Bilduk aldundia bere esku hartu eta handik gutxira hitzaren inguruan gertatzen ari zenaz, hauxe idatzi nuen ‘Argia’ astekarian. «Duela gutxi arte, inposaketa hitza, ezker abertzalearen eta ezker muturrekoen hitz totemikoa genuen. Borrokarako akuilu. Arazoak arazo, gaiak gai, sistemak edo beren aldeko instituzioetatik inposatzen ziguten oro salatzeko erabiltzen genuen hitza. Alabaina (ez dakit noiz arte), nola aldatzen diren gauzak! Gipuzkoan inmobilisten ikur bihurtu da» Bitxia egiten zitzaida. «Agintearen makila eskuz aldatu delarik, hortik komeriak, eta herri galdaketaz entzun ere nahi ez zutenak, haserre bizian kontrako bidean aldarrika ikustea orain. Memoria interesatua baita. Nolabait, ahaztu egin dira AHTri buruzko herri galdeketak antolatzeagatik ezker abertzaleko zenbait alkate epaituak izan zirela PSOE agintean zegoelarik. Hots, inposaketa hitza, nork modu oso interesatuan erabiltzen du, beti bere ideologiaren arabera». Eta segitzen nuen. «Nik uste, mamiz eta formaz, ezkerrekook, demokrazia azken mugaraino bultzatu behar dugu. Inhabilitazioaren arriskuari aurre eginez AHTri buruzko galdeketak antolatu zuten alkate haiek bezala. Eta, edozein arrazoi delarik, herritar talde handi batek galdeketa antolatzea eskatzen badu, onartu ez ezik, gauzatzeko bidea abian jarri behar da… Ateratzen dena ateratzen dela, guztiek onartuko dutela aldez aurretik baieztatuz! Errauskailuarekin ez bezala (eraikita jai) Aldundiaren planak badu atzera bueltarik. Egungo oposizioak irabaziko balu bere esku legoke Hondakin Plan berria bertan behera uztea. Dena den, Katalunian 10 urtetan atzera bota duena (atez atekoa) udaletxe bakarra izan da».
Gipuzkoako atez-atearen aurkako alderdirik nagusiena izan dena, PNVk, agintea makila jada eskuen duela mehatxua bota du: errauskailua eraikiko dugu! Hots, Bilduren aurka erabilitako trikimailu guztiak, inposizioarenak barne, jada ez du zentzurik. AHTrekin egin duten bezala, arre eta so, atzera bueltarik ez duen errauskailua eraikiko du. Eta, esan bezla, hor dago diferentzi nabarmena, atez atekoak huts eginda, bazuen bueltarik. Errauskailua behin eraikita, ez!
EAJk utziko al digu gipuzkoarroi gure iritzia ematen, eta ateratzen denaren arabera jokatzen? Ez dut uste egingo duenik, ez berez eta gogoz, behintzat. Horregatik, Zero Zabor inguruan ibili direnak edo errauskailuaren aurkako plataformarenak, eta batez ere, bere garaian egitasmo horren aurka azaldu ziren sendagileei, mezu hau helarazi nahi diet. Berrio kalera! errauskailuren aurka, erreferenduma antolatu dezatela eskatuz. Eta aldundiak ez badu egiten, guk gure kabuz.
Mugikortasunaren inguruan EH Bilduren ardatzak azaldu dituzte Jon Albizu Alternatibako kide eta Foru hauteskundeetan Donostialdeko EH Bilduren zerrendaburuak eta Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegituren arloko foru diputatuak. Biek nabarmendu dute RENFE mugi txartelaren barruan sartzea dela ondorengo urteetarako erronka nagusia, eta horrekin batera, azken lau urteotan foru aldundiak izan duen ildoari eustea, garraio publikoa bultzatu eta hobetzearekin batera, bidegorrien sarea zabaltzea alegia.
Larraitz Ugartek foru diputatuak lau urteotan mugikortasun egoki eta iraunkortasunaren alde burutu diren aurrerapenak azaldu ditu. Jakina da errepide bidezko garraioaren nagusitasuna arazo bihurtu dela eta horregatik beste mugikortasun eredu bat bultzatu duela EH Bilduk batez ere garraio publikoan oinarritua. Horren hobekuntza esanguratsuenak, Mugi txartel bakarraren sorrera, autobus zerbitzuetan eman den hobekuntza nabarmenak parte hartze prozesu zabal baten ondoren gainera eta bidegorriak egiteko inbertsioak.
Jon Albizu hautagaiak, aldiz, RENFEren tren zerbitzua egunero 25.000 gipuzkoarrek erabiltzen dutela nabarmendu du eta beste zenbait hobekuntzan artean, RENFE txartel bakarrean integratzeko eskatu. Adostasun oso zabala dago Gipuzkoan garraio publiko osoa txartel bakarrean integratzeko RENFEko arduradunen kasuan izan ezik. “RENFEk ez du integratu nahi izan. Beraz, egunero tren horiek erabiltzen dituztn 25.000 gipuzkoarrek ez dute Mugiren aukera eta beherapenez baliatzeko aukerarik, eta ezin dituzte transbordoak egin beste garraio publikoetara. Oraingoz soilik biletea Mugiarekin ordaintzeko aukera ematen digute”
Albizuk salatu du Gipuzkoako ADIFek trenbidean 30 geltoki kudeatzen dituela eta horietako asko segurtasun eta erosotasun egoera kaxkarrean daudela. “Gipuzkoako udal eta erakunde askok bat egin dugu behin baino gehiagotan egoera hori salatzeko eta PPk berak ere aitortu du egoera horri buelta eman behar zaiola”. Hala ere Madrileko Gobernuarentzat “Gipuzkoa ez gara lehentasuna” salatu du Albizuk. Segitzen dugu ADIFeko geltokiak eta lineak berritu gabe, Eusko trenbidesarea eta ADIFean lotuko dituen aldagailurik gabe, RENFE zerbitzuak txartel bakarrean benetan integratu gabe. “Dirurik ez dagoela diote baina bien bitartean dirutza ari dira gastatzen Gipuzkoako erakunde eta udal ugarik arbuiatu duten azpiegitura batean, AHTan hain zuzen. Bitxia da gero, aho batez Gipuzkoako indar politiko guztiek, PPk berak barne, begi onez ikusten ditugun berrikuntzak egiteko ez dago dirurik. Halako adostasunik ez duen eta udal ordezkari askok arbuiatu duten AHT egiteko bai, ordea”.
Gogor salatu du Jon Albizuk Madril eta Gasteizko Gobernuen jarrera hori, “Egunerokoan erabiltzen den garraio publikoa hobetu eta sustatu beharrean, gutxi batzuen interesei mesede egiten dien azpiegitura handiak bultzatzen ditu Madridek Lakuaren babesarekin. Denon zerbitzurako hobekuntza txikiak egiteko dirurik ez eta eraikitzaile handientzako negozio eta obra faraonikoetarako badago”.
Egunerokoan eta gure ohiko beharrei erantzungo dien garraio publiko eroso eta eraginkor bat bultzatzeko eskatzen dute EH Bilduko ordezkariek, herritarrei toki batetik bestera joateko zerbitzu on bat emateko, herri eta eskualde harteko harremanak sustatzeko eta gaur egun autoz egiten diren bidaiak murrizteko.
Konkretuki hiru eragozpen aipatu ditu Jon Albizuk, batetik, RENFEren hainbat tres eta geltokien irisgarritasun falta, “geltoki batzuk ez dira irisgarriak, eta trenek izugarrizko arazoak ematen dituzte”, FEVE eta RENFE lotzeko aldagailuaren aspaldiko eskaera, “ardura ez da soilik Raxoiren gobernuarena, PSOEko Zapatero eta Patxi Lopezen gobernuek bat egin zutenean ere ez zuen ezertxo ere egin, ezta EAJk eta PPk ere Lakua edo Madriletik, nahiz eta alderdi hauek guztiek behin eta berriz aldarrikatu azpiegitura hau” eta, azkenik, RENFE txartel bakarrean integratzea.
Donostiako Bretxan izan gara, eraikin hau EH Bilduren politika egiteko moduaren adibide argia da; interes pribatuen esku utzi zen espazio publiko hau auzotarrentzat berreskuratu dugu. Hori da 24ean egin beharreko aukera nagusia: herritarren interesak defendatzen dituen eredua, edo gutxi batzuen interes eta pribilegioak defendatzen dituena. Horren inguruan aritu dira Alternatibako kide eta Gipuzkoako Politika Sozialeko diputatu Ander Rodriguez, Donostiko alkete Juan Karlos Izagirrerekin batera.
Hemen bildu gara gaur, Gipuzkoako eta Donostiako EH Bilduko hautagaiak, herritarren eskubidea diren zerbitzu publikoen defentsan. Defendatzen ditugu zerbitzu publikoak, kalitatezkoak, duinak bai erabiltzaileentzat bai langileentzat, eta gertukoak, gure herri eta auzoetan. Horretarako, pribatizatuta dauden espazioak eta zerbitzuak berreskuratu nahi ditugu, izaera publikoa bueltatu eta herritarren mesedetara jarri.
Badakigu zein eredu nahi duen Troikak, hau da, PP, PNV eta PSEren aliantza, lobby pribatuen konplizitatearekin. Inposatu nahi diguten politika neoliberalak ondorio larriak ekarri ditu jada, eta, tamalez, okerrera egingo dute, zerbitzu publikoen eta lan baldintzen kalterako. Eskuinaren azken helburua zerbitzu publikoak suntsitzea eta esku pribatuetan jartzea da, beti ere krisia aitzakiatzat hartuta.
Pertsonen miseria ekarri duten politiken aurrean; merkatuen txotxongilo diren gobernuen aurrean, eredua errotik aldatu beharra dago. Lehenik, gehien sufritzen ari direnen alde aritu behar dugu, murrizketa sozialak alboratuz eta politika sozialari merezi duen indarra emanez.
Atzera egin nahi duen eskuinaren aurrean EH Bilduk zerbitzu publikoen eta gizarte zerbitzuen defentsa sutsua egin du eta egingo du foru gobernutik eta udaletatik. Ongizate Estatuaren zutabe nagusiak Hezkuntza, Osasuna eta Gizarte Zerbitzuak dira. Eta mehatxatuta daude, eraso bortitzak eta murrizketa onartezinak pairatzen ari dira PNV, PSE eta PPren eskutik.
Ongizatea desegiten eta pribatizatzen ari diren honetan, zerbitzu publiko eta unibertsalak bermatzea ezinbestekoa da. Horregatik, legegintzaldi honetan, EH Bildu sutsu aritu da, eragile desberdinekin eta herritarrekin elkarlanean.
Gogora ekarri nahi dut Diputaziotik Lurraldean egiten ari garen gizarte zerbitzuen eredu aldaketa. Urte luzeetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak pribatizazioan eta azpikontratazioan oinarritutako zerbitzu publikoen kudeaketa eredua diseinatu du. Foru Gobernu honetan, EH Bildun, aldiz, gure zerbitzu publikoen kudeaketa publiko eta zuzena defendatzen dugu eta horretan sinisten dugu, bai eta gure konpetentzia diren ardurak Administrazioak guztiz bere gain hartzea ere. Horregatik, transformazio prozesu batean gaude.
Baina dugunari eusteaz gain, herrialde ikuspegitik herritarrei gizarte arreta duina eta osoa eskaintzeko aurrera jarraituko dugu. Ildo horretan, populazioa gero eta gehiago zahartzen ari den honetan, adinekoei begirako zerbitzu publiko duin eta kalitatezkoak inoiz baino beharrezkoagoak dira, eta horiek zabaltzen jarraituko dugu.
Juan Karlos Izagirre: Donostian bezala herritarren interesak defendatzea edo gutxi batzuen pribilegioak defendituz aritzea, horixe aukeratu behar dugu 24an
Zer gertatu zen Bretxan? Sinple eta labur azaltzen saiatuko naiz.
Duela urte batzuk jada, Donostiarena zen espazio publiko hau interes pribatuen esku jarri zen. Guztion interesera bideratu beharrean, gutxi batzuen interesak asetzera bideratu zen eraikin publiko bat. Auzo honetan askok gogoratuko duzue nola, herritarren protesta artean onartu zen operazio hura.
Orain, urte batzuk igaro eta gero, esku pribatuetan zegoen espazio hura, hiriarentzat berreskuratu dugu. Espazio publikoa, donostiar guztion ondarea, herritarren oinarrizko zerbitzuak betetzeko berreskuratu dugu.
Eta herritarrak, auzoko bizilagunak, pozik daude eman dugun urratsarekin. Pozik, orain, auzotarren oinarrizko beharrak asetzera bideratuko delako hemen atzean dugun eraikin hau.
Bretxan gauzatzea lortu dugun aldaketak, hobekuntza nabarmenak ekarriko ditu Donostiarentzat eta auzoarentzat. Auzotarrek urte luzetan aldarrikatu dituzten zerbitzuak izango dituzte behingoz eskura: Osasun zentroa egongo da bertan , kirol gunea… Zorionak, beraz, urtetako aldarrikapena gauzatzea lortu duzuelako.
Gauzak egiteko bi modu, hiria kudeatzeko bi eredu ikusten ditugu Bretxako eraikin honen ibilbidearen atzean. Erabakiak auzoarekin batera hartu edo honi bizkarra emanez egin.
Herritar guztien interesei begira gobernatu edo gutxi batzuen interesei begira egin.
Zerbitzu eta baliabide publikoak indartu edo beste hainbat lekutan ikusten dugun moduan, guztiona dena esku pribatuetan utzi. Guk argi dugu zein den gurea. Gauzak beste era batera egin daitezkeela ongi frogatzen ari gara Donostian. Eta ez hori bakarrik, beste era batera kudeatuz emaitzak hobeak direla ikusten ari gara etengabe. Bretxan lortu duguna, horren adibide argia da ere.
Eta maiatzaren 24an bi eredu horien artean aukeratu behar dugu donostiarrok. Abiatu dugun politika eredu berrian aurrera egin edo betiko eredura itzultzea aukeratuko dugu. Donostian bezala Udaletik politika behetik gora, herritarren interesak aurrera eramanez egitea, edo beste leku askotan ikusten dugun moduan, gutxi batzuen interes eta pribilegioak defendituz aritzea. Horixe aukeratu behar dugu maiatzaren 24an.
El 24 de mayo los y las donostiarras elegimos entre dos modelos. Entre avanzar en un nuevo modelo o volver a lo de siempre. Entre el modelo de Donostia de hacer política de abajo arriba, defendiendo los derechos e intereses de las personas o como en otros muchos sitios, defendiendo únicamente los intereses y privilegios de unos pocos. Eso es lo que elegimos el día 24.
Guztion interesak defenditzen dituen eredua babestera deitzen ditugu herritarrak; gehiengoaren indarrak elkartuz soilik lortuko dugulako gehiengoaren interesak ondo babestea.
Animo eta aurrera. Donostia bizi, koloretsu eta konprometitua egunez egun irabazten ari gara eta!
Gipuzkoako Foru Aldundiak indarkeria matxistaren biktimekiko arreta indartuko du, eta tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei zerbitzu berriak eskainiko die Lurraldean: besteak beste, taldeko terapiak, arreta sozio-juridikoa edo esku-hartze psikosoziala. Aurrekontua % 60 igo da. Urtean, 1.680.000 euroko kostua izango du modelo berri honek, eta biktimei osoko tratamendua eskainiko die ahalduntzearen ikuspuntutik, zeinak lagunduko baitie indarkeriari aurre egiten hainbat esparrutatik: legea, psikologia, familia, babes neurriak, kontzientziazioa, eta abar.
Ander Rodríguez Gizarte Politikako diputatu eta Alternatibako kideak prentsaurrekoan aurkeztu du eraberritze hau, Laura Gómez Berdintasuneko zuzendariarekin eta Euken Barreña Indarkeria Matxistaren arretarako zuzendariarekin batera. Diputatuak azaldu duenez, “gizon eta emakumeen arteko desberdintasunaren aurkako borroka lehentasuna izan da legealdi osoan, eta indarkeria matxista desberdintasun horren muturreko espresioa da. Hala ere, baziren hainbat gabezia zerbitzu horretan, eta biktimei ezin zitzaien eman arazoari osoki aurre hartzeko baliabide guztiak. Izan ere, ez zeuden emakumeen ahalduntzeari begira. Hori dela eta, legealdi osoan hausnarketa, hobekuntza eta zerbitzuen berrantolaketa prozesu bat egin da, emaitza izan duena modelo integratu eta indartu berri bat.
Modelo integratu honek hainbat zerbitzu eskaintzen ditu:
– Zerbitzu sozio-juridikoa: legezko informazioa eta prozesuko aholkularitza familia zuzenbideaz, babes neurriez, doako justiziaz, zuzenbide zibilaz (dibortzioa)… bakarkako arreta, abokatu adituek pertsonalki emandakoa.
– Arreta psikologikoko zerbitzua: saio terapeutikoak dira, emakumeentzat eta seme-alabentzat. Orain arte, bakarkako saioak bakarrik eskaintzen ziren, baina hemendik aurrera taldeko terapiekin indartuko da zerbitzua, zeina modu esperimentalean hiru zonaldetan hasiko baita (Donostialdea, Debabarrena eta Bidasoa-Oarso) eta gero Lurralde osora zabalduko baita.
– Esku-hartze psikosozialeko zerbitzua: zentroetatik pasa diren emakumeen jarraipena egiteko abiarazten da, eta arreta ematen die, orobat, hainbat arrazoiengatik indarkeria ingurunea uzten ez duten emakumeei (segurtasuna, kontzientziazioa eta laguntza).
– Harrera zerbitzua: Gipuzkoan emakumeak artatzeko bi zentro daude, 20 plazekin (urgentziazko harrera eta egonaldi luzeagoetarako zentroa). Orain, autonomia pisuak jarriko dira martxan, zentroetatik igaro ondoren, autonomia handiagoko bizitza hasten duten emakumeentzat.
Alternatibako kide eta Gipuzkoako Gizarte Politika Diputatu Ander Rodriguezek gogora ekarri nahi izan du Gipuzkoak EAEko langabezia tasa txikiena eduki arren -%12,1- adindu eta kualifikaziorik gabeko langabeen zifra hazi egin dela herrialdean. “Langabetuen artean, hirutik batek 50 urte baino gehiago ditu, 15.380 pertsona, alegia”, azaldu du Rodriguezek.
Gizarte Politikako diputatua ere denak salatu du Lanbide ez dela “lana aurkitzeko tresna eraginkorra” eta gaineratu du Euskadin gauzatzen diren kontratuen %2an baino gutxiagoetan bakarrik bitarteko dela Lanbide. Horregatik, eta “Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena ez izan arren”, EH Bilduk proposamen hau jarri du mahai gainean. “Kualifikaziorik gabeko pertsonen artean gainera, errealitatea are larriagoa da, langabezian dauden adinduen %68a baitira. Eta, beti bezala, emakumeak dira kaltetuenak. Horietako askok, etxeko lanetan aritu dira eta orain, krisiaren ondorioz, kualifikazio baxuko merkatuan beste lan bat bilatu behar izan dute”, adierazi du Rodríguezek.
EH Bilduk “adindu langabetuak merkaturatzeko programa berezia” proposatu du. Gaur goizean, Donostiako Antiguo auzoan dagoen Lanbideren bulegoaren aurrean izan den prentsaurrekoan, EH Bilduren hautagaiak Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko, Xabier Olano, eta koalizioko bozeramaileak, Ander Rodriguezek, plan horren ildo nagusiak aurkeztu dituzte, zeinek helburu bezala duen “adindu langabetuak merkaturatzea, bereziki, kualifikazio txikia dutenak, lana lortzeko arazo larriak baitituzte”.
Olanok adierazi du “50 urte baino gehiago dituzten epe luzeko eta kualifikaziorik gabeko langabeek osatzen duten kolektiboa gizarte-bazterketaren arriskuan” dagoela. Horri aurre egiteko, Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaiak bost neurrietan oinarritzen den programa aurkeztu du.
Alde batetik, EH Bilduk formakuntza jardunaldiak proposatu ditu. Olanoren esanetan, “pertsona horiek lan merkatura itzultzeko zenbait sektore” identifikatu dituzte eta horien inguruko formakuntza jarduerak martxan jarriko dituzte kolektibo horrek lan merkatura itzultzeko aukera handitzeko. Garbiketa, enplegu berdea -adibidez, hondakinen kudeaketan-, ostalaritza, azpikontratazio industriala eta enplegu zuria -pertsonen zaintza- dira Olanok azaldu duenez aukera gehien duten sektoreak.
Gainera, hautagaiak koletibo horren merkaturatzea ahalbidetzeko pizgarri eta hobariak ere proposatu ditu. Baita, lanpostu berriak sortzeko borondatezko lanaldi murrizketak sustatu eta gizarte klausulak aplikatuko dituztela esan du Olanok. Modu berean, EH Bilduk sektore horren diskriminazioaren aurkako sentsibilizazio kanpainak ere martxan jarriko dituela iragarri du.
Azkenik, Olanok adinduentzako “merkatu babestu” bat sortzea proposatu du: “Potentzial izugarria izan dezakeen neurri berritzailea proposatu nahi dugu. Kualifikaziorik gabeko adineko langabetuentzat, bereziki epe luzekoentzat, merkatu babestua sortzea proposatzen dugu, enpresa, gizarteratze-zentro eta enplegu lantoki berezien eskutik”.