Alternatibak dio Ondarroa herri duintasunaren eredugarri bilakatu dela gaur mundu osoarentzat

Alternatibaren Bilboko bozeramaile Asier Vegak Askegune berrian, Ondarroako Zumardian, erakutsitako herri duintasun eredua txalotu du, zeinetan ehunka lagunek “delitu ezagun bakartzat militantzia politikoa duen gazte bat” babesten eguneko 24 orduak eman dituzten. Baina atxiloketaren gainetik ere, Alternatibatik nabarmendu dute Donostiako Boulevarden gertatu bezala, “Ondarroa erresistentzia bakezalearen, herritar duintasunaren eta elkartasunaren eredu bilakatu dela mundu osoaren aurrean”.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak gogorarazi du Alkortaren aitortza torturapean lortu zutela, berak salatu zuenez, eta Nazioarteko Amnistia bezalako erakunde batek Espainiako Erresuman “tortura estatuaren egiturazko arazoa” dela esan berri duela; horri gehituta nazioarteko epaitegi ugarik diotela tratu txarren eta irainen salaketak ez direla behar bezala ikertzen. Era berean, Arartekoak berak eskatu zituen atxiloketa honi buruzko agiriak, “inoiz lortu ez zituen arren”.

Bestaldetik, Vegak bertan egon diren pertsonak zoriondu ditu: “haien elkartasun aktiboa eta bortizkeriarik gabeko herri erresistentziarekiko konpromisoa erakutsi dutelako, herri honetan soluzioaren eta bakearen alde nor dagoen eta nor ez dagoen agerian utziz”. Aldi berean, Iñigo Urkulluren gobernuaren eta polizia agintarien jarrera deitoratu du, berriro ere, beharrezkoa ez zen bortizkeria erabili duten eragileen ikuskizun tamalgarriak errepikatzea ahalbidetu dutelako; “gure koalizioko kide Maribi Ugarteburu mehatxatu badute honek legebiltzarkide txartela erakutsi arren, zer ez zuten egingo bertan zeuden pertsonen kontra”.

Bukatzeko, Alternatibatik azpimarratu dute “euskal gizartearen gehiengoa Euskal Herriko pertsona guztien eskubide osoak berreskuratuko dituen prozesu ekonomikoaren alde” dagoela eta horren harira, gaurko deitutako elkartasun manifestazioetan parte hartzera deitu dute.

Donostiako gazteen kontrako espetxe zigorra dela eta azken asteotan Donostian gertaturikoaren inguruko adierazpenak

EHBildu koalizioa osatzen dugun indar politikook, Donostiako 8 gazteen kartzelaratzea irmoki salatu nahi dugu.

Bada garaia gure herrian jazarpen politikoa amaitu dadin. Ezin onar dezakegu, gaur egun, gure hirian, beraien ideia politikoengatik 8 gazte 6 urtez espetxera bidaltzea. Atxiloketa eta epaiketa politiko guztiak behin betiko eten behar direla, ozen aldarrikatzen dugu. Kartzelak husteko garaiak dira honakoak, ez hauek betetzen jarraitzekoak.

Gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu atxilotuei beraiei baita haien senide eta lagunei ere, bizitzen ari diren une zail hauetan.

Herri honek gatazka politikoa konpontzeko eta bakea eraikitzeko urratsak eskatzen ditu; sufrimendu egoerekin behingoaz amaitzea, eta ez, etengabean sufrimendu egoera berriak sortzen jarraitzea.

EHBilduk, orain artean bezalaxe, pertsona guztien eskubide guztiak errespetatu daitezen lanean jarraituko du buru-belarri. Sinetsiak gaude, horixe dela sentsibilitate ezberdinetako herritarren gogoa.

Gazte hauekin burutu den injustizia salatzeko, elkartasunezko ekimena abiarazi zuen herritar talde batek Donostiako Bulebarrean.

Azken bi asteotan Donostian sortu den elkartasun eta salaketa mugimendua, ikaragarria izan da. Gure zorionak eman nahi dizkiegu Aske Gunea posible egin duten herritar guztiei. Zuen jarrera eraikitzaile eta arduratsuarekin antolaketa eta konpromiso lezio ederra eskaini diguzue donostiar guztioi.

Horrekin batera, bertan bildutakoak kanporatzeko ertzaintzak izandako jokamoldea salatu beharrean gaude. Asko izan dira, mehatxuak, umiliazio sexistak eta eraso fisikoak salatu dituzten herritarrak.

Azkenik, PNV, PSE eta PPren jarrerari dagokionean zera adierazi nahi dugu:

Eskandalagarria iruditzen zaigu azken asteotan Donostiako oposizioko alderdiek erakutsi duten jokaera arduragabea. Zortzi gazte lan politikoa egiteagatik 6 urtez kartzelaratu behar dituztenean, hori salatzen duten herritarren aurka oldartu dira. Larriagoa da, nonbait, Bulebarrean protesta egitea zortzi familiaren bizitzak bidegabeki apurtzea baino.

Herritarren ahotsa entzutera gonbidatzen ditugu PNV, PSE eta PPko Donostiako ordezkariak. Ausardia eskatzen diegu, beraien alderdien irizpideak alboratu ditzaten eta Donostiarren gehiengoaren nahiarekin bat egin dezaten.

Beraien oinarriek pentsatzen dutena esatera animatzen ditugu. Alegia, 2013an, gure hiriko seme alabak Madrileko agindu injustuak betez kartzelara bidaltzea onartezina dela.

Bakea eta elkarbizitza eraikitzeko, alderdi guztion ekarpena beharrezkoa da, eta bide horretan, jarrera ausart eta positiboak bultzatu behar ditugu Donostian ere. Donostia elkarbizitzaren erreferente bilakatu nahi badugu, oinarrizko eskubideen kontrako eraso hauekin amaitu beharra dago, ezinbestean.

Alternatibak Donostian erakutsitako “bidegabekeriaren aurkako erresistentzia, borroka eta duintasunaren eredua” txalotu du

Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek bere alderdiaren elkartasuna adierazi nahi izan die Ertzaintzak gaur goizean Donostian atxilotu dituen gazteei, gogorarazi duenez, “militantzia politiko hutsagatik kondenatu dituztelako”. Atxiloketen gainetik, alabaina, Matutek txalotu egin du ehunka lagunek erakutsitako “erresistentzia baketsua, herri duintasuna eta elkartasuna, egunak daramatzatelako kalean gazteak babesten”.

Alderdi ezkertiarreko bozeramailearen hitzetan, euskal gazteriak “elkartasun aktiboa eta ez-biolentziarekiko konpromisoa agertu dute erresistentzia zibilaren bitartez, eta auzi honetan bakoitzaren kokapena agerian utzita”. Hala, “deitoragarria” iritzi dio Iñigo Urkulluren Gobernuak erakutsitako jarrerari, “berriz ere jarri baitu Ertzaintza bakea zein normalizazio politikoa oztopatzeko asmoa besterik ez duen Espainiako Erresumako Gobernuaren borondatearen zerbitzura”.

Honen harira, bere ardura plazaratu du “polizi autonomikoak Askegunea husteko indarkeria erabili duelako eta eguneko ordu txikietatik aurrera dozenaka lagunek salatutako mehatxuak eta irainak ugariak izan direlako”. Horrela, jarraitu du esanez “onartezina da komunikazio hedabideei haien lana egitea galarazi izana, gaur goizeko gertakariez berri ematera hurbildu direnean”.

Matutek, Askegunea hustea lortu duten arren, “elkartasuna eta Euskal Herrian pertsona guztien eskubide guztiak berrezartzea helburu duen prozesua geldiarazterik ez dutela lortuko” ziurtatu du. Era berean, “Askeguneak luze iraungo” duela gaineratu du, “bidegabekeriaren aurkako borroka, duintasuna eta erresistentzia eredua bilakatu delako”. Azkenik, Alternatibatik gaur arratsalderako eta biharko deitutako elkartasun mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.

Cabacas auziko grabazioek mina egiteko borondatea erakutsi eta Ertzaintzako buruak nabarmen utzi dituzte

Gaur bertan bi hedabideri esker euskal jendarteak ezagutu duen grabazioak argi utzi du Ertzaintzako buruek mina egiteko borondatea zeukatela 2012ko apirilaren 5ean Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen agindua eman zutenean. Maria Diaz de Haro kalean zeuden agenteek istilurik ez zegoela eta egoera kontrolpean zegoela ziurtatu eta hala eta guztiz ere “dugun guztiarekin sartzeko” agintzea modu horretan soilik uler daiteke. “Grabazioak agerian utzi du Ertzaintzako buruek mina egitea bilatzen zutela eta herri honetako sektore sozial eta politiko baten kontra jotzeko erabaki politikoa ere bazegoela. Iñigoren heriotza borondate horren ondorio latza izan zen, eta gaur ezagutu dugun grabazioak argi utzi du hori ezin dela, inondik inora, istripu gisa hartu”, salatu du Marian Beitialarrangoitiak.

EH Bilduk Estefania Beltran de Heredia egungo Segurtasun sailburua; bere aurrekoa, Rodolfo Ares, eta egun hartako operatibo burua Legebiltzarrean berehala ager daitezela eskatu du, Jaurlaritzak auzi honetan emandako urratsak zehatz-mehatz argitzeko. Izan ere, dio Beitialarrangoitiak, “euskal jendarteak egia ezagutzea merezi du, eta Aresek eta Beltran de Herediak egia kontatzeko obligazioa dute. Batak zein besteak grabazio hau ezagutzen zuten eta horrek are argiago uzten du orain arte gezurretan aritu direla, ez dutela gertatutakoa argitu nahi izan. Beren helburua ez da ardurak garbitzea izan, Ertzaintzaren jarduna justifikatzea, estaltzea eta zuritzea baizik. Ez digute egia osoa kontatu; Ares gezurretan aritu zen hasieratik eta orain Beltran de Heredia ez da hobeto ari, onartezina baita gertatutakoa istripu gisa hartzea grabazioan mina egiteko gogoa agerikoa denean”.
Ildo horri jarraituz, EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzaren pasibotasuna salatu du, eta 2012ko apirilaren 5ean inolako arrazoirik gabe kargatzeko agindua eman zuen ertzainaren aurkako diziplinazko neurririk hartu ez izana egotzi dio Segurtasun Sailari.

Zentzu horretan, berehala kargutik kentzeko eskatu dio: “Agente hori identifikaturik dago, egon behar du, eta Iñigo Cabacasen heriotzaren erantzukizuna berari dagokio neurri handi batean, arduragabekeria baino erakusten ez duen agindu hura emateagatik. Horregatik, ulergaitza da ertzain horrek, bere aginduen ondorio larriak ikusita, oraindik orain bere postuan jarraitzea. Azalpen posible bakarra hasieratik salatu egin duguna da, Segurtasun Sailaren lehentasuna ez dela jazotakoa argitzea eta ardurak garbitzea, agente horien jokaera arduragabea estaltzea baizik”.

Gonzalez, Ares eta boteretsuen justizia

Jonathan Martinez – Alternatiba

Gaur jakin izan dugu Felipe Gonzalezen Gobernuak 25 milioi pezeta bideratu zituela Santi Brouard Euskal Herriko diputatua erailtzeko, 1984ko azaroaren 20an. Gonzalez ez da inoiz epaitua izan eta, gaur egun, urtero 126.500 euro irabazten ditu Gas Natural enpresako kontseilari gisa, escracheak direla eta moraltasun irakaspenak ematen dituen bitartean.

Gaur jakin dugu Rodolfo Aresen Ertzaintzak Iñigo Cabacasen hilketa diseinatu zuela, soldaduek “daukagun guztiarekin sartzeko, herrikon sartzeko” agindua jaso zutela arazorik ez zela jakinarazi arren. Ares ez da inoiz epaitua izan eta bizitza osorako soldata txukunarekin erretiroa hartu ahal izango du.

Baina ez ezazue pentsa justiziak ez duela ezer egiten: gaur goizean berton, guardia zibilak Sortuko buruzagi Iker Rodrigo atxilotu du, agintariek hainbat egunez ezkutatu duten hilotzaren herriratzearen ekitaldian ikusle izateagatik.

Justizia egon badago, noski; boteretsuek kudeatzen eta herri xeheko lagunok pairatzen duguna.

X