Ardura soziala zerga-politikan

Helena Franco, Ander Rodriguez – Gipuzkoako Ogasun diputatua eta Gizarte Politikarako diputatua

Juan Mari Aburtok, Enplegu eta Gizarte Politikako Sailburuak, «zerga gainkargua» edo «zerga espezifiko» berri bat proposatu du mendekotasunaren beharrei erantzuteko. Lehendakariak berak ere galdetu du «egungo zergekin bermatu ote daitezkeen dauden gizarte zerbitzuak, egun dauzkagunak eta berriak». Galdera oker eginez gero, nekez izango da zuzena erantzuna, eta hala da kasu honetan ere. Ez da galdetu behar zein zerga-sistema behar dugun mendekotasuneko gastuari eusteko, baizik eta zein zerga-sistema den beharrezko politika publiko guztiei batera eusteko. Zaintza duin eta unibertsaletan egindako inbertsioak desorekatzen ote ditu, bada, diru-kontu publikoak? Euskal administrazioen gastu osoari egindako panoramiko batek ezezkoa adierazten digu. Euskadin gizarte zerbitzuetara zuzenduriko gastua %10,7koa da (Eustat).

Nola finantzatzen dira, egun, politika publikoak? PFEZaren eta, gehienetan, herri xehearen bizkar joaten diren zeharkako zergen bidez bildutakoaz. Gipuzkoan, zehazki, zerga-bilketa osoaren %37 PFEZetik dator (bere bilketaren %80 lan errentei dagokie) eta beste %50 BEZ eta zerga berezien bitartez jasotzen da.

Beraz, mendekotasunak ez ditu oro har administrazioak kinka larrian jartzen; eta finantzaketak ere ez du zertan etorri lehen ere euskal administrazio publikoen jardueraren zatirik handienari eusten dioten zergen gaineko gainkargu berri baten bidez. Hala ere, aski al da egungo inbertsioa herritar guztien eskubide sozialak bermatzeko? Ez, inola ere ez. Gizarte zerbitzuen euskal sistemak diru gehiago behar du.

Beharrezko diren baliabide horiek euskal sisteman txertatu ahal izateko, administrazioek beren gastua zorroztasun handiagoz kudeatu behar dute eta beren lehentasunak hurrenkera egokian jarri. Gipuzkoako Foru Aldundian, esaterako, argi daukagu zaintzen sare publikoa eta mendekotasuna duten pertsonen arretarako prestazio eta zerbitzuak direla gure lehentasun. Oso argi daukagu politika ekonomikorik hoberena gastu sozialeko inbertsioa dela, horrela ongizate kolektiboa lagundu, ekonomia aktibatu eta enplegua sortzen baita. Horrexegatik, beste administrazioen —Eusko Jaurlaritza edo gobernu espainiarraren— murrizketa sozialen aurrean Gipuzkoan, urtez urte, gizarte gastua handitzen ari gara.

Egia da mendekotasuna duten pertsonen arretarako gastuak gora egiten jarraitu behar duela, eta horren zati batek zerga-bilketa sistema aldatzetik eratorri behar duela. Hala ere, zergatik jarraitu zerga-sistema herri xehearen bizkar kargatzen? Zergatik ez egin hori enpresa handien mozkin eta fortuna handien bidez? Gipuzkoan erakutsi dugu nola egin daitekeen.

Ez da kasualitatea Ogasuneko diputatuak eta Gizarte Politikako diputatuak artikulu hau elkarrekin sinatzea. Zergatik? Gipuzkoan Ogasun Departamentuaren jarduna eta Gizarte Politikako Departamentuarena berezi ezinak direlako. Gure zerga politika ardura sozialaz landua dago. Txanpon beraren bi aldeak dira biak eta koherentziari eusten diogu zeinek bere politiketan. Ez da serioa beste gobernu batzuetan bezala alor fiskaletik zerga beherapenak proposatzea, eta aldi berean gizarte esparrutik fondo gehiagoren erreklamazioa egotea.

BERRIAn argitaratua

Berdintasunerako Foru Organo bat arduratuko da kontratu, diru laguntza eta politika publikoetan emakumeak diskrimina ez daitezen zaintzeaz

Gipuzkoako Foru Aldundiak Berdintasunerako Foru Organo bat sortuko du lurralde administrazioaren inongo kontratu, diru laguntza, politika publiko edo enplegu eskaintzatan emakumerik diskrimina ez dadin. Izaera goreneko organo honen sorrera Berdintasunerako Foru Arau berrian aurreikusi da: berdintasun handiagoa izango duen gizarte eredu berri baterantz aurrera egiteko Aldundiak proposatutako tresna juridikoa da.

Berdintasuneko zuzendari nagusi Laura Gómezek eta Gizarte Politikako diputatu eta Alternatibako kide Ander Rodríguezek aurkeztu dute gaur Gipuzkoako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Foru Arauaren aurreproiektua, Gipuzkoan eta Euskal Autonomia Erkidegoan aurkezten den lehena. Arau honen hasierako zirriborroa urriaren 15ean jarri zen erakusgai eta 20 lanegunetan herritarren ekarpen eta proposamenak jasoko dira. Ondoren, Batzar Nagusietako tramitazioa hasiko da.

Diputatuak azaldu duenez, Foru Arau hau tresna bat gehiago da, kasu honetan juridikoa, eredu berri sozialago baterantz egiteko: “Eraiki diguten eredu sozial eta ekonomikoan, pertsonen bizitzaren zainketa feminizatua dago, ikusezin bihurtua, ez baloratua. Merkaturatzen denean prekarietate handia duten baldintzatan egiten da. Bizitzaren zainketa gizarteak modu duinean eutsiko duen gizarte eredu berri bat nahi dugu, eta ez emakumeen esku bakarrik egotea”.

Arau honen bidez, Foru Aldundi honen erabaki guztiak kontrolatu eta gainbegiratzeko mekanismoak ezartzen dira eta Berdintasun Unitateak sortuko dira foru departamentu bakoitzean, gizon eta emakumeen arteko diskriminazio egoerak iraunaraziko dituen edo sustatuko dituen erabakiak hartu ez daitezen. Departamentu guztiengan izango du eragina: Ogasun, Gizarte Politika, Mugikortasun edo Memoria historikoan, esaterako. Eta, gainera, politika publiko guztiak gainbegiratuko dira: aurrekontu orokorrak, enpresa edo gizarte entitateei diru laguntzak ematea, enplegu publikoaren eskaintza deialdiak, eta abar. Diputatuaren esanetan, “berdintasunaren erroak Aldundiko departamentu eta arlo guztietara zabaltzea da kontua, baina, gainera, ez diskriminatzeko eskakizun horiek Administrazio publikoarekin kontratatu nahi duen edozein enpresa edo entitatera zabaltzea da kontua. Horrela, sektore publiko eta pribatuan eragina dugu”.

Eta Foru Aldundiak neurri guzti hauek aplikatzen dituela bermatzeko, Foru Arau honek ezartzen du Gipuzkoako mugimendu eta elkarte feministetako kideek %50ean osatutako jarraipen eta ebaluazio komisio bat sortuko dela eta txosten bat egin beharko dutela bost urtean behin.

Berdintasun zuzendariak Arau honetan zehazten diren zenbait neurri aipatu ditu, Foru Aldundiaren konpetentzia diren alorren inguruan:

  • Komunikazioan hizkuntza eta irudi ez sexistaren erabilera arautzen da.
  • Gizarte Politikan pertsona guztiak baldintza duin eta unibertsaletan zaintzen direla bermatzeko neurriak ezartzen dira.
  • Politika fiskal progresiboan eta gizarte ekonomian genero irizpideak txertatzen dira.  
  • Edozein diskriminazio mota suposatzen duten aisi eta ospakizun eredu baztertzaileei babes instituzionala kentzeko obligazioa nabarmentzen da, tradizioan babestuta egin ala ez.
  • Memoria historikoari dagokionez, Diputazioak emakumeen onarpena eta emakume ikusaraztea bultzatu beharko ditu, bereziki espainiar guda zibileko urteetan eta ondorengo frankismoaren diktaduran.
  • Kiroletan, emakume eta gizonen arteko berdintasun jarduera bermatu beharko da, onarpena, estereotipo haustura eman dadin eta abar.
  • Gainera, indarkeria matxista kontzeptua zabaltzen da, ulertzen da ez bakarrik emakumeengan eragina duena bakarrik, baizik eta baita sexu-genero-heterosexualitate sistemaren arauak hausten dituzten pertsonengan eragina duena ere bai, esaterako, trasnfobia, homofobia edo lesbofobia.

Gipuzkoa Politika Soziala

Gipuzkoak Kolonbia, Guatemala eta Bolibiako herri indigenetako ordezkariekin izan da alternatiba soziopolikoak lantzen

Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburua eta Ekonomia diputatu Helena Franco eta Gizarte Politikako diputatu eta Alternatibako kide Ander Rodríguezek harrera instituzionala egin diete Kolonbia, Guatemala eta Bolibiako herri indigenetako 10 ordezkarirekin. Eredu soziopolitikoaren alternatiben eraikuntzarako dinamiken inguruan hitz egin eta Gipuzkoako errealitate politiko eta instituzionala ezagutzeaz gain, beren egoeraren berri eman dute bileran. Indigenak, Mugarik Gabe GKEren eskutik, hainbat eragile, irakaskuntza erakunde, enpresa eta instituziorekin bilduko dira eta horietako bat da Gipuzkoako Foru Aldundia, hain justu.

Topaketa honetan, hezkuntza, hizkuntza eta ekonomia gaietan lanean ari diren Kolonbia, Guatemala eta Bolibiako pertsona hauek eredu soziopolitikoaren alternatiben eraikuntzarako dinamiketan herri indigenetako norbanako eta kolektiboen eskubideak errespetatu eta bultzatzeko egiten ari diren lanaren berri eman dute. Estatu Plurinazionalen Eraikuntza eta Hego Amerikako egituraketa eta ekonomia, gizarte eta hezkuntza eredu berriak izan dituzte hizpide. Era berean, Euskal Herrian, eta konkretuki Gipuzkoan bide horretan egiten ari den lanaren berri jaso dute Diputazioko ordezkarien ahotik.

Gipuzkoako Foru Aldundiaz gain, aste honetan enpresa kooperatiboak, unibertsitateak, heziguneak, erakundeak, sindikatuak, hezkuntza eremu duten gizarte mugimenduak, euskararen berreskurapena, berdintasuna, ekonomia eta bestelako eredu ekonomiko, sozial eta produktiboarekin bilduko dira bertatik bertara ezagutu asmoz.

GFA Politia Soziala

 

Gipuzkoak 165.000 euro bideratuko ditu Emakumeen Mundu Martxa laguntzera, emakumeen pobreziaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan

Gipuzkoako Foru Aldundiak 165.000 euro emango ditu Emakumeen Munduko Martxarekiko lankidetza proiekturako. Emakumeen Mundu Martxa nazioarteko mugimendu feminista bat da, mundu osoan emakumeen pobreziaren eta haien kontrako indarkeriaren arrazoiak desagerrarazteko lanean dabilena, eta aste honetan Donostian egingo du bere biltzar europarra. Foru erakundeak tokiko mailan nahiz nazioartean eman nahi du babesa eta, horregatik, bi hitzarmen sinatuko dira: bata, MMM Forum Mulherreko nazioarteko idazkaritzarekin sinatuko da –Mozambikeko gobernuz kanpoko erakundea-; bestea, berriz, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxarekin –mugimenduaren tokiko plataforma, Euskal Herriko hainbat elkarte feminista biltzen dituena-.

Gizarte Politikako diputatu eta Alternatibako kide Ander Rodriguezek, gaur aurkeztu ditu bi hitzarmenak Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxako ordezkari Idoia Trenorrekin. MMMko nazioarteko idazkaritzako ordezkari den Graça Samok Mozambiketik bidalitako bideo baten bidez hitz batzuk esan ditu Aldundiaren laguntza eskertzeko. Akordio horien arabera, bi erakundeek hainbat jarduera egingo dituzte, emakumeen eskubideen alde eta indarkeria matxistaren kontra, bai gure inguruan eta baita nazioartean ere. Beren ekimenen artean, nabarmena da aste honetan bertan Donostian egingo denaren garrantzia. Izan ere, urriaren 10etik 12ra, Gipuzkoako hiriburuak Emakumeen Mundu Martxaren Europako Topaketa hartuko du. Herrialde askotako ordezkariak bilduko dira. Topaketa honetan, besteak beste, 2015ean kontinente osoa zeharkatuko duen karabana feministaren azken xehetasunak zehaztuko dira.

Diputatuak salatu du “gaur egun, pobrezia egoeran dauden 10 pertsonatik 7 emakumeak dira, eta horietatik % 60k indarkeria fisikoa naiz sexuala sufritzen dute. Mundu osoan dauden gizarte eskubideen urraketak jasaten dituzten emakumeak. Ezin dute parte hartu beren bizitzetan eragina duten erabakiak hartzerakoan.” Testuinguru honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu nahi du “desberdintasun horiek desagertu daitezen antolatu egiten diren eta elkarrekin borroka egiten duten emakumeen ahalduntzea”. Horregatik, Foru Aldundiak, nazioarteko gizarte mugimenduekiko lankidetzaren bidez, garapenerako kooperazio politika eraldatzaile bat sustatzearen aldeko apustua egin du, pobrezia desagerrarazteko helburuarekin, egiturazko kausetan eraginez -kausa politikoak, ekonomikoak, soziala, ingurumenekoak eta generokoak-.

“Kooperazio eraldatzaile bat sustatzeko eta aliatu estrategikoekin lankidetzan aritzeko ezinbestekoak da tokiko nahiz nazioarteko mugimendu sozial emantzipatzaileekin akordioetara iristea, hala nola Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxarekin (EHEMM) eta Emakumeen Nazioarteko Mundu Martxarekin (Fórum Mulher). Izan ere, horien helburu nagusia da borroka feminista, antikapitalista eta internazionalista. Bai Euskal Herrian eta baita munduko beste lekuetan ere, sare honetan integratuta dauden oinarrizko talde eta erakundeak lanean ari dira, pobrezia eta emakumeen kontrako indarkeria eragiten duten kausak desagerrarazteko. Haien balioak eta ekintzak aldaketa sozial, ekonomiko eta politikorantz bideratzen dira, eta Gipuzkoak Foru Aldundiak bat egiten du aldaketa horrekin.”

GFA Politika Soziala

Alternatiba Aske Gunean izango da auzipetutako 28 gazteekin elkartasunean eta epaiketa politikoen amaiera eskatzeko

Madrilgo Auzitegi Nazionalean abiatutako prozesuan auzipetutako 28 gazteetatik 5 lagunek gaur goizean mugimendu sozial eta politikoei eginiko deialdiari erantzunez Azpeitian, Loiolako basilikaren aurrean antolatutako Aske Gunean arratsaldeko 19:30etan izango den elkarretaratzean parte hartuko du Alternatibak. Epaiketa politikoen amaiera eta gazteen militantzia politikoa kriminalizazioa bukatzeko eskatuko dugu.

Berriz ere, gazteen kontrako jazarpena salatzera goaz, haien ahotsa isilaraztea helburu bakarra duten makro-epaiketen amaiera eskatuz. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari dei egiten diogu prozesu honen konplize izan ez dadila, jakin baitaki guztiz bidegabea dela. Guzti horregatik, Diana Urrea Alternatiba Gazteak-eko kide eta Gazteizko legebiltzarkiderik gazteena, Azpeitiko Aske Gunean izango da epaitzen hasi diren 28 gazteen berehalako askatasuna eskatzeko.

X