Ander Rodriguez: “Beharra izan arren herritar askok ez du gizarte zerbitzuetara jotzen”

Info 7 irratiak Alternatibako kide eta GIpuzkoako Politika Sozialeko diputatu Ander Rodriguezi eginiko elkarrizketa gizarte zerbitzuen harira.

31.400 gipuzkoarrek gizarte zerbitzuak erabiltzen dituzten arren, ezjakintasun, lotsa edo estigmatizazioa tarteko, beste askok ez dutela laguntzarik eskatzen uste du Gipuzkoako Diputazioak. Horregatik, Gizarte Zerbitzuei esker. Zuri esker leloa duen kanpaina abian jarri dute. Gizarte politikako diputatu Ander Rodriguezekin aztertu dugu kanpaina eta egoera. Lau urteko legegintzaldiaren balorazioa ere egin digu.

Urumeako kanpalekuaren hiru laurden desegin dira eta gizarteratze prozesua 2016an bukatzea espero da

Gizarte Politikako diputatu eta Alternatibaren kide Ander Rodríguezek Gipuzkoako Batzar Nagusietako agerraldian bere babesa ekaini dio Hernani eta Astigarragan egiten ari diren gizarteratze prozesuari, Arartekoak “eredugarritzat” jo duena. Proiektu hau garatzeko lankidetzan ari dira Hernani eta Astigarragako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, bai eta Romi Bidean elkartea ere.

Urumeako asentamenduan egiten ari den erakunde arteko gizarteratze proiektua aurreikusi baino azkarrago doa eta, momentu honetan, txabolen hiru laurden desegin dira. Hasiera batean Astigarraga eta Hernanin bizi ziren 91 familietatik 23 geratzen dira egun. Kanpalekua 2016rako hutsik egotea espero da, familiak pixkanaka tokialdatu eta hauen txabolak botatzea ahalbidetuko duen eta 2012an hasitako gizarteratze prozesua burututa.

Foru arduradunak azaldu duenez, 2012an programa honetan lanean hasi ziren 150 pertsonetatik (hauetako 42 adin txikikoak), momentu honetan 60 geratzen dira (15 adin txikiko). Gizarteratze lana ikuspegi integraletik lantzen da. Lantzen diren alderdien artea hauek daude: juridiko administratiboa (erregulazio prozesuak eta dagozkien gizarte eskubideen tramitazioa), higieniko-sanitarioa (osasun zentroetara sarbideak, medikuen errebisioak, adin txikikoen txertoak), heziketa (haurren eskolatzea), formazio-lanekoa (Lanbiden izena ematea, formazio ikastaroak, helduen alfabetatze taldeak),  etxebizitzen sarbidea (pisu normalizatuak bilatzea, Etxebiden izena ematea), familia ekonomia (aurrezteko ohitura) edo gizarte partaidetza (emakume talde bat sortzea, haurrentzako eskolaz kanpoko jarduerak, udal jardueretan parte hartzea…).

Lorpen garrantzitsuen adibide gisa, Rodríguezek azpimarratu du haurren %100 eskolatuta egotea, nagusien %100 enplegu eskatzaile gisa izena emanda egotea, %97 erregularizatuta egotea eta %93k osasun estaldura osoa edukitzea. Beraz, diputatuaren hitzetan, “heziketa proiektuaren alor eta helburuetan lortutako emaitzek asentamenduetan bizi diren familiekin egiten ari garen prozesuaren balorazio positiboa egitera garamatza”.   

Hala ere, familiek etxebizitza normalizatua lortzeko duten zailtasunen berri eman du, izan ere, zailtasun handia dute partikular eta higiezin agentziek atzerritarrei alokatzeari uko egiten diotelako, bereziki herritar errumaniar ijitoak izaki. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Departamentuari esleipen berezi eskaera egin zaio hiru familia konkreturentzat, asentamenduan bizitzen jarraitzen baitute alderdi guztietan ateratzeko prest egon arren eta inguru normalizatuan gizarteratzeko prozesuarekin jarraitzeko prest egon arren. Oraindik ez zaio eskaera horri erantzun ofizialik eman.

Egungo 23 familietatik 1 bazterketa egoera oso larrian dago; 7 egoera larrian; 8 tarteko egoera batean eta zazpik arazo arina dute eta kanpalekua uzteko traba nagusia etxebizitza bat lortzeko zailtasuna da: “Oztopoak izan arren, proiektua oinarrizko urratsak ematen ari da pertsona guztien integrazio osoa lortzeko. Aurreikuspenen arabera, aurten 17 familia etxebizitza batera pasatzeko moduan egongo dira eta beste seik hurrengo urtean egin ahal izango dute. Horrela, kanpalekua guztiz desegingo da gizarteratze prozesu arduratsu, integral eta pixkanakakoaren bidez, hiritar guztien eskubideak bermatuz”.

Diputazioak azaldu duenez, pertsona hauek zortzi urte daramatzate gune inundagarrian bizitzen eta larrialdi egoeran artatu egiten dira: “Gipuzkoan, eta Euskal Herrian orokorrean, etxebizitza asko eragin ohi dituzte uholdeek eta protokolo bera betetzen da kasu honetan ere, alegia, bizilagunak toki seguruetara eramaten dira euriteak izan bitartean. Urumearen asentamendua udal larrialdi planetan dago eta Gizarte Larrialdietarako Foru Zerbitzuaren babesa du behar diren interbentzioetarako. Kanpalekua hirutan hustu behar izan da: behin 2014ko urtarrilean eta bitan 2015eko otsailean. Uholdeetan zehar, bizilagun guztiak egokitutako tokietara eraman dira (Astigarragako kiroldegia eta Hernaniko Ongizateko instalazioak).  

gipuzkoaberri.eus-en irakurri

Berdintasunerako lehen foru araua: bideak, adostasun eta desadostasun politikoak

EHBilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariak – Begoña Vesga, Lohitzune Txarola, Idoia Ormazabal eta Maite Sarasua

Gipuzkoa joeraren kontra dabil berriz ere. Gure inguruko testuinguru politiko eta instituzionalean lehentasuna ematen zaio zorra ordaintzeari, eta zor hori ordaintzearen aldeko apustua egin da, gastu soziala ikaragarri murriztuta. Horren eraginez, gero eta jende behartsu gehiago dago egoera larrian, batez ere emakumeak. Horrela, emakumeek, bizimodua ateratzeko, gero eta doako zaintza eta etxeko lan gehiago hartzen dute beren gain, eta, ondorioz, langabezia erritmo handiagoan hazten da eta soldata-pobrezia instituzionalizatzen duten enpleguak sortzen dira. Egoera horren eraginez, ordaindu ezin duten emakumeek ezin dute bizitzaren sostengua eta kanpoko lana uztartu eta, ondorioz, askok krisi egoerarako gordetako ekonomiara jotzen dute: lan sexuala edo etxeko lana. Beraz, gero eta zailagoa da emakumeentzat autonomo izatea eta, ondorioz, gero eta ahulagoak dira indarkeria matxistaren aurrean.

Hala ere, Gipuzkoan lehentasuna ematen zaio jendearen larrialdiei, hemen eta orain, erantzuna emateari, herritar guztiek, emakumeek eta gizonek, elkarrekin bizitzeko eredu berri baterantz joateko; gizarte osoari esker, ez bakarrik emakumeei esker, bizitza aurrera ateratzeko; eta jende guztiak, ez bakar batzuek besteen kaltean, bizimodu duina izateko. Ikusezin bihurtuta, feminizatuta eta prekarizatua dagoen lana, zaintza lana, gure ekonomiaren ardatz berrantolatzaile bihurtu nahi dugu, antolakunde sozialaren gure eredu, eta gizarte gisa izan behar dugun zentzu ona, bide hori baita emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko modu bakarra.

Horregatik izan da hain garrantzitsua Gipuzkoako Batzar Nagusiek, joan den martxoaren 4ko Batzordean, aho batez onartu izana Emakumeen eta gizonen berdintasunerako lehen foru araua.

Berdintasunaren helburua lortzeko tresna juridikoa da, eta arau jakin batzuk ezartzen ditu foru administrazioaren esparruan; baliabide espezifikoak konprometitzen ditu, horiek betetzeko xedearekin; eta betetze maila ebaluatzeko mekanismoak zehazten ditu.

Araua egiteko orduan, kolektibo feministen laguntza izan dugu, eta baita Gipuzkoako teknikarien sarekoena ere; izan ere, beraien iritziz, arau multzo hori “Gipuzkoako Foru Aldundiaren berdintasunaren aldeko printzipio eta helburuak jasotzen dituen tresna garrantzitsu bat da”. Halaber, Emakundek hainbat proposamen egin zituen, gehienak onartuak izan direnak. Aldi berean, azpimarratu behar ditugu talde politikoekin izandako elkarrizketak eta eztabaidak, ezinbestekoak izan baitira analisiak partekatzeko, begiradak hurbiltzeko, eta akordioak lortzeko talde politiko guztiekin, betiere bakoitzaren diferentziak kontuan hartuta.

Arau honen onarpenean hartutako akordioei dagokienez, nabarmendu behar dugu, duen garrantziagatik, PSE alderdiarekin lortutako akordioa, hau da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu arruntaren % 1a berdintasuneko politikak bultzatzera erabiltzea 6 urteko epearen barruan. Neurri horrek garrantzi izugarria du, berdintasun alorrean ez baitago legezko araurik berdintasun politikak horrela blindatzen dituenik, eta berdintasuneko politikak diskurtso edo politika estetika hutsak ez izateko neurriak jartzen dituenik.

Hala ere desadostasun garrantzitsu bat eduki dute talde politikoek 46 artikuluaren inguruan, Aldundiak daukan betebeharraz “…entitateek sustatuko dute laguntza instituzionala kentzea, dena delakoa ere, usadioa aitzakia gisa hartuta ala hartu gabe, emakumeak nolabait baztertzen dituzten aisia eta ospakizun eredu baztertzaileei” . Artikulu berean adierazten zen, aldi berean, erakundeak kultur, festa eta aisia berdinetarako ereduetarantz aldaketak bultzatzeko ardura duela, udalen bidaide izanez eta berdintasunaren defentsan diharduten taldeei babesa emanez edo, daudenetan, konponbide moldeetan parte hartuz gatazkak aurreikusteko.

Berriro ere agerian gelditu da Irun eta Hondarribiko alardeen inguruko gatazkak eragotzi duela 46 artikulu horren inguruan adostasunetara iristea. Aldundiko Berdintasunerako Zuzendaritzatik ahaleginak egin dira jatorrizko erredakzioa aldatzeko 4/2005 Legeko 25 artikuluan xedatua bere osotasunean sartzea proposatuz, baina talde politiko ezberdinek ukatu egin dira erredakzio hau onartzera, nahiz eta legearen aginduak GFA horretara behartzen duen Emakumezko eta Gizonezkoen Berdintasunerako Foru Arau onartu berrian esplizituki jasoko ez balitz ere. Beste behin nabarmendu da ez dagoela baldintzarik adostasun politikoetara iristeko, zeren alardeen gatazka konpontzen ez dugun bitartean festei, aisiari eta ospakizunei dagokien guztia putzuratua geldituko da.

EH Bildutik tamalezkotzat jotzen dugu galera hau, izan ere bakoitzaren eginkizuna bere sexua, jatorria edo maila sozioekonomikoaren arabera definituko ez duten festa eta jai inklusiboak izango dituen agertokitik urrutiratzen gaituen gehiengo politikoak jarraitzen baitu. Eta pribatu bilakatuko ez diren, eta publikoak ordezkatzeko asmorik ez duten babes publikodun ereduetatik ez gaituzte urrutiratzen.

Arazoa konpontzeko gizarte agente, erakunde lokal, supralokal eta herritarren arteko elkarrizketarik eza nabarmen jartzen duen 20 urteko gizarte asperdura arren, uste dugu hori konpontzeko oinarri sendoak ezartzen ari garela GFAren eta Arartekoa eta Emakunderen gisako erakundeen lidergoarekin. Hala eskatzen dute gainera hondarribiar eta irundarren %70ak baino gehiagok Eusko Jaurlaritzak argitara emandako inkestek diotenez. Hainbeste denboran metatu diren sufrimendu eta minak sendatzeko ardura daukagu. Ez dugu Foru Arauan hori jasotzerik lortu baina gatazka konpontzeko abiatu dugun bidea geldiezina da.

Ander Rodríguez “Gipuzkoan zaintza lanetan dauden emakumeen lan baldintza eta soldata duinak bermatzea apustu estrategiakoa dugu”

Alternatibako kide eta Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatu Ander Rodríguezek, Mendekotasunaren Arretarako zuzendari Txelo Pérezekin emandako prentsaurrekoan, bere kezka azaldu du adinekoen egoitzetako lan hitzarmen berria sinatzeko dauden elkarrizketen egoeraren aurrean. Adegi eta Lares patronalek eta langileen ordezkaritzak joan den azaroaren 7an hasiera eman zioten Gipuzkoako adinekoen egoitzetako lan hitzarmenaren negoziazio mahaiaren bilerei, eta oraindik ez dute emaitzarik eman.

Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromisoa hartu du 11 milioi euroko aurrekontua bideratzeko hiru urtetan, Lurralde Historikoan administrazioarekin hitzartutako plazak dituzten egoitzetako eta eguneko zentroetako 4.800 langileen lan baldintzen hobekuntza finantzatzeko. Modu horretan lortu nahi da gaur egun langileen ordezkarien eta patronalaren arteko negoziazioan dagoen atzera-aurrera gabeko egoera gainditzea.

Atzera-aurrera gabeko egoerak jarraitzen badu, probintziako hitzarmen bat sinatzeko bidea emango duen adostasunera ez iristeak lan gatazka bat eragin dezake, duela bi urte gertatutakoaren antzekoa, grebak eta lanuzteak eragin zituena, eta zentroetako erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzuan eragin zuzena izan zuena. Diputatuaren hitzetan “kezka handiz ikusten dugu egoera, zerbitzuaren kalitatea murriztuko litzatekeelako eta entitate kudeatzaileen langileengan ezegonkortasun handia sortuko lukeelako”.

Rodríguezek gogoratu du Gipuzkoako Lurralde Historikoak gaur egun adinekoentzako 7.044 plaza dituela egoitza eta eguneko zentrotan, eta horietako 5.932  foru sarekoak dira eta hitzartuta daude, prezio publikoa finkatuta; hau da, irabazi asmoko edo irabazi asmorik gabeko entitateek kudeatzen dituzte eta Foru Aldundiak finantzatzen ditu. Beraz, foru erakundearen ardura da Lurraldean eskaintzen diren plazen %84 finantzatzea eta alor horretako 4.800 langileren soldatak ordaintzea.

Rodríguezek baieztatu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura dela kalitatezko zerbitzua eskaintzea finantzatzen dituen eta herritarren eskura jartzen dituen hitzartutako plaza publikoetan. Halaber, Foru Aldundiak uste du aipatutako zerbitzuetan lan egiten duten langileen lan eskubideak betetzen direla zaintzeko betebeharra duela, baldintza horiek eskainitako zerbitzuaren kalitatearen mesederako baitira.

Horregatik, bi aldeek administrazioa interpelatu dutenez, Foru Gobernuak proposamen bat aurkeztu zien atzo patronalari eta sindikatuei, mahaia desblokeatzeko. “Oinarria argi eta garbi dago. Alorreko ezaugarriak kontuan hartuta, Foru Administrazioaren gastuaren mendekoa denez, Foru Aldundiak entitate kudeatzaileen aurrean konpromisoa hartzen du finantzazio nahikoa bermatzeko, langileen soldatak igo eta lan baldintzak hobetzearren”, adierazi du Rodríguezek.

Gipuzkoako emakume zaintzaileen lan eta soldata baldintzen hobekuntza gobernu honen apustu estrategiko bat da, hala, aurreko hitzarmenean langileen baldintzak hobetzeko 8 milioi euro bideratu zituen.

Txelo Pérez zuzendariak azaldu duenez, proposamenak bi urteko indarraldia izango du, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrerako atzera eraginarekin, salbu gehiagoko indarraldia duten artikuluen kasuan. Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki honen bidez hartutako konpromiso handienetakoa soldaten igoerari buruzkoa da.

PROPOSAMENA:

– Soldatak:

– 2015: soldata igoera kontzeptu guztietan (salbu antzinatasunean) % 2.

– 2016: soldata igoera kontzeptu guztietan (salbu antzinatasuna) KPIa gehi %2.

– Antzinatasunaren gehigarria:

– Hirurtekoak balio hauek izango ditu. 22 euro 2015ean, 24 euro 2016an, eta 26 euro 2017an.

– Atseden ordaindua:

– 20 minutuko atsedena hartzeko eskubidea izango dute lanaldi jarraitua edo zatitua izan eta egunean bost lanordu baino gehiago egiten dituzten langileek. 2015eko eta 2016ko urteetan, atsedenaldiaren % 25 ordaindua izango da, eta 2017an, % 50.

–  Igande eta jaiegunetako gehigarriak:

– 2016an, 30 euroko gehigarria emango da igande edo jaiegun bakoitzeko, kategoria guztietan.

– Gehigarri erreferentziala:

– 2017rako, hilean 180 euroko gehigarria emango zaie erizaintzako eta geriatriako laguntzaileei, baldin erreferentziazkoak, koordinatzaileak, arduradunak edo kargudunak badira.

Horrez gain, gai hauek hobetu egingo dira, edota adostu langileen gehiengo ordezkaritzarekin:

  • Lizentzia ordainduen erregimena eta soldatarik gabeko baimenak.
  • Ezintasun Iragankorreko osagarria.
  • Gaueko lanaren gehigarria.
  • Erreformaren kontrako artikuluak.
  • Enplegu prekarioa saihesteko hobekuntzak (lan poltsa, egutegiak, atsedenaldiak, lanaldi partzialeko langileak, eta abar).

Ander Rodriguez: “Gipuzkoan ez da murrizketarik Diputazioak bere poltsikotik jartzen duelako dirua besteen politika antisozialen ondorioak nabari ez daitezen”

Gizarte Politika eta ongizate kolektiboa foru hauteskundeetarako programako ardatz nagusi gisa kokatu ditu gaur EH Bilduk eta argi utzi du “Xabier Olano Aldundian izanda, Gipuzkoa gizarte murrizketarik gabeko Lurraldea izaten jarraituko” duela.

EH Bilduk hogeita hamar pertsonatik gora bildu dituen lan saio bat egin du sektore desberdinetako gizarte eragileekin –lankidetza, gizarteratzea, adin txikikoak, adinekoak, mendekotasuna duten pertsonak eta desgaitasuna dutenak-, Intxaurrondoko Kultur Etxean. Honen helburua Gizarte Politika alorreko hauteskunde programa modu partehartzailean egitea izan da.

Ander Rodríguez Alternatibatiko kide eta Gizarte Politikako diputatuak EH Bilduren lehentasun gisa nabarmendu ditu pobreziaren kontrako kanpaina, mendekotasun eta desgaitasuna duten pertsonei arreta eta gizarte zerbitzuetako langileen lan baldintzak hobetzea. Gainera, Lurraldeko gizarte zerbitzuetan “murrizketarik gabeko” politika mantentzen jarraitzeko konpromisoa hartu du Rodríguezek, alegia, Gipuzkoako Foru Aldundian legealdi honetan egiten ari den bezala jarraitzekoa.

Gizarte Politikako diputatuak azpimarratu duenez, “Gipuzkoak Espainiako Erreinuko gizarte zerbitzu sistema aurreratuena du, Diputazioak aplikatutako politikari esker, izan ere, gizarte babesa eta gastua handitu baititu eta, krisi garaian egin du, gipuzkoar ahulenak babesteko. Mendekotasuna, desgaitasuna, diru sarrera baxuak edo gizarteratze beharrak dituzten pertsonek badakite Gipuzkoan ez dela murrizketarik aplikatzen Diputazioak bere poltsikotik jartzen duelako dirua beste Administrazioen politika antisozialen ondorioak nabaritu ez daitezen, esaterako, Eusko Jaurlaritzak RGIarekin egindakoa edo Mendekotasun Legean Espainiako Gobernuak egindako murrizketak”.

“Espainiako Gobernuak Mendekotasun Legean murrizketa bortitza egin arren, Gipuzkoak, diru laguntza guztiak mantentzeaz gain, zabaldu egin ditu eta zabaltzen jarraitzeko asmoa du”, gogoratu du Rodríguezek. Konkretuki, Diputaziok diru laguntzak jasotzeko eskubidea uztailaren 1etik aurrera zabaldu egingo duela esan du. Orduan sartuko baitira sisteman I Graduko 1. Mailan baloratutako mendeko pertsonak, alegia, gradu arinena duenak, eta hilero 180 eta 300 euro bitarteko laguntzarako eskubidea izango dute.

EHBilduk Gipuzkoan pobreziari aurre egiteko eta baliabide gutxien dituzten pertsonei existentzia bermatuko dien errenta minimoa emateko duen apustu sendoa ere azpimarratu du.

Era berean, diputatuak gogoratu du EH Bilduk Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetako langileen lan baldintzak duintzeko egiten duen apustu irmoa gogoratu du, eta baita gizarte zerbitzu publiko eta kalitatezko sarearen defentsa.

Gaur egindako lanketa kolektiboko saioa EH Bildu hauteskunde programa osatzeko egiten ari den partaidetza prozesuaren barruan kokatzen da. Orain arte sei lan saio egin dira eta ehunka hiritar eta sektore anitzetako hogeinaka agentek hartu dute parte. Prozesu honek aurrera jarraituko du hurrengo asteotan eta foru hauteskundeetarako behin betiko programaren aurkezpenarekin amaituko da, martxoan.

EHBilgu Gipuzkoa

X