Gipuzkoak 28 milioi euro erabiliko ditu pobreziari eta gizarte bazterketari aurre egiteko

Gipuzkoako Foru Aldundiak 28.500.000 euro inguru erabiliko ditu aurten pobreziari eta gizarte bazterketari aurre egiteko, azken hiru urteetan aurrekontua % 44 goratu duen esparru honi jarraipena emateko. Iaz 14.080 pertsona ahultasun egoeran zirenak babestu zituen foru administrazioak, bere zerbitzu eta laguntza ekonomikoen bitartez. Azken helburua da pertsona horien gizarteratzea eta ahalmentzea, parte hartze aktiboa lantzen duten gizarteratze prozesuen bitartez.

Gizarte Politikako diputatu eta Alternatibako kide Ander Rodríguezek, Gizarteratzeko zuzendari Euken Barreñak, eta Plangintzako eta Inbertsioetako zuzendari María del Ríok datu horiek azaldu dituzte gaur, Batzar Nagusietan egin duten agerraldian, Pobreziari buruzko Ponentziaren barruan Aldundia garatzen ari den ekintzen berri emateko. Diputatuaren hitzetan, «oso garrantzizkoa da Aldundia egiten ari den ahalegin ekonomikoa pobreziaren gorakadari aurre egiteko, zerbitzu berrien bitartez, zuzeneko arreta hobetuz eta laguntza ekonomikoak emanez. Ponentziak emandako gomendio gehienak betetzen ari garenez, argi erakusten ari gara pobreziaren aurkako borroka lehentasunezko eginkizuntzat hartu izan dugula agintaldi honetan, bereziki aintzat hartzen ari baikara krisiaren eraginez eta Espainiako gobernuaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren murrizketa sozialen eraginez sortutako ahultasun larrienean diren egoerak».

Azken hiru ekitaldietan, esparru honetara bideratu den aurrekontua %44 goratu da, 19.760.900 euro izatetik 28.500.000 euro izatera pasa baita. Igoera horri esker eratu ahal izan ditugu tresna eta programa berriak pobrezia egoeran diren pertsonentzat, zabaldu ahal izan ditugu plaza berriak gizarte zerbitzuetan, eta  eskaini ahal izan dugu Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza, hain zuzen ere Aldundiak sortu duen prestazio ekonomiko bat, Eusko Jaurlaritzak diru sarrerak bermatzeko errentan egindako murrizpenei aurre egiteko.

Aurrekontu handitze horren bitartez, baita ere, lortu ahal izango ditugu beste helburu batzuk; batetik,  Gipuzkoako Pobreziari buruzko II. Inkesta egitea, emakumeen artean pobreziak duen eragin neurtzeko atal berezi batekin; laguntza espezializatuaren zerbitzua indartzea, 6 gizarte erakunderen bitartez 174 pertsona artatzen dituena; gizarteratze sarearen erabiltzaileen arreta psikologikorako programa bat antolatzea; familian esku hartzeko programari eustea, gizarte bazterketa egoeran diren 91 familia artatzeko; eta beste zenbait programa eta zerbitzu indartzea.

Rodríguezek nabarmendu du 1.360 pertsona izan zirela iaz, bizi ahal izateko gutxieneko sarreren laguntza Gasteizko gobernuak ukatu ondoren, Aldundiaren Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza jasotzen dutenak. Aurten, Gizarte Politikako Departamentuak hirukoiztu egingo du laguntza horien zenbatekoa, 7 milioitik gorako aurrekontu batera iristeko. Gainera, prestazio berri bat eratu du ahultasun egoeran diren 18-23 urte bitarteko gazteentzat; 27 jasotzaile ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, gaur egun, 432 plaza ditu egoitzetan eta 154 plaza eguneko zentroetan, gizarteratzeko arazo desberdinak dituzten pertsonentzat: emantzipazio etxebizitzak, familientzako laguntza, kartzelatik irten direnak, alkoholikoak eta drogaren menpekoak, adimen gaixotasuna dutenak… Sare honek, 19 gizarte erakunderen lankidetzaz, 1.159 kasu artatu zituen 2013an. Egoitzetako egonaldirik gabeko laguntza programen bitartez, Aldundiak 11.534 kasu gehiagoren arreta eman zuen. 

GFAko Politika Soziala

Gipuzkoak 75 plaza eskatu dizkio Jaurlaritzari Eibarren eraikiko den ospitalean, mendeko pertsonentzat eta buruko gaixotasuna dutenentzat

Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proposatu dio 75 plazako zentro soziosanitario balioanizdun bat sortzea Eibarren egingo den ospitalean, zehazki, mendeko pertsonei eta buruko gaixotasuna dutenenei zuzenduta. Izan ere, etengabe igotzen ari da patologia kronikoak dituzten 65 urtetik gorako pertsonen kopurua eta erantzuna eman behar zaie pertsona horiei; horrez gain, arreta espezializatu gehiago eskaini nahi da adimen osasunaren arloan. Foru proposamenean aurreikusten da errehabilitazio psikosozialeko eguneko zentro bat eta bi egoitza unitate sortzea, bata, adimeneko nahasmendu larria dutenentzat eta, bestea, osasun-arreta behar duten mendeko pertsonentzat. Lanak berehala hasiko direnez, Aldundiak aurrera pauso bat eman nahi du bere proposamenarekin, izan ere, oraindik ez dago argi zein zerbitzu eskainiko diren aipatu eraikinean.

Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatu eta Alternatibako kideak proposamen hori bidali du Osasun Sailera, Eibarren eraikiko den ospitalean plaza soziosanitarien erreserba egin dadin; izan ere, plaza horiek bi administrazioen artean finantzatuko lirateke eta gizarte eta osasun zerbitzu bateratuen beharra duten pertsonen babeserako izango lirateke.

 Diputatuen esanetan “nahiz eta Eusko Jaurlaritzak ez digun ezer jakinarazi, prentsaren bidez jakin dugu irailean hasiko direla Eibarko ospitaleko obrak; ospitale horrek subakutuentzako oheak eta oraindik zehaztu gabeko beste zerbitzu batzuk izango ditu.  Ospitale proiektu horren zehaztasun faltak benetako osasun-beharraren inguruko zalantzak sortu ditu hasiera-hasieratik  eta,  horregatik, Aldundiak erabaki  du eskualdean benetan behar diren plazak sortzeko proposamen bat egitea”.

Proposamena ez da ospitalean ohe soziosanitarioen kopuru mugatu bat jartzea, baizik eta errekurtso soziosanitario balioanizdunarekin batera ohe horiek alboko eraikin batean jartzea; horrela, inguruan egun dauden 35 plaza eramango lirateke eraikin berrira eta, gainera, beste 40 plaza sortuko lirateke.Eraikin horrek hiru solairu izango lituzke.

– Behe solairua: Solairu horretan 25 plazako errehabilitazio psikosozialeko eguneko zentro bat jarriko litzateke; horietatik 23 Eibarren egun dagoen zentro batetik ekarritakoak eta 3 berriak.

– 1. solairua: Adimeneko Nahasmendu Larriko Egoitza Unitatea jarriko litzateke.Eibarko egoitzatik 13 plaza eramango lirateke eta beste 12 sortu.

– 3. solairua: Solairu horretan Egoitza Unitate Soziosanitarioa jarritako litzateke, 25 plaza berri sortuta.Mendeko pertsonentzat izango litzateke batez ere, hau da, beste ospitale batzuetan egon ondoren, eta nahiz eta alta klinikoa jaso, beraien bizitzaren amaieran edo etxera edo egoitzara itzuli aurretik zaintza handiak behar dituzten pertsonei zuzenduta egongo litzateke.

Diputatuak adierazi duenez, zentro hori eraikitzen bada asko hobetuko da eskualdeko arreta soziosanitarioa, lagungarri izango da patologia kronikoak dituzten 65 urtetik gorako pertsonentzat, adimen osasunaren alorreko arreta espezializatu gehiago emango da, eta egun dauden errekurtsoak berrantolatuko dira.Beraz, Rodriguezek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio kontuan har dezala Gipuzkoako proposamena eta lurralde horretako mendeko pertsonen eta buruko gaixotasuna dutenen bizi kalitatea hobetzeko baliabideak jar ditzala.

Gipuzkoa Politika Soziala

Albizu: “Gizarte laguntzetara bideratutako udal gastua %200 igo da legealdi honetan”

Jon Albizu Ongizate zinegotzi eta Alternatibako kideak 2013ko Donostiako Gizarte Ongizateko zuzendaritzaren Memoriaren aurkezpenean azpimarratu duenez, “Udala da gizarte-zerbitzuen sistema orokorrera sartu ahal izateko igaro beharreko atea eta, honen helburua izan da ate hori etenik gabe irekita egotea”.

Azken urtean ez da araudi aldetik aldaketa handirik izan eta, ondorioz, ez da aparteko jauzirik izan artatutako pertsona kopuruari dagokionean: guztira 13.124 izan dira, eta horietatik 2.878k lehen aldiz jo dute gizarte-zerbitzuetara.

Edozein kasutan, Albizuk azaldu du Udalak apustu garbia egin duela pertsonen alde, krisiaren ondorio latzak arintze aldera, eta bereziki nabarmendu du zuzenean ematen dituen udal laguntzen pisua: “Legealdi hasieran 239 pertsona edo familiak jasotzen zituzten eta gaur egun 571 pertsona edo familiaren beharrei erantzuten diete. Legealdi honetan %200 igo dira udal laguntza horietara bideratutako sosak”.

“Ahalegin hori Gizarte Larrialdietarako Laguntzak osatuz egin dugu”, gaineratu du Albizuk: “Eusko Jaurlaritzaren menpe dauden laguntzak dira, baina Udaletik osatu egiten ditugu baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiei, baina Eusko Jaurlaritzaren laguntzak iristen ez zaizkienei, iritsi dakizkien. Gizarte Larrialdietarako Laguntzak osatzeko Udalak jartzen duen dirutza 628.945 eurokoa da”.

Albizurentzat azpimarragarria da, era berean, gizarteratzeko diru laguntzen kasuan izan den igoera: “Gure inguruan lana lortzeko dauden arazoei lotutako laguntza da. Ohiko etxebizitzari eutsi ahal izateko bideratzen diren laguntzak dira, neurri handi batean: alokairuak ordaintzeko edo etxebizitza maileguei aurre egiteko”.

Albizuk eskertu nahi izan du zerbitzu sozialen arloan lanean ari diren pertsonen ahalegina, egiten duten lana eta lan hori egiteko duten modu arduratsua.

Donostia gaur

Gipuzkoak ia milioi bat eta erdi euro bideratu ditu egoitzetako langileen soldatak hobetzeko eta adinekoentzako plaza berriak zabaltzeko

Diputatuen Kontseiluak erabaki du Gipuzkoako egoitzetara eta eguneko zentroetara bideratzen duen tarifa 1.157.000 euroan handitzea. Zenbateko horren zatirik handiena langileen soldata igoera ordaintzeko izango da. Orobat, Foru Gobernuak erabaki du Irungo Bidasoa egoitzan adinekoentzako 15 plaza berri zabaltzea, 308.972 euro bideratuko ditu horretara.

Horrela azaldu du Larraitz Ugarte foru bozeramaileak Diputatuen Kontseiluaren bileraren ondoren. Hain zuzen, Diputatuen Kontseilua Eibarko Egogain zentro gerontologikoan izan da. Foru diputatuek bertan egin dute asteko bilera, eta, ondoren, azken urte hauetan foru egoitza horretan egiten ari diren zabaltze eta eraberritze lanak bisitatu dituzte. Bertan, 300.000 euro inbertitu dira. Zehazki,  Adimeneko Nahasmendu Larriko Egoitza Unitatea –13 pertsonentzat- eta Psikogeriatriako modulua –13 pertsonentzat– ikusi dituzte, baita berriki berritua eta 32 plazatan handitua izan den Eguneko Zentroa ere.

Ugartek azaldu duenez, Diputatuen Kontseiluak erabaki du Aldundiak egoitzei eta eguneko zentroei urtero ematen dien tarifa 1.157.000 euroan handitzea. Zenbateko horren zati txiki bat ostatu eta elikatze kostuen igoera ordaintzera bideratuko da, eta % 70 egoitzetako langileen soldata igotzera, lan hitzarmenean ezarritakoa betetze aldera.

Horrela, hitza bete du Aldundiak, iaz sindikatuak eta erakunde kudeatzaileak aurrez aurre jarri zituen greban zehar egin zuen bitartekaritza lanean hartutako hitza, hain zuzen. Sektorean 4.200 pertsona ari dira lanean, eta horietatik % 97 emakumezkoak dira.

Bestalde, foru bozeramaileak azaldu du Irunen adinekoentzako egoitza-plaza berriak zabaltzekoak direla.  Zehazki, Diputatuen Kontseiluak erabaki du 308.972 euro bideratzea Bidasoa egoitzan 15 plaza gehiago hitzartzeko. Eskualde horrek Gipuzkoako itxaron zerrendarik luzeenetako bat zuen legealdi hasieran. Zehazki, zain zeudenak % 44 ziren zabalik zeuden plazekiko. Hondarribian egoitza berri bat zabalduta, eta 15 plaza berri hauek hitzartuta, ehuneko hori % 12ra murriztuko da, eta hori “itxaron zerrenda tekniko”tzat (%10) jo daiteke ia.

GFA Politika Soziala

Jaurlaritzak 1.400 gipuzkoarri Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta ukatzen diela gogoratu dio Rodriguezek Urkulluri

Gipuzkoako Politika Sozialeko Diputatu eta Alternatibako kide Ander Rodriguezek Ukullu lehendakariari emandako erantzuna baliabiderik gabeko lagunei laguntzak eksuratzeko Gasteizko gobernuak jartzen dizkien oztopoen harira. “Lehendakariaren diskurtso hutsek ez diete balio pertsona hauei bizitzeko, eta Urkulluk bere esku du pobreziaren hazkundea benetan gelditzeko ahalmena”.

Gipuzkoako Politika Sozialeko Diputatu eta Alternatibako kide Ander Rodriguezek Ukullu lehendakariari emandako erantzuna baliabiderik gabeko lagunei laguntzak eksuratzeko Gasteizko gobernuak jartzen dizkien oztopoen harira.

Foru Aldundiak Iñigo Urkullu lehendakariari gogoratu dio Eusko Jaurlaritzak, egun, Gipuzkoan pobrezia egoeran dauden 1.400 pertsonari Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta ukatzen diela. Gipuzkoako Foru Aldundiak, aurten, 7 milioi euro suposatuko duten laguntzak emango dizkie egoera horretan dauden pertsonei, berez, kostu hau bere gain hartzea Eusko Jaurlaritzaren ardura litzakeen arren. “Lehendakariaren diskurtso hutsek ez diete balio pertsona hauei bizitzeko, eta Urkulluk bere esku du pobreziaren hazkundea benetan gelditzeko ahalmena”.

Horrela erantzun die Gizarte Politikako diputatu Ander Rodríguezek Urkulluk gaur egindako adierazpenei. Lehendakariak kritikatu egin du Jaurlaritzak egindako murrizketa sozialak salatzen dituztenen jarrera.

Rodríguezek EAEko pobrezia gelditzen lagundu eta erroldatuta hiru urteko epea ez betetzeagatik kanporatutako pertsonei Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren ordainketan duen ardura bere gain har dezan exijitu dio lehendakariari.

DFG Politika Soziala

X