak Ertzainek eta haien familiek ETAren mehatxuaren ondorioz jasan duten bidegabekeriari buruzko txostena (1990-2011) egin du. Ondo deritzat gatazkak, eta ETAk konkretuki, sorturiko sufrikario osoa aztertzea eta ezagutaraztea.  

Nago baina, azken urteetan onddoak bezala sorturiko institutuek eta idazkaritzek arreta gehiago jartzen dietela bidegabekeria mota batzuei besteei baino, egilea nor den arabera betiere. Batean eta bestean jarritako dirutza edo erabilitako bitartekoen desoreka nabarmena da gainera. Hor dabiltza zenbait ikerle boluntario,  zailtasunak zailtasun eta musu-truk, memoria historikoa lantzen edo torturaren mapa ikusezina aztertzen –Europak zortzigarrengoz zigortu du Espainia, tortura ez ikertzeagatik–, eta beste batzuk, berriz, baliabide guztiekin hileroko soldata jasotzen.

Areago, oso deigarria egiten zait zein arreta gutxi jartzen zaion, terrorismoaren aitzakiaz, urteetan ezarri eta gorpuztu diren lege eta jarrera errepresiboen ezabatzeari, salbuespenekoak omen zirenak, baina betiko geratu direnak. Lege horiek ez dute eraginik bizikidetzan? Honezkero badira hauxe diotenak: ETA desagertu da baina orain arrisku jihadistari aurre egin behar diogu.

Jarrai dezagun Ertzaintzak urte horietan izandako deserrotze, ikusezin eta gainerako arazoekin. Bistan da, tamalez hori dena gertatua dela, baina nago ere, dena ez dela ETAren eta bere “aldeko”en erantzukizuna. Ertzaintzak bere jarduerarekin badu bere ardura –zer esanik ez beste bi polizia motak– deserrotze eta gizarteratzeko arazoekin. Duela pare bat urte Kukutzaren gatazkaren inguruan orriotan gogor salatu nuen Ertzaintzaren jarduera.

Ertzaintza (polizia guztiak) injustizia ugari eragiten duen sistemaren adar bat da. Horrek ezinbestez gizartearen zati batekiko deserrotzea, are, areriotasuna, dakarkio. Galdetu greba batean astindutako langileei zeinen alde egiten duen Ertzaintzak. Askotan, gainera, ordenak betetzetik baino harago joan da. Gogoratzen dut AHTren aurkako manifa baketsu batean atxilotutako lagunak Auzitegi Nazionalaren eskuetan jarri zituela Ertzaintzak. Antzekoa munduko beste poliziei buruz. Los Angelesko polizia buruak sarri kexu dira, herritarrek sistemarekiko amorrua beraien aurka bideratzen dutelako. Frantzian gertatzen ari diren istiluetan ere, polizia askoren kexuak entzun ditugu. Ez omen dituzte merezi manifestarien herra eta erantzun bortitza. Zer esan Mossos d´Esquadraren jarduerari buruz. Batzuek eta besteek, ordea, ez diote galdetzen beren buruari ospe txar horren zergatia. Hor datza gakoa.

Argian argitaratua

Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna

Ekainaren 26an bozkatu beharra dugu berriz. Baina kontua da epe horretan asko direla herriko jaietan murgilduta ibiliko direnak. Horrexegatik, gogoratu baduzula aukera posta bidez bozkatzeko. Erraza eta doakoa da. Ondorengo bideoetan baduzu motiboen berri, eta argibideak ere bai.

EPEAK

Eskaera egiteko epeak:
CERA erregistroa (Hego Euskal Herritik kanpo bizi direnak): maiatzaren 3tik ekainaren 6a arte
ERTA erregistroa (aldi baterako atzerrian): maiatzaren 3tik ekainaren 6a arte (epe berria)
Orokorra, gaixoak eta ezinduak: maiatzaren 3tik ekaninaren 16a arte

EGOERAK

  • icon
    Bozka
    arrunta
  • icon
    Gaixo eta
    ezinduak
  • icon
    Atzerrian
    (CERA)
  • icon
    Atzerrian
    (aldi baterako)
  • icon
     
    Itsasontzietako
    langileak

Norentzat?

Botoa emateko modalitate hau hautesle izateko baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiek erabil dezakete ekainaren 26an botoa eman behar duten herrian ez badira egongo, baina Espainiar Estatu barruan egongo badira.

Non?

Posta bidezko eskaera egiteko inprimakiak Correoseko edozein bulegotan eska daitezke.

PROZEDURA

POSTA BIDEZKO BOZKA ESKATZEKO INPRIMAKIA BETE
Posta bidezko bozka eskatu nahi duen pertsonak inprimakia bete eta behin sinatu ostean Correos-eko edozein bulegotan pertsonalki aurkeztu behar du, bere burua identifikatuz. Nortasun agiria aurkeztu beharko du, ez du fotokopiak balio, eskaera egiten duen pertsona bera dela ziurtatzeko.
OHAR GARRANTZITSUA: Posta bidezko bozka behin eskatuta EZIN DA dagokion mahaian bozkatu

2. Correosek dokumentazio guztia Hautesle Erroldaren Bulegora bidaliko du. Honek, ondoko dokumentazioa gutun ziurtatuz eskatutako helbidera edo, honen ezean, erroldan agertzen den helbidera bidaliko du:

  • Boto-paperak eta bozka gutun-azalak, honetan EH Bilduren boto-papera sartuko dugu.
  • Errolda-ziurtagiria.
  • Bozkatzea tokatuko litzaiokeen mahaiaren helbidea agertzen den gutun-azal bat.
  • Azalpen orria.

Dokumentazio zuzenean jaso behar du, horretarako bere nortasuna ziurtatuz. Etxean ez balego, dagokion Correos bulegora joan beharko luke pertsonalki jaso dezan.

3. Bozka
Behin dokumentazioa jasota:

  • Boto-paper bakoitza dagokion gutuna-azalean sartuko du gutun-azala itxiz.
  • Itxita dauden bozka gutun-azalak eta Errolda Ziurtagiria bozkatzea tokatuko litzaiokeen mahaiaren helbidea daraman gutun-azalean sartuko ditu.
  • Gutun ziurtatuz dokumentu guztia bidaliko du, bozka egunaren aurreko hirugarren eguna baino lehen (ekainak 22).

OHAR GARRANTZITSUA: Gutun arruntez bidalitako bozka, gutun ez ziurtatua, bozka baliogabea izango da.

Alba Fatuarte: “Egun gazte batek duen soldataren bikoitza beharko luke etxebizitza baten alokairua ordaintzeko”

Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotziak koalizioak proposatutako Alokairua Ordaintzeko Udal Laguntza Plana aurkeztu du. Bilboko gazte birekin batera, hauek etxebizitza baten alokairua ordaintzeko dituzten arazoetaz hitz egin du. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan, gazteen langabezia tasak bikoiztu egiten du populazio osoarena.

Bilbo egoera horren adibide argia da. Gaur egun ia 8.000 gazte langabezian daude eta lan egiten dutenen artean prekarietatea da nagusi. Egoera horretan, eta kontuan izanda etxebizitzara bideratu beharreko soldataren zatia gehienez %30eko izatea gomendatzen dela, gazte batek egun duen soldataren bikoitza beharko luke etxebizitza libre bat alokatu ahal izateko. Izan ere, etxebizitza alokairuaren batezbesteko prezioa 925 eurokoa da.

Alokairua Ordaintzeko Udal Laguntza Programa

Egoera horren aurrean, eta beste udalerri batzuetan egin den bezala, Bilboko Udalak gazteriaren emantzipazio prozesuak bultzatzea helburu dituzten politikak abian jartzea proposatzen du EH Bilduk.

Jakin badakigu hau ez dela soluzio bakarra eta behin betikoa gazteen emantzipazio arazoekin amaitzeko. Beste neurri askoren artean, ezinbestekoak dira zerga sistema eta aurrekontuen berregituraketa; etxebizitza eskubide subjektiboaren defentsa; etxebizitza babestuak soilik alokairukoak izateko politikak; etxebizitza hutsak behar sozialetara bideratzeko politikak” esan du Alba Fatuarte zinegotziak.

Diru-laguntza zuzenak eskainiko dituen programa bat martxan jartzea behin-behineko abagune neurri bat dela uste dugu, baina era berean, guztiz beharrezkoa eta urgentziazkoa, egungo egoera sozioekonomikoa dela eta, gazteentzat ia ezinezkoa delako euren kabuz eta laguntzarik gabe emantzipatzea”, adierazi du Fatuartek.

EH Bildu Bilbo

X